Sareak

☉ Hego Uribe

Argazkiak / Luntxekin ospatu dute pentsiodunek euren borrokaren bosgarren urteurrena

|

Pentsiodunen borrokak bost urte bete zituen urtarrilaren 15ean. Atzo, astelehenero bezala, berriro elkartu ziren kalean euren aldarrikapenei ahotsa ematera. Ordea, atzoko elkarretaratzea berezia izan zen: euren borrokaren bosgarren urteurrena ospatzeko luntxak antolatu zituzten hainbat herritan. “Ez da izan ospakizun bat, oraindik ez baitugu lortu guztiontzako pentsio duinik, nahiz eta gauza batzuk hobetu diren. Luntxak egin ditugu, 5 urte daramaten pentsiodunek merezi dugulako”, diote. Hego Uribe eskualdean Basauritik, Galdakaotik eta Ugaotik bidali dizkigute argazkiak:

 

Hego Uribeko pentsiodunak tinko, mobilizazioen bosgarren urteurrenean

☉ Hego Uribe

Zeberio eta Usansolo artean sei haize errotako Parke Eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztu dute

Sei haize errota izango lituzke Feroskanako Parke Eolikoak; Bedia, Usansolo eta Zeberio artean kokatuko litzateke, eta eraikuntza fasean Arrigorriagan eta Zaratamon eragina izan dezake

|

Abuztuaren 3a arte dago zabalik alegazioak aurkezteko epea // Irekia

Feroskana Parke Eolikoa Bedia, Zeberio eta Usansolo udalerrietan kokatuko litzateke, Mandoia aldean, Feroska Wind eta Saitec Engineering enpresek aurkeztu duten hasierako dokumentuaren arabera. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak tramitera onartu zituen parke eolikoen 31 proiektuen artean dago Feroskanarena. Tramitazio honek ez du esan nahi bai ala bai egingo denik, are gehiago, Eusko Jaurlaritzak bere garaian adierazitakoaren arabera, asko “bidean” geratuko dira.

Prozedurari dagokionez, enpresa sustatzaileak proiektua erregistratu behar du, kasu honetan gertatu den bezala, eta horren ondorioz bide administratiboa martxan jartzen da.

Sei haize errota izango lituzke Parke Eoliko berri honek, eta Hego Uribeko beste herri batzuei ere eragingo lieke: eraikuntza fasean materiala garraiatzeko hiru aukera planteatzen dituzte txostenean, eta horietako bitan Arrigorriagatik eta Zaratamotik igarotzea aurreikusten dute. Zaratamoren kasuan, udaletik GEURIAri azaldu diote “eraikuntza fasearen  2.eta 3. alternatibetan eraikuntza materiala Moiordinetik eta Upoko ermitatik eramatea” planteatzen dela.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailetik “Feroskana” parke eolikoa proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin dute, eta orain udalei alegazioak aurkezteko aukera eman diete, abuztuaren 3a arte. GEURIAk jakin ahal izan duenaren arabera, dokumentazioa aztertzen ari dira Udalak, zein erabaki hartzeko zain.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Rockein lehiaketaren 12. edizioak marka berria ezarri du: 195 artistak eman dute izena

|

Finala azaroaren 16an izango da Basauriko Social Antzokian // Rockein

Rockein musika lehiaketak marka berria hautsi du: aurten 195 artistak eman dute izena. Atzo bukatu zen izena emateko epea eta bederatzigarren urtez jarraian parte-hartze marka gainditu du.

Datuak datu, Hego Uribeko talderik onenari saria eskuratzeko 33 proiektu aurkeztu dira (iaz 31); euskarazko talderik onenari sarirako hautagaiak 55 dira (iaz 40); eta Eskarabilera saria irabazteko 15 talde edo artista daude (iaz 19).

Tokiko talderik onenari sariari dagokionez, aurreko edizioetan Basauri, Arrigorriaga, Galdakao eta Laudioko artistak bakarrik sartzen ziren, eta aurten lehiaketa eskualde osora zabaldu du antolakuntzak: Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten taldeek eskuratu dezakete saria.

