Sareak

☉ Etxebarri

Sergio M. Villar: “Film labur on bat mugikor batekin ere grabatu daiteke”

Sergio M. Villarren ‘Itsaso’ Laburbira euskarazko film laburren zirkuitoan ikusgai egongo da martxoaren 24an Etxebarrin, beste zortzi film laburrekin batera.

|

Sergio M. Villar // Geuria

Laburbira euskaraz ekoitzitako film laburren zirkuitua bueltan da. Otsailaren 25ean zirkuitoari hasiera eman zion Euskaltzaleen Topaguneak, eta apirilaren 4ra bitartean Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 30 herritatik pasako da Laburbira 2022, tartean Etxebarritik. Martxoaren 24an, ostegunez, izango da Laburbira Etxebarrin, Kultur Etxean 19:00etatik aurrera. Guztira euskarazko bederatzi film labur ikusteko aukera ematen du 2022ko Laburbirak, tartean, Sergio M. Villar (Santander, 1979) etxebarritarraren ‘Itsaso’. Iaz ekoitzi zuen Villarrek film laburra. Minutuko bateko iraupena du eta Iphone 11 mugikorrarekin grabatu zuen osorik, 4K-n. Etxebarrin antolatu duten Laburbira emanaldian bertan izango da Sergio ikus-entzuleekin solasean.

Zuk ekoitzitako ‘Itsaso’ film laburra Laburbira 2022 zirkuitoaren parte da. Martxoaren 24an Etxebarrin aurkeztuko duzu, zure adopzio herrian.
Bai. Ni berez Torrelavegakoa (Kantabria) naiz, horrela sentitzen dut. Hala ere, Etxebarri lehen egunetik besoak zabalik hartu nauen herria da, eta horrek oso gustura sentiarazten nau hemen bizitzen.

Nola sentitzen zara ‘Itsaso’ Laburbiraren parte dela ikusita?
Oso pozik nago! Sorpresa handia izan da minutu bateko film labur bat katalogorako hautatu izana. Plataforma zoragarria da zinema euskaraz Euskal Herri osoan zabaltzeko. Espero dut nire lana jendaurrean ezagutarazten laguntzea, baita zinema-zuzendari eta -ekoizle gisa dudan sendotze-prozesuan ere. Sortze prozesuaren inguruan solasaldiak egingo ditut Etxebarrin (martxoaren 24an) eta Diman (martxoaren 11n). Poztasun asko ematen dizkit ‘Itsaso’ film laburrak. Eta esan behar dut mobilefilmfestival.com izan zela ‘Itsaso’ idazteko motibazioa eman zidan hasierako motorra.

Ezagutzen zenuen Laburbira?
Ez nuen zirkuitua ezagutzen. Interneten bilatzen ezagutu nuen. Etengabe nabil film laburren ekoizpenei eta banaketei buruzko informazioa bilatzen, ‘Itsaso’ri zabalkundea ematen jarraitzeko.

Eta izena eman zenuen.
Bai. Erraza izan zen Laburbiran izena ematea: 5 minutu baino gutxiago behar izan nituen izena emateko!

Azalduiguzu zer kontatzen duen ‘Itsaso’ minutu bateko filmak.
‘Itsaso’k gauza askori buruz hitz egiten du. Gezurra dirudi minutu bakar batean hainbeste konta daitekeenik. Baina ideia nagusiak pertsona bakoitzak bere bizitzaren zentzua aldatzeko duen ahalmenaz hitz egiten du. Inoiz ez da berandu barne-aldaketa bat egiteko, eta hor dago edozertarako motorra. Gure bizitzarekin nahi duguna egiteko gaitasuna dugu. Pribilegiatutzat jotzen dut neure burua lehen munduan bizitzeagatik, eta uste dut erantzukizun bat dudala horregatik. Ikusleari zerbait ekarriko dioten istorioak idazten saiatzen naiz, pentsatzera, kontzientziak mugitzera, erreakzioak eragitera eramango dutenak. Hitz bakar batean katarsi bezala definitzen dut ‘Itsaso’.

