☉ Basauri
San Migeleko III. Gazte Eguna antolatzeko Basauriko Udalak baimena ez diela eman salatu dute asanbladatik
Gazte Asanbladatik adierazi dutenez, 18 dei izan dituzte maiatzaren hasieratik Udalarekin: “Eta ez digute inolako informaziorik eman baimanaren inguruan, atzora arte, Gazte Eguna baino hiru egun lehenago”

Ekainaren 28an San Migeleko III. Gazte Eguna da antolatzekoa, baina asanbladatik adierazi dutenez, “arriskuan” dago.
“Atzo Basauriko Udalak larunbaterako antolatuta geneukan Gazte Eguna burutu ezin dugula esan zigun”, adierazi dute.
San Migeleko Gazte Eguneko antolatzaileekin harremanetan jarri da GEURIA eta adierazi digutenaren arabera, maiatzaren 8an ekimena garatu ahal izateko eskaera egin zuten udaletxetan.
“Hilabete eta erdi honetan zehar 18 dei egin ditugu Udalera, astero, eta dei horietan ez digute inolako informaziorik eman baimenaren inguruan. Eta pasa den ostegunean esan ziguten lehen aldiz baimenarekin zenbait arazo zeudela”, esan dute.
“Asanbladatik arazo horiek zeintzuk ziren azaltzeko eskatu genien, gure egitaraua moldatzeko, baina gaur arte ez digute bidali inolako adierazpenik zer ezin den egin azaltzen”, diote.
Baldintza teknikoak betetzen dituztela ziurtatu dute asanbladatik: “Besteak beste, asegurua eskatuta daukagu eta su-itzalgailuak ere. Bi urte daramagu Gazte Eguna antolatzen eta badakigu nola antolatzen den eta zer behar dugun. Orduan ez dugu ulertzen zergatik ez duten mantendu komunikazioa gurekin eta Gazte Eguna baino hiru egun lehenago halako egoera txar batean uzten gaituzten”, deitoratu dute.
“Atzo, ekainak 25, Udalaren erantzun ezaren aurrean, asanblako bi kide Kultura arloko bulegoetara hurbildu ginen, eta ordezkari batekin batekin hitz egin genuen. Ordezkariak hurrengoa esan zigun: Basauri Kirolak-etik frontoia erabiltzeko neurri berri batzuk adostu dituzte aurten, zeinean ekimen konkretu batzuk ezin diren aurrera eraman, gure kasuan, barra montatu, kontzertuak egin edota sukaldatu, zorua kaltetzen delako. Beraz, ezingo genuela Gazte Eguna frontoian antolatu”, diote.
Bestetik, aseguruari dagokionez, aurten prozedura aldatu dutela adierazi dute asanbladatik: “Asegurua eskaera aurkezten den momentuan bertan aurkeztu behar da. Baina hori aurtengo aldaketa bat da eta ez dute eskaerarik onartzen horrekin asegurua atxikitzen ez bada”, diote, eta gaineratu dute: “Gure partetik asegurua maiatzetik lotuta genuen, baina beste urte batzuetan bezala, Udalak eskatzera arte itxaroten ari ginen. Esan bezala, ez genuen baldintza berrien inguruko inolako argibiderik jaso”.
Halaber, musika ekipoaren zehaztapena eta parte hartzaileen kopurua jakin behar zituztela ere adierazi zieten atzo bertan Udaletik.
“Baldintza horien berri izanda, asanbladako kide batek Kultur arlora deitu zuen galdetuz ea dokumentu horiek bidaltzekotan Gazte Eguneko egitaraua (kontzertuekin, barra eta bazkarirako sukaldatzeko baldintzak errespetatuz) larunbatean antolatzeko aukerarik zegoen edo ez, frontoia ez zen beste toki bat aukeratuz. Kontuan izan beste urte batzuetan, baimena egun batzuk lehenago ematen digutela, beraz, gure partetik, Gazte Eguna antolatzeko lanekin jarraitu genuen. Baldintza berri hauek atzo jakinarazi zizkiguten, gure egitaraua normaltasunez eramatea erabat galarazten dutenak, eta eskaera sartu genuenetik (Maiatzaren 8an) ez dugu jaso honen inguruko informaziorik. Gure galderaren aurrean, ezetz esan ziguten, udalak eskaera berri bat gestionatzeko 15 egun behar dituela, eta gure Gazte Egunaren data atzeratzeko esan ziguten. Gainera, jakin izan dugu pasa den asteburuan frontoia erabili zela ekimen bat antolatzeko, non barra, bidoiak eta edariak gordetzeko bestelakoak erabili zituzten. Orduan, Gazte Egunerako soilik aplikatzen da frontoiaren inguruko normatiba berria?”, galdegin dute.
Egoerak bultzatuta, gaur arratsaldean asanblada deitu dute San Migeleko frontoiaren ondoan, kantxetan. “Gaur asanblada deitu dugu eta San Migeleko gazteak gonbidatu ditugu erabakitzeko nola eramango dugun aurrera Gazte Eguna eta nola moldatuko dugun egitaraua”, zehaztu dute.
Udalaren erantzuna
Basauriko Udalarekin harremanetan ere jarri da GEURIA: “Kolektiboak maiatzean aurkeztu zuen eskaera, eta harrezkero, udal langileek behin baino gehiagotan eskatu diete informazio osagarria, aurkeztutako eskaeraren nondik norakoak argitzeko”, diote.
“Hasierako eskaeran, indarrean dauden ordenantzek jasotzen dituzten mugak eta baldintzak jakinarazi zitzaizkien, besteak beste, udal-frontoian janaria prestatzeko debekua eta ordutegi-murrizketak, kontzertuen ordutegiek baimendutako muga gainditzen baitzuten, eta muga horiek, bestalde, aurreko urteetan antzeko ekitaldiak antolatzeagatik ezagutzen zituzten”, azaldu dute.
Era berean, atzo, ekainak 25, ordutegietan eta egitarauan aldaketak jasotzen zituen eskaera jaso zutela diote Udaletik: “Komunikazio hau beranduegi iritsi da Udalak tramitatu ahal izateko, Udal Brigadarekin, Udaltzaingoarekin, zerbitzu teknikoekin, Kultura arloarekin eta inplikatutako gainerako arloekin txostena eta koordinazioa beharrezkoa baita”, diote.
“Gainera, baimena izapidetzeko funtsezko alderdiak zehaztu gabe jarraitzen dute, hala nola, itunak aurrera eramateko beharrezkoak diren baliabide teknikoak eta instalatuko diren azpiegitura motak, udal-langileen aldez aurreko lanak dakartzatenak. Era berean, ez dugu jaso erantzukizun zibileko asegurua, dagokion ordainketa-frogagiriarekin batera”, diote.
☉ Basauri
Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.
Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.
Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.
Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.
Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.
☉ Basauri
Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du
Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.
Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.
“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.
Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.
2026an mobilizazio gehiago
“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.
Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.
“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.
Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.
“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.
Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.
☉ Basauri
Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!
☉ Basauri
Argazkiak | Gatibuko Alex Sardui eta Mirua taldeko Maitane Iruiñ Basauriko Musika Eskolaren ekitaldian izan dira
Basauriko Musika Eskolak emanaldia eta hitzaldi musikatua antolatu du gaur Social Antzokian Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian
Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Basauriko Musika Eskolak urteroko emanaldia antolatu du gaur, abenduak 2, Social Antzokian. Ikasleen kontzertuak izateaz gain, Alex Sardui (Gatibu) eta Maitane Iruiñ (Mirua) musikari eta abeslariek hitzaldi musikatua eskaini dute.
☉ Basauri
Pentsiodun Mugimenduko 54 pertsona elkartu dira Basauriko Renfeko geltokian, C3 linean irisgarritasuna eskatzeko
Eskualdean 118 pertsona elkartu dira gaur egungo irisgarritasun arazoak salatzeko: 54 Basaurin eta 64 Ugaon

Bizkaiko eta Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduko 54 pertsona elkartu dira joan den abenduaren 1ean, Basauriko Bidebieta tren geltokian, 12:00etan. Helburua Renfeko C3 linean irisgarritasuna aldarrikatzea izan da mugikortasun urriko pertsonentzat.
Basauriko elkarretaratzeaz gainera, Ugaon, Bilbon, Urduñan eta Amurrion ere elkartu dira gaur egun bizi duten egoera salatzeko. Guztira 150 pertsona inguru elkartu dira Renfeko C3 lineako geltokietan, egoerari irtenbidea ematea eskatzeko. Eskualdean 118 pertsona elkartu dira: 54 Basaurin eta 64 Ugaon.
“Gaur, abenduak 1, desgaitasunaren egunerako bi egun baino ez direnean falta, hemen gaude garraiobide publiko, jasangarri eta irisgarri baterako dugun eskubidea eskatzeko”, azaldu dute Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileek. “Pertsona guztientzako aukera-berdintasunerako neurriak bultzatzeak ezabatu egin beharko luke desgaitasuna duten pertsonen presentzia integrala eragozten duen guztia. Adibide moduan: Renfeko aldiriakeko lineak erabili ohi dituztenek inoiz ikusi al dute pertsona bat gurpil-aulkian?”.

Erabiltzaile bat, C3 lineako tren batera igotzen // Geuria
Pentsiodunen mugimenduko bozeramaileen arabera, linea horiek, “kasu guztietan, irizgaitzak dira” mugikortasun urriko pertsonentzat. “Kasu batzuetan, geltokiak ez daudelako egokitu edo trenetara ezin delako sartu ibiltokiaren eta trenaren arteko distantzia luzea dela eta”.
Pentsiodunen Mugimendua: “Renfeko aldiriakeko lineak erabili ohi dituztenek inoiz ikusi al dute pertsona bat gurpil-aulkian?”
Pentsiodunen mugimendutik Renfeko C3 lineako trenen egoera goraipatu dute, tren motagatik alde batetik, eta horietara iristeko dauden arazoengatik, bestetik. “Oso zaila baita gende askorentzat trenetara sartzea: makila, makulu, haurren orgatxo dituzten familientzat eta, batez ere, gurpildun aulkietan dauden pertsonentzat”, kexatu dira pentsiodunen mugimendutik. “gure ezinegona helarazi nahi dizuegu, eta Eusko Jaurlaritzari eta eskumea duen erakunde orori eskatzen dizuegu badela garaia trenetan, nasetan eta sarbideetan egokitze-lanak egiteko, edonork zerbitzu publiko hau edo beste edozein zerbitzu erabil dezan. Eta haiek zer egin pentsatzen duten bitartean, Madrilera, Valentziara edo Valladolidera joan ahal izango gara baina ezingo gara Muskizera, Urduña edo Barakaldora joan”.
Renfeko C3 lineak eta bertako trenen egoerak oihartzuna izan du azken boladan Hego Uriben, eta eskualdetik igarotzen diren trenen eta horien irisgarritasun arazoak aztertu ditugu sakonean GEURIAn.



































