☉ Arrigorriaga
Aitor Paredes arrigorriagarrak Athleticekin debuta egin du Lehen Mailan
Gazteak aitortu du “eskertuta eta harro” dagoela Lehen Mailara heltzeko egin duen ibilbideagatik eta entrenatzaileak denbora luze honen ondoren eman dion konfiantzagatik: “Aukera gehiago izateko gogoz nago”.
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/arrigorriaga-aitor-paredes-athletic-club-lehen-maila-debuta-20220829-argazkia-athletic-club.jpg)
Aitor Paredes 22 urteko futbolari arrigorriagarrak Athleticen Lehen Taldearekin debuta egin zuen atzo, lehoiek Cádizen aurka jokatutako partidan. Gazteak aitortu du “eskertuta eta harro” dagoela Lehen Mailara heltzeko egin duen ibilbideagatik eta entrenatzaileak denbora luze honen ondoren eman dion konfiantzagatik: “Aukera gehiago izateko gogoz nago”.
Arrigorriagarra zelaira sartu zenerako, hiru goleko abantailarekin zegoen Athletic markagailuan. “Alde oso handia zen” —esan du Paredesek, partida ostean egindako adierazpenetan— “gaur gol asko egin ditugu, eta hori da behar duguna”. Paredes aurrelaria ez den arren (erdiko atzelari lanetan dihardu), Lehen Taldearekin egoteagatik, onartu du edonora mugitzeko prest dagoela: “Eskatzen didaten postuan jokatuko dut”, adierazi du, taldeari laguntzeko prest eta gogotsu.
10 urteko bidea
Paredes 10 urte zituenean heldu zen Lezamara, eta kategoria txikietan luze ibili ondoren, 2020ko abuztuan lagunarteko partida batean jokatu zuen Athleticekin. “Asko kostatu zait nagoen lekuraino iristea, baina jasotzen dudan babes guztiarekin, lan handiarekin eta apaltasunez, ia hor nago, pausotxo batera!”, kontatu zion orduan GEURIAri. Atzoko partidaren ondoren, ametsa lortu du Paredesek.
Aitor Paredes: “Lehen taldean aritzea ametsa eta saria da. Ez dadila izan saiatu ez naizelako!”
☉ Arrigorriaga
Bidaiari bik asteburuan Ollarganeko geltokian grafitero batzuen eskutik jasandako erasoa salatu du Renfek
Tren enpresak gertakariari buruz dagoen informazio guztia agintari eskudunei helaraziko dietela iragarri du. Gainera, Ollarganeko geltokiko segurtasun-neurriak indartzen ari dela jakinarazi du
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/arrigorriaga-ollargan-aldiriak-renfe-tailerrak-2025_web-1.jpg)
Joan den otsailaren 7ko gauan Renfeko C3 lineako trenean zihoazen bidaiari bik grafitero talde baten erasoa jasan zuten, margotzaileek bagoi bat pintatzen ari ziren bitartean.
Renfeko adierazpenen arabera, Grafiteroak Ollarganeko geltokiko trenbidean zeuden, Aldiriakeko tren bat margotzen. “Segurtasun enpresako langile bat bertara hurbildu zen eta gutxienez 10 lagun ikusi zituen trenbideetan”, azaldu dute Renfeko komunikazio taldetik.
Tren enpresaren arabera, bidaiariek arreta deitu zieten grafiteroei eta erantzun modura erasotu zituzten: “Berehala, Renfek osasun-laguntza eskatu zuen erasotako bidaiarientzat”, azaldu dute. “Ertzaintza Abandoko geltokian egotea ere eskatu zuten. Azkenik, bidaiariak Basurtuko Ospitalera eraman zituzten”.
Asteburuan zehar ez dute inor atxilotu. Hala ere, tren konpainiak gertakariari buruz dagoen informazio guztia agintari eskudunei helaraziko dietela iragarri du: “Baita gertakariak ikus daitezkeen bideozaintza-sistemaren grabazioak ere”.
Atzo, otsailak 10, salaketa jarri zuen Renfek Ertzaintzan grafitiek eragindako kalte materialen haritik.
Renfek berriro gaitzetsi ditu bi bidaiariek jasandako erasoak, eta langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko lanean jarraituko duel jakinarazi du.
Ildo horretan, tren enpresak Ollargango geltokiko segurtasun-neurriak indartzen ari dela jakinarazi du, RS3 proiektuaren esparruan segurtasun-kamerak ipiniz, “estaldura eta funtzionaltasun handiagokoak”.
