Sareak

☉ Basauri

UD San Migelgo jokalariek zuzendaritza batzordea bozkatzeko eskubidea aldarrikatu dute

Gaur eguerdian ezohiko futbol topaketa izan dute UD San Migelgo gazteen A taldeak Urduñaren aurka jokatutako partidan. San Migelgo jokalariak pankarta batekin irten dira zelai jokora

|

UD San Migelgo jokalariak, partida hasi baino lehen // UD San Migel

Gaur eguerdian ezohiko futbol topaketa izan dute UD San Migelgo gazteen A taldeak Urduñaren aurka jokatutako partidan. San Migelgo jokalariak pankarta batekin irten dira zelai jokora. Pankarta hartan “Un abonado socio, un voto” jartzen zuen, “socio” hitza azpimarratuta. Jokalariek ere antzeko aldarrikapenak zituzten kamisetak jantzi dituzte beroketa saioetan, “Crecimiento, hundimiento sin retorno” ziotenak.

San Migelgo gazte eta erregional taldeen jokalariak “egonezin handia” bizitzen ari dira joan den martxoaren 2an zuzendaritza-hauteskundeak egin zituztenetik, eurek salatu dutenez, urteroko kuota ordaindu zuten 18 urtetik gorako “kirolari guztiei bozkatzeko eskubidea ukatu zietelako”.

Kudeaketa Batzordearen arabera, bozka emateko eskubidea ukatu zitzaienak ez ziren kideak, abonatuak baizik. Horrek haserrea piztu du kuota ordaindu duten kideen eta futbol taldeko hainbat zaletuen artean eta bozketa egunean, bertan sortutako istiluen haritik, Ertzaintza ere azaldu zen bertan, arrazoia jokalariei emanez.

UD San Miguelgo gazte taldeko jokalariak pankartarekin // Utzitakoa

“Kideak bai; abonatuak ez”

Joan den martxoaren 2an UD San Miguel taldeak zuzendaritza-hauteskundeak deitu zituen eta 18 urtetik gorako jokalari erregional eta gazteen taldeko jokalariak sedera abiatu ziren euren botoa ematera. Jokalari horiek klubeko urteroko kuota ordainduta zeukatela adierazi dute. Sedera heltzean “modu txarrean” tratatu zituztela eta botoa emateko “eskubiderik ez” zutela esan zietela azaldu diote futbol taldeko jokalariek GEURIA komunikabideari.

“Momentu hartan, jokalariok azalpenak eskatu genituen”, izan dira jokalariek berbak. “Goiz hartan, Kudeaketa Batzordeak erabaki zuen gure kideen karnetak abonatuenak zirela, nahiz eta gure karnetak gainontzeko kideek dituztenen berberak izan”. Jokalarien azalpenen arabera, “denboraldi hasieran ordaindutako 250 euroko baliodun kuotan kirol-materiala eta kirol elkarteko kide biren txartelak zeuden; ez abonatuenak”, argitu dute txundituta. Kuoataren ordainketak hau eskaintzen dio kideari: 3 entrenamendu saio eta partida egun bat San Migelen, fisioterapeuta zerbitzua, mediku-asegurua denboraldi osoan zehar, arropa entrenamendu saioetarako eta paseorako eta bi kide txartel.

Horiek horrela, klubeko jokalariek sinadura-bilketa hasi zuten egoera salatzeko. “Behin eta berriro ere, ez zuen ezertarako balio izan”, aitortu dute jokalariek. Gaur, protesta eta aldarrikapen modura, klubeko jokalari gehienak pankarta atera eta bozkatzeko eskubidea aldarrikatu dute jendaurrean, partida hasi baino lehen: “Klubeko estatutuetako 5. artikuluan jasotzen den eskubidea da eta horixe defendatu nahi dugu hain zuzen ere. Klubeko kide guztiak berdin-berdinak dira eskubide eta betebeharren aurrean”, aldarrikatu dute.

Harmailetako ezkerreko hondoko zaleen hitzak ere jaso ditu GEURIA komunikabideak: “Klubeko zaleok kirol elkartea egoera kritikoan dagoelaren lekuko gara”, azaldu du zale batek. “Zuzendaritzako zati batek dimisioa aurkeztu zuen duela hilabete eta hori, gure ustez, ez da batere onuragarria kirol elkartearentzat”.

Gauzak horrela, kandidatura bi aurkeztuko direla azaldu dute zaleek: “Dimititu zuena, alde batetik, eta jende berri gehiagoz osatutako taldea, bestetik. Gure ustetan, bien artean gazteena da proiektu landu bakarra aurkezten duen taldea eta hori edozein zaletuk daki”, adierazi dute futbol taldeko zaletuek. Gaur egungo egoera ikusita eta protesta ekintza modura, futbol taldeko zaletu askok azken boladan partidetara joateari utzi diotela adierazi dute zaletuek eta joan izan direnek “zarata gutxi” egin dutela azaldu diote GEURIAri.

Hurrengo partida gazteen B taldearena gaur bertan izango da Iturribideren aurka, 19:30ean. Bihar, martxoak 12, Erregional B taldeak etxean jokatuko du Arizen kontra eta aldarrikapen bera egingo dute UD San Migelgo jokalariek.

☉ Basauri

Bideoa | Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarra Durangoko Azokan egongo da bere lehen diskoarekin

|

Azaroaren 21ean kaleratu zuen Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarrak bere lehen lan luzea: ’16 segundu’. Platorma guztietan dago entzungai eta abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokan egongo da diskoa saltzen eta sinatzen!

Irakurri hemen GEURIAko abenduko alean egin genion elkarrizketa!

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Geuria (@geuria.eus)

Osorik irakurri

☉ Basauri

Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena

2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

|

Fernando Goitia 2011n Bilduren agerraldi batean // Bidebieta

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.

2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.

Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.

Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.

Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du

Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

|

Apirileko osoko bilkuran agerraldia egin zuten Basauriko udal langileek // Basauriko Langileen Batzordea

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.

Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.

“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.

Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.

2026an mobilizazio gehiago

“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.

Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.

“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.

Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.

“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.

Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

|

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak | Gatibuko Alex Sardui eta Mirua taldeko Maitane Iruiñ Basauriko Musika Eskolaren ekitaldian izan dira

Basauriko Musika Eskolak emanaldia eta hitzaldi musikatua antolatu du gaur Social Antzokian Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian

|

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Basauriko Musika Eskolak urteroko emanaldia antolatu du gaur, abenduak 2, Social Antzokian. Ikasleen kontzertuak izateaz gain, Alex Sardui (Gatibu) eta Maitane Iruiñ (Mirua) musikari eta abeslariek hitzaldi musikatua eskaini dute.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna