Sareak

☉ Etxebarri

Mediterraneoko jokoak irabazi ditu Espainiako emakumezkoen selekzioak, Izaro Saiz etxebarritarrarekin

Espainiako emakumezko jubenilen taldeak Mediterraneoko Jokoak irabazi ditu Etxebarriko Kukullaga Eskubaloi Taldeko Izaro Saiz jokalariarekin

|

Izaro Saiz, Mediterraneoko Jokoetara abiatu baino lehen, Etxebarriko kiroldegian // Geuria

Espainiako emakumezko jubenilen taldeak Mediterraneoko Jokoak irabazi ditu. Selekzioko parte da Etxebarriko Kukullaga Eskubaloi Taldeko Izaro Saiz jokalaria, eta jokoek iraun duten bitartean kontaktuan izan da GEURIA komunikabidea Kukullagako gaztearekin.

Finala Montenegroren aurka jokatu zuen selekzioak joan den martxoaren 4an eta 33-20 irabazi zuen. Saizek gol bi sartu zituen: “Hasiera-hasieratik aurrean egon ginen markagailuan eta Montenegrok aurre egiteko jokoa aldatu bazuen ere ezin izan zuten partidaren norabidea aldatu”, azaldu du Kukullagakoak. “Egia esateko, ez nuen espero hainbesteko tartea egotea finaleko partidako emaitzan. Oso pozik gaude egindako lanagatik”.

Saizek azaldu digunez, finalerainoko bidea “erraza” izan da Espainiako selekzioarentzat. “Partida guztiak menperatu ditugu eta erraztasun handiz jokatu dugu”, aitortu du Etxebarrikoak. “Ez genuen batere espero horrela izango zenik eta esperientzia zoragarria izan da Grezian bizitakoa”. Izaro GEURIAko martxoko #094 alean agertu zen, Mediterraneoko Jokoetara abiatu baino egun batzuk lehenago. Kirolariak egindako lehen elkarrizketa izan zen hura.

Izaro Saiz: «Kirolak matematikak besteko garrantzia dauka gure etxean»

☉ Etxebarri

San Esteban etorbideko obrak faseka egingo dituzte Etxebarrin eta aldi baterako murrizketak iragarri ditu Udalak

Lehen fasean etorbideko zenbaki bikoitien aparkalekuak desgaitu dituzte eta bigarren fase batean zenbaki bakoitietan egingo dituzte obrak

|

San Esteban etorbideko obrak faseka egingo dituzte // Etxebarriko Udala

Etxebarriko San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea guztiz eraldatzeko eta herritarrentzat irisgarriagoak, seguruagoak eta atseginagoak bihurtzeko lanetan murgilduta dabil Udala.

Birmoldaketa horri esker aparkaleku-sistema berrantolatuko dute —bateriatik lineara—, aparkaleku berriak jarriko dituzte, espaloiak zabalduko dituzte eta eliza ondoko autobus geltokiaren funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetuko dute.

Obrak udan hasi zituen Ansareo enpresak eta dagoeneko Barrondo kalean egin behar zituzten lanak amaitu dituzte. Eta, behin lan horiek bukatuta, San Esteban etorbidean esku hartzen hasi dira aste honetan.

Lan berri hauek faseka burutuko dituzte. Hasteko, San Esteban etorbideko zenbaki bikoitietan jardungo dute eta, hortaz, bertako aparkalekuak desgaitu dituzte eta edukiontziak lekualdatu dituzte. Ondoren, zenbaki bakoitietan esku hartuko dute.

“Obrak egiten diren bitartean aldi baterako murrizketak egingo zaizkio oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioari, esku-hartzearen fase bakoitzari egokituta. Hala ere, etxebizitza, garaje eta saltokietarako behin-behineko sarbidea bermatuko da”, zehaztu dute udal ordezkariek: “Udalak herritarren laguntza eskatzen du, baita kaltetutako eremuetan kontu handiz ibiltzeko ere”.

Etxebarriko Udalak guztira 564.000 euro bideratuko ditu eraldaketa integral honetara. Aurreikuspenen arabera, urte berriko lehen hiruhilekorako amaituko dituzte lanak.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarrik zortzi pertsona kontratatuko ditu sei hilabetez lan egiteko

Profil desberdinetako lanpostuak beteko dituzte eta hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko interesdunek Lanbiden eman behar dute izena azaroaren 18a baino lehen

|

Argazkia: Kaitlyn Baker, Unsplash

Langabezian dauden zortzi pertsona kontratatuko ditu Etxebarriko Udalak sei hilabetez lan egiteko % 75eko lanaldian.

Zehazki profil hauek dira kontratatuko dituztenak: bi agente zibiko Udaltzaingoarekin elkarlanean bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko; bi administrari-laguntzaile; bi komunikazio-dinamizatzaile; datu-baseetako analista bat; eta biltegiko laguntzaile bat.

Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, Lanbideren webgunean lanpostu bakoitzerako adierazten den eskaintzan izena eman behar dute interesdunek. Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 18ra arte.

“Lanpostuak sortzeaz gain, enplegua sustatzeko tokiko ekintza horien helburua partehartzaileen inklusioa, prestakuntza eta egonkortasuna bultzatzea da”, diote udal ordezkariek.

Etxebarriko Udalak 89.500 euro bideratuko ditu 2025-2026 Enplegu Planera, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak sustatutako dirulaguntzari esker.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Mendi irteera antolatu du Arpelak Etxebarrin, Alberto Lago ipuin kontalariarekin

|

Iturritxualde mendia // Wikipedia

Arpela Euskaltzaleen Elkarteak mendi irteera antolatu du azaroaren 9an.

Santa Marina ospitale zaharra, Iturritxualdeko lubakiak eta askaldia eta Leon askaldia bisitatzeko aukera izango dute herritarrek.

Sei kilometroko ibilbidea izango da eta Alberto Lago ipuin kontalariak parte hartuko du.

Interesa dutenek izena eman behar dute; QR kodea udal webgunean dago.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Beldurrezko Pasabidea antolatu dute Etxebarrin asteburuan Gau Beltzaren egitarauaren barruan

|

Argazkia: Freestocks.org, Unsplash

Arimen Eguna ospatuko da asteburuan Hego Uribeko udalerrietan. Etxebarrin Beldurrezko Pasabidea antolatuko dute aurten ere: ‘Ispilu beltzaren madarikazioa’.

Urriaren 31n, azaroaren 1ean eta 2an bisitatu ahalko dute herritarrek Beldurrezko Pasabidea Kultur Etxean. Jarduera doakoa da, baina interesa dutenek sarrera eskuratu beharko dute esteka honen bitartez. Oraindik azaroaren 1erako eta 2rako sarrerak daude eskuragarri.

Pertsona bakoitzak 8 sarrera lortu ahal izango ditu gehienez; izan ere, bisitak 6-8 laguneko taldeetan egingo dituzte 10 minuturo.

“Pasabide hori udazkeneko hitzordurik gogokoenetariko bat da Etxebarrin, eta belaunaldien arteko lanaren emaitza dugu”, diote udal ordezkariek: “Talka taldeko 12 eta 17 urte bitarteko gazteek eta eguneko zentroko adinekoek parte hartzen dute lan horretan, eta elkarrekin ari dira egiten izuaren etxea girotuko duen dekorazioaren zati bat”.

Tailerra gaztetxoentzat

Beldurrezko Pasabideaz gain, Gau Beltzari buruzko tailerra antolatuko du Etxebarrin Beti Batera elkarteak 3 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.

Urriaren 31n izango da eta tailerra honakoa: sorginen txanoen apainketa eta ‘Saria edo Ziria’ jokoa.

Amezola plazan izango da tailerra eta dagoeneko plaza guztiak bete dituzte.

Jasoko duten diru guztia Julenett elkarteari emango diote, Rett sindromea ikertzearen aldeko elkarteari.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Ertzain batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean izandako istripu batean

Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri baten atzetik joan ostean, Ertzaintzako patruila-autoak istripua izan du kotxe harekin

|

Artxiboko irudia // Geuria

Ertzaintzako agente batek drogetan positibo eman du Etxebarri parean gertatutako esku hartze baten ostean.

Gertaerak gaur goizaldean gertatu dira: Etxebarriko industrialde batetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri batek ez die jaramonik egin ertzainek bere martxa gelditzeko emandako argibideei. Ertzainak ikusterakoan, ibilgailuak ihes egin du, eta modu arriskutsuan gidatu du, patruila atzetik zuela, errepidetik irten den arte. Orduan, patruila-autoak istripua izan duen ibilgailuarekin talka egin du.

Ibilgailuaren barruan hankan igeltsua zeraman gizon bat (gidaria), emakume bat eta adingabe bat zihoazen. Gidaria eta adingabea zauritu egin dira, eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman behar izan dituzte.

Kasuaz Bilboko Udaltzaingoa arduratu da, Ibarsusiko biribilgunean gertatu baita istripua. Eta, ohiko protokoloari jarraituta, ibilgailua gidatzen ari zen agenteari alkohol eta droga-test bat egin diote, eta positibo eman du drogetan.

Agenteak odoleko kontraste-proba bat eskatu du. Ertzaintzak antolaketa neurriak hartu ditu, eta, kautelaz, agente horrek ez du polizia-lanik egingo kalean; horren ordez, eta odoleko kontraste-probaren emaitzak jaso eta gertatutakoa argitu arte, barne-lanak egingo ditu.

Gertakarian inplikatutako bi agenteak bajan daude mutuatik igaro ondoren, eta ihes egindako ibilgailuaren gidaria ikertzen ari dira trafiko-segurtasunaren aurkako delitu baten ustezko egile gisa.

Osorik irakurri