Sareak

☉ Galdakao

Europako Parlamentua bertatik bertara ezagutu dute Galdakaoko Elexalde Institutuko ikasleek

|

Elexaldeko ikasleak eta irakasleak Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuarekin Europako Parlamentuan // Elexalde BHI

Galdakaoko Elexalde Institutuko ikasleek Europako Parlamentua bisitatu dute. Bisita abenduaren 2tik 5era bitartean Bruselara egindako bidaian egin zuten.

Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuaren gonbidapenari esker, Elexaldeko 23 ikaslek eta 3 irakaslek Europako Parlamentua ezagutu eta haren funtzionanendua ikusteko aukera izan zuten.

“Bisita horretan, ikasleek Europako politika eta egoitza nagusiari buruz zenbait alderdi ezagutu ahal izan zuten. Hala nola, Europako Parlamentua nola sortu zen, eurodiputatuak nola banatzen diren, nolako lana egiten duten han, eta nolako garrantzia duen beren lanak Europar Batasuneko herritarrontzat”, diote Elexalde Institutuko ordezkariek.

Bisita “interesgarria” izan zela diote Galdakaoko institututik: “Bertan, ikasleek multimedia pantaila interaktiboen bidez Europako Parlamentua deskubritu zuten; nola funtzionatzen zuen ere ikasi zuten, haren garrantzia eta Europako eguneroko bizitzan duen eragina. Ikasleek denboran zehar ere bidaiatu zuten eta munduko gertakaririk erabakigarrienetan murgildu ziren”.

“Pernando Barrena eurodiputatuak euskal interesak defendatzeko beste alderdi politiko batzuetako beste kide batzuekin hitz egitearen garrantziaz ohartarazi zituen ikasleak. Era berean, beren proposamenak aurrera eramatea zailtzen zuen eskuin muturreko indarra nabarmendu zuen. Europako huteskundeetan parte-hartzea oso txikia izan zela ere esan zuen, herritarrek Europa oso urrun ikusten dutelako. Gainera, Europako Parlamentuaren lana eta Ursula von der Leyen buru duen Batzordearen garrantzia azaldu zigun, Europako Parlamentuan lege-proiektu bat eztabaidatu ahal izateko. Ikasleek galdera batzuk prestatu zituzten eta berak guztiei erantzun zien”, diote Elexaldetik: “Eskertuta gaude Pernando Barrena eurodiputatuaren eskutik Eurokopako Parlamentura gonbidatu gaituztelako. Ziur gaude gure ikasleen hazkunde pertsonala eta akademikoa hobetzen lagunduko digula”.

Bisita gehiago

Europako Parlamentua bisitatzeaz gain, Elexaldeko ikasleek eta irakasleek Bruselako hainbat leku bisitatu zituzten.

“Lehenengo egunean, Bruselako Gabonetako merkatu koloretsuak bisitatu genituen, ohiko goffreak jan genituen eta Belgikako kaleen inguruko giro beroaz eta Plaza Nagusiko argiztapen eta musikaz gozatu genuen”, diote.

Elexaldeko ikasleak eta irakasleak Bruselako Grand Place plazan // Elexalde BHI

“Bigarren egunean Bruselako leku berezienak bisitatu genituen: Grand Place, Manneken Pis, Atonium, Saint Michele eta Saint Gudula katedralak. Asko gozatu genuen eta Bruselako kulturaz jabetu ginen”. Hirugarren egunean bisitatu zuten Europako Parlamentua, eta laugarrenean Galdakaora itzuli ziren.

Esperientzia eta ikaskuntza “emankorra, bakarra, apartekoa eta hezitzailea” izan zela adierazi dute. “Europako Parlamentura egindako bisita horrek erakunde horrek gure ikasle guztien bizitzan Europar Batasuneko herritar aktibo gisa duen garrantziaz kontzientzia eta ulermen handiagoa izaten lagunduko du”, diote.

☉ Galdakao

Bi gazte atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik

Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarra erabilita sartu ziren bart 19 eta 21 urteko bi gazte. Epailearen esku jarriko ditu Ertzaintzak

|

Ertzaintzako ibilgailuak artxiboko irudi batean // Geuria

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.

Gertaerak bart gauerdian jazo dira: pertsona batek SOS Deiakera deitu du Olabarrietan dagoen eta une horretan hutsik zegoen aita-amaginarreben etxean indarrez sartu direla esanez, instalatuta zuten zaintza-kamera deskonektatu egin dutela konturatu baitira.

Orduan, patruila bat bertaratu eta argi bat piztuta ikusi zuten eta etxebizitzaren goiko aldean bi gazteak aurkitu dituzte.

Bi gazteak epailearen esku utziko dituzte dagozkion eginbideak amaitu ostean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Antzeko, Bertan Kaldo eta Dekantzekoz, Galdakaoko jaietako Playback lehiaketako onenak!

|

Playback lehiaketa mundiala da Galdakaoko jaietan eta atzo zuzenean bizi genuen! Txapeldun Antzeko izan zen: Mamma Miaren ‘Ai ama!’ bertsio euskalduna egin zuen kuadrillak. Euren amei omenaldi zoragarria egin zieten.