“Nabarmentzekoa da euskarazko taldeen igoera (% 8ko hazkundea 2023arekiko eta izen emandako guztien % 28a) eta izena eman duten proiektuen % 30a (58) berriak direla 2023arekiko. Rockein talentu berriak detektatzerako orduan Euskal Herrian erreferentea den lehiaketa bezala berresten duten datuak dira”, diote.

Jasotako proposamen guztien artean, sektoreko profesionalek osatutako epaimahai batek sei finalista aukeratuko ditu finalean jotzeko. Eta antolakuntzatik adierazi dutenez, finalisten izenak uda ostean emango dituzte jakitera. Finala azaroaren 16an izango da Basauriko Social Antzokian.

Rockein lehiaketa Basauriko Udalak antolatzen du eta Hego Euskal Herriko bakarlari eta taldeei dago zuzenduta.

Nobedadeak

Artista irabazleak EP profesional bat grabatuko du Bilboko El Tigre estudioetan, baita bideoklip profesional bat grabatu ere, eta kontzertua emango du 2025eko MAZ Basauri festibalean. Iaz Lova Loisek irabazi zuen lehiaketa:

Tokiko artistarik onenak, aurtengo nobedade bezala, bideoklip profesional bat grabatuko du, eta aurreko edizioetan bezala, kontzertua eskainiko du 2025eko MAZ Basauri festibalean.

Euskarazko artistarik onena eta Eskarabilera sariko irabazlea 2025eko MAZ Basauri festibalean arituko dira.

Beste berrikuntza bat lehiaketan da tokiko kategoriak Hego Uribe eskualde osoko musika proposamenetara zabaldu duela bere estaldura-eremua. Hain zuzen ere, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako pertsona bat gutxienez duten taldeek edo bakarlariek kategoria horretako saria eskuratu ahal izango dute.

Rockein, urtez urte

2013: 85 parte-hartzaile
2014: 105 parte-hartzaile
2015: 95 parte-hartzaile
2016: 110 parte-hartzaile
2017: 129 parte-hartzaile
2018: 135 parte-hartzaile
2019: 146 parte-hartzaile
2020: 169 parte-hartzaile
2021: 179 parte-hartzaile
2022: 188 parte-hartzaile
2023: 191 parte-hartzaile
2024: 195 parte-hartzaile

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Esklerosi Anizkoitza ikertzearen aldeko ekimenak egingo dituzte igandean Hego Uriben

|

Arrigorriagan, Etxebarrin, Ugaon eta Basaurin antolatu dute kanpaina // Argazkia: Euskadiko Esklerosi Anizkoitza

Esklerosi Anizkoitzaren alde ‘Busti zaitez!’ ekimena egingo da Euskadiko hainbat hondartza, igerileku eta plazetan uztailaren 14an, igandez. Aurtengoa 27. edizioa da.

Hego Uribe eskualdean Arrigorriagako, Etxebarriko eta Ugaoko igerilekuetan, eta Basauriko Begoñako Andra Mari kalean antolatu dituzte jarduerak eta elkartasun-dendak zabalduko dituzte dirua biltzeko.

Bilduko duten dirua Euskadin Esklerosi Anizkoitza duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko erabiliko dute: errehabilitazio- eta laguntza-zerbitzuekin jarraitzeko, alegia.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Laura eta Javi: “Txernobyl inguruan lehendik egoera gogorra bazen, orain latzagoa da gerra dela eta”

Chernobil Elkarteko kide dira Laura eta Javi. 2011tik dira harrera-familia, eta aurten lehen aldiz Kyrylo, 6 urteko mutila, hartu dute udan

|

Ezkerretik eskumara, Javi, Luar, Kyrylo eta Laura, Basozelaiko skateparkean // Geuria

Txernobylgo hondamendia gertatu zenetik 38 urte igaro dira. Historiako istripu nuklearrik larriena izan zen. Urte dezente igaro direla pentsa daitekeen arren, hainbat ikerketek ondorioztatu dute gaur egun ere, eta luzaro, kutsatutako zonaldean bizi diren milioika pertsonek ondorio kaltegarriak jasango dituztela euren osasunean.

Euskal Herriko Chernobil Elkarteak ondorio horiek gutxitzeko ahaleginetan lan egiten du urtero, hondamendi eremuko haurrak gurera ekarriz. Azken urteetan, gainera, adingabeei arnasa emateaz gain, gerratik eta horren ondorioetatik urrun egon daitezen lanean ari da Chernolbil Elkartea.

