Sareak

☉ Basauri

‘Black is Beltza. Ainhoa’ filmaren estreinaldia izango da Basauriko Social Antzokian

Datorren irailaren 30etik urriaren 3ra Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza. Ainhoa’ (2022) filma proiektatuko dute Basauriko Social Antzokian, 20:00etan. Zinta euskara hutsean proiektatuko dute eta sarrera 5 eurokoa izango da

|

Datorren irailaren 30etik urriaren 3ra Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza. Ainhoa’ (2022) filma proiektatuko dute Basauriko Social Antzokian, 20:00etan. Filma irailaren 30ean bertan estreinatuko dute zinema aretoetan, eta Basaurin aukera egongo da estreinaldiaren lehen egunetik ikusteko.

Zinta euskara hutsean proiektatuko dute eta sarrera 5 eurokoa izango da. Filmean Itziar Ituño aktore basauriarrak hartu du parte: Josuneri ahotsa jartzen dio Ituñok. Besteak beste, honako aktore hauek ere ahotsa jarri diote filmeko protagonistei: Maria Cruickshank, Antonio de la Torre, Darko Peric, Ariadna Gil, Eneko Sagardoy, Mikel Losada, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Gorka Otxoa, Jon Plazaola, Joseba Sarrionandia eta Fermin Muguruza bera.

Sinopsia

Ainhoa La Pazen (Bolivia) jaio zen mirakuluz, bere ama Amanda hil ondoren, atentatu parapolizialean. Kuban hazi zen eta 1988an, 21 urte zituela, Euskal Herrira joan zen bere aita Manexen lurra ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu. Horietako bat heroina-gaindosiak jota hiltzen denean, Ainhoa eta Josune Libanon, Afganistanen eta Marseillan zehar eramango dituen bidaia iniziatiko batean abiatzen dira. Gerra Hotzaren azken urteak dira, eta biak narkotrafiko sareen mundu ilunean eta sare politikoekin dituzten lotura estuetan murgilduko dira.

☉ Basauri

Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

|

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak | Gatibuko Alex Sardui eta Mirua taldeko Maitane Iruiñ Basauriko Musika Eskolaren ekitaldian izan dira

Basauriko Musika Eskolak emanaldia eta hitzaldi musikatua antolatu du gaur Social Antzokian Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian

|

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Basauriko Musika Eskolak urteroko emanaldia antolatu du gaur, abenduak 2, Social Antzokian. Ikasleen kontzertuak izateaz gain, Alex Sardui (Gatibu) eta Maitane Iruiñ (Mirua) musikari eta abeslariek hitzaldi musikatua eskaini dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Pentsiodun Mugimenduko 54 pertsona elkartu dira Basauriko Renfeko geltokian, C3 linean irisgarritasuna eskatzeko

Eskualdean 118 pertsona elkartu dira gaur egungo irisgarritasun arazoak salatzeko: 54 Basaurin eta 64 Ugaon

|

Pentsiodunen Mugimenduko kideak, Basauritik egindako manifestazioan // Pentsiodunen Mugimendua

Bizkaiko eta Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduko 54 pertsona elkartu dira joan den abenduaren 1ean, Basauriko Bidebieta tren geltokian, 12:00etan. Helburua Renfeko C3 linean irisgarritasuna aldarrikatzea izan da mugikortasun urriko pertsonentzat.

Basauriko elkarretaratzeaz gainera, Ugaon, Bilbon, Urduñan eta Amurrion ere elkartu dira gaur egun bizi duten egoera salatzeko. Guztira 150 pertsona inguru elkartu dira Renfeko C3 lineako geltokietan, egoerari irtenbidea ematea eskatzeko. Eskualdean 118 pertsona elkartu dira: 54 Basaurin eta 64 Ugaon.

