☉ Basauri
Ruben Galas, Alex Garciaren lehengusua: “Oso pozik gaude Alex azkenean itzuliko delako”
“Bihotzez asko eskertzen diogu Basauri herriari, bereziki Basozelaiko Auzo Elkarteari martxan jarri duen kanpainagatik”, dio Rubenek.

Alex Garcia Galas basauriarra Thailandiatik Euskalherriratuko du Defentsa Ministerioak. Ostiral arratsaldean, 17:00etan, medikalizatutako hegazkin bat Bangkokera bidean irten zen, eta Alexen senideek ostiralean bertan GEURIAri adierazi ziotenez, gaur, igandea, helduko da Gurutzetako Ospitalera.
“Zulo beltz baten barruan airea sartzea bezalakoa da. Gertu izango dugu, baina aldi berean Alexek duen larritasuna ez da aldentzen. Hala ere, gutxienez, etxean izango dugu”, dio Ruben Galas basauriarrak, Alexen lehengusuak.
Ruben eta bere senideak “oso pozik” daude Alex eurengandik gertu izango delako: “Familian pozez gainezka gaude, hainbat arrazoiengatik: alde batetik, jendea gurekin nola iraultzen ari den ikusteagatik, eta bestetik, nire lehengusua azkenean itzul daitekeelako”.
“Eskerrik asko bihotzez, Basauri!”
Basozelaiko El Maño Auzo Elkarteak kanpaina solidarioa jarri du martxan Alexen eta bere familiaren alde dirua biltzeko. Alde batetik, itsulapikoak jarri ditu herriko saltoki eta tabernetan, eta beste alde batetik, apirilaren 27an eta 28an asteburu solidarioa antolatu dute.
“Bihotzez asko eskertzen diogu Basauri herriari, bereziki Basozelaiko Auzo Elkarteari martxan jarri duen kanpainagatik”, dio Rubenek.
“Basauri beti izan da herri solidarioa. Herriko Taldeen barruan eta Alaiak taldearen barruan egiaztatu dut urte askoan, eta orain niri zuzenean eragiten didan honekin frogatu dut. Ez nuen uste inoiz hurbiletik joko ninduenik, baina zoritxarrez tokatu zait. Hala eta guztiz ere, ikusten ari gara beste behin ere Basauri solidarioa dela bertako herritar guztiekin. Asko eskertzen da, bihotzez”, dio.
Bilduko duten dirua Alexen familiari emango dio Basozelaiko Auzo Elkarteak, Thailandian egindako gastuak ordaintzeko. “Thailandiako gutxieneko fakturazioa egunean 2.500 eurokoa izan da, eta mediku proben arabera, kopuru horretatik gora gastatu dugu”, dio Rubenek.
Era berean, Alexen familiak hegazkin medikalizatu bat kontratatu zuen 221.000 euroan modu pertsonalean aberriratzeko asmoarekin, baina bidaia ezin izan zutenez egin, “barne-odoljario larria izateko arriskua” zegoelako, diru hori galdu zuen familiak. Alexen lagunek crowfunding kanpaina ere abiarazi zuten, eta kanpaina itxita, 114.445 euro bildu dituzte.
“Hasieran inork ez zigun jaramonik egiten, etsita geuden, baina orain mundu guztia gu laguntzeko prest dago. Ikaragarria da. Liluratuta gaude”, dio Rubenek.
☉ Basauri
Fernando Goitia hil da, Bilduren sorreran Basaurin zinegotzia izan zena
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.

