☉ Galdakao
Argazkiak / Ahobizien eta Belarripresten topaketa egin dute Galdakaon
Galdakaon 1.800 herritar inguruk eman dute izena, eta horietatik 1.200 lagunek ahobizi rola aukeratu dutela nabarmendu dute herri batzordetik

Euskaraldia martxan da eta Galdakaon Ahobizien eta Belarripresten Topagunea antolatu zuten atzo Kurtzeko plazan.
Jon Olea eta Karmele Arrieta Euskaraldiako batzordeko kideek herriko izen-emateen erradiografia aurkeztu zuten.
Galdakaon 1.800 herritar inguruk eman dute izena, eta horietatik 1.200 lagunek ahobizi rola aukeratu dutela nabarmendu dute herri batzordetik: “Hirutik bik ahobizi rola aukeratu dute. Konpromiso handia da ahobizi izatea, eta ea egun hauetan eta maiatzaren 26tik aurrera rolari eusten dioten”, diote. Belarriprestak 500dik gora dira.
Adinari dagokionez, 35 eta 45 urte bitartekoak dira gehiengoa eta gazteetan “hutsune bat” identifikatu dutela adierazi dute. Eta, generoari erreparatuta, emakumeak gizonak baino gehiago direla zehaztu dute.
Entitaeei dagokienez —aurten ez dago Arigunerik— 138k eman dute izena: “Gehienak entitate txikiak dira, 0 eta 10 bazkide artean dituztenak”, diote.
Datuen aurkezpena egin ostean, jana eta edana egon ziren eta Orioko Txarangak herriko kaleak girotu zituen.
☉ Galdakao
Bideoa / “Galdakaon, Euskaraldiari esker, euskaraz hitz egiteko aukera izan dugu espero ez genuen pertsonekin”
Ahobizien eta Belarripreste Topaketa antolatu zuten Galdakaon. Jon Agirresarobe eta Jon Olea Galdakaoko Euskaraldiako dinamizatzaileekin eta Garbiñe Sagarduy eta Aitor Ibarrondo ahobiziekin berba egin dugu!

Galdakaoko kaleak ahobizi eta belarriprest txapez bete dira. Herrian 1.800 lagunek eman dute izena, eta horietatik 1.200 baino gehiagok ahobizi rola aukeratu dute eta 600 inguruk belarriprest.
Atzo Euskaraldian izena eman dutenen topaketa antolatu zuten Kurtzeko plazan. Datuak emateaz gain (hemen albistea!), jana, edana eta Oriotik etorritako txaranga izan ziren. GEURIA bertan izan zen eta argazki galeria eta bideo bat argitaratu ditu.
Jon Agirresarobe eta Jon Olea Galdakaoko Euskaraldiako dinamizatzaileekin eta Garbiñe Sagarduy eta Aitor Ibarrondo ahobiziekin berba egin genuen.
☉ Galdakao
Euskal Herriko Alboka Egunak jaigiroa eta musika ekarriko ditu bihar Galdakaora
Maiatzaren 17an, larunbatez, Euskal Herriko Alboka Eguna ospatuko da Galdakaon, kalejirarekin, herri bazkariarekin, kontzertuekin zozketekin

Euskal Herriko Alboka Eguna ospatuko da maiatzaren 17an, larunbatez, Galdakaon. Aurten Andra Mari Dantza Taldeak 70 urte beteko ditu eta urteurrenaren ospakizunen baitan antolatu dute egun handia Galdakaoko Udalaren laguntzarekin.
Egun osoko egitaraua antolatu dute, goizetik arratsaldeko azken ordura arte. Hala nola, kalejira, herri bazkaria, kontzertuak eta zozketak izango dira.
“Albokak garrantzia handia izango du maiatzaren 17an. Izan ere, Galdakaoko herriak lotura sendoa izan du musika tresna horrekin; ia desagertzear zegoenean bertan biziraun zuen, eta, are gehiago, Andra Mari Eusko Dantzari taldeko ikurra ere bada”, diote udal ordezkariek.
1943an egin zen lehen alboka txapelketa Galdakaon: “Besteak beste, Inazio Uribarri, Antonio ‘Jitano’ Aiesta, Tiburtzio Elezkano eta Txilibrin izan ziren albokarien artean. Beraz, Euskal Herriko Alboka Egunaren bidez lotura hori indartzea da asmoa”, diote.
Euskal Herriko Alboka Egunean Manu Gojenola ikerlariak ondutako ‘Mariano Barrenetxearen alboka mundua. Eskuizkribuak ikertuz’ liburua aurkeztuko dute. Soinueneak argitaratu du liburua Andra Mariren eta Galdakaoko Udalaren laguntzarekin.
“Izugarrizko dokumentazio eta digitalizazio lana suposatu du Mariano Barrenetxea albokari eta ikertzailearen bilduma osoa lantzeak; izan ere, 8.000 dokumentutik gora bildu baitira, horien artean kassetteak, eskuizkribuak, kartelak, aldizkariak eta argazkiak”, diote Andra Mari Dantza Taldeko ordezkariek. Bilduma osoa Soinueneko web orrian dago ikusgai.
Egitaraua / Euskal Herriko Alboka Eguna
Maiatzak 17, larunbata
11:30 Albokalarien topaketa, Kurtzeko plazan
12:00 Manu Gojenolaren ‘Mariano Barrenetxearen alboka mundua’ liburuaren aurkezpena
12:30 Kaleljira
14:30 Herri bazkaria
16:30 Saio irekia
17:30 Karlos Subijanaren kontzertua
18:30 Alboka eta liburu zozketa
19:00 Eingo dantza plaza
☉ Galdakao
Palestinak jasaten duen genozidioa salatzeko elkarretaratzeak deituko dituzte ostiralero Galdakaon
Gandasegi ikastetxeko guraso talde batek egin du deialdia. Lehenengo elkarretaratzea gaur izango da, maiatzak 16, Kurtzeko plazan