☉ Arrigorriaga
Bideoa / Batera proiektuak arrigorriagarrek euskararen inguruko beldurrak eta lotsak gainditu behar direla ondorioztatu du
Batera proiektuaren helburua Arrigorriagan Euskararen erabileran jauzia ematea da, gure hizkuntzaz “naturaltasunez bizitzeko”
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/arrigorriaga-batera-arrigorriagan-aurkezpena-2025_web-4.jpg)
Arrigorriagako Euskarri elkarteak, Udalak eta Taupak bultzatutako Batera Arrigorriagan proiektuaren aurkezpena eta mahai-ingurua egin dute gaur Edurne Garitazelaia kultur etxean.
Batera Arrigorriagan proiektuak hainbat pertsona bildu ditu azken hilabeteotan — adin, ideologia, lanbide eta euskararekiko hurbiltasun maila desberdinetakoak —, helburu komun batekin: euskararen erabileran urrats esanguratsu bat emango bagenu gure herria nolakoa izango litzatekeen irudikatzea eta aurrerapen hori zein baldintzek posible egingo luketen zehaztea.
Herritarrek azken hilabeteetan landutako proiektuaren ondorioak aztertu dituzte, Kike Amonarriz aurkezleak gidatutako saio jendetsuan: Azokea aretoan 50 lagun inguru bildu dira.
GEURIA bertan izan da eta proiektuaren bultzatzaileen berbak jaso ditu: “Prozesu honetan planteatu dugun helburua honako hau izan da: Arrigorriagan Euskararen erabileran jauzia ematea, gure hizkuntzaz naturaltasunez bizitzeko”, azaldu du Leire Sagastizabal (Arrigorriaga, 1967) Batera proiektuko parte-hartzaileak. “Horretarako, danok partekatuko dugun ikuspegi bat irudikatzen saiatu gara, baldintza eta lehentasun batzuk zehazten. Horrek, eman beharreko pausuak zeintzuk izango diren definitzen lagunduko digu”.
Arrigorriagako euskaraz
Batera proiektuaren arabera, euskara guztiok biltzen gaituen erronka da. “Zentzu horretan, begirada zabaldu dugu eta prozesu honetan ahots ezberdin asko entzuteko aukera izan dugu: bai euskaratik hurbil daudenak, bai urrunago daudenak, bizipen, sentipen eta iritzi trukaketen bidez. Benetan aberasgarria da”, aitortu du Leirek.
Batera proiektua: “Arrigorriagako biztanleen bi herenek euskara ulertzeko eta komunikatzeko gaitasuna dute. Beste herenak ez”
Baterak Arrigorriagako euskararen egoeraren inguruko analisia egin du eta datuen arabera, ezagutzari dagokionez, herritarren heren bat euskalduna da: “Beste herena euskaldun hartzailea da: hau da, ulertzeko eta komunikatzeko gaitasuna dauka bigarren talde honek”. Biztanleen hirugarren herenak ez du ulertzeko ezta komunikatzeko gaitasunik.
“Prozesu honek, besteak beste, lehentasunak ezartzeko eta etorkizunean eman beharreko pausuak definitzeko balio izan digu”, gehitu du Leirek. “Aldi berean, gaur egun hizkuntzaren inguruan ditugun beldur, lotsak eta ezinegonak gainditu behar ditugula erakutsi digu elkarrizketa prozesu honek: askotan euskara inperfektu bat egiten dugula uste dugu eta uste hori alde batera utzi behar da. Elkarrizketa elebidunak normalizatu behar ditugu, euskararekiko errespetuz betiere”.
☉ Arrigorriaga
Apirilean amaituko dituzte Arrigorriagako Ollargan auzoko haur parkea berritzeko lanak
Helburua jokoak espazio osoa hartuko duen eremua sortzea da eta garrantzi berezia emango diete jarduera fisikoari, orekari eta mugikortasunari
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/arrigorriaga-ollargan-haurren-jolas-parkea-lanak-2025_web-1.jpg)
Arrigorriagako Udalak 97.898 euro bideratu ditu Ollarganeko haur parkea berritzeko eta hilabete bitan amaitzea aurreikusi dute udal ordezkariek. Duela egun batzuk lanei ekin zieten langileek.