Fernando Goitia Zubiaur basauriarra hil da 79 urterekin. Bilduko zinegotzia izan zen Basauriko Udalean, 2011 eta 2015 urteen artean.
2011. urtean izan zen Bilduren sorrera eta Goitiak hastapen horietan parte hartu zuen. Urte hartako udal hauteskundeetan zinegotzi izendatu zuten Eneritz Amezketarekin eta Javi Vallerekin batera.
Ondoren, EH Bilduren zerrendatan ere agertu da Goitia; azken udal hauteskundeetan, 2023koetan, bigarren ordezkoa izan zen.
Aurretik ere zinegotzia izan zen Goitia Basaurin, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin 1979an.
Azken hamarkadetan ezker abertzaleko militantea, Sortuk doluminak eman ditu: “Eskerrik asko herria egiteagatik”, esan dute. Herrigintzan eta auzogintzan lanean ibili zen Goitia urte askoan.
Politikaz gain, Basauriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea izan zen Goitia.
☉ Basauri
Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du
Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.
Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.
“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.
Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.
2026an mobilizazio gehiago
“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.
Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.
“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.
Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.
“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.
Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.
☉ Basauri
Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!
☉ Basauri
Argazkiak | Gatibuko Alex Sardui eta Mirua taldeko Maitane Iruiñ Basauriko Musika Eskolaren ekitaldian izan dira
Basauriko Musika Eskolak emanaldia eta hitzaldi musikatua antolatu du gaur Social Antzokian Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian
Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Basauriko Musika Eskolak urteroko emanaldia antolatu du gaur, abenduak 2, Social Antzokian. Ikasleen kontzertuak izateaz gain, Alex Sardui (Gatibu) eta Maitane Iruiñ (Mirua) musikari eta abeslariek hitzaldi musikatua eskaini dute.
☉ Basauri
Pentsiodun Mugimenduko 54 pertsona elkartu dira Basauriko Renfeko geltokian, C3 linean irisgarritasuna eskatzeko
Eskualdean 118 pertsona elkartu dira gaur egungo irisgarritasun arazoak salatzeko: 54 Basaurin eta 64 Ugaon

Bizkaiko eta Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduko 54 pertsona elkartu dira joan den abenduaren 1ean, Basauriko Bidebieta tren geltokian, 12:00etan. Helburua Renfeko C3 linean irisgarritasuna aldarrikatzea izan da mugikortasun urriko pertsonentzat.
Basauriko elkarretaratzeaz gainera, Ugaon, Bilbon, Urduñan eta Amurrion ere elkartu dira gaur egun bizi duten egoera salatzeko. Guztira 150 pertsona inguru elkartu dira Renfeko C3 lineako geltokietan, egoerari irtenbidea ematea eskatzeko. Eskualdean 118 pertsona elkartu dira: 54 Basaurin eta 64 Ugaon.
“Gaur, abenduak 1, desgaitasunaren egunerako bi egun baino ez direnean falta, hemen gaude garraiobide publiko, jasangarri eta irisgarri baterako dugun eskubidea eskatzeko”, azaldu dute Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileek. “Pertsona guztientzako aukera-berdintasunerako neurriak bultzatzeak ezabatu egin beharko luke desgaitasuna duten pertsonen presentzia integrala eragozten duen guztia. Adibide moduan: Renfeko aldiriakeko lineak erabili ohi dituztenek inoiz ikusi al dute pertsona bat gurpil-aulkian?”.

Erabiltzaile bat, C3 lineako tren batera igotzen // Geuria
Pentsiodunen mugimenduko bozeramaileen arabera, linea horiek, “kasu guztietan, irizgaitzak dira” mugikortasun urriko pertsonentzat. “Kasu batzuetan, geltokiak ez daudelako egokitu edo trenetara ezin delako sartu ibiltokiaren eta trenaren arteko distantzia luzea dela eta”.
Pentsiodunen Mugimendua: “Renfeko aldiriakeko lineak erabili ohi dituztenek inoiz ikusi al dute pertsona bat gurpil-aulkian?”
Pentsiodunen mugimendutik Renfeko C3 lineako trenen egoera goraipatu dute, tren motagatik alde batetik, eta horietara iristeko dauden arazoengatik, bestetik. “Oso zaila baita gende askorentzat trenetara sartzea: makila, makulu, haurren orgatxo dituzten familientzat eta, batez ere, gurpildun aulkietan dauden pertsonentzat”, kexatu dira pentsiodunen mugimendutik. “gure ezinegona helarazi nahi dizuegu, eta Eusko Jaurlaritzari eta eskumea duen erakunde orori eskatzen dizuegu badela garaia trenetan, nasetan eta sarbideetan egokitze-lanak egiteko, edonork zerbitzu publiko hau edo beste edozein zerbitzu erabil dezan. Eta haiek zer egin pentsatzen duten bitartean, Madrilera, Valentziara edo Valladolidera joan ahal izango gara baina ezingo gara Muskizera, Urduña edo Barakaldora joan”.
Renfeko C3 lineak eta bertako trenen egoerak oihartzuna izan du azken boladan Hego Uriben, eta eskualdetik igarotzen diren trenen eta horien irisgarritasun arazoak aztertu ditugu sakonean GEURIAn.



































