☉ Etxebarri
Munduko sukaldaritza tailerra antolatu dute euskaraz Etxebarriko Eutsuna txokoan

☉ Etxebarri
Gazteen alokairua bultzatzeko Mirador proiektuko 14 etxebizitza erosteko aukera onartu du Etxebarriko Udalak
Etxebarrik Bizkaiko alokairu-preziorik altuenetakoa du: hileko 800 eurotik gorako bataz bestekoa. Udalaren asmoa da etxebizitza-politika publikoekiko konpromisoa sendotzea

Gazteei etxebizitza eskuratzeko aukera errazteko estrategiaren barruan, Etxebarriko Udalak urrats erabakigarri bat eman du.
Hain zuzen ere, Mirador proiektuko 14 etxebizitza erosteko aukera onartu du Udalak gazteentzako alokairu proiekturako bideratzeko.
Esku hartze honekin Udalak 2 milioi euroko inbertsioa egingo du.
“Helburua da Etxebarriko gazteak emantzipatu ahal izatea udalerritik alde egin behar izan gabe. Etxebizitza eta bizitzarako benetako aukerak aurkitzea nahi dugu hemen, eta horregatik ari gara alokairuko udal-parke hau bultzatzen”, esan du Iker Lopez alkateak.
800 eurotik gora
Etxebarriko udal ordezkariek adierazi dutenez, bataz beste 800 eurotik gora ordaintzen da hilero etxebizitza bat alokatzeagatik Etxebarrin.
Datuek adierazten dutenez, Etxebarrik Bizkaiko alokairu-preziorik altuenetako bat du gaur egun, Bilbo, Leioa, Getxo, Sopela eta Urdulizen atzetik.
“Era berean, salerosketaren batez besteko prezioa 230.000 euro ingurukoa da, eta zifra horiek nabarmen zailtzen dute gazteek lehen etxebizitza eskuratzea”, dio Lopezek.
Aldi berean, Etxebarri da gazteen hazkunderik handiena duen Bizkaiko udalerria [irakurri hemen azaroan GEURIAn publikatu dugun erreportajea]: “Biztanleen % 24 inguruk 20 urte baino gutxiago ditu, eta horrek bizitegi-alternatiba eskuragarriak bermatuko dituzten udal-politikak bultzatzeko beharra indartzen du”, dio Etxebarriko alkateak.
“Horregatik, Mirador programari esker, udal-etxebizitzen parke berri hori eraikin berean kontzentratu ahal izango da, eta horrek parkearen kudeaketa erraztu eta erkidegoko kostuak murriztuko ditu. Gainera, Udalak beste sei etxebizitza izango ditu sustapen berean, eta erabilera sozialetarako erabiliko dira, udal-zerbitzuen esparruan”, dio Lopezek.
Neurri horrekin, Etxebarriko Udalak etxebizitza-politika publikoekiko konpromisoa sendotuko du. Ildo horretan, Udalak 22 etxebizitza erostea ere aurreikusi du, 3,5 milioi euro bideratuta.
☉ Etxebarri
Auto batek 77 urteko gizon bat harrapatu du N-634 errepidean, Etxebarrin
Istripua gaur goizean gertatu da. Gizona, zaurituta, Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute

77 urteko gizon bat zauritu da gaur goizean Etxebarrin, auto batek harrapatuta.
Istripua 07:44an gertatu da N-634 errepidean. Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, oinezkoa aipatutako bidetik zihoan Bilborako noranzkoan, eta ibilgailuak harrapatu egin du.
Kolpearen ondorioz, Galdakao-Usansolo ospitalera eraman dute gizona, eta bertan artatzen ari dira.
☉ Etxebarri
Haurren ongizatea eta babesa sustatzeko kanpaina berria martxan jarriko du Tratu On Etxebarrik
Haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea, emozioen kudeaketa, edota desprotektzio-zantzuak antzematea bezalako gakoak zabalduko dituzte hainbat euskarritan

