☉ Etxebarri
Haurrak: Etxebarriko esku pilotaren salbatzaileak
Besagain Pilota Elkartea desagertu zenetik ume falta du Etxebarriko Pilota Eskolak. Gorkak gogor eutsi dio bertako pilota berpizteko erronkari

“Esku-pilotak Hego Uriben leku pribilegiatua badauka, benetan ezberdina da herri bakoitzak bizi duen egoera kirol honen inguruan”. Horrela azaldu digu Etxebarriko Pilota Eskolako Gorka Bilbao Barrena entrenatzaile eta kudeatzaileak (Larrabetzu, 1982) esku-pilotak eskualdean bizi duen egoera. Etxebarriko frontoiko harmailetan elkartu gara berarekin, eskolako gazte gutxi batzuek entrenamendu saioak hasten dituzten bitartean. Gorkak kono batzuk, uztaiak eta baloi medizinalak prestatu dizkie, elkarrizketa egiten dugun bitartean beroketak egiteko.

Gorka Bilbao entrenatzailea, pilota eskolako haurrek entrenamendu saioa egiten duten bitartean // Geuria
Etxebarriko Pilota Eskolak bizi duen egoera ezagutzera gerturatu gara bertara, Besagain Pilota Elkartea desagertu zenetik ume falta dutelako gaur egungo eskolan. Gorkak gogor eutsi dio bertako pilota berpizteko erronka izugarriari. “Zaratamon, esaterako, frontoia daukagu enparantzan eta horretan ematen dute denbora haurrek. Arrigorriagan, ordea, agenda kultural zabalagoa dute eta pilotarekin batera futbola, saskibaloia, esku pilota… bezalako kirolen eskaintza zabala dute”. Gorkak 35 urte eman ditu Larrabetzun eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu Txorierriko pilota eskolak eta taldeak. Larrabetzun bertan, Lezaman, Zamudion eta Sondikan eskolak eman ditu.
Duela urte batzuk Zaratamora bizitzera joan zen eta Danel Elezkanoren edota Mikel Urrutikoetxearen udalerrian ez ezik Arrigorriagan eta Etxebarrin ere entrenatu ditu gazteak, eskualdeko panorama prisma ezberdinetatik biziz. Gaur egun Etxebarriko Pilota Eskolako entrenamendu saioak eta partidak kudeatzen ditu Gorkak, baita pilotari gaztetxoen gurasoekin harremanetan egon ere. Gainera, Udalarekin eta Bizkaiko Pilota Federazioarekin bitartekari lanak egiten ditu Bilbaok.

Gazteak, entrenamendu saioan // Geuria
2021era arte Besagain Pilota Elkartea zegoen Etxebarrin: “Pilota elkarte historikoa zen Besagain”, azaldu digu Loren Oliva herriko alkateak. “40 urte iraun zuen Besagainek etxebarritarrak pilotaren munduan murgiltzen eta zaletasuna zabaltzen. Jendea oso pozik zegoen kirol elkarteagaz”. Hala ere, egun batetik bestera behin betirako desagertu zen, garai hartako kudeatzaileek 2021eko maiatzaren 31n, beste herri batean aritzeko eskaintza jaso zutelako, besteak beste. “Ordezko bila hasi ginen orduan, baina inork ez zion erronkari heldu”, gogoratu du Olivak. Etxebarriko pilota umezurtz geratu zen hilabete batzuetan.

“Niri berandu deitu zidaten bertan lan egiteko, 2021eko abuztuan. Kluba desagertu eta hiru hilabetera”, dio Gorka Bilbaok. Tarte horretan, momentura arte Besagainen jokatzen zuten haurrek bidegurutze baten aurrean ikusi zuten euren burua: “Haurrek eta gazteek entrenatu eta lehiatu nahi zuten, baina Etxebarrin ezinezkoa zen momentu hartan”. Ondorioz, Etxebarrin esku-pilotarekiko betidaniko afizioa “galdu” zela azaldu digu Bilbaok eta hala berretsi du Etxebarriko alkateak. “Batzuk Basaurira joan ziren, beste batzuk Bilbora, Zaratamora edo Urdulizera. Gazteek herritik alde egin zuten esku pilota beste leku batzuetan praktikatu ahal izateko” erantsi du entrenatzaileak. “Hori dela eta, esku-pilotarekiko zaletasuna berpizten ari gara hutsetik Etxebarriko Pilota Eskolaren bidez”. Gorka berpizte horren arduradun nagusia dugu eta Etxebarriko eskolak garai bateko klubeko hiruzpalau pilotari mantentzen ditu gaur egun, museo bateko obrak bailiran.