Bigarren Bertan Kaldo izan zen, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.

GEURIAn lehenengo hiru postuetan sailkatutako ordezkariak elkarrizketatu zituen: Mirene eta Izaskun (Antzeko), June eta Ane (Bertan Kaldo), eta Ane eta Janire (Dekantzekoz). Aupa zuek!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakaoko jaietako Playback lehiaketa 140 argazkitan!

|

Playback lehiaketa arrakastatsua da Galdakaoko jaietan. Eta aurten ere ez du hutsik egin, beste urte batez Zizpak antolatuta. Irabazle Antzeko izan da, euren Ai Ama! (Mamma Mia!) bertsioari esker, amei omenaldia eginez. Bigarren Bertan Kaldo izan da, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.

 

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute Valentziako uholdeetan egindako lanengatik

Gaur Vienako udaletxean, Austrian, Innovation in Politics Awards sarien irabazleak emango dituzte jakitera, eta otsailean Zero Project sariak banatuko dituzte Vienan ere

|

Ainhoa Crespo eta Alvaro Saiz GBGEko kideak Valentziako kaltetutako eremu batean // GBGE

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute, iazko urritik Valentziako uholdeek kaltetutako eremuetan egindako lanengatik.

Alde batetik, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan dituzte bi proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi humanitarioa.

Nave 51 izeneko proiektuan, Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk, “xahuketa minimizatuz eta jasotako laguntza guztia ahalik eta gehien aprobetxatuz, milaka boluntario eta militarri esker”, dio Ainhoa Crespo GBGEko ordezkariak.

Eta Garbitegi humanitarioa delakoan uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten, “balio praktiko eta emozional handiko doako zerbitzua eskainiz”, dio Crespok.

Innovation in Politics Awards sarien banaketa gaur, irailak 17, izango da Vienako udaletxean, Austrian.

Otsailean: Zero Project sariak

Beste alde batetik, GBGE finalista izendatu dute Zero Project sarietan, “Krisi-egoeretan desgaitasunaren aurrean inklusioa” kategorian.

GBGE elkarteko boluntarioak Valentziako hondamendian // GBGE

Ekintza humanitarioetan, larrialdietan eta hondamendietan inklusio-irtenbideak aitortzen ditu sariketa horrek, eta sari banaketa otsailean izango da Vienan ere; kasu horretan, Nazio Batuen egoitzan.

“Izendapen hauek nazioarteko aitorpena dira Valentziako Dana-ren ondoren izandako elkartasun uholdeari. Nabarmentzekoa da beste modu batean ere erantzun daitekeela hondamendiei: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik ere asko dagoelako berreskuratzera iristeko, baina pozik ere bai, pertsona askoren lan ikaragarriari egindako aitortza delako”, adierazi du Crespok.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Emakumezkoen Bigarren Mailako Euskal Kopa jokatuko da asteburuan Galdakaon

GDKO Ibaizabal, HGB Ausarta Barakaldo, Mondagon Unibertsitatea Ointxe eta Iraurgi SB Elgoibar taldeak neurtuko dira Euskal Kopan

|

Euskal Kopa jokatuko duten taldeen ordezkariak, Luis Sautu Federazioko lehendakariarekin eta Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkatearekin // Galdakaoko Udala

Euskadiko emakumezkoen saskibaloiaren topagunea izango da Galdakao asteburuan. Izan ere, Bigarren Mailako Euskal Kopa jokatuko da Urreta kiroldegian irailaren 19an eta 21ean.

Aurten GDKO Ibaizabal, HGB Ausarta Barakaldo, Mondagon Unibertsitatea Ointxe eta Iraurgi SB Elgoibar taldeek jokatuko dute Euskal Kopa.

Sarrera doakoa da eta Galdakaoko Udaletik eta Ibaizabal Saskibaloi Taldetik pabilioia betetzeko deia egin dute: “Zaleei dei egiten diegu pabilioia betetzeko eta txapelketa eder honetaz gozatzeko”, esan du Julene Royal GDKO Ibaizabaleko ordezkariak.

Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkateak adierazi duenez, hitzordu hau “aukera paregabea” da goi mailako kirolaz gozatzeko, baita Galdakaok emakumeen kirola sustatzeko duen konpromisoa indartzeko ere.

Ildo horretan, “emakumeek kirola praktikatzeko egunero egiten duten ahalegina” azpimarratu du Espillak, eta eskerrak eman dizkio Euskal Saskibaloi Federazioari “herrian halako ekitaldia abian jartzeko izan duen konfiantzagatik”.

Luis Sautu Federazioko lehendakariak Galdakaoko Udalaren laguntza eskertu du, “oso babes garrantzitsua delako”.

Txapelketari dagokionez, “denboraldia prestatzeko klubentzat oso lehiaketa garrantzitsua” dela adierazi du Sautuk, baita “emakumezkoen kirola sustatzeko” balio duela ere. Izan ere, baieztatu duenez, “emakumezkoen saskibaloia harrotasun iturria da Federazioarentzat; gero eta politagoa da kirol hau, eta potentzial ikaragarria dugu”.

Osorik irakurri