Noiz hasi zinen ‘Itsaso’ ekoitzen eta noiz bukatu zenuen?
Normalean hilabeteak behar izaten dira film labur baten gidoi bat idatzi, aurreprodukzioa, filmaketa, postprodukzioa eta banaketaren artean. ‘Itsaso’ 2021eko urriaren 3an idatzi nuen, eta urriaren 18an, 15 egun geroago, lehen jaialdian hautatua izan zen. Ordu erdian idatzi nuen, eta uste dut horrek gauza asko azaltzen dituela nire aldaketa-beharrari buruz, erosotasun-eremu batetik irteteko beharrari buruz. Denbora asko neraman nik idatzitako istorio batean inspiratutako film labur bat egin gabe, eta behar-beharrezkoa nuen!

Film laburra euskaraz ekoitzita dago osorik.
Bai. Film laburrean dagoen off ahots guztia euskaraz dago, Amaia Irazabal aktorearen ahotsa da. Euskarazko film labur bat filmatzeko gogo handia nuen. Ez naiz euskalduna, baina nire bizitzako urte asko Bizkaian eman ditut. Hainbeste gauza ematen dizkidan lurralde honi zor diodala sentitzen hasi naiz. Euskara hizkuntza berezia da, oso zaharra, eta duela milaka urte kobazuloetan hitz egiten zenaren herentzia izan daitekeela uste da. Sentitzen nuen euskara oso ondo egokitzen zela ‘Itsaso’n, izan ere, metrajean funtsezko gauzez hitz egiten da, organikoak eta zoragarriak, hala nola, arnasa hartzea, begiratzea, eskaintzea, jatea; bizitzea, azken finean.

Nolakoa izan da Amaia Irazabal, Laura E. Salvado, Javi Lost, Jone López eta Borja Cuervorekin lan egitea?
Laura nire bikotea da, beti nire nahaspiletan parte hartzeko prest agertzen da, eta ‘Itsaso’n zuzendari laguntzaile bezala funtsezko laguntza izan da. Javi konposatzailea da eta ‘Aroma-Sed’ nire aurreko fikziozko film laburrean ere parte hartu zuen: transmititzen diodana primeran ulertzen du beti, oso erraza da berarekin lan egitea, eta Borja ohiko kolaboratzailea da, profesional handia, beti laguntzeko prest dagoena. Aurkikuntza handiak Amaia eta Jone izan dira. Amaiarekin dena oso erraza izan da, hasieratik proiektuan sartu zen: Donostiatik etorri zen, Laurarekin batera nire gidoia berridatzi zuten euskarara egokituz, makro planoak haren ideia dira… Aktore handia izateaz gain, oso buru sortzailea du. Joneri dagokionez, ‘Itsaso’ proiektuko pieza garrantzitsuenetako bat da: muntaia berea da, asko gustatzen zait bere lana, ondo baino hobeto ulertu zuen zer nahi nuen eta maisuki islatu du.

Norberaren eta naturaren zaintzari buruz aritzen da ‘Itsaso’.
Hala da. Hainbeste jenderengana iristen ari da ‘Itsaso’, jende askok bere bizitzan edo gertuko norbaitenean bizi izan dituen gai unibertsalez hitz egiten duelako. Filma ikusten duten pertsonek isla bat aurkitzen dute ‘Itsaso’n. Mundu guztiak jotzen du noizbait hondoa bere bizitzan, eta hortik aukera bakarra geratzen da, ohiturak aldatzea eta indarrez gora bultzatzea. Uste dut, ‘Itsaso’, ideia horiek fin-fin islatzen dituela, asko kontatzen du oso denbora laburrean.

Esango zenuke zaintza eta natura oso presente daudela gizartean bertan?
Esango nuke norbera zaintzea eta natura zaintzea pack batean doazela, gutako bakoitzaren zaintza behar duen ekosistema baten parte garela. Gure ingurune naturala gehiegi baztertu dugu, eta ondorioak gure azalean sentitzen hasi gara.

‘Itsaso’ mugikorrarekin grabatu duzu osorik.
Hala da. Iphone 11 batekin grabatuta dago, 4K-n. Mugikorrarekin grabatu nuen mobilefilmfestival.com-en aurkezteko propio sortu nuelako. Pariseko lehiaketa hori erreferentetzat jotzen dut gaur egun, talentu berrien garapenarekin eta aurrekontu txikiko ekoizpenekin duen konpromisoagatik. Jaialdi askok hartu beharko lukete kontuan, izena emateko kuotarik ere ez baitu kobratzen; kudeaketa onaren benetako adibidea da.

