☉ Zaratamo
Gazteak dantzara hurbiltzeko tailerra Zaratamon Aiko Dantza Taldearen eskutik

Dantza eguna izan zen Zaratamon urtarrilaren 18ko larunbatean. Izan ere, 14 eta 29 urte bitarteko gazteentzako doako dantza tailerra eskaini zuen Aiko Dantza Taldeak. Hiru orduko ikastaroa izan zen, arratsaldeko 17:00etatik 20:00ak arte, eta udaletxearen ondoan dagoen herriko eskola zaharrean egin zen. Helburua dantza gazteei zabaltzea izanda, arrakastatsua izan zela esan daiteke. Izan ere, Sabin Bikandik, taldeko kideak adierazi zuenez, ikastaroa gustura egin zuten eta oso “giro ona” sortu zen.
☉ Zaratamo
Herritarrentzako jarduera ugari prestatu dituzte Gabonetan, Zaratamoko Arkotxa eta Elexalde auzoetan
Abenduaren 22an hasita eta urtarrilaren 3ra bitartean puzgarriak, goitibeherak, magia tailer eta ikuskizuna, musika eta Olentzero eta Mari Domingi egongo dira Zaratamon

Gabonetarako gero eta gutxiago falta da, eta Zaratamoko Udalak jardueraz betetako programa prestatu du haurrentzat eta hain haurrak ez diren herritarrentzat ere, Arkotxan eta Elexalden. Abenduaren 22an hasita eta urtarrilaren 3ra arte ez dute aspertzeko tarterik izango zaratamarrek.
Lehen jarduera abenduaren 22an antolatu dute. Egun horretan puzgarriak eta goitibeherak antolatu dituzte Arkotxako frontoian 11:00etatik 14:00ak arte. Abenduaren 24a Gabon Gaua da, eta urtero lez, eguerdi aldera Olentzero eta Mari Domingiren bila abiatuko dira herriko gaztetxoak Elexalden, 12:00ak aldera.
Hilaren 26an magia tailerra antolatu du Walas magoak goizean, Arkotxan. Arrastian ikuskizuna egingo dute eta tailerrean parte hartuko dutenek ikuskizunean arituko dira ere; Abenduaren 28an Zaratamoko koroak kontzertua eskainiko du 12:00etan; hilaren 31n, 11:30ean kanpai txikiak joko dituzte Elexalden, bazkalordura bitartean. Urte zaharra agurtu eta berriari ongi etorri aurreratua emango zaio herriko plazan, eta auzotarrekin partekatzeko momentu berezia izango da.
Urte berria estreinatzeko, urtarrilaren 2an puzgarriak eta goitibeherak antolatu dituzte Elexaldeko frontoian, 11:00etatik 14:00ak arte; Urtarrilaren 3an, 18:00etan ikuskizun berezia antolatu dute etxeko txikienentzat: Kiki, Koko eta Moko.
☉ Zaratamo
Hareontzi berria sortu dute Zaratamoko ‘Gure Ametsetako Jolastokia’ proiektuan
Haur eta gurasoak gau eta egun ibili dira jo eta su proiektu honetako azken jarduketan

Gure Ametsetako Jolastokia proiektuak urrats berri bat eman du: auzolanaren bidez haurrentzako hareontzi berri bat ipini dute Zaratamoko eskolako jolastokian.
Besopean Guraso Elkarteak deialdiua egin zuen joan den astean Zaratamoko eskolan, jarduketa egin ahal izateko eta hiru eguneko lanaren ostean ipini dute haurrentzako hareontzia, Egurpal eta BilboRent herriko enpresen laguntzarekin.
“Barikuen hasi ginen eta astelehenera arte luzatu ziren lanak. Eguzki orduek labur lotu jakuz eta iluntzean ere lanean jardun gara”, azaldu du Irati Azkueta Pujana irakasleak. 50 pertsona inguru batu ziren lanerako, guraso, irakasle eta ikasleen artean. “Eskolako Elkarbizitza Behatokian umeek egindako eskaerei erantzun bat emoten saiatu gara, eskola komunitatearen arteko harremanak indartu doguzen bitartean”.
Hareontzia enpresek utzitako makina hondeatzaileagaz eta porlanagaz sortu zuten gurasoek. Gainera, nagusienen gelako terrazarako eserleku batzuk sortu zituzten palletak erabiliz. “Lanak amaitu ostean mokadutxoa hartzeko eta elkarrekin bazkaltzeko parada ere izan dogu, giro paregabean”.