Palestinako herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute gaur, maiatzak 16, Galdakaon. Kontzentrazioa Kurtzeko plazan izango da 17:00etan.
Elkarretaratzeko deialdia Gandasegi ikastetxeko guraso talde batek egin du, “familien kezkatik eta Palestinako herriak bizi duen egoerarekiko konpromisotik sortua”, diote.
“Nakba edo palestinar exodoa gertatu zenetik 77 urte igaro dira. Behartutako exodo horrek 1948an desplazamenduaren, kolonizazioaren eta palestinarren aurkako indarkeriaren hasiera ekarri zuen. Gaur egun, Palestinako biztanleriak desplazamenduak, jazarpenak, bonbardaketak eta oinarrizko eskubideen ukazioa pairatzen jarraitzen du”, salatu dute.
Familia antolatzaileek adierazi dutenez, “Gandasegiko gurasoen ekimen pertsonala” da: “Deialdi hau ez dago mugimendu edo kolektibo jakin bati lotuta. Guraso horiek guztiok, banaka, ahotsa altxatu eta Palestinako herriari elkartasuna adierazi nahi diogu”, diote.
Ostiralero
Gandasegiko guraso talde honek ez du elkarretaratze bakar batera mugatuko ekimena. Hain zuzen ere, ostiralero kontzentrazioa egingo dute ikasturtea amaitu arte, ekainaren 20ra arte, beti 17:00etan.
“Azken 19 hilabeteetan, Gazaren aurkako erasoaldiak aurrekaririk gabeko krisi humanitarioa eragin du, milaka biktima daude dagoeneko, eta azpiegitura zibilen suntsiketa sistematikoa da, eskolak, ospitaleak eta etxebizitzak barne. Palestinako haurtzaroa, herritar guztiekin batera, egoera jasangaitz baten biktima izaten ari da, nazioarteak beste alde batera begiratzen duen bitartean”, diote.
Ildo horretan, familiak, ikasleak eta herritarrak gonbidatu dituzte elkarretaratzeekin bat egin dezaten, “babesa adierazteko eta Palestinan genozidioa amaitzea eta giza eskubideak errespetatzea eskatzeko”, diote, eta gaineratu dute: “Gaur inoiz baino gehiago, Palestinaren kausa gizateriaren kausa da”.
☉ Galdakao
Galdakaoko ahobizien eta belarripresten erradiografia aurkeztuko dute bihar, janarekin, edanarekin eta txarangarekin
Ahobizien eta Belarripresten Topagunea egingo dute maiatzaren 16an Galdakaon Euskaraldiari abiapuntua emateko

Hasi da Euskaraldia! Maiatzaren 25era bitartean ahobizi eta belarriprest txapak nonahi ikusiko ditugu, herritar bakoitzak aukeratutako rolaren arabera.
Galdakaon 1.500 herritarrek eman dute izena, “genero eta adin desberdineakoak”, diote Euskaraldiako arduradunek.
Eta horiei guztiei gonbitea egin diete Galdakaoko Euskaraldiatik, Ahobizien eta Belarripresten Topagunean parte har dezaten.
Topagunea maiatzaren 16an, ostiralez, izango da Kurtzeko plazan 19:00etatik 20:00etara.
Bertan, Galdakaoko izen-emateen erradiografia egingo dute, eta jana eta edana eta txaranga egongo direla jakinarazi dute.
☉ Galdakao
Bideoa / Gogoz ekin diote Galdakaon Euskaraldiari!
Hasi da Euskaraldia! Galdakaon mila lagunek baino gehiagok jantziko dituzte ahobizi eta belarriprest txapak

Hasi da Euskaraldia, euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala.
Galdakaon martxan daude ahobiziak eta belarriprestak eta maiatzaren 25era bitartean txapa jantzita eramango dute mila lagunetik gora.
Bihar, maiatzak 16, Ahobizien eta Belarripresten Topagunea egingo dute Kurtzeko plazan, 19:00etatik aurrera.
Galdakaoko izen-emateen erradiografia egingo dute, eta jana eta edana eta txaranga egongo direla jakinarazi dute Euskaraldiako dinamizatzaileek.