Nire fikziozko lan askotan bezala, ‘Itsaso’n plano estatikoak mugimendu handiko beste batzuekin nahasten ditut. Plano estatikoak lasaitasuna transmititzen laguntzen du, eta mugimendu handiko planoek, aldiz, asaldura, ondoeza eta tentsioa. Audioa hiru zatiz osatuta dago: Amaia aktorearen off ahots; soinu-efektuak —horietako batzuk zuzeneko soinuaz aprobetxatuta eta beste batzuk edizioan sartuta—; eta jatorrizko soinu-banda (Javi Lost).

Nolakoa izan da ‘Itsaso’ren ekoizpena eta postprodukzioa?
Ingelesezko esaldi batek dioen bezala: “Don ‘t Fix it In Post: fix it in Pre-Production”. Egia esan, aurreprodukzioko lan handia dago. Lanik zailenetako bat hain denbora gutxirekin aktore bat aukeratzea izan zen. Esan bezala, urriaren 3an idatzi nuen ideia, eta 9an filmatzen ari ginen. Astebete baino gutxiagoan hainbat prozesu kudeatu behar izan nituen, proiektuan buru-belarri sartu zen jendea topatzeko errazak izan zirenak, Sopelako ‘El Peñón’ tabernako Seli eta Loinaz Aktoreak enpresako Oihane kasu. Metraje osoa egun bakar batean filmatu genuen, eta eta postprodukzioa denbora errekorrean izan zela esan dezaket, bi egun eskasetan editatu zen.

Gaur egun denok dugu mugikorra. Uste duzu edonork grabatu dezakeela film labur bat?
Gaur egun edonork egin dezake ia edozer. Youtube bezalako plataformek bidea eman dute minutu gutxitan gutxieneko nozio batzuk izan ditzazun edozeri buruz, hala nola, sukaldaritzaz, mekanikaz edo bideo bat grabatzeaz. Hala ere, zineman aritzen garenoi gustatzen zaigu “filmatzeari” buruz hitz egitea. Nire ustez, filmaketa baten barruan beren posizioa argi eta garbi definituta duten profesional batzuen talde-lanari ere egiten dio erreferentzia. Uste dut prestakuntza jasotzea, irakurtzea, ikastea eta praktikatzea ezinbestekoa dela. Ikus-entzunezko hizkuntzari buruzko ezagutzak oinarrizkoak iruditzen zaizkit: plano orokor bat edo lehen plano bat zertarako erabili eta zer transmititzen duten jakitea.

Grabatu al daiteke film labur on bat ohiko mugikor batekin?
Bai, nahiz eta uste dudan gama altuko mugikorrek prestazio hobeak eskaintzen dituzten. Ni bideoan grabatzen hasi nintzenean, Super VHS, Video8, Digital8 edo MiniDV kameren bereizmena gaur egun gama ertain-baxuen mugikorrek ematen duten kalitatetik oso urrun egon. Film labur on bat gidoi on batek, argazki-zuzendaritza eta zuzendaritza on batek, interpretazio zirraragarri batek, musika-konposizio zirraragarri batek eta muntaia on batek egiten dute. Kamera edo mugikorra, kalitate handiagoarekin edo txikiagoarekin erregistratzen duten tresnak dira, baina bai, ahal den guztietan tresnarik onena erabiltzen da, logikoa denez.

‘Itsaso’k dagoeneko hainbat sari irabazi ditu.
Bada hamar sari eta selekzio artean jaso ditu. Ilusio berezia egin zidan Los Angelesko “Independent Shorts Awards”eko sariak, eta ondoren Pariseko sari batzuetan hautatu izanak. Bi sariek oihartzun handia izan zuten sareetan. Era berean, duela gutxi, San Diegon, Kalifornian, mugikorrarekin filmatutako film laburrentzako jaialdian, Euskaltzaleen Topagunearen katalogoan eta Unesco Etxeak antolatutako ‘Dame 1 minuto de’ jaialdian hautatua izatea ere oso pozgarria izan da. Pilak kargatu dizkidate.

Nazioartean ere izan da, hortaz, ‘Itsaso’.
Bai. Autobanaketa lan handia egin nuen filmfreeway eta festhome plataformetan. Estatubatuarreki, hain zuzen ere, begietatik zerbait sartzen bazaie, topera babesten dute, eta, dirudienez, ‘Itsaso’ asko gustatu zaie.

