Sareak
[the_ad_group id="3890"]

Zutabeak

Garaipenaren eguna

|

Azaroak 25a Emakumeenganako Indarkeria Desagertzeko Nazioarteko eguna izatea ez da inolako garaipena, ez eta ezer positiboren iturri. Arrazoia agerikoa eta sinplea da: alde batetik, egutegian markatu behar bada,  emakumeenganako indarkeria existitzen delako da. Eta beste alde batetik, oraindik indarkeriaren alorrean  kontzientzia hartzeko lana egin behar dela islatzen du.

Argi eta garbi, kontzientzia hartzeko lan horrek izen bat dauka: heziketa. Heziketaz ari naizenean, eraikitze eta deseraikitze prozesuetaz ari naiz. Eraikitze prozesuari dagokionez, txikitatik inguratzen gaituen kulturaren ezaugarri hegemonikoek, hau da, indartsuenak eta hedatuenek, gugan duten eraginarekin lotzen da. Deseraikitzea, ordea, kontrakoa da. Hots, ikasitakoa eraitsi eta transformatzea. Baina horrek, gizartea aldatzeko helburuarekin jaiotzen den jarrera aldaketa izateaz gain, lana, buruhausteak eta sufrimendua dakar. Sufrimendua gizarteak normala bezala definitu duenaren kontra egitea delako.

Eraikitze prozesua oso argi azaldu zuen Joseba Azkarraga soziologoak hainbat urte atzera Berria egunkarian idatzi  zuen ‘Tigreak edo tigresak’ iritzi artikuluan. Horretan azaldu zuen nola haurrak ziren neskato eta mutikoari hitzen bitartez botere eta sumisio rollak irakasten zitzaizkien. Mutikoari tigre deitzen zioten gurasoek: boteretsua, beldurrik gabekoa, ausarta. Neskari printzesa: sentibera, ederra, maitasun erromantikoan errotua. Etxekoaz gain,  identitatearen eraikuntzan egunero adoktrinatzen gaituzte informazioaren bitartez. Izan daiteke marrazki  bizidunetan, telesailetan, literaturan… hamaika bide daude. Burura datorkidan adibide garbiena soilik emakumeek  iragartzen duten laktosarik gabeko esnea da. Emakumeok bakarrik al dugu intolerantzia?

Deseraikitze prozesuari esker, botere eta sumisio rollak desagertarazi daitezke. Pierre Bordieuk azaldu zuen  biolentzia sinbolikoa zer den ere uler daiteke, eta ekintza horiek identifikatzen has gaitezke. Hau da, fisikoki min  egin barik gure burua mintzeko besteek gauzatzen dituzten ekintzak ulertu.

Azken horretan dago giltza, hots, rollen deseraikitze prozesuan. Heziketan. Gustatuko litzaidake azaroak 25 dituenean Emakumeenganako Indarkeria Desagertzeko Nazioarteko eguna ospatu ordez, Berdintasunaren Garaipen  eguna ospatuko bagenu.

Zutabeak

Iritzia / Egunero (ez) da Martxoak 8

|

Demagun emakumea zarela eta haurdun zaudela.

Demagun erakunde publiko batek antolatutako lan eskaintza publiko baten izena eman duzula eta azterteketaren egunean bertan erditzea eragingo dizutela, Osakidetzak aurreikusitako erditze-data igaro delako eta ezin delako gehiago atzeratu.

Demagun lan eskaintza hori zuzentzeko izendatutako epaimahaiko kideei zure egoeraren berri ematen diezula, alegia, azterketaren egunean bertan erditzea probokatuko dizutela eta, Berdintasun legeak zein lan eskaintzaren oinarriek aurreikusten duten bezala, zure parte hartzea prozesuan beste interesdunekiko baldintza berdintsuetan egiteko hartu beharreko neurriak har ditzan eskatzen diezun.

Demagun epaimahaikide horiek ebazten dutela baietz, zure egoera dela eta moldatuko dutela azterketaren ezaugarritzea eta aukera ematen dizutela ospitalean bertan azterketa egiteko, hau da, azterketa egin beharko duzula ohiko deialdiaren egun berean, erditzerako prestatzen ari zaren bitartean, erditzen zaren bitartean edo erditu berritan.

