Sareak

☉ Galdakao

Pedro Asua Zubiaur galdakoztarraren gorpuzkiak izan litezkenak desobiratu dituzte Jakan

Aranzadi Zientzien Elkarteak, Galdakaoko Udalarekin eta Josu Larrea senidearekin 1938an fusilatua izan zen 21 urteko Pedro Asua Zubiaur galdakoztarraren gorpuzkiak izan litezkeenak aurkitu eta desobiratu dituzte Jakan: “Aranzadik egingo duen ADN frogaren emaitzen zain geratu dira familia eta Udala 1938an Jakan fusilatu zuten 21 urteko gaztearen gorpuzkiak Galdakaora ekartzeko”, azaldu dute Galdakaoko Udaleko ordezkariek.

|

Iñigo Hernando eta Jakan egindako desobiraketan parte hartu duten pertsonak // Geuria

Aranzadi Zientzien Elkarteak, Galdakaoko Udalarekin eta Josu Larrea senidearekin 1938an fusilatua izan zen 21 urteko Pedro Asua Zubiaur galdakoztarraren gorpuzkiak izan litezkeenak aurkitu eta desobiratu dituzte Jakan: Aranzadik egingo duen DNA frogaren emaitzen zain geratu dira familia eta Udala 1938an Jakan fusilatu zuten 21 urteko gaztearen gorpuzkiak Galdakaora ekartzeko, azaldu dute Galdakaoko Udaleko ordezkariek.

Aragoiko hirira egindako azken bisitan gorpua aurkitu eta hobi komunetik atera du Aranzadiko lan talde batek Lourdes Herrastiren zuzendaritzapean eta Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Ander Aperribai historialaria, Josu Larrea iloba txikia lanetan laguntzen izan dira. Bertan ere Juan Manuel Ramon Jakako alkatea izan da, lanak ikusten.

Desobiratze lanak joan den ostegunean hasi zituzten Jakako hilerriko hobi komun batean. Jakako Círculo Republicanoko hainbat kideren lanak eta hilerriko lurperatzaile izandako datuen bilketak aztertu dituzte lan hauek egin ahal izateko. Horiekin batera, Galdakaoko Udalak Ander Aperribai historialaria kontratatu zuen eta Pedro Asuaren gorpuzkiak hilerriko hobi komun batean egon zitezkeela ondorioztatu zuten.

Lourdes Herrasti // Galdakaoko Udala

2005etik borrokan

Josu Larreak 2005ean jakin zuen bere osaba Aragoiko hirian fusilatu zutela eta momentu hartan bilaketa lanei ekin zion. 2019an Galdakaoko Udala galdakaoztarraren gorpuzkiak herrira bueltatzeko lanetan hasi zen, familiako nahiei kasu eginez  (Josu Larreak hala eskatuta) eta iazko abenduaren 10ean lehen hurbilketa egin zuten Jakara Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak, Ander Aperribaik, Josu Larreak eta Kepa Lizarragak Galdakaoko Gogorako ordezkariak: Asuaren gorpuzkiak dauden lekua ikusi zuten. Jakako alkatearen baimena lortu zen orduan, Aragoiko Gobernuarena ere bai ostean, eta lanekin jarraitu zen”, nabarmendu dute Galdakaoko Udaletik.

Arakatutako hobian hainbat eskeleto topatu dituzte, eta horien artean “25 urtetikbeherako gazte baten gorpuzkiak” ageri ziren ertz batean. Horiek omen dira Asuarenak. Erregistro liburuaren arabera, aldamenean beste gizonezko gazte baten gorpuzkiak zeuden, eta jarraian beste birenak, bata bestearen gainean: Azken bi hauenak bata bestearen gainean, jaurtiak izan ziren seinale“.

Identifikazioa bukatzeko gorpuzkiaren lagina hartu eta bizirik dirauen Begoña Larrea Asuaren ilobaren laginarekin alderatuko dute. Senidetasuna baztertzen ez badu, Galdakaora ekarriko dituzte gorpuzkiak, hilerriko gune berezitu batera: “Asuaren familiarenak ziren orain Elexaldeko hilerria denaren lurrak, eta, Pedro seme bakarra izanik, bereak liratekeen lur horietara itzultzea esan nahiko luke“.

Gorpuzkiak // Galdakaoko Udala

21 urterekin fusilatua

Pedro Asua Zubiaur (Galdakao, 1916 – Jaca, 1938), Gerra Zibila hasi eta Izquierda Republicanarekin frontera boluntario bezala joan ostean, 1937ko ekainean Frankistek Bilbo hartu zutenean Aragoira erman zuten preso. Bertan bortxazko lanak egin zituen eta salaketa bat tarteko heriotz zigorra jarri zion Tribunal Militar batek. Kanposantuaren aldamenean fusilatu eta izenik gabe hobi komun batean lurperatu zuten. 21 urte zituen Asuak.

