☉ Galdakao
“Aperribai inguruan kanonak ezarri ahalko dizkiegu funts putreei, bankuei eta etxebizitza asko dituzten jabeei”
Galdakaoko zazpi auzotan alokairua mugatzeko Jaurlaritzak prozedura hastearekin batera, Udalak datozen hiru urteetarako plana bete behar du

Galdakaoko Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai-Zaharra eta Jugo auzoetan alokairua mugatzeko prozedura hasi du Eusko Jaurlaritzak, gaur goizean GEURIAn aurreratu bezala.
Edurne Espilla jarduneko alkateak adierazi duenez, “Aperribai ingurua gune tenkatu izendatzeak galdakoztar guztiei etxebizitzarako eskubidea bermatzeko neurri berriak hartzeko aukera emango digu”.
“Besteak beste, alokairua mugatu ahal izango dugu, eta kanonak ezarri ahal izango dizkiegu funts putreei, bankuei eta etxebizitza asko dituzten jabeei”, zehaztu du Espillak.
Galdakaoko Udalak datozen hiru urteetarako plana osatu du: “Orain hori bete egin behar dugu”, dio Asier Egiraun Etxebizitza arloko zinegotziak.
Plan horren barruan, neurrietako bat etxebizitza eskaintza handitzean oinarritzen da, babes ofizialekoak barne. Udaletik alokairuaren kultura sustatzea da bigarren lan lerroa. Hirugarrenak, etxebizitzak birgaitzeko eta gazteak emantzipatzeko laguntzak abiatzea aurreikusten du.
Abantailak bizilagunentzat
Gaur bertan publikatu dute Galdakaoko zazpi auzo horietan alokairua mugatzeko prozedura hasteko agindua EAEko Aldizkari Ofizialean, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hirigintza Agendako sailburuak sinatuta.
Orain 20 eguneko epea dago prozedura arrazoitzen duten ikerketa eta memoria publikoki aurkezteko, eta ondoren alegazioak aurkezteko epea zabalduko dute.
“Eta, izendapena behin betiko bihurtzen denean Aperribai inguruan alokatuta bizi direnek abantailak izango dituzte”, diote udal ordezkariek.
Abantaila horiek lau neurrien bidez zehaztu dituzte: kontratua indarrean dagoen moduan beste hiru urtez luzatzeko aukera, bost urteko kontratua amaitu ondoren; kontratu berriak ezin izango du azken kontratuko errenta gainditu; alokairuaren prezioa mugatuko da, jabeak bost etxebizitza edo gehiago dituenean; eta azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzetako alokairuaren prezioa mugatu egingo dute.
“Azken bi neurrien muga erreferentziazko prezioen indizeen sistemak zehaztuko du. Datu hori Estatuak adierazten du, Aldundiek ematen duten informazioarekin”, adierazi dute udal arduradunek.
Alokairuaren prezioaren muga Estatuak zehaztuko du, Aldundiek ematen duten informazioaren arabera
Ildo horretan, erakundeen arteko elkarlana “premiazkoa” dela azpimarratu du Espillak: “Udalaren konpromisoa argia da eta etxebizitza lehentasuneko gaia da, herritarrek beren bizi proiektua Galdakaon garatu ahal izateko ezinbestekoa baita neurriak hartzea”.
Bizkaiko lehena
2023ko abenduan Eusko Jaurlaritzak etxebizitza alokatzeko “tentsio handiko eremuak” izan daitezkeenak zehaztu zituen. Eta txosten horretan Basauri, Etxebarri, Arrigorriaga eta Galdakao adierazi zituen.
Gauzak horrela, Galdakaoko Udalak diagnostiko bat egin zuen: “Etxebizitza errazteko diagnosi bat eta jarduketa berria martxan jarri genuen, eta horren arabera zehaztu dugu Aperribai soilik sartzea momentuz tentsio handiko eremu bezala. Aperribain alokairu-errenta diru sarreren % 30etik gorakoa da; beste barrutietan % 30etik gertu daude”, adierazi zuen Asier Egiraun Hirigintza arloko zinegotziak iazko uztaileko osoko bilkuran.
Hain zuzen ere, osoko bilkura horretan aho batez onartu zuen Galdakaoko udalbatzak Aperribaiko eta inguruko etxebizitzen alokairuaren prezioa mugatzeko eta tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egitea Eusko Jaurlaritzari. Aurretik, Galdakaoko PSEk mozioa aurkeztu zuen 2024ko urtarrileko osoko bilkuran.
Hego Euskal Herri mailan Errenteria izan zen lehena eskaera egiten, eta Bizkaia mailan Galdakao izan zen aurrena.
Basauriren kasuan, eskaera egitea onartu zuen iazko urtarrilean udalbatzak, eta etxebizitzaren egoeraren “azterketa zehatza” egingo dutela zehaztu zuten 2025eko urtarrileko osoko bilkuran.
☉ Galdakao
Ganguren Mendi Taldeak hamaika ekitaldi antolatu ditu Galdakaon bere sorreraren 80. urteurrenean
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da, baina azaroan Mendi Astearen barruan erakusketa, dokumentalak eta hitzaldiak antolatu dituzte

