Sareak

☉ Zaratamo

EAEko Auzitegi Nagusiak Vulcanizados Zuloagako langile grebalari baten kaleratzea baliogabetu du

Langile horren eta beste zazpi beharginen aurkako neurria enpresaren zigorra izan zela salatu zuen ELA sindikatuak, eta Lan Arloko Epaitegiak hori berretsi du

|

Hurrengo hilabeteetan antzeko beste epaiketa batzuk izango direla aurreratu dute ELA sindikatutik / Geuria

ELA sindikatuak Vulcanizados Zuloaga enpresako langileei eragiten dien bi sententzien berri eman du, biak ala biak Lan Arloko Epaitegiari dagozkionak: alde batetik aldi baterako lan erregulazioa bertan behera utzi du epaitegiak, eta bestetik langile grebalari baten kaleratzea baliogabetu du.

Lan erregulazioari dagokionez, sindikatuak berak argitu ditu sententziaren nondik norakoak: “Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du 2023ko apirilean planteatutako aldi baterako lan erregulazioko espedientearen baliogabetzea, ez baitu ekoizpen kausa autonomorik ikusi, baizik eta plantillak urte eta erdian egindako grebarekin lotura duela dio epaiak. Beraz, Lan Arloko Epaitegiak jada ezarritako 25.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio enpresak ELAri kalte moralengatik”.

Bestetik, Lan Arloko Epaitegiak ELAko afiliatu baten kaleratzea bertan behera utzi du,  “Vulcanizados Zuloagak langile horren eta beste zazpi langileren aurka greba egiteagatik hartutako neurria dela iritzita”.

2023ko irailean enpresak zortzi langile kaleratu zituen, “guztiak ELAko afiliatuak eta greba egindakoak”. Sindikatutik gogoratu dutenaren arabera, “ELAk beste epaiketa bat irabazia du ildo berean beste lankide baten kaleratzeagatik. Beraz, hau da bigarrena, eta epaiak berriro behartzen du enpresa kaleratuak berriro hartzera, eta kaleratze egunetik aurrera ordaintzera soldata”. Kaleratutako langileei 20.000 euroko kalte ordaina ordaintzeko betebeharra ezarri dio enpresari.

Azkenik, sindikatuak gainerako kaleratuak  “berehala berriz hartzeko exijitu du, eta enpresari askatasun sindikalaren aurkako erasoak eteteko”.

☉ Zaratamo

Maria Guemes zaratamarra Euskadiko Irristaketa Txapelketan txapeldunorde izan da

Mariaren hurrengo helburua 2025eko otsaileko Euskadiko Txapelketan eta martxoko Espainiako txapelketan parte hartzea da, laukoteetan

|

Joan den ekainaren 1ean eta 2an Euskadiko Irristaketa Txapelketa antolatu zuten Bilboko La Casilla kirol pabilioian, eta Maria Guemes (Zaratamo, 2006) txapeldunordea izan da emakumezkoen Junior kategorian. Denbora gutxi falta izan zaio Zaratamokoari txapelduna izateko (eta beraz, Zaragozan antolatutako Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera galdu du), baina Guemes, hala ere, poz pozik dago lortutako emaitzarekin. Garailea Leire Calvo izan da, Mariaren laguna eta irristaketa klubeko kidea gainera. Izan ere, harreman oso ona dute neska biek klubean eta baita klubetik kanpo.

Euskadiko txapelketa egiten dutenean kirol proba bi antolatu ohi dituzte: programa laburra (larunbatekoa) eta luzea (igandekoa). Larunbateko sailkapenean lehen postua eskuratu zuen Mariak eta puntu bateko tartea zeukan bigarren postuarekin. Baina igandeko proban aurkariak aurrea hartu eta, kontaketa orokorraren ostean, Maria bigarren izan zen.

Mariaren amak alabaren lehen urteak ekarri ditu gogora: “Arkotxan jarduera gutxi daude egiteko baina gaur egun klubeko entrenatzailea den Irune Monje Arrigorriagako irristalariak lehiaketa alde batera utzi eta haurrak entrenatzen hasi zen Zaratamoko auzoan”, azaldu du Laura Pajares Mariaren amak. Klase horiek emateko, lagun batek Arkotxa gomendatu zion eta Irunek eskaera egin zion Zaratamoko Udalari Hiru Aldapa izeneko patinaje kluba sortu eta Arkotxako frontoia entrenamenduetarako erabiltzeko.