2013an Unescoren ‘Dame un minuto de Econciencia’ ekimenerako spot bat aurkeztu zenuen. Badirudi iraunkortasuna eta ingurumena oso gogoan dituzula, ezta?
Lehenago ere, 2007an, itsasertzeko espekulazio urbanistikoari buruzko dokumental bat egin nuen: ‘Gris sobre Verde’. Ingurumenaren aldeko nire lehen ikus-entzunezkoa izan zen. Surfa egiten dut duela 25 urte ingurutik, natura oso garrantzitsua da nire bizitzan, nire ihesbiderik handiena da, eta, aldi berean, nirekin, bizitzaren zentzuarekin, berriz konektatzea suposatzen du naturak. Horretan itsasoa deskribaezina da, nire erlijioa da, itsas ingurunea maite dut eta ez errespetatzea suizida litzateke. Kontzientzia ekologikoa nire bizitzan aspaldidanik dudan zerbait da.

Twitterreko zure profilean diozunaren arabera, zinema proiektu interesgarri asko dituzu esku artean.
‘Regular Cutback’ da nire hurrengo film laburra. Berehala argitaratuko dut. Lotura handia du aurreko film laburrekin, batez ere, ‘Itsaso’rekin. Estetika surferoarekin, maitasunarekin eta adiskidetasunarekin bat egiten du 8 minutuko bidaia laburrak. Bidaia horretan, Eduardo Galeanori egotzitako esaldia oso presente dago: “Jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake”.

Bestetik, film luze dokumentaleko proiektu pertsonal zirraragarri bati ekin berri diot, baina oraindik ezin dut ezer argitu. Saharari buruzko dokumental bat eta El poder del Silencio izeneko fikziozko film luze bat ekoizteko zuzendaritzan sartuta nago, biak Saul Perez Ruano talentudunarenak. 2022a oso urte sutsua ari da izaten.

Nola ikusten duzu etorkizun zinematografikoa gaur egun hainbeste teknologia izan ditzakegula kontuan hartuta?
Nire ustez, zinemaren etorkizuna ez dago teknologiaren mende, nahiz eta, ildo horretan, online plataformen gorakadak Espainiako telesailen munduan eragin duen bultzada baloratzen dudan. Espainian inoiz baino gehiago eta hobeto filmatzen da, baina oraindik ere Madrilen zentralizatzen da dena, baita Bilbon edo Nafarroan filmatzen denean ere, Madrilgo talde teknikoaren zati handi bat etortzen baita, Euskadin profesional handiak daudenean. Nik neuk zailtasunak aurkitu ditut Bilbora datozen filmaketetan lanean hasteko, eta, horregatik, bete-betean ekin diot neure proiektuen eta beste zuzendari batzuen autoprodukzioari eta zuzendaritzari.

Bestalde, erakundeek emanten duten babesak eta laguntzak jarraitu behar dute, eta sektorean dauden premien arabera hobetu. Ildo horretan, oso garrantzitsua da azken urteotan Espainia erreferentziazko “platoetako” bat bihurtzeko Europak egiten duen lana. Pandemiak iraun zuen bitartean, agerian geratu zen ikus-entzunezko kulturak indar handia duela, batez ere, gure sufrimendutik, asperduratik, ezintasunetik eta ulertu ezinetik ihes egiteko.

Commissions Filmen lana funtsezkoa iruditzen zait. Kantabrian eta Nafarroan doako prestakuntzarako lan ikaragarria egiten ari dira, eta gainera, diru-laguntzen alorrean, Kantabriak film luzeak garatzeko laguntza-ildo oso interesgarriak ireki ditu. Datozen urteetan aurrekontuetan handitzen jarraitzea espero dut, sektorearen eskari handiari egokitzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan sektorea oso finkatuta dago, oso indartsua da, baina lehia handia ere badago, eta nahiko endogamikoa da. Hala ere, espero dut aurten ate berriak irekitzea, 2021ean ireki ez ditudanak.