“Gaur, abenduak 1, desgaitasunaren egunerako bi egun baino ez direnean falta, hemen gaude garraiobide publiko, jasangarri eta irisgarri baterako dugun eskubidea eskatzeko”, azaldu dute Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileek. “Pertsona guztientzako aukera-berdintasunerako neurriak bultzatzeak ezabatu egin beharko luke desgaitasuna duten pertsonen presentzia integrala eragozten duen guztia. Adibide moduan: Renfeko aldiriakeko lineak erabili ohi dituztenek inoiz ikusi al dute pertsona bat gurpil-aulkian?”.

Erabiltzaile bat, C3 lineako tren batera igotzen // Geuria

Pentsiodunen mugimenduko bozeramaileen arabera, linea horiek, “kasu guztietan, irizgaitzak dira” mugikortasun urriko pertsonentzat. “Kasu batzuetan, geltokiak ez daudelako egokitu edo trenetara ezin delako sartu ibiltokiaren eta trenaren arteko distantzia luzea dela eta”.

Pentsiodunen Mugimendua: “Renfeko aldiriakeko lineak erabili ohi dituztenek inoiz ikusi al dute pertsona bat gurpil-aulkian?”

Pentsiodunen mugimendutik Renfeko C3 lineako trenen egoera goraipatu dute, tren motagatik alde batetik, eta horietara iristeko dauden arazoengatik, bestetik. “Oso zaila baita gende askorentzat trenetara sartzea: makila, makulu, haurren orgatxo dituzten familientzat eta, batez ere, gurpildun aulkietan dauden pertsonentzat”, kexatu dira pentsiodunen mugimendutik. “gure ezinegona helarazi nahi dizuegu, eta Eusko Jaurlaritzari eta eskumea duen erakunde orori eskatzen dizuegu badela garaia trenetan, nasetan eta sarbideetan egokitze-lanak egiteko, edonork zerbitzu publiko hau edo beste edozein zerbitzu erabil dezan. Eta haiek zer egin pentsatzen duten bitartean, Madrilera, Valentziara edo Valladolidera joan ahal izango gara baina ezingo gara Muskizera, Urduña edo Barakaldora joan”.

Renfeko C3 lineak eta bertako trenen egoerak oihartzuna izan du azken boladan Hego Uriben, eta eskualdetik igarotzen diren trenen eta horien irisgarritasun arazoak aztertu ditugu sakonean GEURIAn.

Osorik irakurri

☉ Basauri

2026ko aurrekontua onartu du Basaurik, soilik gobernu taldearen aldeko babesarekin

Oposizioaren zenbait zuzenketa onartu ditu gobernu taldeak. EH Bilduk abstentziora jo du eta Elkarrekin Podemosek eta PPk kontran bozkatu dute

|

Azaroko osoko bilkura Basaurin // Basauriko Udala, Youtube

Basaurik 2026ko aurrekontua onartu zuen azaroko osoko bilkuran. Guztira, 68,8 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, aurten baino 3 milioi gehiago (% 4,6 gehiago).

Gobernu taldearen (EAJ-PSE) aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Elkarrekin Podemosen eta PPren kontrako botoekin onetsi zuten 2026ko aurrekontua.

Eta, oposizioak aurkeztutako zenbait zuzenketa txertatu dituzte. “Oposizioak beren zuzenketak aurkeztu ditu, eta uste dugu borondatearekin beti akordioak lor daitezkeela. Eskerrik asko guztioi basauriarren beharren eta lehentasunen alde batu eta adosteagatik”, esan zuen Asier Iragorri alkateak osoko bilkuran.

EH Bilduk sei zuzenketa aurkeztu zituen eta horietatik hiru adostu dituzte gobernu taldearekin: Basauri-Bolueta bidegorriaren ondoan dagoen aparkalekua berrurbanizatzeko proiektua; Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institututan barne-igogailu bat eraikitzeari buruzko azterlana; eta babesleku klimatikoen mapa sortzea, identifikatzea eta zabaltzea.

