☉ Basauri
Javi Conde atleta Basauriko lehen enbaxadore izendatu du Udalak
Javier Conde Pujana Basauriko lehen enbaxadore izendatu dute gaur arratsaldean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan

Javier Conde Pujana Basauriko lehen enbaxadore izendatu dute gaur arratsaldean, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. 50 lagunek parte hartu dute ekitaldi emotiboan eta publikoaren artean senideak, lagunak eta Javi Conde Atletismo Klubeko kirolariak izan dira, besteak beste. “Gaurkoa ekitaldi berezia dugu eta egun berezia biziko dugu, bereziki emotiboa”, azaldu du Jon Villapun kazetari basauriarrak ekitaldiari hasiera emanez. “Bere ibilbide profesionalak Basauriko lehen enbaxadore izatera eraman du”.

Jon Villapun kazetaria (ezkerraldean). Beste aldean, Jon Zugazagoitia, Javi Conde eta Asier Iragorri // Geuria
“Titulua berak defendatutako baloreen fruitu izan da, gure udalerriaren izenean”, jarraitu du Villapunek. Urteetan zehar Condek irabazitako merituak ia zenbagaitzak dira. “Kirol paralinpikoan ateak ireki eta apurtu dituen atleta izan da Javi Conde, jarduera honetan kirol lehiakorra eta ikusgarria eginez”. Ibilbidea 11 urte zituela hasi zuen Javik eta kirol eredu honen oztopoak banan-banan hautsi ditu basauriarrak. “Ariz auzoan, bertako bizilagunek lehen korrika saioak ematen ikusi izan zuten eta apurka-apurka bere mugak zabaltzen joan zen korrika egiteko zaletasun hori praktikatuz”.

Javi Conde, Lapatzako Krossean // Geuria
Primerako ibilbidea
1991ean inflexio puntua izan zuen bere ibilbide profesionalean. Urte hartan Villamaderneko Herri Krosean parte hartu zuen (Araba). Bertan, Espainiako Ezgaitasundun pertsonen selekzioko entrenatzailea ezagutu zuen. Gizon hark kirol paralinpikoaz berba egin zion ezgaitasunari erreferentzia eginez. Egun hartatik gaur egun arte, Condek gogor egin du lan kirol paralinpikoaren alde. “1992ko joko paralinpikoetan parte hartu zuen, eta ez hori bakarrik: joko horietan, kirol egokitua mundu zabalean ikusgarri egin zen”. Parte hartu duen Bartzelonako joko paralinpikoen lau edizioetan, Atlanta 96, Sindey 2000 eta Atenas 2004an urrezko 7 domina eta zilarrezko bi irabazi ditu. “Honek esan nahi du Javi Conde Estatu mailan urrezko domina gehien lortu dituen atleten artean dagoela”.
Asier Iragorri Basauriko alkateak enbaxadore titulua egiaztatzen duen diploma eman dio, eta nabarmendu du bere kirol ibilbidea zein ibilbide pertsonala kirolari gazte askorentzako eredua izan daitekela eta nazioarteko atleta basauriarrari esker ona eman diote.

Javi Conde, ekitaldiaren amaieran // Geuria
☉ Basauri
Bideoa | Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarra Durangoko Azokan egongo da bere lehen diskoarekin
Azaroaren 21ean kaleratu zuen Maialen Ibarra abeslari eta musikari sanmigeldarrak bere lehen lan luzea: ’16 segundu’. Platorma guztietan dago entzungai eta abenduaren 5etik 8ra bitartean Durangoko Azokan egongo da diskoa saltzen eta sinatzen!
Irakurri hemen GEURIAko abenduko alean egin genion elkarrizketa!
Ver esta publicación en Instagram
☉ Basauri
Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.
Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.
Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.
Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.
Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.
☉ Basauri
Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du
Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.
Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.
“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.
Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.
2026an mobilizazio gehiago
“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.
Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.
“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.
Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.
“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.
Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.
☉ Basauri
Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!
☉ Basauri
Argazkiak | Gatibuko Alex Sardui eta Mirua taldeko Maitane Iruiñ Basauriko Musika Eskolaren ekitaldian izan dira
Basauriko Musika Eskolak emanaldia eta hitzaldi musikatua antolatu du gaur Social Antzokian Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian
Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Basauriko Musika Eskolak urteroko emanaldia antolatu du gaur, abenduak 2, Social Antzokian. Ikasleen kontzertuak izateaz gain, Alex Sardui (Gatibu) eta Maitane Iruiñ (Mirua) musikari eta abeslariek hitzaldi musikatua eskaini dute.
