Ez dirudi egoera horretan azterketa bat egitea aurretik aipatutako berdintasun printzipio horrekin bat datorren, ezta? Ez dirudi ezta ere Berdintasun legearen 1/2023 Legegintzako Dekretuak bere 21. artikuluko d) atalean adierazten duen aipuarekin bat datorrenik: “Neurri batzuk, hautaketa-prozesuak… garatzerakoan amatasunari behar bezalako babesa emateko bai jaio aurreko aldietan bai jaiotza ondoko aldietan… sexuan oinarritutako diskriminazio-egoerarik ez gertatzeko. … deialdi bakarreko sistemaren araberako ariketak edo probak edo hautagaiak bertaratzea eskatzen duten bestelako jarduerak … haurduntza-, erditze- edo edoskitze-egoerek, … ekitaldiaren denbora- edo leku-inguruabarrak aldatzea eragin dezakete … Aldaketa-eskabideak kontuan hartzerakoan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako antolamendu-neurriak hartuko dira hautagai guztien lehia-berdintasunaren printzipioa bermatzeko”.
Are gehiago, dirudiena zera da: sexu izaeragatiko diskriminazio zuzeneko kasu baten aurrean gaudela, haurdun egoteagatik diskriminatuta hain zuzen ere.

Ba horixe bera gertatu zaio Z.G.G.-ri, Basauriko Udalak Etxe Maitia nagusien egoitzarako antolatutako lan eskaintza publikoan izena emandako basauriarrari. Ondorioa? Azterketarik egin ez eta prozesutik kanporatua. Nori okurritu ahal zaio erditzen zaren egunean azterketa bat egiteko moduan egongo zarenik?

Basauriko Udala urtero-urtero lerrokatzen da emakumeen eskubideekin Martxoak 8aren bueltan, urte osoan zehar berdintasunaren aldeko eta sexu-arrazoiengatiko diskriminazio ororen aurka borrokatzeko prest agertzen da baina, tamalez, badirudi konpromiso horiek guztiak praktikan jartzeko momentua heltzen denean haizeak eramaten dituela…

Zenbat dagoen egiteke oraindik.

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia / Borrokak batzen gaitu / Ernai

Errelato partzial, oportunista eta interes jakin batzuen aldekoaren aurrean, herri memoria eraiki eta defendatzearen hautua egiten dugu

|

basauri anton ferrero 2017 omenaldia 0
2017ko omenaldia / Geuria

Orain 48 urte, 1976ko martxoaren 3an, hain zuzen, gasteiztar langileak herriarentzako bizi baldintza hobeak lortzeko borrokan ari zirela, Guardia Zibilak Romualdo Barroso, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda erail zituen. Gasteizko langileen borrokari elkartasuna adierazteko eta martxoaren 3ko gertakarietan izandako 5 hilketak gaitzesteko, Euskal Herriko langileek kaleak hartu zituzten hainbat egunez. Mobilizazio horietan zehar, Bingen Anton Ferrero, 18 urteko gaztea, akatu zuen Guardia Zibilak Basaurin eta Juan Gabriel Rodrigo Tarragonan.

Gertakizun horien osteko hurrengo egun seinalatuetan, Basaurin eta beste herri askotan mobilizazio jendetsuak egin ziren. Hego Uriben martxoaren 8a izan zen tentsio handieneko eguna; goiz – goizetik, eskualde osoak lanaldia gelditu zuen, langileak lantegietatik atera ziren unetik hasi ziren Guardia Zibilaren mehatxu eta kargak. Poliziak, asanblada lekua blokeatzearekin batera,  mobilizazioak zein kargak herri osoan zehar zabaldu ziren eta zauritu ugari egon ziren. Horri jarraituz, 11:30ak aldera, Bingen Anton Ferrero, beste hainbat gazte eta langilerekin asanbladara bidean zihoala 7 metrotik botatako Guardia Zibilaren bala batek buruan jo zuen. Ordu gutxira hil zen Basurtoko ospitalean. Herriaren erantzuna garbia izan zen, kaleak eta hiria kolapsatuta mantendu baitzituen langile mugimenduak. Langileek argi zuten: “los trabajadores no cesarán en su lucha por la libertad aunque dejen su sangre en el camino”.

Hurrengo egunean, eskualdeak berriz lan – etena egin zuen, luto eguna antolatu baitzuten Bingen Antonen omenez. Goizean, martxa isila burutu zen herrian eta  40.000 herritarrek parte hartu zuen. Arratsaldeko hiletan, berriz 50.000 herritar bertaratu ziren, Bingen Antonen familiari babesa erakutsiaz. Horrez gain, langileek borrokari jarraipena eman zioten, ez zuten kaleratzerik onartuko eta atxilotuak askatzen ez bazituzten, greba orokorrak jarraituko zuela ere, adierazi zuten.

