Sareak

☉ Zaratamo

Iñigo Riki: «Bizitzan ikasten dugunaren Frankensteina gara: apur bat hemendik, beste bat handik»

Perros kon asma eta Kruela taldeekin jotzeaz gain, bakarlari lanetan ere badabil Iñigo Riki zaratamoztarra. Bi liburu publikatu eta gero, nobela batean dabil buru-belarri. Esku artean beti dauzka sorpresa gehiago, “beti berritzen” baitabil

|

Iñigo Riki zaratamoztarra // Utzitakoa

Musikaria, idazlea eta artista da Iñigo Rekalde Sanz (Zaratamo, 1995) zaratamoztarra. 2013an Perros kon asma taldearekin hasi zen eszenatokietara igotzen, eta egun, haiez gain, Kruela taldearekin jotzen eta bakarlari lanetan ere badabil. Kantaria da, eta berak sortzen ditu letra propioak. Bukowski, Saliger, Poe eta beste hainbatengandik ikasi du nola idatzi. Baina estilo propioa dauka denetarako. Un lunático con gafas de sol (2018) eta Terciopelo despeinado (2020) liburuak kaleratu ondoren, nobela batean ari da lanean.

2013an hasi zinen Perros kon asma taldearekin. Zerk bultzatu zintuen musika talde bat sortzera? Umetatik gustatu izan zait musikaren mundua; nire lehengusuen etxean entzuten genituen lehenengo diskoak. Gainera, betidanik izan dut eszenatoki baten aurrean showak egiteko gustua. Eta egun batean, lagun batek deitu zidan kontzertu bat jotzeko. Bi lagun bilatu ondoren, abestiak prestatu genituen. Horrek itzelezko bultzada eman zidan.

Eskorbuto, Cicatriz, Doctor deseo eta beste hainbat talde aipatu dituzu erreferentetzat. Musika estiloa, letrak… Zer da bakoitzarengatik gustuko duzuna? Lehendabizi, letrak. Beti gustatu zaizkit. Eta gero, bakoitzak daukan magia. Nire musika bilduma baten batek ikusten badu, “me toma por loco”. Denetarik daukat: Discepolo-tik hasi eta El último que zierre-raino.

Abeslari moduan, nor da gogokoen duzun musikaria? Hori ezin dut esan, erreferente asko dauzkat. Gustukoena esatea, ordago bat botatea izango litzateke. Jende oso ona dago eszenatokietan eta bakoitzak momentu ezberdinetan laguntzen nau.

Zure estiloa zure erreferentzien nahasketa dela esango zenuke? Nola definituko zenuke? Izan ahal da. Bizitzan zehar ikasten dugunaren Frankensteina gara: apur bat hemendik, beste apur bat beste aldetik.

Musikaren arloan, proiektu propioetan ari zara lanean. Zeintzuk dira? Taldearekin, Perros kon asma eta Kruela, abeslari moduan, orain dela gutxitik, eta bakarrik kantautore, Iñigo Riki bezala.

Bakarlari moduan edo taldean lan egitea, zer nahiago duzu? Indiferentea iruditzen zait. Bakarlari moduan, formalago nago abesti pertsonalak jotzen, eta janzteko arloan ere diferentea da: musikak horrela agintzen du. Perros-ekin beste “rollo” bat da. Neure abestiek dira, baita, baina basatiagoa da.

Literaturaren munduan ere eman dituzu pausoak. Un lunático con gafas de sol (2018) 80 mikro-ipuinez osatutako liburua izan zen argitaratu zenuen lehena. Gai jakin baten inguruan idatzita dago? Ez, momentuan sentitzen nituen istoriez osatuta dago liburua. Momentu horretako sentimentuak atera nituen kalera, poesiaren munduan igeri, eta proiektu barri batekin hasi.

Zaratamoztarra kontzertu batean // Utzitakoa

Aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean esan zenuen poesiarekin eta zure munduko fantasiarekin elikatutako istorioak direla. Hauek sortzeko, musikarekin bezala, literaturan erreferenterik daukazu? Asko irakurtzen dut. Idazkera erraza Bukowskik erakutsi zidan; Poek bere magian murgildu ninduen; Saliger-en El guardian entre el centeno ere gogoan dut. Denetarik apur bat. Liburu guztietatik eduki ahal dira erreferentziak, bertatik bidaiatu eta ikasi.

Kanten letrak idaztea edo narrazioak idaztea. Zein nahiago? Momentuak berak eskatzen dizu. Asko idazten dut egunean zehar eta erraza egiten zait idatziak proiektu ezberdinetan jartzea.

Abestietan erabiltzeko ere balioko lukete zure narrazioek? Edozein idatzi erabili ahal da abesti baterako, eta edozein abesti istorio bat izan daiteke.

2020an, Terciopelo despeinado liburua kaleratu zenuen, Círculo Rojo argitaletxearekin, beste behin. Aurreko liburu rekin loturarik badu lan honek? Ideia berdina zen, baina beste momentu emozional baten nengoen. Liburua beltzagoa da. Lehenengo liburuan ume baten moduan ibiltzen nintzen hegaz; bigarrenean, ordea, lokatz artean topatzen naiz.

Harrera ona izan du publikoaren artean? Bigarrenak ez hainbeste, Covid-a sartu zen eta ez nuen promozionatzeko aukera askorik izan. Orain gabiltzan munduan, jendeak ez du askorik irakurtzen, eta batzuek konpromisotzat hartu didate, gero irakurri ostean oso gustuko izan dutela esan didaten arren. Horrek niri balio dit. Horregatik, niretako, harrera ona eduki du.

Beste libururik idatzi duzu edo idazten ari zara une honetan? Nobela baten sartuta nago, ia amaitzen dudan, beste proiektu pare batzuetan ere banabilelako sartuta. Ia ez daukat astirik. Urte honetarako zerbait berria aterako dut, diskoa, liburua… Beti berritzen nabil.

☉ Zaratamo

Olaganeko pasarelan irristadak ekiditeko produktuak ipintzeko aukera aztertzen ari da Zaratamoko Udala

Egoerari irtenbidea ematea xede, Udaletik denbora eskatu diete zaratamarrei, baina azken boladan egondako irristadek auzotarren ezinegona piztu du

|

Olaganeko pasarela, eraikitze-prozesuan, 2023an // Geuria

Zaratamoko Udalak barandak ipini ditu azken asteetan Arkotxatik Txomin Egileor kalera joateko Olaganeko pasarelan eta egun hauetan produktu berezi bat ipintzen ari dira burnizko pieza horiek ez erdoiltzeko, herritarrek hala eskatu ostean.

Baina bertan egin beharreko lanak ez dira bukatu oraindik; pasarela inauguratu zutenetik, auzotar batzuek labainkadak izan dituztela azaldu diote GEURIAri udal ordezkariek: “Hori dela eta, aurrekontua eskatu diegu bi enpresari zergatiak ikertzeko analisia egin eta arazoari konponbidea emateko”. Ziurrenik produkturen bat ipini beharko dutela azaldu dute Udaletik. Barandak ipintzeko obrek iraun zuten bitartean pasabidea itxi zuten, baina gaur egun guztiz erabilgarri dagoela azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak.

Egoerari irtenbidea ematea xede, Udaletik denbora eskatu diete zaratamarrei, baina azken boladan egondako irristaketek auzotarren ezinegona piztu du: “Egoera honen jakitun gara joan den negutik”, kexatu dira Arkotxako Auzo Elkarteko kide batzuk. “Udalak denbora izan du tarte horretan egoerari irtenbidea emateko”.

Azken asteetako euria dela eta, hainbat auzotarrek labain egin dute pasarela ertabili dutenean.

