Sareak

☉ Galdakao

Usansolo herri bihurtzeko urratsa eman dute EAJk eta PSOEk Madrilen erdietsi duten akordioarekin

Udalerri berri bat eratzeko langa gaur egun 5.000 biztanlean dago; akordioarekin 4.000 biztanlera jaitsiko lukete muga. Usansolon gaur egun 4.700 herritar daude erroldatuta, eta hortaz, legea onartzekotan, Bizkaiko 113. udalerri izendatuko lukete automatikoki

|

Batzar Nagusiek Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izendatu zuten ospakizuna // Geuria

Pedro Sanchezen inbestidura babesteko EAJk eta PSOEk akordioa lortu dute gaur goizean. Besteak beste, hitzarmenaren barruan jasotzen dute Usansolo udalerri gisa aitortzea.

Jeltzaleek eta sozialistek adostutakoaren arabera, gehienez ere sei hilabeteko epean onartu behar da Kongresuan Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen erreforma. Helburua da Espainiako gobernuaren lege horretan udalerri berriak eratzeko biztanleria langa 4.000ra jaistea; gaur egun, udalerri berri bat eratzeko langa gaur egun 5.000 biztanlean dago. Usansolon gaur egun 4.700 herritar inguru daude erroldatuta, eta hortaz, legea onartzekotan, Bizkaiko 113. udalerri izendatuko lukete automatikoki.

Aldaketa “salbuespenezkoa” dela diote jeltzaleek eta sozialistek, eta propio egiten da Usansoloren kasuan. Pedro Sanchezek eta Andoni Ortuzarrek sinatutako itunaren arabera, 4.000 biztanleko muga berria eskualdeko edo probintziako araudiak udalerri berriak sortzea bermatzen duen lurraldeetan bakarrik aplikatuko litzakete.

Urtebeteko ibilbidea

Usansolo herri gisa eratzea onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek iazko azaroan EAJren, EH Bilduren eta Podemosen aldeko botoekin, lurralde-mugapeei buruzko foru-araua oinarri hartuta; izan ere, 2.500 biztanle behar dira Bizkaian udalerri berriak eratzeko. Eta abenduaren 16an erabakia publikatu zuten Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Hala ere, abenduaren 30ean Espainiako Abokatutzak helegitea jarri zuen Usansoloren segregazioaren kontra argudiatuz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak eskatzen duen gutxieneko biztanle-kopurura (5.000 biztanle) iristen ez zelako. Orduan, prozesua geldiarazi zuten.

Ondoren, otsailaren 20an EAEko Auzitegi Nagusiak Usansoloren segregazioren kontra Espainiako Abokatutzak jarritako helegitea atzera bota zuen, eta hortaz, Usansoloren segregazio prozesuarekin jarraitzea onartu zuen. Gauzak horrela, Usansoloko Kudeaketa Batzordea eratzeko bidea abiarazi zuten. Bitartean, maiatzean, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek lege-aldaketa eskatu zuten Madrilen Usansoloren segregaziorako, eta Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzeko eskaera egin zuen Usansoloko Kudeaketa Batzordeak, prozesuari amaiera behin betiko emateko eta Usansolo udalerri gisa eratzeko. Ezinbesteko izapidea da Udalak aurrera egin zezan. Hori gabe ez dago erroldarik, ezta identifikazio fiskaleko zenbakirik ere, besteak beste. Horrek eragotzi zuen, adibidez, joan den maiatzean tokiko hauteskundeak egitea.

Aitzitik, ekainean, Lurralde Politikako Ministerioak ukatu egin zuen Usansolo Bizkaiko 113. udalerria toki-erakundeen erregistroan inskribatzea 5.000 biztanle baino gutxiago izateagatik. Horren aurrean, irailean bai Galdakaoko Udalak bai Bizkaiko Foru Aldundiak helegitea jarri zuten. Eta, momentuz prozesua urrats horretan dago. Hori bai, urriaren 5ean Usansoloko Kudeaketa Batzorde berria eratu zuten maiatzeko udal hauteskundeen emaitzetara egokituta.