Noiz interesatu zinen ikus-entzunezkoen munduan?
Zehazki, 1999. urtean. Kantabriako Manuel Gutierrez Aragón BHI Institutuan ikasten nenbilela izan zen. Juan Carlos Fernández Izquierdo izan zen ikus-entzunezkoak sortzeko harra sartu zidan irakaslea. Harekin ere antzezlan bat interpretatu nuen protagonista gisa. Beti eskertuko diot nire prestakuntzan eta nire bokazioaren aurkikuntzan eragin handia izan zuten urte haiek.

Ekoiztetxe propioa sortzera ere heldu zara!
Seavisual nahiko berria da, bost urte inguru izango ditu. Aurreko beste ekoiztetxe baten ikuspuntu berri bat da. Esan liteke 15 bat urte daramadala ikus-entzunezkoak ekoizten. Seavisual metamorfosi bat da, zinemaren eta ingurumenaren aldeko apustu handiagoa egiten duena; noski, bideo korporatiboak, bideoklipak edo erreportaje sozialak ekoiztea alde batera utzi gabe. Azken horiek teamoati.com markaren bitartez egiten ditugu.

Zure bezeroen artean Etxebarriko Udala dago. Zer egin duzu haientzat, adibidez?
Merkatarien Elkartearentzat fikzio nahiko indartsua egin nuen. Ariane Ochoa, Javi Conde eta Gorka García agertzen dira lan horretan, bakoitza bere diziplinan: surfa, atletismoa eta pintura, hurrenez hurren. Zientzia Astea edo Merkataritza eta Enpresa Jardunaldiak ere grabatu izan ditut.

☉ Etxebarri

Zaborren tasa hilean 1,70 euro gehiago ordainduko dute etxebarritarrek 2026an

Zabor-tasaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasa eta Euskaltegiko eta kiroldegiko tasak igoko dituzte 2026an

|

Urtean 20 euro gehiago ordainduko dituzte Etxebarrikoek zabor-tasan // Geuria

Bigarren urtez jarraian zabor-tasa igoko da udalerri gehienetan, Europak ezarritako neurri berrien arabera. Izan ere, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu beharko dute beren gain.

Eta Etxebarrin, tasa 1,70 euro igoko da hilean, 2026ko urtarriletik. “Hori da, 20 euro gehiago urtean”, esan dute udal ordezkariek.

“Hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua % 20 igoko da, eta Europako araudiak behartuta, zerbitzu hori erabiltzaileek osorik ordain dezaten eskatzen du, dirulaguntza publikorik gabe. Ildo horretan eragin handiena izan du zuzentarau hori bera aplikatuz Bizkaiko Foru Aldundiak tratamendu-zentroak finantzatzeari utzi diolako; izan ere, zentro horiek % 30 garestitu dira zenbait hondakinentzat, eta horrek desoreka handiagoa eragin du guztizko kostuetan”, diote.

Hego Uribe eskualdean, Etxebarri izan da lehen udalerria 2026ko tasak onartzen. Irailaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatu zuten gaia, eta zabor-tasaz gain, igoera izango dute honakoek: Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), zirkulazio-zergak, hilerri eta estolderia tasak, Euskaltegiak eta kiroldegiak.

OHZ, zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasei dagokeienez, % 2,5eko igoera izango dute datorren urtean. “Kasu gehienetan, urte arte KPIaren igoera baino % 0,3 txikiago”, diote udal arduradunek.

Euskaltegiko tasari dagokionez, bi urtez aldaketarik gabe egon ondoren, % 10 inguruko igoera izango du. “Hala ere, HABEren dirulaguntzei esker, pertsona askok matrikulak markatzen duena baino askoz gutxiago ordaintzen dute, eta kasu batzuetan kostua ia nulua da, udalaren dirulaguntza dela eta, hainbat kolektiborentzat matrikularen % 100 berreskuratzeko aukera ematen baitu”, diote.

Eta kiroldegian, bataz besteko igoera % 41,12koa izango dela diote Etxebarriko Udaletik, “KPIaren eta sektoreko hitzarmenaren igoeragatik”, diote, eta gaineratu dute: “Hala ere, sarrera solteek ez dute prezioa aldatzen, 10 sarbideko bonu batzuk % 10era jaitsiko dira eta gainerako tarifek % 2,5 eta % 6 arteko igoerak izango dituzte”.

