Sareak

☉ Basauri

Basaurik 2024ko Kirolaren Europako Hirirako hautagaitza aurkeztu du

‘Kirolaren Europako Hiria’ erantzukizunaren eta etikaren printzipioaren arabera egindako izendapena da eta Basaurik 2024erako hautagaitza aurkeztu du

|

Asier Iragorri Basauriko alkatea eta Jon Zugazagoitia Kiroletako zinegotzia, udaletxean // Basauriko Udala

‘Kirolaren Europako Hiria’, kirolaren esparruan, erantzukizunaren eta etikaren printzipioaren arabera egindako izendapena da eta Basaurik 2024erako hautagaitza aurkeztu du Europan, “kirola basauriarren egunerokoaren beste adierazpen bat delako”, udal ordezkarien arabera. “Gizartean oso errotuta dauden kluben sarea dugu, haietako batzuk ehun urte baino gehiagokoak, eta herritarrek aukera izan dute haien eskutik kirola praktikatzeko eta helburu gorenetaraino iristeko”, azaldu Jon Zugazagoitia Kiroletako zinegotziak.

Zugazagoitiak “herri bizi” bezala definitu du Basauri, kirol-ekitaldi eskaintza zabalekoa, eta bertan eskola-kirolaren esparruan egindako “lan bikaina” azpimarratu du, herritarrentzako kirola sustatzen duten udal kirol-instalazio osoetan oinarritutakoa. Ekitaldi eskaintza horien artean Basauri Meeting Paralinpikoa nabarmendu du Jonek, Estatuko ezaugarri hauetako proba zaharrena eta kirol maila handienekoa: “Dinamika horrek guztiak ez du begi bistatik kentzen garaietara egokitzeko beharra, kirolean ingurumen-jasangarritasuneko politikak ere aktibatuz, benetako berdintasuna bilatuz, baztertuen dauden gutxiengoen normalizaziorako oztopoak murriztuz edo kirola hezkuntza-tresna gisa erabiliz euskararen erabilera normalizatzeko, ohitura osasungarriak izateko eta haurrekiko abusuak prebenitzeko”.

Kirolaren Europako Hiria izendapena Bruselako irabazi asmorik gabeko elkartea ACES Europe erakundeak ematen du, Europako Batzordeak aintzatetsia. Hurrengo urratsa  ACES Europe erakundeko ordezkariek Basaurira bisita egitea, kirol-mugimendua eta instalazioak gertutik ezagutzeko eta behar duten informazio guztia eta gure udalerria “2024ko Kirolaren Europako Hiri” izendatzeko arrazoien xehetasunak ematea izango da, Zugazagoitiaren arabera.

☉ Basauri

Bideoa | Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarra Durangoko Azokan egongo da bere lehen diskoarekin

|

Azaroaren 21ean kaleratu zuen Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarrak bere lehen lan luzea: ’16 segundu’. Platorma guztietan dago entzungai eta abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokan egongo da diskoa saltzen eta sinatzen!

Irakurri hemen GEURIAko abenduko alean egin genion elkarrizketa!

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Geuria (@geuria.eus)

Osorik irakurri

☉ Basauri

Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena

2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

|

Fernando Goitia 2011n Bilduren agerraldi batean // Bidebieta

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.

2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.

Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.

Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.

Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du

Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

|

Apirileko osoko bilkuran agerraldia egin zuten Basauriko udal langileek // Basauriko Langileen Batzordea

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.

Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.

“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.

Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.

2026an mobilizazio gehiago

“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.

Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.

“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.

Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.

“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.

Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

|

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak | Gatibuko Alex Sardui eta Mirua taldeko Maitane Iruiñ Basauriko Musika Eskolaren ekitaldian izan dira

Basauriko Musika Eskolak emanaldia eta hitzaldi musikatua antolatu du gaur Social Antzokian Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian

|

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Basauriko Musika Eskolak urteroko emanaldia antolatu du gaur, abenduak 2, Social Antzokian. Ikasleen kontzertuak izateaz gain, Alex Sardui (Gatibu) eta Maitane Iruiñ (Mirua) musikari eta abeslariek hitzaldi musikatua eskaini dute.

Osorik irakurri
📩 ✏️ Olentzero eta Mari Domingiri gabon gutuna
📩 ✏️ Gabon gutuna