Helburua jokoak espazio osoa hartuko duen eremua sortzea da, zoladura barne eta baita elementuen arteko trantsizioak ere: “Hainbat jolas motaren eta adinaren araberako guneak sortuko dituzte, eta garrantzi berezia emango diete jarduera fisikoari, orekari eta mugikortasunari.
Orain arte bertan burutu diren jarduketekin batera, haur-parke berria auzoko haurren aisialdirako erreferentziazko gune bilakatuko da, Ollarganeko jolasgunearen proiektuari osotasuna emanez”, azaldu dute ordezkariek.
Egun hauetan udalerriko beste jolas parkeetan lanak egiten ari dira. Horien artean haurreskolakoan berritze lanak egiten ari dira eta bertan ere lehentasuna emango diote haurren mugikortasun eta psikomotrizitateari.
“Arrigorriagako Udalak lanean jarraitzen du, herriko haurren jolas-eskaintza hobetzeko, beharrezkoa den kasuetan, haur-parkeak egokituz, hobetuz eta berrituz”, laburbildu dute.
☉ Arrigorriaga
Berdegunea izango da Arrigorriagako haurreskolako haur-parke berrituaren indargunea
Guztira 103.455 euro bideratu dituzte “herriko haurren jolas-eskaintza hobetzeko”, udal ordezkariek adierazi moduan
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/arrigorriaga-haureskola-jolas-parkea-lanak-2025_web.jpg)
Arrigorriagako Udalak hasi ditu haurreskolako haur-parkea berritzeko lanak. Guztira 103.455 euro bideratu ditu “herriko haurren jolas-eskaintza hobetzeko”, udal ordezkariek adierazi moduan. Obrek hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute.
“Proiektuaren helburua da 0 eta 2 urte bitarteko umeentzako parkea eraikitzea, Haurreskolako jolastoki gisa erabiltzen baita. Hala ere, sarbide publikoko parkea denez eta Udalak familiek erabiltzea sustatu nahi duenez, 2 eta 5 urte bitarteko haurrentzako elementuak jartzea aurreikusten dute ere”, azaldu dute Udaletik.
Berritze lan hauetan lehentasuna eman diote umeen mugikortasuna eta psikomotrizitatea sustatzen duten jolasei eta bertan sortuko duten berdeguneari, jolas eremua handituko dute eta.”Gainera, berdegunea itzalgune batez hornituko dute haurrak eguzkitik babesteko”.
Egun hauetan haurreskolakoa ez da obretan dagoen jolas parke bakarra; duela egun batzuk Ollarganeko jolas parkean ere obrak hasi zituzten eta lan horien helburua antzekoa da: jokoak espazio osoa hartuko duen eremua sortzea.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako zazpi saltokik hartu dute parte Elhuyarren ‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ egitasmoan
Aurten, Euskal Herri osoko 12 herritako 218 saltokik parte hartuko dute ekimen honetan, eta Arrigorriaga Hego Uribe eskualdeko bakarra izango da
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/Arrigorriaga-steam-hitzarmena_web-12.jpg)
Otsailaren 11ra arte ‘Otsailaren 11 erakusleihoak’ ekimena abiarazi du Elhuyarrek Arrigorriagako Udalarekin batera eta bertan udalerriko zazpi saltokik hartu dute parte: Farmacia Ainara y Eunate Isasi CB, Eva bitxi artisau tailerra, Amalur Liburudenda, Di-da kopiak, Clinica dental Arrigorriaga, Taller-estudio Rakel Izquierdo eta Kreta loreak.
Ekimen honen helburua emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutaraztea da, hilaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna delako.
“Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa”, azaldu dute Arrigorriagako Udaletik. “Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan dendariek, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten”.
Aurten, Euskal Herri osoko 12 herritako 218 saltokik parte hartuko dute ekimen honetan, eta Arrigorriaga Hego Uribe eskualdeko bakarra izango da
Aurten, Euskal Herri osoko 12 herritako 218 saltokik parte hartuko dute ekimen honetan, eta Arrigorriaga Hego Uribe eskualdeko bakarra izango da, gainontzekoak hauek direlako: Abanto- Zierbena, Arrasate, Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Elgoibar, Ordizia, Iruñea eta Irura.
![](https://geuria.eus/wp-content/uploads/STEAM-emakumeak-argazkia-cdc-unsplash-2023.jpg)
Emakume zientzialari bat // Cdc, Unsplash
“STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei”, gehitu dute Arrigorriagako udal ordezkariek. Bertan, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.