Elkartetik adierazi digutenez, aurten Ukrainiatik hiru haur etorri dira Hego Uribera uda pasatzera: Basaurira, Etxebarrira eta Ugaora.

GEURIAn harrera-familia batekin hitz egiteko aukera izan dugu: Laurarekin eta Javirekin, alegia. 2011n hasi ziren Chernobil Elkartearekin elkarlanean: orduan, eta urte luzez, Mykita izan zuten etxean, eta aurten lehen aldiz Kyrylo izeneko 6 urteko mutila hartu dute udan etxean. Basozelaiko skateparkean batu gara Laurarekin, Javirekin, Luarrekin (Lauraren eta Javiren sei urteko semea) eta Kyrylorekin.

Laura eta Javi, noiztik zarete Chernobil Elkarteko harrera-familia? 2011. urtea izan zen gure lehen urtea Chernobil elkartean. Hala ere, lehendik ezagutzen genuen elkartea lagun batzuei esker.

Eta elkartea eta Txernobylgo haurrak laguntzea erabaki zenuten. Bai. Gure lagunen esperientzia ezagututa animatu ginen.

Aurten Kyrylo hartu duzue, bere lehen aldia Euskal Herrian. Hala da. Kyrylok 6 urte ditu eta bere lehen aldia da Euskal Herrian. Egun gutxi daramagu elkarrekin, baina ume oso alaia da, baita mugitua ere (kar, kar, kar). Jolastea asko gustatzen zaio eta keinuen bidez bagoaz elkar “ulertzen”.

Uztailaren 1ean etorri zen Kyrylo. Nolakoa izan zen lehen kontaktu hori eta aurrez aurre ezagutzea? Lehen kontaktua oso berezia izan zen. Lehehengo egunean, gauean, etxera heldu ginenean, oheratu nahi genuen, baina ez zuen ohera joan nahi eta jolasten egon zen kotxe batzuekin.

Kyryloren adin bereko seme bat daukazue, Luar. Zelan hartu du berak Kyrylo? Ilusio handiz hartu du Kyrylo. Egunak zenbatzen egon zen Kyrylo noiz etorriko zain. Hasieratik oso ondo konpondu dira elkarrekin: lau hilabeteko aldea baino ez dute. Jolasten eta jolasten ematen dituzte egunak, eta noizean behin ere haserretu ere egin dira, biek jostailu bera nahi dutelako. Hala ere, orokorrean algara batean ibiltzen dira biak .

Zer egingo duzue uda honetan? Kanpin batera joango gara. Udan furgonetagaz bidaiatzen dugu eta plan desberdinak egingo ditugu: hondartza, igerilekua, mendia… Udaz gozatu nahi dugu ekintza desberdinak eginez.

Noiz arte geratuko da gurean Kyrylo? Abuztuaren bukaeran bueltatuko da Kyrylo Ukrainiara autobusean, Chernobil Elkarteko gainontzeko umeak bezala.

Aipatu duzuenez, ez da zuen lehen aldia harrera-familia bezala. Ez. 2011n Mykita hartu genuen, 6 urterekin; orain 19 urte ditu eta gerra dela eta ezin da etorri.

Zein da gaur egun egoera Ukrainian eta Txernobylen? Txernobyl inguruan lehendik egoera gogorra bazen bertako familientzat, orain latzagoa da egoera gerra dela eta. Mykitak azaroan 20 urte beteko ditu eta gerra hasi zenean ikasketak bukatzen zegoen Kieven. Gaur egun lanean dago Ukrainian.

Mykitarekin harremanetan jarraitzen duzue orduan. Bai. Mykita etxekoa dugu. Harreman ona dugu berarekin eta kontaktuan jarraitzen dugu. Berak badaki gu hemen gaituela eta ahal dugun guztian lagunduko dugula.