Segregazio prozesuaren kronologia

Usansoloko segregazio prozesuan hauek izan dira kronologikoki urrats aipagarrienak:

2022ko azaroak 23: Usansolo Usansolo herri bilakatzen da. Hala ebatzi zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek hurrengo emaitzekin: aldeko 39 boto (EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia), bi abstentzio (PP) eta kontrako zortzi boto (PSE)

2022ko abenduak 30: Estatuko Abokatutzak helegitea jartzen du Usansoloren segregazioaren kontra.Usansolo udalerri independente izateko prozesua 4 urtez luzatuko du helegite horrek Usansolo Herria (UH) alderdiaren arabera

2023ko urtarrilak 23: Galdakaoko Udalak alegazioa aurkeztuko dio Estatuko Abokatutzak Usansoloren segregaziori ipinitako helegiteari

2023ko otsailak 20: Usansoloren segregazioren kontra jarritako helegitea atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak

2023ko martxoak 24: Usansoloko Kudeaketa Batzordearen 8 kideak aurkeztu eta erregistratu ditu Usansolo Herriak Bilbon

2023ko apirilak 25: Maiatzaren 4an sortuko dute Kudeaketa Batzordea Usansolon, bost hilabeteko itxaronaldiaren ostean

2023ko maiatzak 4: Agustin Aizpuru izendatu dute Usansoloko Kudeaketa Batzordeko lehendakari

2023ko maiatzak 9: EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek lege-aldaketa eskatuko dute Madrilen Usansoloren segregaziorako

2023ko ekainak 29: Espainiak ukatu du Usansoloren segregazioa eta toki-erakundeen erregistroan udalerri bezala inskribatzea

2023ko irailak 21: Usansolo herri gisa inskribatu ez izanaren aurka helegitea jarri dute Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak

2023ko urriak 5: Kudeaketa Batzorde berria eratu dute aurten bigarren aldiz eta Agustin Aizpuru izendatu dute berriro presidente

☉ Galdakao

Igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena landuko du Haurren Kontseiluak Galdakaon

Gainera, datozen inauterietarako ekintzak proposatzea eta gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea ere landu beharko du Haurren Kontseiluak

|

Atzo, urriak 28, egin zuen ikasturteko lehenengo bilera Galdakaoko Haurren Kontseiluak udaletxean // Galdakaoko Udala

Harren Kontseilua martxan da beste ikasturte batez Galdakaon. Oraingoa bosgarrena da eta atzo, urriak 28, hasi zen lanean.

Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleak hilero bilduko dira eta Galdakao hobetzeko ideia berriak landuko dituzte.

Ikasturte honetan, esaterako, gai hauek landuko ditu Haurren Kontseiluak: datozen inauterietarako ekintzak proposatzea, gazteentzako sukaldaritza ikastaroak ideiatzea, eta igerilekuan liburutegi bat sortzeko proposamena lantzea.

Proposamen horiek Kontseiluko kide guztien artean eztabaidatu eta adostu beharko dituzte hurrengo bileretan, eta Galdakaoko Udalak kontuan izango ditu.

Haurren ideiak lehen lerrora

Galdakaoko Haurren Kontseilua parte hartzerako udal organo dinamiko bat da. Helburua da herriaren hobekuntza prozesuan gazteek duten ikuspegia txertatzea.

Kideak aniztasuna bermatzen duen ausazko zozketa baten bidez hautatzen dituzte, eta ikasturtean zehar hilero biltzen dira, hirigintza, aisialdia, segurtasuna, mugikortasuna, jolas guneak edo haiek garrantzitsutzat jotzen duten beste edozein gairi buruz eztabaidatu eta proposamenak egiteko, betiere jolasean eta parte hartzean oinarrituta.

Orain arte, Kontseiluak 57 proposamen aurkeztu ditu guztira. Horietatik 11 onartu dituzte eta 1 ebaluazio fasean dago.