Laura Pajares: “Denbora gutxi falta izan zaio Mariari Euskadiko txapelduna izateko”

Maria 8 urterekin hasi zen irristaketan Arkotxako frontoian eta Irune izan zen bere entrenatzailea. “Urteek aurrera egin ahala umeak, bakoitza bere konpromisoak zirela eta, alde egiten hasi ziren eta Arkotxako taldea 10 haurrekin lotu zen”, azaldu dio amak GEURIAri. Hori dela eta, entrenatzaileak Irrisbizi Bilbao izeneko irristaketa eskola zabaldu zuen Bilbon eta Maria Zaratamotik bertara joaten mantentzen den ikasle bakarra da gaur egun.

Ama eta alaba, Euskadiko txapelketa amaitutakoan // Utzitakoa

Zaratamotik kanpo

Urtean zehar Estatuko hainbat hiri bisitatzen ditu Mariak, txapelketaz txapelketa: Madril, Zaragoza, Valentzia, Murtzia… “Ikasketetan denbora emateaz gainera irristaketak leku askotara eramaten ditu eskolako haurrak”, dio Laurak. “Euskadiko Txapelketara heldu ahal izateko ordu mordoa eman dituzte patinak jantzita!”.

Aurten Espainiako txapelketak ihes egin badio ere, irristalariak jo eta su jarraituko du entrenatzen eta hurrengo urtean berriro saiatuko da garaipena lortzeko. Momentuz, hurrengo helburua 2025eko otsaileko Euskadiko Txapelketan eta martxoko Espainiako txapelketan parte hartzea da, baina oraingo honetan txapelketa ez da banakakoa izango, launaka baizik: “Taldean Maria eta Leire ageri dira, beste bi lagunekin batera, beraz, ezagunak denak”, azaldu du Laurak.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Mikel Atxa zaratamarrak Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa irabazi du 23 urtetik beherakoetan

Zaratamarraren hurrengo helburua Cadiz da, bertan jokatuko baitu Espainiako Txapelketa

|

Mikel Atxa, Gipuzkoan egindako Euskadiko Txapelketan // Utzitakoa

Mikel Atxak (Zaratamo, 2003) joan den ekainaren 8an Pasaian (Gipuzkoa) jokatutako Euskadiko Ur azpiko Arrantza Txapelketa irabazi du Sub23 kategorian: “Poz-pozik nago joan den asteburuan Euskadiko Ur azpiko Arrantza Txapelketa irabazteagatik”, azaldu du Zaratamokoak.

Arrantza gunea Pasaiatik Turulla lurmuturrerainokoa izan zen, Jaizkibeletik igaroz. Guztira 14 lehiakidek hartu zuten parte txapelketan 09:00etatik 12:00ak arte. “Momentura arte ez diot behar besteko garrantzirik eman arrantzari baina Euskadiko Txapelketa gogotsu prestatu dut”, azaldu dio GEURIAri Zaratamokoak.

Mikelek aitortu du lehiaketa honetan parte hartu baino lehen “urduri” zegoela: “Aurreko aste ia osoa lo egin barik igaro nuen”. Kirol probaren hasieratik ondo ikusi zuen bere burua eta amaierarako bazekien irabazteko aukera handia zuela: “Lehiaketako lehen orduan arrain ugari arrantzatu nituen: lau korrokoi, alpaka bi, muturdun muxar handi bat, muxar handi arrunt bat, … gero arrantzaleak bertatik igaro eta han zeuden arrainak uxatu zituzten”, izan dira Atxaren berbak. “Harrapatu beharreko korrokoien kopurua lortu nuen”.

Mikel Atxa: “Momentura arte ez diot behar besteko garrantzirik eman arrantzari baina Euskadiko Txapelketa gogotsu prestatu dut”

Portura heltzean arrainen pisatze lanak egin zituzten eta Atxa Txapelketako irabazle izendatu zuten: “Eta ez hori bakarrik, zozketa bat egin zuten ekitaldiaren amaieran eta fusil bat tokatu zitzaidan!”, azaldu du poz-pozik.

Mikel Atxa, txapelketaren amaieran // Utzitakoa

Hurrengo helmuga: Cadiz

Hurrengo helmuga udan jokatuko den Espainiako Txapelketa da Mikelentzat. Hitzordua Cadizen izango da, uztailaren 6an eta GEURIAri azaldu lez, gazteak bertan “ezer lortzeko” aukera izango duela uste du.