Ganguren Mendi Taldeak 80 urte bete ditu aurten, eta azaroa eta abendua bitartean ekintza bereziak antolatuko dituzte.
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da. ‘Iragana bihotzean, etorkizuna bidean’ lelopean, topaketa egingi dute Torrezabal Kultur Etxean (19:00).
Topaketa horretan, iraganeko pasadizoak gogoratuko dituzte, oraina ospatuko dute eta etorkizunera begiratuko dute.
“Topaketa xumea baina sentitua izango da. Bertan, klubaren azken 30 urteak laburbiltzen dituzten liburua eta bideoa aurkeztuko ditugu, eta ekitaldia mokatu baten bueltan bukatuko da”, diote.
Mendi Astea
Bestetik, ekitaldia nagusia baino lehen, Mendi Astea antolatuko dute.
Erakusketak, proiekzioak eta hitzaldiak eskainiko dituzte, mendizaletasunaren arloan aditu diren profesionalen parte hartzea barne.
Pou anaiek, Txomin Uriartek, Elixabete Arbek, Joanna Maluendak eta Bego Gonzalezek hartuko dute parte jardunaldietan.
Hona hemen Mendi Asteko egitaraua:
Azaroak 3-28
Erakusketa Ganguren MTren egoitzan: ‘Everesterako lehen euskal espedizioa’
11:30-22:00
Azaroak 13, osteguna
MendiTour Mendi Film zirkuitua: ‘Hiru Haundiak. Taupadak eta Gailurrak’ eta ‘Of a Lifetime’ film luzeak eta ‘Red Rock Revolution’ film laburra
19:00 Torrezabal
Azaroak 20, osteguna
Dokumentala eta hitzaldia: GR11 ibilbidea. Elixabete Arbe, Joana Maluenda eta Bego Gonzalez
19:30 Ganguren MTren egoitza
Azaroak 29, larunbata
Dokumentala eta hitzaldia: ‘Bizitzari sokaz lotuta’. Eneko eta Iker Pou anaiak
19:00 Torrezabal
☉ Galdakao
Etxebizitza prefabrikatuak Urretan eraikitzeko lanek trafikoan eta aparkalekuetan izango du eragina, Galdakaon
Ganguren eta Ramon Rubial kaleak trafikoari itxita egongo dira abenduaren 19ra arte. Gainera, ezin izango da aparkatu eskuineko lerro osoan

Etxebizitza prefabrikatuak eraikiko ditu JIT Housing enpresak Galdakaon. Ekintza pribatua da eta Urreta auzoan eraikiko dituzte, Ganguren eta Ramon Rubial kaleen artean.
Moduluka eraikitzen dituzte etxebizitza mota hauek eta lanak azaroaren 14an, ostiralez, hasiko dituzte. Materialak ekarri eta jarriko dituzte, eta Galdakaoko udal ordezkariek adierazi dutenez, trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute obrek.
“Lehenengo fasea hilabete batez luzatuko da, abenduaren 19ra arte. Epe horretan, Ganguren eta Ramon Rubial kaleetan trafiko mozketak eta aparkatzeko murrizketak izango dira, makineria instalatzeko beharrezkoa den espazioa eta izango diren kamioien joan etorriak direla eta”, diote.
Zehazki ,Ramon Rubial kalearen sarreratik eta Ganguren kaleko 7. zenbakiraino sarbidea itxita egongo da abenduaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara.
Era berean, ezin izango da aparkatu zirkulazioaren norabideko eskuineko aparkaleku lerro osoan.
“Bizkai kaleko 92, 94 eta 96. zenbakietako bizilagunei pasabidea baimenduko zaie. Horretarako, seinale emaileak egongo dira ibilgailuen pasabide txandakatua koordinatzeko, muntaketa lanen faseen arabera”, diote udal arduradunek.
Herritarren joan etorriak ahalik eta gehien errazteko, gunea behar bezala babestuklo eta seinaleztatuko dute.
☉ Galdakao
Galdakaoko Bengoetxe auzoan etxebizitzak egitea adostu dute aho batez: % 40a babes publikokoak izango dira
Eremu komertzial izatetik bizitegi izatera igaroko da, eta etxebizitzen %40a babes publikokoak izango dira