“Balantzeak organoak duen dinamismoa eta haurren ikaskuntza prozesua islatu egiten ditu; haien ideiak eztabaida eta parte hartzearen bitartez herria hobetzeko ekintza erreal bihur daitezkeela ulertzen ikasten dute”, diote udal ordezkariek.

Haurren Kontseilua gaztetxoak pertsona eta herritar gisa indartzeko aukera bikaina dela uste du Udalak, “eta, aldi berean, haien ikuspegia udal politiketan eta ekintzetan txertatzeko bide zuzena”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko PSEk lokal publikoen inbentarioa egitea eskatuko du urriko osoko bilkuran

Herritarrentzat hainbat jardueratarako erabil daitezkeen udal jabetzako lokal, espazio eta eraikinen inbentarioa egitea eskatuko du alderdi sozialistak

|

Nerea Teruelo eta Victor Trimiño PSEko zinegotziak // Galdakaoko PSE

Galdakaoko PSEk herritarren eta elkarteen jardueretara bidera daitezkeen udal lokalen, espazioen eta eraikinen inbentarioa eskatuko du urriko osoko bilkuran, bihar, urriak 30.

Era berean, titulartasun publikokoak izan arren oraindik erabiltzeko behar bezala egokituta ez dauden lokalak jasotzea eskatuko du alderdi sozialistak.

“Gainera, udalerriko auzoetan banaketari dagokionez dauden baliabideen azterketa egitea ere eskatuko dugu, gabezia gehien dituzten auzoak zeintzuk diren baloratzeko”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.

Ildo horretan, duela 17 hilabete onartutako Parte-hartze Ordenantza betetzeko aldarrikatuko du alderdi sozialistak Galdakaoko osoko bilkuran: “Partaidetzari buruzko Ordenantzan, 2024ko martxoan onartua, gai hori aipatzeak ere ez du aurrerapausorik ekarri”, dio Trimiñok.

“Ordenantzan bertan jasotzen den urteko konpromisoa ez da betetzen. Aldarrikapen hori bat dator talde politiko, erakunde eta bizilagunen artean partekatutako diagnostiko batekin: Galdakaon erabilera komunitariorako espazio eta lokal publiko gehiagoren beharra. Gainera, talde sozialistak urteetan zehar eskatu du partida ekonomikoak sartzea udal aurrekontuetan, baliabide mota horiek handitzeko edota daudenak egokitzeko”, adierazi du Trimiñok.

PSEko bozeramailearen arabera, “informazio zehatza duen inbentario batek gaur egun eskuragarri dauden lokalen eta baliabideen errealitatea argituko luke, diagnostiko zehatza egin ahal izateko eta egoera hobetzeko eta antzemandako beharrei aurre egiteko politika egokiak egin ahal izateko”. Inbentarioa bi hilabeteko epean publikatzea eskatuko du PSEk urriko osoko bilkuran.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Jose Mari Argoitia galdakoztarra hil da, Basconiako eta Athleticeko futbolari ohia

|

Jose Mari Argoitia // Argazkia: Athletic Club

Athleticek jakinarazi duenez, Jose Mari Argoitia futbolari ohia hil da gaur 85 urterekin. Jaiotzez Galdakaokoa, Arkotxarekin lotura handia izan zuen, familia bertakoa baita.

Basauriko CD Basconian jokatu ostean, hirurogeiko hamarkadan fitxatu zuen Athleticek eta 1972an taldea utzi zuen: hamabi denboralditan 308 partida jokatu zituen eta 69 gol sartu zituen. Besteak beste, Piru Gainza basauriarra bere entrenatzaile izan zen.

1969ko Kopa irabazi zuen, eta Argoitiak Anton Arietari asistentzia eman zion titulua lortzeko erabakigarria izan zen golean.