Ate irekiak, urtarrilean
Urtarrilaren 20ra arte ate irekien jardunaldiak egingo ditu pilota eskolak astearte eta ostegunetan, 17:30etatik 19:00ak arte, frontoian. Helburu nagusia Etxebarriko haurrak frontoira hurbildu eta eurengan zaletasun hori piztea da. “Etxebarrin ume asko bizi da, eta herri honek esku-pilotarekiko zaletasun handia izan du. Udala ere errealitateaz jabetu da eta umeen parte-hartze hori bultzatzeko laguntza ematen ari da, epe luzeari begira gainera”, dio Gorkak.
2022aren hasieran hitzarmena sinatu zuen Etxebarriko Udalak Bizkaiko Pilota Federazioarekin, esku-pilotarekiko zaletasuna herrira bueltatzeko helburuagaz: “Etxebarrin sortu duguna eskola da; ez kluba”. Kluba izateko estamentuen sorrera eta onarpena, presidente baten aukeraketa eta prestaketa ugari behar dira. “Federaziotik esan ziguten 2023ko urtarriletik aurrera Bilbo bezala jokatuko genituela txapelketak eta hala izango da, eskola moduan”. Kluba desagertu zenetik eskola berria sortu arteko tarte horretan modu ofizialean lehiatu barik egon dira Etxebarriko gazteak eta Martinen arabera umeak “gogotsu eta pozik” daude. “Haurrek astean zehar entrenamendu onak egin nahi dituzte, gero partida egunetako akatsetatik ikasteko. Nik frontoiko entrenamendu saioetan zuzenketa ugari egin ditzaket, baina benetako zuzenketak partida egunetan egiten dira, astean zehar egindako lanaren isla”.
Balioei begira eta gaztetxoak “harrapatzeko” estrategia lantzen ari dela, honako balioak nabarmendu ditu Etxebarriko entrenatzaileak: pilota “errespetuzko kirola” dela nabarmendu du: “Pilota partida bukatzean egiten den lehen gauza aurkariari eskua ematea da eta ez hori bakarrik: gaur aurkaria izan dena bihar bikotekidea izan daiteke”. Gainera, pilotari baten tantoak aurkariek beraiek txalotzen dituzte askotan, errespetuaren adierazgarri. Diziplina beste balio adierazgarri bat dugu: “Pilotarekin gertatzen den bezala, kontaktu fisikorik ez badago ez da lehiakortasun erorik sortuko eta hori eredugarria da kirolariarentzat”. Handicap edo berezitasun modura, entrenatzaileak dio kontuan hartu beharreko beste gauza bat honakoa dela: talde ezberdinetako pilotariek aldagela berean ikusten dute elkar, futbolean edo bestelako kirol askotan pentsaezina dena.

Umeentzako ariketa espezifikoak, frontoian // Geuria
Planifikazio digitala
Entrenamendu saio pertsonalizatuak prestatzen ditu Bilbaok Etxebarrin: “Nik neuk diseinatutako software biren bidez antolatzen dut ikasturte osoko plangintza”, azaldu digu pozik. “Software batekin txikientzako denboraldia prestatzen dut jokoen bidez sakeak eta errestoak lantzeko, besteak beste”. Horrela, entrenamendu saio bakoitzera plangintza bat darama Etxebarriko entrenatzaileak bere tabletean. “Nagusiekin, ordea, dena aldatu behar izan dut plangintzan, orain arte ez dutelako koordinazioa landu: desplazamenduak, espazio-denborako ariketak… ez dituzte menperatzen”. Entrenatzailearen arabera hori zenbait arrazoirengatik izan daiteke: “Eskolako gorputz heziketako saioetara ez dira joan edo gimnasian landu duten edukia benetan pobrea izan da”.
Gorkarekin berba egiten dugun bitartean koordinazio-ariketak egiten hasi dira frontoiko ikasleak eta ondoren, indar-lanak. “Ume txikiekin pilota-kontaktua lantzen dugu bereziki: pilota eskuartean izan behar dute denbora osoan”. Haurrak oso txikiak dira eta ez dute lehiaketetan parte hartzen oraindik: “Pilotak eskuetatik kentzen badizkiegu momentuan bertan aspertzen hasiko dira. Frogatuta dago. Hala bada, ez dute frontoira itzultzeko gogorik izango berriro”.