Tratu On Etxebarri batzordeak, udalerriko gizarte-erakunde, elkarte kultural, kirol-klub eta aisialdiko taldeekin elkarlanean, kanpaina berri bat martxan jarriko dute haurren ongizatea eta babesa sustatzeko.
Datozen hilabeteetan zehar, hamabostero mezuak zabalduko dituzte hainbat euskarritan, familiei, hezitzaileei, monitoreei eta entrenatzaileei, eta erreferente diren pertsona helduei zuzenduta.
Gako bakoitzak eguneroko bizitzako alderdi garrantzitsuak jorratuko ditu, besteak beste: haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea; mugen eta emozioen kudeaketa errespetuzkoa; maitasunean eta enpatian oinarritutako laguntza hezitzailea; desprotektzio-zantzuak antzeman eta jarduteko beharra; eta komunitate osoaren erantzukidetasuna, haurren eskubideak bermatzeko bidean.
☉ Etxebarri
Euskara Batzordea berriro aktibatu nahi dute Etxebarrin, urtean zehar ekintzak egiteko
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hamaika ekintza antolatu dituzte azaroaren 27tik abenduaren 7ra bitartean. Gainera, Euskara Batzordea berraktibatzeari ekin diote herrian

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, eta herritarren kezkei eta zalantzei erantzuteko Euskara Batzordea berriro aktibatzea erabaki dute Etxebarrin.
Asmoa da talde bat eratzea eta “aldian-aldian” elkartzea eta euskararen inguruan hausnarketa egitea. “Horrez gain, urtean zehar euskaraz ekimenak antolatzeko berraktibatu nahi dugu batzordea, ez dadin bakarrik mugatu Euskararen Nazioarteko Egunera, baizik eta urtean zehar ere”, adierazi diote GEURIAri batzordeko kideek.
“Zergatik kaleetan euskara horren gutxi entzuten dugun hausnarketa mahai gainean jarri nahi dugu, eta euskararen postureotik euskararen erabilerara jauzia egiteko formula batzuen bila ere aritu nahi dugu ekimen berraktibatze honekin”, diote.
Era berean, herrian antolatzen diren jardueretan hizkuntza irizpideen faltari irtenbidea eman nahi dio Euskara Batzordeak: “Arlo horretan ere lan egin nahiko genuke”.
Herrian deialdia egingo dute Euskara Batzordean parte hartu nahi duten kide berriak erakartzeko: “Ahots berriak entzun eta aurpegi berriak ikusi nahi ditugu batzorde berritu honetan”.
☉ Etxebarri
Umorezko bakarrizketa, Mintzodromoa eta lehiaketak antolatu dituzte Etxebarrin, Euskararen Eguneko programazioan

Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta, egun horren testuinguruan, Etxebarrin hainbat jarduera antolatu dituzte Etxebarriko Institutuak, Tarrastak, Etxebarriko Euskaltegiak, Kukullaga ikastetxeak, Talka Gazteguneak eta Etxebarriko Udalak abenduaren 7ra bitartean.
Euskararen Egunean bertan, abenduaren 3an, Etxebarri Txiki Jaia antolatuko dute frontoian (10:00) Kukullagako ikasleentzat, eta arratsaldean, 18:30ean, Manex Astigarragaren umorezko bakarrizketa izango da Talkan, helduei zuzenduta.
Tarrastak Egunean Behin jokoa eta bertso txapelketa prestatuko ditu azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitartean.
Institutuan, Euskaltegian eta Kukullaga ikastetxeetan ere hamaika ekintza antolatu dituzte: mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoan Institutuan; Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcast bat Euskaltegian; eta herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia Kukullaga ikastetxean.
Etxebarri | Euskararen Eguna 2025
Azaroal 24-Abenduak 3
‘Euskaraz Bizi Nahi Dut’ kanpaina eta banderak saltzea Euskara Zerbitzuan (Cime)
Abenduak 3, asteazkena
Etxebarri Txiki Jaia: antzerkia (ikasleentzat)
10:00 Frontoia
Umorezko bakarrizketa: Manex Astigarraga, ‘Margolari’ (helduentzat)
18:30 Talka
—
Egunean Behin jokoa eta Bertso txapelketa
Tarrasta
Mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoak
Etxebarri BHI
Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcasta
Euskaltegia
Herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia
Kukullaga ikastetxea
Abenduak 7, igandea
Zineforuma: ‘Aupa Etxebeste!’
17:30 Talka