“Pozik hartu dugu gobernu taldearen jarrera aldaketa, hainbat urtez oposizioaren zuzenketak onartzeari uko egin ostean”, adierazi zuen Exabier Arrieta EH Bilduko bozeramaileak.

Ildo horretan, abstentziora jotzeko erabakia hartu zuen koalizio soberanistak: “Are gehiago, planteatutako inbertsio nagusiak (haurreskola berria eta hiri-baratzeak) bi mozio desberdinetan proposatu genituenean”, esan zuen Arrietak.

Elkarrekin Podemosek osoko zuzenketa bat eta dozena bat zuzenketa partzial aurkeztu zituen, eta gobernu taldearekin batera bi emendakin adostu dituzte: lehenengoa, erkidegoentzako energia-aholkularitzako leihatila bakarra sortzea; eta bigarrena, EH Bildurekin batera hitzartuta, Kareagako ikastetxean eta Lanbide Heziketako institutuan igogailu bat jartzea.

“Aurten, legegintzaldi honetan lehen aldiz, oposizioaren proposamenak entzuteko eta baloratzeko gobernu taldeak izan duen prestutasuna eskertzen dugu”, esan zuen Marian Cantero Elkarrekin Podemoseko zinegotziak.

PPk osoko zuzenketa bat aurkeztu zuen, gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu-proiektua “erabat” arbuiatzen zutela argudiatuz: “Gure udalerriaren benetako beharretara hobeto egokitzen den aurrekontu berria egitea eskatzen dugu”, esan zuen Edu Rodriguez Alderdi Popularreko zinegotziak.

Inbertsio ahalmena, eztabadagai

Inbertsioetara 2,7 milioi euro bideratuko ditu Udalak 2026an. Eta, inbertsioen arten bi narbamendu ditu gobernu taldeak. Alde batetik, haurreskola berria eraikitzea eta bestetik, hiri-ortuak sortzea.

Martxoan aurreratu bezalahaurreskola berria eraikiko dute herrian, Arizko Ikastolaren ondoan dagoen berdegune batean. Basauriko hirugarren haurreskola publikoa izango da, Basozelaikoaz eta San Migelekoaz gain. Gutxienez 42 plaza izango ditu eta 0-1 eta 1-2 urte bitartekoentzako lau gela izango ditu. 2026ko aurrekontuan milioi bat bideratuko du Basauriko Udalak haurreskola eraikitzeko.

Hiri-ortuei dagokienez, Iruaretxeta parkean jarriko du martxan proiektua Udalak datorren urtean. Aurreikuspenen arabera, 80 ortu inguru egokituko dituzte, bakoitza 35 eta 40 metro karratu arteko azalerarekin. Udalak 400.000 euro gordeko ditu aurrekontuan hiri-ortuak sortzeko.

Oposizioak Basauriko gobernu taldearen inbertsio ahalmena kritikatu zuen. Alderdi Popularreko kidearen arabera, “aurrekontuko 100 eurotik 4 euro bakarrik erabiltzen dira Basaurirako proiektu berriak hobetzeko edo finantzatzeko; gainerakoa gastu arruntetarako, burokraziarako eta programa kontinuistetarako erabiltzen da, eta horrek ikuspegi estrategikorik eza adierazten du”, esan zuen Rodriguezek.

Canterok uste du bi proiektu horiek ez direla inbersio erreal batzuen proposamena: “Benetako inbertsioak aurkezteko geldikinaren kopuru osoa jakin arte itxaroten ari da gobernu taldea, eta une horrek ez dio oposizioari aukerarik ematen gure herriarentzako hobekuntza-ideiak berriro azaltzeko”.

Arrietak amaierako diagnostiko bat egin zuen bere hitzartean: “Aurrekontuari buruz oro har egiten dugun azken diagnostikoa da kontratu eta gastu arrunten kontinuismoa argia dela, gastu handiak dituzten partida oso handiak, etorkizuneko jarduerak, finantza-marjina txikia eta inbertsioak ez gauzatzeko arriskua”.