Herriko gazteak, partida jokatzen // Geuria
Gaur egun 18 pilotari dauzka Etxebarriko Pilota Eskolak: 6-7 urteko 2 benjaminaurreko eta 9 urtera arteko 4 benjamin; eta horiekin batera, 16 urtetik 18ra bitarteko beste 12 pilotari. Hori da dena. “9 urtetik 16 urtera arte ez daukagu jokalaririk. Egoera arraroa da zoritxarrez tokatu zaigun hau”. Bestalde, 2021ean neska bi ere bazeuden eskolan baina ikasketa kontuak zirela-eta alde batera utzi zuten esku-pilota. Erronka benetan gogorra da Gorkarentzat Etxebarrin esku pilotarena. Egoera horren aurrean, eskolaren eskaintza erakargarriagoa egiteko ahaleginean diziplina berriak eskaintzeko aukerari buruz pentsatu duela aitortu du: pala edo zesta-punta.
Eskualdean, esku-pilotarekiko afizioa benetan handia da Zaratamo eta Arrigorriaga bezalako herrietan, eta Etxebarrikoak gaur egungo panoraman bere leku propioa nola egingo duen Gorkari galdetuta, hurrengoa esan digu: “Umeak gure pilota eskolara erakartzeko hainbat proiektu dauzkagu buruan: egun berezietan lehen mailako profesionalen bisitak antolatzea, herrian emakume profesionalen partidak antolatzea, bertso-pilota saioak hitzartzea… ideia asko ditugu buruan, baina ekitaldi horiek prestatzeko denbora behar dugu eta Federazioak pilotarien enpresekin egin behar du berba jarduerak antolatzeko”.
☉ Etxebarri
Euskara Batzordea berriro aktibatu nahi dute Etxebarrin, urtean zehar ekintzak egiteko
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hamaika ekintza antolatu dituzte azaroaren 27tik abenduaren 7ra bitartean. Gainera, Euskara Batzordea berraktibatzeari ekin diote herrian

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, eta herritarren kezkei eta zalantzei erantzuteko Euskara Batzordea berriro aktibatzea erabaki dute Etxebarrin.
Asmoa da talde bat eratzea eta “aldian-aldian” elkartzea eta euskararen inguruan hausnarketa egitea. “Horrez gain, urtean zehar euskaraz ekimenak antolatzeko berraktibatu nahi dugu batzordea, ez dadin bakarrik mugatu Euskararen Nazioarteko Egunera, baizik eta urtean zehar ere”, adierazi diote GEURIAri batzordeko kideek.
“Zergatik kaleetan euskara horren gutxi entzuten dugun hausnarketa mahai gainean jarri nahi dugu, eta euskararen postureotik euskararen erabilerara jauzia egiteko formula batzuen bila ere aritu nahi dugu ekimen berraktibatze honekin”, diote.
Era berean, herrian antolatzen diren jardueretan hizkuntza irizpideen faltari irtenbidea eman nahi dio Euskara Batzordeak: “Arlo horretan ere lan egin nahiko genuke”.
Herrian deialdia egingo dute Euskara Batzordean parte hartu nahi duten kide berriak erakartzeko: “Ahots berriak entzun eta aurpegi berriak ikusi nahi ditugu batzorde berritu honetan”.
☉ Etxebarri
Umorezko bakarrizketa, Mintzodromoa eta lehiaketak antolatu dituzte Etxebarrin, Euskararen Eguneko programazioan

Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta, egun horren testuinguruan, Etxebarrin hainbat jarduera antolatu dituzte Etxebarriko Institutuak, Tarrastak, Etxebarriko Euskaltegiak, Kukullaga ikastetxeak, Talka Gazteguneak eta Etxebarriko Udalak abenduaren 7ra bitartean.
Euskararen Egunean bertan, abenduaren 3an, Etxebarri Txiki Jaia antolatuko dute frontoian (10:00) Kukullagako ikasleentzat, eta arratsaldean, 18:30ean, Manex Astigarragaren umorezko bakarrizketa izango da Talkan, helduei zuzenduta.
Tarrastak Egunean Behin jokoa eta bertso txapelketa prestatuko ditu azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitartean.
Institutuan, Euskaltegian eta Kukullaga ikastetxeetan ere hamaika ekintza antolatu dituzte: mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoan Institutuan; Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcast bat Euskaltegian; eta herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia Kukullaga ikastetxean.
Etxebarri | Euskararen Eguna 2025
Azaroal 24-Abenduak 3
‘Euskaraz Bizi Nahi Dut’ kanpaina eta banderak saltzea Euskara Zerbitzuan (Cime)
Abenduak 3, asteazkena
Etxebarri Txiki Jaia: antzerkia (ikasleentzat)
10:00 Frontoia
Umorezko bakarrizketa: Manex Astigarraga, ‘Margolari’ (helduentzat)
18:30 Talka
—
Egunean Behin jokoa eta Bertso txapelketa
Tarrasta
Mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoak
Etxebarri BHI
Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcasta
Euskaltegia
Herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia
Kukullaga ikastetxea
Abenduak 7, igandea
Zineforuma: ‘Aupa Etxebeste!’
17:30 Talka
☉ Etxebarri
Palestinako errealitatea ezagutzeko bertako bi herritarren hitzaldia antolatu dute Etxebarrin