Azken urteak gogorrak izan dira: lehenengo Covid-19aren pandemia, gero gerra. Zelan bizi dituzue zuek azken urte hauek, Laura eta Javi? Pandemia gogorra izan zen danontzat. Gerra hasiera urduritasun handiz bizi izan genuen: Mykita Kieven zegoen eta berak esan zigun iluntzean euren etxeetara bueltatu behar zirela. Gero asteak pasa genituen komunikazio barik, elektrizitaterik eta estaldurarik gabe egon zirelako. Ahal zuen bakoitzean mezutxo bat bidaltzen zigun gu lasai egoteko. Baina oso gogorra izan zen. Etxean albisteak ez genituen ikusten negar batean hasten ginelako. Gaur egun “ohitu” gara. Oso luze egiten ari da. Gure beldurra gaur egun da gerrara bidaliko ote duten.

Osorik irakurri

☉ Hego Uribe

Malmasin mendia “ingurumen-irizpideen arabera” berreskuratu nahi du Sagarrak talde ekologistak

Arrigorriagako eta Basauriko Udalei eta bertan ordezkaritza duten talde guztiei helarazi diete euren proposamena

|

Malmasingo pistetan entresaka baten ondorioz egin zuten txikizioa // Utzitakoa

“Alkatetzei, Hirigintza eta Ingurumen sailei eta Arrigorriagako eta Basauriko udaletan ordezkatuta dauden talde politiko guztiei” luzatu die proposamena Sagarrak talde ekologistak.

Proposamen honen zioa argi baino argiago azaltzen dute hasiera-hasieratik: “Zuengana jotzen dugu ingurune horren egungo egoeraz dugun kezka helarazteko eta, ondorioz, ingurumen-irizpideen arabera eremu hori berreskuratzera bideratutako ekintza bateratu bat egiteko gure nahia helarazteko”.

Kezka horretatik abiatuta, egurra moztu eta garraitzeko erabiltzen den makinaria astunak sortu duen kaltea nabarmendu dute.

GEURIAk ere horren berri eman zuen orain dela bost hilabete, eta Jagoba Hidalgo arkeologoarekin ingurunea bisitatu genuen, Malmasingo Kastroa bezalako ingurune babestu batean horrelako jarduketek izan dezaketen eragina ezagutzeko.

Aipatzekoa da, baita, ingurune horretan aspalditik lanean ari dela Arrigorriagako Malmasingo lagunak  taldea.

Bi irizpide horiek kontutan hartuta, naturgunearen babesa eta aztarna arkeologikoarena, Malmasin mendiaren ingurunea berreskuratzea eta leheneratze ekologikoa sustatzea proposatzen du Sagarrakek.

Helburu hori lortzeko, hainbat erabaki hartzeko beharra azpimarratu dute, batik bat ingurune horrek egungo baso-erabilera intentsiboa izaten uztea, bere leheneratze ekologikoa ahalbideratzeko, babes berezia izan dezan.

“Gure ustez”, gaineratu dute, “ez du zentzurik eremu honetan baso-ustiapen bat eta monolaborantza bat mantentzea jabetza pribatuko erregimenean eta errentagarritasun ekonomikoaren arrazoi bakarrarekin”.

Mendiaren zati handi batek babes berezia du dagoeneko, bertan aztarna arkeologikoak daudela, eta babes hori mendi osora zabaltzea eskatzen dute, horrela eukalipto-landaketak galaraziz.

GEURIA harremanetan jarri da bai Arrigorriagako Udalarekin bai Basauriko Udalarekin:

Arrigorriagako Udalak Sagarraken eskaria jaso du eta kasua aztertzen ari direla adierazi diote GEURIAri: “Sagarraken eskaria jaso dugu eta aztertzen ari gara. Gainera, Malmasingo Lagunak herriko elkartearen iritzia ere jaso nahi dugu”.

Basauriko Udaletik adierazi dute administrazioen eta partikularren artean “koordinazio aktiboa” egon behar dela, Malmasin mendiaren ingurua balioesteko proiektu bat lortzeko, “bai kastro aldean, bai mota askotako baso-masek okupatzen dituzten eraztun mugakideetan”.

“Kontuan izan behar da mendia osatzen duten lurzatien titulartasuna ez dela osorik publikoa. Baso-erabilera intentsiboa murriztu edo ezabatu nahi bada, partikularren borondatezko akordioak bilatu eta bultzatu behar dira hori lortzeko”, zehaztu dute Basauriko udal ordezkariek.

Osorik irakurri