Galdakaoko udalbatzarrak ostiral goizean egindako ez ohiko osoko bilkuran puntu bakar bat eztabaidatu eta onartu zuen: Bengoetxeko lur eremu batean etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena egitea.
Eremu hori, orain arte komertzial gisa izendatua egon den arren, bizitegi eremu bihurtuko da aurrerantzean. Horrela, Galdakaoko Udalak Durruti XXI, Saema, Zeletxe 2005 eta Zuatzaurre enpresekin hitzarmena sinatuko du, etxebizitza libreak eta babes publikokoak eraikitzeko. Egingo diren etxebizitzen % 40a etxebizitza babestuak izango dira.
Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “helburua da UEBE-2 egikaritze unitateko eremu komertziala bizitegi eremu lez kalifikatzea, herritarren etxebizitza beharrizanei erantzuteko eta bizigune berriak sortzeko”. Egiraunek nabarmendu du, gainera, metroaren etorrerak bultzada eman diola egitasmoari, mugikortasun eta irisgarritasun behar berriak sortuko direlako.
Udalak adierazi du proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuta dagoela, urbanizazioaren eta eraldaketa urbanistikoaren kostu guztiak enpresek bere gain hartuko dituztelako. Horrez gain, lanen garapenarekin batera sortuko diren plusbaliak direla eta, 2,8 milioi euro inguru jasoko ditu Udalak, eta diru hori beste proiektu publiko batzuetan inbertituko du.
Egiraunek gogorarazi du neurriak udal gobernuak bultzatzen duen etxebizitza politikarekin bat egiten duela: “Gure helburua da Galdakaon babes publikoko etxebizitza gehiago sortzea eta gazteei zein familiei bizitzeko aukera errealak eskaintzea”.
Osoko bilkuran ez da kontrako iritzirik jaso, eta talde guztiek adostasuna adierazi dute. Koldo Goioagak, EAJko zinegotziak, egitasmoaren garrantzia nabarmendu du, eta etxebizitza politiketan denok “bultza” egiteko beharra azpimarratu du.
☉ Galdakao
Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteak 50 urteko ibilbidea ospatuko du jai giroan igandean
Adiskidek 1975ean ekin zion ibilbideari, bost lagunen ekimenez, eta gaur egun 60 pilotari inguruk osatzen dute taldea. Urte hauetan zehar, Urrutikoetxea, Elezkano edo Larunbe bezalako pilotariak igaro dira bertatik

Adiskide Pilota Elkarteak 50. urteurrena bete du aurten, eta ospakizun berezia antolatu du domekan, azaroaren 10ean, Kurtzeko frontoian, 10:30etik aurrera. Aurretik, gaur arratsaldean, 50.urteurreneko txapelketako finalak jokatuko dituzte: 19:00etan emakumeak arituko dira: Aldai-Gaminde Ibarrola-Capellanen aurka, eta ordubete geroago gizonezkoak: Victor-Urbisu alde batetik, Carregal-Merino II bestetik.
Igandeko ospakizunari dagokionez, belaunaldien arteko partidek emango dio hasiera egunari, eta ondoren bazkari herrikoia egingo dute.
Ez dira hauek, ordea, urteurrenaren harira egin dituzten ekitaldi bakarrak: argazki-erakusketa ere jarri zuten martxan Torrezabal Kultur Etxean, Adiskideren 50 urteko ibilbideko une eta oroitzapen garrantzitsuenak jasotzen dituena. Erakusketa gaur arte egongo da ikusgai.
Elkarteko presidente Gaizka Uriarte Zearrak GEURIAri emandako elkarrizketan aipatu bezala, taldeak betidanik argi izan ditu bere oinarriak: “euskara, auzolana eta esku pilota”.
Adiskidek 1975ean ekin zion ibilbideari, bost lagunen ekimenez, eta gaur egun 60 pilotari inguruk osatzen dute taldea. Urte hauetan zehar, Urrutikoetxea, Elezkano edo Larunbe bezalako pilotariak igaro dira bertatik.
Egun handia izango dute domekan, Adiskideko kideentzat ez ezik, euskal pilotazale eta galdakoztar guztientzat ere.
☉ Galdakao
Auzolana eta musika oinarri, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak jaialdia antolatu du Basauriko Txarraska Gaztetxean
Aurkezpenaren aurretik eta ondoren fj Muff, Tarisko, Vulcanizafas eta Marlon Random arduratuko dira musikaz eta festa girotzeaz

Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak (GES) jaialdi berezia antolatu du gaur, azaroaren 7an, ostirala, Basauriko Txarraska gaztetxean, 17:00etatik aurrera. Ekimena sarearen filosofia jarraituz antolatu dute, auzolanean eta autogestioan oinarrituta.
Jaialdian Burgoseko Escuela de Pueblos kolektiboa izango da gonbidatu berezi gisa, euren proiektua aurkezteko. Talde honek ere elkarlaguntzan eta komunitatearen indarrean oinarritutako jarduera sozialak garatzen ditu, eta horregatik gonbidatu dute Galdakaoko Elkarlaguntza Sareko kideek.
Aurkezpenaren aurretik eta ondoren fj Muff, Tarisko, Vulcanizafas eta Marlon Random arduratuko dira musikaz eta festa girotzeaz.
Jaialdian bildutako diru guztia Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea (GES) finantzatzeko erabiliko da, kolektiboak egiten duen elkartasun-lana bideragarri egiteko asmoz.