Palestinako errealitatea ezagutarazteko eta herritarrei hurbiltzeko topaketa antolatu du Etxebarriko Udalak azaroaren 27an, ostegunez.
Afaf Alnajjar eta Mohammad Farajallah palestinarrak izango dira hizlarietako bi: Alnajjar Palestinatik etorri berri den emakumea da, eta Farajallah aspalditik Bizkaian bizi den palestinarra da. Besteak beste, egokitze-prozesua eta jatorrizko komunitatearekin dituzten loturak azalduko dituzte.
Ez dira, ordea, hizlari bakarrak izango: Bea Berzosa Zugaztietako eskolako zuzendaria da eta bere ikasleekin garatutako hezkuntza-proiektua aurkeztuko du.
Familia palestinar batekin egindako bideo-dei baten inguruko proiektua azalduko du, eta familia horren historian oinarritutako liburu bat sortu du.
“Bere esku-hartzeak erakutsiko du Bizkaitik ere posible dela beste errealitate batzuetan laguntzea, ikastea eta horiekin elkartasunean jardutea”, diote udal ordezkariek.
Topaketa azaroaren 27an, ostegunez, izango da Kultur Etxean, 19:30ean (gazteleraz). Sarrera librea izango da lekua bete arte.
Ekimen honekin, Etxebarriko Udalak giza eskubideekin duen konpromisoa indartzen du, elkarrizketarako, hausnarketarako eta entzute aktiborako gune bat eskainiz.
☉ Etxebarri
Goma gaineko Bizkaiko txapelketa jokatuko da Etxebarrin azaroaren 29an

Bizkaiko Goma gaineko Sokatira txapelketa jokatuko da azaroaren 29an Etxebarrin.
Frontoian izango da 18:30ean eta gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak lehiatuko dira.
Abadiño, Gaztedi, Goiherri eta Forua taldeak dira lehiatuko direnak, 8×8 mistoa 580 kiloko kategorian.
Herri Kirol Federazioak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.
☉ Etxebarri
San Esteban etorbideko obrak faseka egingo dituzte Etxebarrin eta aldi baterako murrizketak iragarri ditu Udalak
Lehen fasean etorbideko zenbaki bikoitien aparkalekuak desgaitu dituzte eta bigarren fase batean zenbaki bakoitietan egingo dituzte obrak

Etxebarriko San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea guztiz eraldatzeko eta herritarrentzat irisgarriagoak, seguruagoak eta atseginagoak bihurtzeko lanetan murgilduta dabil Udala.
Birmoldaketa horri esker aparkaleku-sistema berrantolatuko dute —bateriatik lineara—, aparkaleku berriak jarriko dituzte, espaloiak zabalduko dituzte eta eliza ondoko autobus geltokiaren funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetuko dute.
Obrak udan hasi zituen Ansareo enpresak eta dagoeneko Barrondo kalean egin behar zituzten lanak amaitu dituzte. Eta, behin lan horiek bukatuta, San Esteban etorbidean esku hartzen hasi dira aste honetan.
Lan berri hauek faseka burutuko dituzte. Hasteko, San Esteban etorbideko zenbaki bikoitietan jardungo dute eta, hortaz, bertako aparkalekuak desgaitu dituzte eta edukiontziak lekualdatu dituzte. Ondoren, zenbaki bakoitietan esku hartuko dute.
“Obrak egiten diren bitartean aldi baterako murrizketak egingo zaizkio oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioari, esku-hartzearen fase bakoitzari egokituta. Hala ere, etxebizitza, garaje eta saltokietarako behin-behineko sarbidea bermatuko da”, zehaztu dute udal ordezkariek: “Udalak herritarren laguntza eskatzen du, baita kaltetutako eremuetan kontu handiz ibiltzeko ere”.
Etxebarriko Udalak guztira 564.000 euro bideratuko ditu eraldaketa integral honetara. Aurreikuspenen arabera, urte berriko lehen hiruhilekorako amaituko dituzte lanak.