Momentura egindako lana “emankorra” bezala definitu dute Galdakaoko Udaletik eta zirkulua itxiko delakoan daude ordezkariak: “Abiapuntu bat ere izango dela esan liteke. Izan ere, lehen aldia da Jakan exhumazio bat egiten dena eta hilerriko hobi komunetan lurperatuta dauden gainontzeko fusilatuen senideei ate bat zabaldu diela seguru daude Jakako kideak. Dagoeneko hainbat familia hasi dira aukera aztertzen, eta, Galdakaoko alkateari Jakan bertan jakinarazi diote dagoeneko senide batek eskatu duela hitzordua Jakako alkatearekin, bere aititeren desobiratze lanei ekin diezaien eskatzeko“.

 

☉ Galdakao

Galdakaoko Adiskide klubeko Gaizka Carregal eta Amaia Alday pilotariek Nazioen Liga irabazi dute

Euskal selekzioarekin jokatu dute Adiskide klubeko bi pilotariek: Carregalek eskuz banakakoan zintzilikatu du urrezkoa eta Aldayk binakakoan

|

Euskal selekzioarekin jokatu dute Carregalek eta Aldayk // Utzitakoa

Euskal Pilotako Nazioen Liga jokatu da azaroaren 23tik 30era bitartean Bilbon eta Barakaldon.

Mundu osoko pilotariek hartu dute parte txapelketan (Euskadi, Espainia, Frantzia, Mexiko, Txile, Estatu Batuak, Argentina, Kuba, Bolivia, Portugal). Tartean, Gaizka Carregal Aldanondo galdakoztarrak.

Eta, lan bikaina egin du pilotari galdakoztarrak. Izan ere, txapeldun da eskuz banakakoan eta urrezko domina zintzilikatu du.

Gizonezkoen eskuz banakakoan jokatu du Carregalek. Euskal selekzioarekin jokatu du eta taldekide izan du Eñaut Lizeaga Otaño. Biek jokatu dute txapelketa, tarteka, eta biek jantzi dute urrezkoa.

Finalean Espainiaren aurka jokatu du Euskal selekzioak eta partida hiru setetan jokatuta, 2-1 irabazi dute.

Bestetik, Amaia Alday Goncalvesek emakumezkoen eskuz binakakoan aritu da txapelketan, eta hark ere urrezko domina irabazi du, Naroa Agirre Azpeitiarekin batera.

Mexikoren aurka lehiatu dira binakakoan eta 2-0 irabazi dute. Olatz Arrizabalaga Munduate eta Enara Gaminde Sertutxa pilotariak ordezko bezala jokatu dute binakakoan eta eurek ere zintzilikatu dute urrezko domina.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Euskal dantzak, erromeriak eta tradizioak protagonista, Galdakaoko azaroko Barikupasan

|

Larraitz Artetxe Arrien galdakoztarrak eta Aiko Dantza Taldeko kideak gidatuko du tailerra // Aiko

Urteko azken Barikupasa antolatuko dute gaur, azaroak 28, Galdakaon. Jolasteaz gain, ekimenaren helburua da familietan euskararen erabilera handitzea, eta oraingo honetan, euskal dantzak, erromeriak eta tradizioak izango dira protagonista.

Larraitz Artetxe Arrien galdakoztarrak eta Aiko Dantza Taldeko kideak gidatuko du tailerra, 17:15ean Urreta ikastetxeko arkupeetan.

“Azaroko Barikupasak modu ludiko eta hezitzailean hurbilduko ditu gazteak euskal dantza eta erritualen mundura. Era horretan, Galdakaoko Udalak euskal ondare kulturala sustatzeko konpromisoa berresten du, dantza tradizionalak herritarren eguneroko bizitzara hurbilduz eta helduen zein gazteen parte hartze aktiboaren bidez euskal ohituren etorkizuna bermatuz”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Palestina, Irlanda, Kurdistan, Italia, Gales eta Euskal Herriko musikariek kontzertua emango dute Galdakaon

‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ egitasmoaren barruan, kontzertua antolatu dute Torrezabalen. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena jaso behar da

|

Musika eta kultura desberdinen topaleku izango da Galdakao azaroaren 28an. ‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ lelopean, Palestinako, Irlandako, Kurdistango, Italiako, Galesko eta Euskal Herriko musikariek oholtza partekatuko dute Torrezabalen.

Kontzertua doakoa izango da, baina interesa dutenek gonbidapenak jaso behar dituzte Torrezabalen, leihatilan zein online.

Emanaldian honako musikariek hartuko dute parte: Roisin El Cherif eta Nora Casey (Palestina-Irlanda); James Kennedy (Gales); Seyidxan Sevinç eta Roberto Awanari (Kurdistan-Euskal Herria); Nadt Orchestra (Italia-Kurdistan); Azibar Terreros eta Billy Espinaco (Euskal Herria); eta Huartan (Irlanda).