Zergen eta tasen zenbatezkoez gain, Eusko Jaurlaritzaren edo gainerako erakunde publikoen alokairu-programa ofizialei lagatzen zaizkien etxebizitzek OHZn % 99rainoko hobaria izatea ere onartu du Etxebarriko udalbatzak. Neurri horren asmoa da alokairuko etxebizitzak gero eta gehiago izatea, prezio merkeetan.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Palestinaren aldeko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak

Urriaren 3an egingo dute elkarretaratzea Palestinako genozidioaren aurka eta herritarrak batzeko deia egin dute

|

Irailean Basaurin ere elkarretaratze isila egin zuten Palestinaren alde, Udalak deituta // Geuria

Genozidioaren aurka eta Palestinar herriaren alde adierazpen instituzionala onartu du aho batez Etxebarriko udalbatzak.

“Etxebarriko Udalak, bere herritarren izenean, publikoki adierazi nahi du kezka sakona eta gaitzespen irmoa Palestinako herriak bizi duen giza krisi larriaren aurrean, bereziki Gazako Zerrendan, Israelen eraso militarraren ondorioz”, adierazi dute.

Udaltalde guztiek “irmoki” gaitzetsi dute Palestinako herritarren aurka egindako genozidioa, “milaka hildako eragin dituena, horietako asko haurrak eta adingabeak, baita ospitale, eskola eta etxebizitzen suntsiketa sistematikoa ere”.

Era berean, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen urraketak salatu dituzte, “hala nola, laguntza humanitarioaren blokeoa, gizarte zibil palestinarraren kriminalizazioa eta biztanleriaren desplazamendu masibo eta behartua”, diote.

Su-etena “berehalakoa eta iraunkorra” izatea eskatu dute, baita laguntza humanitarioa Gazara iristeko korridore seguruak irekitzea ere.

“Palestinako herriak bakean bizitzeko, bere Estatua sortzeko eta bere etxeetara itzultzeko eskubidea berretsi egiten dugu, Nazio Batuen 1947ko ebazpenen arabera”, esan dute.

Eta, Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei Israelekin duten lankidetza militar oro bertan behera uzteko eskatu diete, baita dituzten akordioak berrikustea eta gerrako krimenen inguruan nazioarteko ikerketen jarraipena babestea ere.

“Nazioarteko erkidegoari, eta bereziki, Europar Batasun osoari, bake iraunkorra ahalbidetuko duten konponbide negoziatuak bilatu eta babes ditzala eskatzen diogu”, diote.

Gauzak horrela, urriaren 3an, ostiralez, 10 minutuko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak udaletxeko plazan 19:00etan.

“Etxebarrik ezin du eta ez du nahi beste alde batera begiratzea. Gizarte justiziarekin eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako udalerri gisa, gure ahotsa altxatzen dugu basakeria honi amaiera emateko eta herri guztien duintasuna errespetatzeko”, diote.

Udaletik herritarrak deitu dituzte elkarretaratze isil horrekin bat egiteko, “baita Etxebarrin eta inguruko udalerrietan egiten diren manifestazio eta elkarretaratzeetan parte hartzeko ere”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

3.000 eurora arteko isunak jarriko ditu Etxebarriko Udalak gizalegearen aurkako ekintzak egiteagatik

Besteak beste, espazio publikoak pintatzeagatik, kalean pixa egiteagatik edota ekintza bandalikoak egiteagatik zehapen-espediente berriak proposatu ditu Udalak

|

Santa Ana kaleko igogailuan pintadak egin dituzte azken orduetan // Argazkia: Etxebarriko Udala

Ekintza bandalikoengatik, pintaketengatik, bide publikoan pixa egiteagatik, txakurra gaituta ez dagoen eremuan lotuta ez eramateagatik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak muturrekorik gabe edota lizentzia gabe eramateagatik edo adingabeei edari alkoholdunak saltzeagaitik isun-espediente berriak proposatu ditu Etxebarriko Udalak.

Eta, jokabide horiengatiko isun ekonomikoak 50 eta 3.000 euro artekoak izan daitezkeela adierazi dute udal ordezkariek, “batez ere berrerortzeen edo kalte nabarmenen kasuetan”.

“Zigor horien azken helburua da herritarrak kontzientziatzea udalerriko bizilagunen arteko bizikidetza hobetzeko, udalerriaren irudiari eta zerbitzu publikoen erabilera desegokiari kalte egiten dioten jokabideak saihesten saiatuz”, esan dute udal arduradunek.