Olaganeko pasarela 2023ko urrian eraiki zuten eta Txomin Egileor kaleko errepide gainetik zeharkatzen duen oinezkoen zubiarekin konektatzen duen egitura irisgarria da.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Herritarrentzako jarduera ugari prestatu dituzte Gabonetan, Zaratamoko Arkotxa eta Elexalde auzoetan

Abenduaren 22an hasita eta urtarrilaren 3ra bitartean puzgarriak, goitibeherak, magia tailer eta ikuskizuna, musika eta Olentzero eta Mari Domingi egongo dira Zaratamon

|

Errege Magoak, Arkotxako frontoian // Geuria

Gabonetarako gero eta gutxiago falta da, eta Zaratamoko Udalak jardueraz betetako programa prestatu du haurrentzat eta hain haurrak ez diren herritarrentzat ere, Arkotxan eta Elexalden. Abenduaren 22an hasita eta urtarrilaren 3ra arte ez dute aspertzeko tarterik izango zaratamarrek.

Lehen jarduera abenduaren 22an antolatu dute. Egun horretan puzgarriak eta goitibeherak antolatu dituzte Arkotxako frontoian 11:00etatik 14:00ak arte. Abenduaren 24a Gabon Gaua da, eta urtero lez, eguerdi aldera Olentzero eta Mari Domingiren bila abiatuko dira herriko gaztetxoak Elexalden, 12:00ak aldera.

Hilaren 26an magia tailerra antolatu du Walas magoak goizean, Arkotxan. Arrastian ikuskizuna egingo dute eta tailerrean parte hartuko dutenek ikuskizunean arituko dira ere; Abenduaren 28an Zaratamoko koroak kontzertua eskainiko du 12:00etan; hilaren 31n, 11:30ean kanpai txikiak joko dituzte Elexalden, bazkalordura bitartean. Urte zaharra agurtu eta berriari ongi etorri aurreratua emango zaio herriko plazan, eta auzotarrekin partekatzeko momentu berezia izango da.

Urte berria estreinatzeko, urtarrilaren 2an puzgarriak eta goitibeherak antolatu dituzte Elexaldeko frontoian, 11:00etatik 14:00ak arte; Urtarrilaren 3an, 18:00etan ikuskizun berezia antolatu dute etxeko txikienentzat: Kiki, Koko eta Moko.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Hareontzi berria sortu dute Zaratamoko ‘Gure Ametsetako Jolastokia’ proiektuan

Haur eta gurasoak gau eta egun ibili dira jo eta su proiektu honetako azken jarduketan

|

Gurasoak, gauez lanean // Gure Ametsetako Jolastokia

Gure Ametsetako Jolastokia proiektuak urrats berri bat eman du: auzolanaren bidez haurrentzako hareontzi berri bat ipini dute Zaratamoko eskolako jolastokian.

Besopean Guraso Elkarteak deialdiua egin zuen joan den astean Zaratamoko eskolan, jarduketa egin ahal izateko eta hiru eguneko lanaren ostean ipini dute haurrentzako hareontzia, Egurpal eta BilboRent herriko enpresen laguntzarekin.

“Barikuen hasi ginen eta astelehenera arte luzatu ziren lanak. Eguzki orduek labur lotu jakuz eta iluntzean ere lanean jardun gara”, azaldu du Irati Azkueta Pujana irakasleak. 50 pertsona inguru batu ziren lanerako, guraso, irakasle eta ikasleen artean. “Eskolako Elkarbizitza Behatokian umeek egindako eskaerei erantzun bat emoten saiatu gara, eskola komunitatearen arteko harremanak indartu doguzen bitartean”.

Hareontzia enpresek utzitako makina hondeatzaileagaz eta porlanagaz sortu zuten gurasoek. Gainera, nagusienen gelako terrazarako eserleku batzuk sortu zituzten palletak erabiliz. “Lanak amaitu ostean mokadutxoa hartzeko eta elkarrekin bazkaltzeko parada ere izan dogu, giro paregabean”.