“Athleticekiko leialtasun handia izan zuen. Bere familiak bere oparia jaso zuen atzo, hil bezperan, elkarteko bazkide gisa 75 urte baino gehiago betetzeagatik. Lezamako beheko mailetan entrenatu zuen, filialeko bigarren entrenatzailea izan zen eta Jose Luis Mendilibarren laguntzailea ere bere lehen taldean egin zuen denboraldi bakarrean. Klubari laguntzeko beti prest, bikote paregabea osatu zuen Koldo Aguirre peñen enbaxadore zela”, adierazi dute klub bizkaitarretik.

Athleticek besoko beltza jantziko du urriaren 25ean Getaferen aurka jokatuko duen partidan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatzeko aukera dute orain herritarrek

Galdakao app-a eguneratu du Udalak. Herriko aparkalekuen okupazioaz gain, garraio publikoari buruzko informazio zehatza ezagutu dezakete galdakoztarrek

|

Galdakao app-a // Galdakaoko Udala

‘Galdakao’ sakeleko telefonoko aplikazioa eguneratu du Udalak. Eta eguneraketa horri esker, herritarrek anbulatorioko, Lapurdiko eta udaletxe ondoko aparkalekuen okupazioa denbora errealean kontsultatu ahal izango dute.

“Mapa interaktibo baten bidez, erabiltzaileek bakoitzean zenbat aparkaleku libre dauden ikus dezakete, baita hautatutako parkingera iristeko jarraibide zehatzak jaso ere”, diote udal ordezkariek.

Era berean, garraio publikoari buruzko informazio zehatza jaso ahalko dute herritarrek eguneraketari esker: Euskotreneko trenetarako itxaron denbora kontsultatzea eta Galdabusaren bi lineei buruzko informazioa ezagutzea, hain zuzen.

“Zuhatzu-Galdakao tren geltokitik igarotzen diren trenetarako itxaron denbora kontsultatu daiteke, bai Bilboko noranzkoan, baita Bermeo, Eibar eta Donostiako noranzkoetan ere. Horrela, herritarrek euren joan-etorriak modu eraginkorragoan antolatu ahal izango dituzte, alferrikako itxaronaldiak saihestuz”, diote.

Galdabusari buruzko informaziori dagokionez, erabiltzaileek mapa interaktiboan ikus dezakete geltoki guztien kokapen zehatza, baita ibilbide bakoitzaren eguneratutako ordutegiak ere.

Zerbitzu horiek eskaintzeaz gain, ‘Galdakao’ app-ak honako funtzionalitateak ditu: azken berriak ezagutzea; agenda kontsultatzea eta sarrerak eraostea; Bizkaibus lineei buruzko informazioa; botika eta guardiako farmazien kontaktuak; liburutegien eta kiroldegien informazioa eta horietan tramiteak egiteko aukera; ESAN Herritarren Arretarako Bulegoarekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera; abisuak eta iradokizunak bidaltzea; edota Udalean egin daitezkeen administrazio tramite guztiei buruzko informazio zehatza kontsultatzea.

“Udalaren aplikazioaren bidez, eta horren azken eguneratzearekin, Udalak digitalizazioarekiko eta zerbitzu publikoak hobetzeko duen konpromisoa berresten du, herritarren egunerokoan erabilgarriak diren tresnak guztien eskura jarriz. Hortaz, aplikazioa sakelako telefonoan jartzeko gonbita egiten die Udalak herritarrei, informazioa uneoro eskura izan dezaten”, diote. App-a Android zein Apple gailuetan deskargatu dezakete herritarrek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu dute urriaren 26an

Ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte igandean Galdakaoko Batzokiaren 120. urteurrena ospatzeko

|

2014an inauguratu zuten gaur egungo Batzokia Iturrondo plazan // Argazkia: EAJ

Galdakaoko Batzokiak 120 urte bete ditu eta urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du EAJk urriaren 26an, igandez.

Iturrondo plazan izango da ospakizun ekitaldia 12:00etan: ikurrin igoera, ekitaldi politikoa, luntxa eta argazki erakusketa antolatu dituzte.

Iñigo Ansola Bizkai Buru Batzarreko (BBB) presidentea izango da ekitaldian; berak emango du hitzaldia ekitaldi politikoan.

Osorik irakurri