Esate baterako, Andaluzia kaleko arrapala mekanikoen kasua aipatu dute Udaletik: “Nahita gelditzeak bereziki eragiten die adinekoei eta mugikortasun murriztua dutenei, eta horiek dira, aldi berean, azpiegitura hori gehien behar dutenak, baina, gainera, konpontzeak eta martxan jartzeak kostu ekonomikoa dakarkie udal-kutxei”, diote.

Era berean, gaur bertan Etxebarriko Udalak bere Instagram kontuan zabaldu duenez, Santa Anako igogailuan pintadak egin dituzte, eta gogorarazi dute garbiketa etxebarritarren artean ordainduko dutela. “Egilea kameren bidez bilatzen saiatuko gara”, esan dute.

Udalak azpimarratu nahi du jokabide horiek, udal-arauak urratzeaz gain, bizikidetza-gatazkak eta mantentze-kostu gehigarriak sortzen dituztela Etxebarriko herritar guztientzat. “Horregatik, gizalegerako eta espazio publikoa errespetatzeko deia egiten dugu, bizikidetza harmoniatsurako oinarri gisa”, diote.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebeer garagardo artisauen bigarren azoka antolatu dute irailaren 27an Etxebarrin

Laugar, Boga, Drunken Bross, Gross eta Baobeer euskal ekoizleak egongo dira Etxebarriko azokan. Gainera, taloak eta hanburgesak eta kontzertuak izango dira

|

Artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza eta kontzertuak egongo dira // Argazkia: Bence Boros, Unsplash

Iazko arrakasta izan ostean, aurten bigarren urtez antolatuko dute Etxebarrin Etxebeer garagardo artisauen azoka. Irailaren 27an, larunbatez, izango da udaletxeko plazan 12:30etik 01:00etara.

Basque Beer euskal garagardogileen elkartearekin lankidetzan, eta Stop Basque Whashing lelopean, bost euskal ekoizle izango dira Etxebarriko jaialdian: Laugar, Boga eta Drunken Bross bizkaitarrak eta Gross eta Baobeer gipuzkoarrak.

Gainera, artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza ere izango da: Loiuko Events-en eskutik taloak eta hanburgesak egongo dira egun osoan zehar.

Eta giroa alaitzeko, kontzertuak ere antolatu dituzte: Tacon de Aguja, Kruddö eta Moonshine Wagon. 

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarrin 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa pilotua sustatuko du Jaurlaritzak

Programak “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi du Imanol Pradales lehendakariak

|

Ikasturte amaieran ebaluazioa egingo du Jaurlaritzak, programa Euskadiko beste udalerrietara hedatu behar duten jakiteko // Argazkia: Gaelle Marcel, Unsplash

Nerabeen ongizate emozionalerako programa pilotu bat martxan jarriko du Eusko Jaurlaritzak Etxebarrin, baita Araialdean, Irunen eta Gasteizen ere.

Euskadiko Osasun Mentaleko Federazioaren eskutik, 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa izango da eta, “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi zuen pasa den astean Imanol Pradales lehendakariak Politika Orokarri buruzko eztabaidan.

“Gazteek komunikazio- eta adierazpen-gune seguruak izango dituzte profesionalek lagunduta. Euren zalantzak, beldurrak eta kezkak adierazi ahal izango dizkiete profesionalei”, esan zuen lehendakariak.

Programa pilotua ikasturte honetan jarriko dute abian eta ebaluazioa ikasturte amaieran egingo du Jaurlaritzak: “Ebaluazioa egin ostean, ikusiko dugu Euskadiko udalerri gehiagotara hedatuko dugun programa”, zehaztu zuen Pradalesek.

“Gainera, udalekin lankidetzan, eta Kristalezkoak ekimenaren babespean, aholkularitza-zerbitzuak aktibatuko ditugu Euskadiko gazteei arreta emateko bulego guztietan”, adierazi zuen.

Halaber, lehendakariak iragarri zuen Lehen Mailako Arretan psikologiako profesionalak hedatuko dituztela, “osasun mentalean espezializatutako zerbitzuak arintzeko, eta kasurik arinenak eta terapia pribatuetara iritsi ezin diren biztanleak artatu ahal izateko”.

Osorik irakurri