Asier Iragorri alkateak adierazi zuenez, “aurrekontu honen helburua zerbitzu publikoak zaintzea da, eta gure bizilagunen bizitza hobetzen duten politikak aplikatuz, aukera-berdintasuna guztiontzat errealitate izan dadin laguntzen du”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

2026ko aurrekontuan txertatzeko sei proiektu bozkatuko dituzte basauriarrek

2026ko aurrekontuan txertatzeko 18 proposamenetik 6 bozkatuko dituzte basauriarrek. Bozkatzeko epea zabalik dago abenduaren 14ra arte

|

Besteak beste, adinekoentzako gimnastika-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea proposamena dago finalisten artean // Geuria

Gabonetako argiztapena auzoetan hobetzea; bide publikoan eskalada-murru bat sortzea; ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea; euskararen paisaia handitzea, horma-irudien bidez; igerilekuetan jolas-instalazioak jartzea; Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, bertako espezieak landatuta; bide-segurtasuneko kanpaina martxan jartzea, ‘Resquar’ sorospen-etiketak erabiltzea sustatzeko; maskoten jabeentzako kontzientziazio-kanpaina abiaraztea; udalerriko hainbat puntutan berdeguneak sortzea; barandak jartzea irisgarritasuna hobetzeko; hilerriaren atzealdeko sarbideak hobetzea; adinekoentzako gimnastika-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea; lerroan aparkatzeko edo, baterian aparkatuta, espaloia ez inbaditzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak instalatzea; Basauriko kaleak izendatzen dituzten tokiko pertsonaiei balioa ematea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko areto-futbol eremua birmoldatzea; udal-liburutegiak helduentzako nahiz haurrentzako liburu gehiagoz hornitzea; eta udalerriko zenbait leku biziberritzea, horma-artearen bidez.

Horiek dira 2026ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan finalista atera diren proposamenak.

Orain, herritarrek horietatik sei proposamen aukeratu ahal izango dituzte bozketa bidez, eta boto gehien jasotzen dituzten proiektuak 2026ko aurrekontuan sartuko dituzte, gehienez ere 400.000 euro osatu arte.

Herritarrek ados.basauri.eus webgunearen bitartez eman dezakete bozka abenduaren 14ra arte. Basaurin erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek dute aukera bozketan parte hartzeko.

Online plataformaz gain, Udalak inprimakiak bidali ditu herritarren etxeetara eta hautestontziak jarri ditu udaletxeko eta San Migeleko HAZetan, Kultur Etxeetan, Artunduagako kiroldegian, Euskaltegian, Marienean eta Hernan Cortes plazan, baita metroaren sarbideetan ere.

Era berean, informazio karpak jarriko dituzte datozen egunetan Basauriko zenbait puntutan: abenduaren 9an Arizgoitin (goizez) eta Los Burrosen (arratsaldez); abenduaren 10ean Solobarrian (arratsaldez); eta abenduaren 11n Hernan Cortes plazan (goizez) eta Arizko elizako plazan (arratsaldez).

616 proposamen

2026ko aurrekontu parte-hartzaileak prozesuan 6161 proposamen jaso ditu Udalak. Herritarren proposamen horiek udal teknikariek aztertu dituzte, bideragarriak ote diren balioesteko eta, horien artetik, hainbat jardun-eremutako 18 proiekturi eman diete lehentasuna.

Proposamenak balioesteko garaian, honako alderdi hauek hartu dituzte kontuan: Basaurin bizi diren herritar guztien ongizateari eta interes orokorrari lehentasuna ematea, interes partikularren gainetik; dena delako proposamena dagoeneko martxan edo planifikatuta ez egotea; aurreko urtean aukeratua izan ez izana, eta espazio pribatuei ez eragitea.

Osorik irakurri