Roisin El Cherif kantautore irlandar-palestinarra da: ere jatorri arabiarra Irlandako musika tradizionalarekin uztartzen du. Eta Galdakaoko kontzertuan Nora Casey konpositore eta arpa jole irlandarrarekin arituko da; Irlandako musika tradizionala eta esperimentalaren arteko jolasean aritu ohi da musikaria.

Proiektuan parte hartu duten musikarietako batzuk, Amets Iturbe Galdakaoko Udaleko zinegotziarekin // Geuria

James Kennedy Gales hegoaldeko rock musikaria da, bakarka, bere gitarrarekin aritzen dena. Erresuma Batuetan, Europa Iparraldean eta Canadan ehunka kortzertu eman ditu.

Seyidxan Sevinç artistak musika kurdua interpretatu eta konposatzen du, eta musika identitatea sortzeko modu gisa defendatzen du, eta kontzertuan Roberto Awanarirekin arituko da; Peruko Amazonian jaioa eta Amazoniako deforestazioaren kontrako borrokan aritua, Basaurin bizi da duela 15 urte [hona hemen GEURIAn 2022an egin genion elkarrizketa irakurgai].

Nadt Orchestra ensenble dinamikoa da, eta jazz, afrojazz, soul, world music eta elementu elektronikoak uztartzen ditu. Genero eta estiloak nahasten ditu Italiako eta Kurdistango zortzi musikariko taldeak: teklatua, saxofoia, tronboia, tronpeta, gitarra, baxua, bateria eta perkusioa.

Azibar Terrerosek eta Billy Espinacok txalaparta doinuak jarriko dituzte kontzertuan. Eta, Huartan taldeak, Irlandako musika tradizionala oinarri hartuta, berrinterpretatu egiten du, ikuskizun teatralizatu harrigarriak egiteko.

Mugarik Gabe erresidentzia

Galdakaoko kontzertuaz gain, beste bi emanaldi eskainiko dituzte Bizkaian: azaroaren 30ean Artean eta abenduaren 3an Bermeon.

Guztira 18 musikarik hartuko dute parte aurtengo ekimenean, eta denon artean ezagutzeko asmoz, aurten, lehen aldiz, elkarbizitza antolatu dute.

“Erresidentzia artistikoa” azaroaren 23an hasi zuten musikari guztiek Turtziozen, eta abenduaren 3ra arte elkarbizitzen arituko dira.

Orsola Casagrande proiektu honen atzean dagoen arduradunetako bat da, eta azaldu duenez, “Mugarik Gabe erabat kolektiboa den lana da, Turtziozen batuko gara elkar ezagutzeko eta zerbait komuna egiteko, eta ikusiko dugu zer aterako den”. Hori bai, hamar egunak “oso intentsoak” izango direla adierazi du Casagrandek.

Durangoko Azokan

‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ egitasmoa Suargi eta Zutarri Kultur Elkarteak (Basauri) sortu zuten iaz. Kultura kurduei buruzko proiektu batekin hasi zuten, eta aurten zabaldu egin dute.

Iaz Durangoko Azokan aurkeztu zuten proiektua eta aurten ere lekua izango du proiektuak. Izan ere, duela urtebete grabatzen hasi ziren dokumentala (‘Mugarik Gabe. Musika, erresistentzia eta elkartasun bidaia bat’) estreinatuko dute Durangoko Azokan bertan abenduaren 5ean, Irudienean. Diskoa ere salgai egongo da.

Boris Guevara zinemagileak zuzendu du ikus-entzunezkoa iaz parte hartu zuten musikarien bizipenekin. Besteak beste, artista hauek parte hartu dute dokumentalean: Ingot taldea (Itziar Ituño, Roberto Awanari, Janire Egaña), Jon Maia, Ines Osinaga, Yado Uzun, Mizgin Tahir, Onur Kepenek eta Chris O’Shea.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | “Indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezkoa da patriarkatuaren irakurketa estruktural bat egitea”

|

Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Galdakaon Momoak talde feministak manifestazioa deitu du eta Andere Fuente Balado kidearekin berba egin dugu. Manifestazioko argazkiak hemen ikus ditzakezu.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | ‘Erreakzioari erantzun feminista’ lemapean manifestazioa egin dute azaroaren 25ean Galdakaon

|

Azaroak 25 indarkeria matxistan aurkako eguna da eta Galdakaon manifestazioa egin dute. ‘Erreakzioari erantzun feminista’ lemapean, eskuin muturraren eta erreakzioaren oldarraldiari erantzun irmoa eman diote. “Indarkeria matxistak aurpegiz aldatzen du zapalduak hala mantentzeko, eta argi esan nahi dugu: aurre egiteko prest gaude. Autodefentsa feminista izango dugu gure tresna eta aldarria, antola gaitezen!”, aldarrikatu dute.

Osorik irakurri