Mikel Atxak, urpeko arrantzaz gainera mendiko motorrak gustuko ditu eta horen haritik elkarrizketa egin genion GEURIAn, iazko irailean.

Mikel Atxa, motorrarekin, Zaratamon // Geuria

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

42 txakurrek eta jabek parte hartuko dute Zaratamoko bigarren ODU txapelketan

Ekainaren 15ean antolatu dute ODU txapelketa Zaratamoko Gurutzaldeko futbol zelai ohian. Euskal Herriko eta Estatu mailako jende asko hurbilduko da herrira

|

ODU txapelketa, iaz // Geuria

Ekainaren 15ean bigarren ODU Txapelketa antolatu du 100% Orekan Txakur Elkarteak Zaratamoko Gurutzalde futbol zelai ohian. Aurten 42 binomiok (txakur eta jabe) hartuko dute kirol proban eta gai nagusi bat ezarri dute: “Etorri gure zirkura”.

“Gure bigarren txapelketa izango da ekainaren 15ekoa”, azaldu dute 100% Orekan Txakur Elkartetik. “Zaratamoko klubetik 5 bikotek parte hartuko dute. Euskal Herriko eta Estatu mailako leku askotatako parte-hartzaileak hurbilduko dira Zaratamora: Arabatik, Nafarroatik Gipuzkoatik, Alikantetik, Guadalajaratik, Katalunatik, Valladolidetik, Madridetik, Salamankatik… Egun osoa iraungo du txapelketak”. Jardueraren bukaeran, 18:00ak aldera, Anne Etchegoyen eta laguna batzuk etorriko dira iparraldetik.

Lehiaketako aurkezlea Simón García Consuegra izango da eta lehiaketaz gainera txosna, bokatak eta zozketa bat egingo dute ekitaldian, Guraso Elkartearen laguntzarekin.

Zaratamoko ODU Txapelketa, iaz // Geuria

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Argazkiak / Paella Lehiaketaren bueltan batu dira arkotxatarrak auzoko jaietan

|

Lagun taldea egindako paella goxoa dastatzen // Geuria

Janaria beti aitzakia ona da lagunekin, kuadrillarekin edo auzotarrekin batzeko, eta hori bera egin dute arkotxatarrek Paella Lehiaketa probestuz. GEURIA bertan izan da, eta hauek dira egin ditugun argazkiak:

 

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ametzak, lizarrak eta astigarrak landatuko dituzte Zaratamoko Ametzetan, auzolanaren bidez

Zaratamoko Udalak lizitazioa aterako du Upoko unadan espezie autoktonoz osatutako birlandaketa bat egiteko, Herriko Erabilera Publikoko Mendi Antolaketa Planari jarraituz. Landaketa neguan egingo dute

|

Upo mendia // Geuria

Ametzak landatuko dituzte neguan Ametzetan, Zaratamoko Erabilera Publikoko Mendi Antolaketa Planari jarraituz. “Upoko unadan birlandaketa bat egiteko lizitazioa aterako dugu laster, Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluaren behin betiko onarpena faltan”, azaldu dute udal ordezkariek.

Azken 100 urteetan, mendi horien erabilerak gorabeherak izan ditu abeltzaintza-, baso- eta meatze-erabileren artean. Hala ere, baso-jarduera izan da urteetan zehar hedaduraz nagusitu dena, planaren arabera. Gaur egun, koniferez inguratutako zonaldea da Ametzeta eta birlandatzeko prest dago.

Asmoa espezie autoktonoen landaketa egitea da bertan: “konifero eta hostozabal espezieen nahasketa bat egitea da, konifero eta hostozabalen ilarak alternatuz. Hostozabalen ilaran ametza izango litzateke espezie nagusia, urkiarekin alternatuta, baina errekastoaren inguruan bestelako espezieak sar daitezke (lizarrak eta astigarrak, kasu). Koniferoen ilaran, zedroa landa daiteke, Pagasarrin antzeko lurretan emaitza onak izan dituztelako bertako landaketek. Koniferoak arinago hazten direnez hostozabalentzako alboko babesa eta itzal erdia bermatuko lukete, hostozabalak zuzen haztera behartuz”.

Osorik irakurri