Haurrak eta gurasoak, eserlekuak sortzn // Gure Ametsetako Jolastokia

Aste honetan azken ukituak eman dizkiote azken auzolan honi eta hurrengoei begira ikasturtean zehar eskolako patiorako ekipamendu berri gehiago ekartzen ahaleginduko direla adierazi du Azkuetak. “Horrela Gure Ametsetako Patioa elkarlanean eraikitzen segiduko dogu, gure eskolako haurren gozamenerako”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Tailer praktikoak, bideo-foruma eta gastronomia saioak antolatu dituzte Zaratamoko Elexalde eta Arkotxan

Jarduera guztiak doakoak izango dira eta bertan parte-hartzeko izena eman behar dela iragarri dute Zaratamoko Udaletik

|

Eskainiko dituzten jardueren artean aurretiazko borondateen dokumentuaren inguruko tailerra dago // Sollange Brenis, Unsplash

Zaratamoko Berdintasun Batzordeak hainbat jarduera prestatu ditu urteko azkenaurreko hilabeteari begira.

Lehen hitzordua azaroaren 12an eta 19an antolatu dute: testamentu bitalaren inguruko tailerra. Bizi-testamentua (edo aurretiazko borondateen dokumentua) formula juridiko bat da, eta testamentuaren titularrari aukera ematen dio bere tratamendu medikoei buruzko jarraibideak adierazteko eta helarazteko.

Dokumentu hori eskumena duen osasun-sailean erregistratzen da, eta pertsonak Osasun Publikoan duen historial klinikoan jasotzen da. Horrela, medikuek beren borondateak ezagutu eta bete ahal izatea errazten da. Hilaren 12an Elexaldeko kultur etxean egingo dute eta 19an Arkotxan. Saioak Zaratamoko erizainak eskainiko ditu.

Azaroaren 21ean ‘Ciudad Delirio’ zintaren inguruko bideoforuma antolatu dute Elexaldeko Kultur etxean Wayra elkartearekin: Javier, mediku espainiar lotsati eta erreserbatua, Calin Medikuntzako kongresu batera joango da eta Angie ezagutuko du, dantzari eta koreografoa, munduko saltsa ikuskizun ospetsuenaren parte izatea amesten duena: Delirio. Proiekzioa 18:00etan egingo dute eta jarraian solasaldia.

Hurrengo egunean, azaroaren 22an, gastronomia tailerra egingo dute Elexaldeko txokoan, 10:30etik 14:00ak bitartean. Izena ematea beharrezkoa izango da. Tailer hau ez da bakarra izango; udal ordezkariek azaldu dute Wayra elkarteak beste bi antolatuko dituela 2026ko urtarrilean eta otsailean.

Jarduera horiez gainera, Smartphonea eta tabletak behar bezala erabiltzeko tailer bikoitzak antolatu dituzte Arkotxa eta Elexalde auzoetan. Arkotxakoa azaroaren 19an eta 27an egingo dute eta Elexaldekoa, 10ean eta 18an. Saioak 12:00etatik 14:00ak bitartean antolatu dituzte auzo bakoitzeko KZ Gunean. Parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ipuin kontalaria, eskulanak eta gynkana antolatu dituzte Zaratamoko Gau Beltzan

Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte hilaren 31n, 18:00etatik gaualdera bitartean, Elexaldeko plazan

|

Sorgin bat, Arrigorriagako Gau Beltzan // Geuria

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak, Udalarekin batera, jardueraz betetako Gau Beltza prestatu du urriaren 31ko arrastian, etxeko txikientzat.

Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte 18:00etatik gaualdera bitartean. Gainera, bokatak salduko dituzte Elexaldeko plazan.

Egitaraua | Zaratamoko Gau Beltza 2025

Urriak 31, barikua

18:00 Ipuin kontalaria eta eskulanak, Elexaldeko plaza
19:00 Gynkana herrian zehar
20:00 Diskofesta, Elexaldeko plaza

Osorik irakurri