Haurrak eta gurasoak, eserlekuak sortzn // Gure Ametsetako Jolastokia
Aste honetan azken ukituak eman dizkiote azken auzolan honi eta hurrengoei begira ikasturtean zehar eskolako patiorako ekipamendu berri gehiago ekartzen ahaleginduko direla adierazi du Azkuetak. “Horrela Gure Ametsetako Patioa elkarlanean eraikitzen segiduko dogu, gure eskolako haurren gozamenerako”.
☉ Zaratamo
Tailer praktikoak, bideo-foruma eta gastronomia saioak antolatu dituzte Zaratamoko Elexalde eta Arkotxan
Jarduera guztiak doakoak izango dira eta bertan parte-hartzeko izena eman behar dela iragarri dute Zaratamoko Udaletik

Zaratamoko Berdintasun Batzordeak hainbat jarduera prestatu ditu urteko azkenaurreko hilabeteari begira.
Lehen hitzordua azaroaren 12an eta 19an antolatu dute: testamentu bitalaren inguruko tailerra. Bizi-testamentua (edo aurretiazko borondateen dokumentua) formula juridiko bat da, eta testamentuaren titularrari aukera ematen dio bere tratamendu medikoei buruzko jarraibideak adierazteko eta helarazteko.
Dokumentu hori eskumena duen osasun-sailean erregistratzen da, eta pertsonak Osasun Publikoan duen historial klinikoan jasotzen da. Horrela, medikuek beren borondateak ezagutu eta bete ahal izatea errazten da. Hilaren 12an Elexaldeko kultur etxean egingo dute eta 19an Arkotxan. Saioak Zaratamoko erizainak eskainiko ditu.
Azaroaren 21ean ‘Ciudad Delirio’ zintaren inguruko bideoforuma antolatu dute Elexaldeko Kultur etxean Wayra elkartearekin: Javier, mediku espainiar lotsati eta erreserbatua, Calin Medikuntzako kongresu batera joango da eta Angie ezagutuko du, dantzari eta koreografoa, munduko saltsa ikuskizun ospetsuenaren parte izatea amesten duena: Delirio. Proiekzioa 18:00etan egingo dute eta jarraian solasaldia.
Hurrengo egunean, azaroaren 22an, gastronomia tailerra egingo dute Elexaldeko txokoan, 10:30etik 14:00ak bitartean. Izena ematea beharrezkoa izango da. Tailer hau ez da bakarra izango; udal ordezkariek azaldu dute Wayra elkarteak beste bi antolatuko dituela 2026ko urtarrilean eta otsailean.
Jarduera horiez gainera, Smartphonea eta tabletak behar bezala erabiltzeko tailer bikoitzak antolatu dituzte Arkotxa eta Elexalde auzoetan. Arkotxakoa azaroaren 19an eta 27an egingo dute eta Elexaldekoa, 10ean eta 18an. Saioak 12:00etatik 14:00ak bitartean antolatu dituzte auzo bakoitzeko KZ Gunean. Parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek.
☉ Zaratamo
Ipuin kontalaria, eskulanak eta gynkana antolatu dituzte Zaratamoko Gau Beltzan
Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte hilaren 31n, 18:00etatik gaualdera bitartean, Elexaldeko plazan

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak, Udalarekin batera, jardueraz betetako Gau Beltza prestatu du urriaren 31ko arrastian, etxeko txikientzat.
Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte 18:00etatik gaualdera bitartean. Gainera, bokatak salduko dituzte Elexaldeko plazan.
Egitaraua | Zaratamoko Gau Beltza 2025
Urriak 31, barikua
18:00 Ipuin kontalaria eta eskulanak, Elexaldeko plaza
19:00 Gynkana herrian zehar
20:00 Diskofesta, Elexaldeko plaza
☉ Zaratamo
Mila Koloredun Jaiak artez eta kolorez beteko ditu Zaratamoko eskolako hormak
Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute

Mila Koloredun Jaia ospatuko dute larunbat honetan, urriaren 25an, Zaratamoko eskolan. Zehatzago esateko, eskolako hormetan, helburua espazio horiek “bizitzaz eta kolorez betetzea” baita.
Horretarako, Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute.
Ez da hori, ordea, egunean zehar antolatu duten jarduera bakarra, egitaratu oparoa prestatu baitute: graffiti eta serigrafia tailerrak, DJ saioak, sormen gune ezberdinak eta horma-irudi parte hartzailea.
Hori horrela, Zaratamo “kolorez” jantziko dutela ziurtatu dute antolatzaileek, eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.