Kontatutako gertakizun hau, ez da errelatu hutsa, 1976ko martxoaren 3an jasandako neurgabeko indar polizialak gaur egun darrai, horren seinale, orain egun batzuk Gasteizen gertatutako, 2024ko martxoaren 3an, eraildako langileen omenez egindako manifestazioa, poliziak, 1976an bezalako neurgabekeriarekin kargatu zuen zaurituak  utziz.

Orduko gazte zein ikasleek antolakuntzaren aldeko hautua egin zuten, momentu hura eraldaketarako une gisa irakurriz, gazteak borrokaren lehen lerroan pausatu ziren. Egun ere, gazteok sinetsita gaude eraldaketa gazteon eskutik etorriko dela, gazte izanagatik herri hau eraldatzeko, antolatzea ezinbestekoa dela badakigulako; hala jardun dugu azken hilabeteotan: kaleak feminismoz bustiz Greba Feminista Orokorrean, gure hizkuntza defendatuz, Palestinari elkartasuna adieraziz, gazteon osasun mentalaren garrantzia azpimarratuz, etxebizitza eskubidea defendatuz edota memoria ekimenak martxan jarriz besteak beste.

Errelato partzial, oportunista eta interes jakin batzuen aldekoaren aurrean, herri memoria eraiki eta defendatzearen hautua egiten dugu. 48 urte pasa diren arren, paretetan bala hiltzaileen zuloak ikusten dira; askok ahaztu nahi duten historia dakarkigute gogora. Horregatik diogu, funtsezkoa dela belaunaldi gisa transmisioan egiteke dugun lana, gaur egungo gazteok belaunaldi berriei gure herriaren bizipen eta irakaspenak helarazteko konpromisoa dugulako.

Borrokak etenik ez duela argi dugu, aurrera jarraituko du, gure bizitzak borrokan defendatuko ditugu, molde edo formaz aldatuz baina beti aurrera eginez. Atzoko protestek, grebek zein mobilizazioek, gaurko borrokarekin bat egingo dute. Finean, borrokak batzen gaitu.

Gora langileon borroka!

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia I M8ko feminismoak

Zaharrak, gazteak, arrazalizatuak, mi-
granteak…feminismo asko daude femi-
nismoaren baitan

|

Zutabe honetako protagonistak esku artean daukazun martxoko Geurian agertzen diren emakume elkarrizketatuetako batzuk dira, eta bertan jasoko ditudanak euren esanen laburpen bat besterik ez.

Tania Martínez Portugal EHU-ko irakasleak pluralgilea itsatsi dio feminismo hitzari, eta zehaztu du “Feminismoen –pluralean aipatzea gustoko dut- aldarrikapenak ezberdinak eta ugariak dira, subjetu politikoa, emakumeak*, ezberdinak garelako, eta zapalkuntza ardatz ezberdinak gurutzatzen gaituztelako.

Ez da berdina emakume txuri, ekonomikoki autonomo eta heterosexual batek bizi dezakeen zapalkuntza esperientzia, edo emakume arrazializatu, migrante eta ekonomikoki arazoak duenarena, adibidez. “Horregatik”, borobildu du “garrantzitsua da tokian tokiko mugimendu feministak bere agenda politikoan egoera ezberdin hauei erantzuna eman ahal izateko ildoak jorratzea”.

Abiapuntu hori hartuta, zaharrak berri eta, esamoldea aldrebestua, berriak zahar gure eskualdean; Basauriren kasuan, emakume feminista zaharren taldea “gizartean ezarritakotik haratago zahartzaroa nola eraiki eta bizi pentsatzeko” sortu zuten, eta Zaratamon, aldiz, Ane, Izaro eta Miren gazteek aldarrikatu dute herri txikietan ardura handia dutela herritar guztiek, feminismoak aurrera egingo badu.

Zaharrak, gazteak, arrazalizatuak, migranteak… feminismo asko daude feminismoaren baitan, eta Izaskun Landaida ugaotarrak feminismoaren eremu instituzionala ezagutu eta aldarrikatzen du: “Egia da bidea dagoela egiteko baina aitortu behar da lan asko egin dela eta egiten ari dela esparru ezberdinetatik eta esparru ezberdinetan. Bestela atzera begiratu eta galdetu gure amama eta amei”.

Miren Beltran eta Ainhize Egiguren ama-alabak, ordea, egunerokotasunari lotu zatzaizkio, agerikoa dena agerian uzteko: “Herriko tabernetara joatean ikusten da nor dagoen traguak hartzen eta nor etxean bazkaria edo haurrak zaintzen”.

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia I Altxor bat

|

Nork, zer, noiz, non, zergatik. Horiek dira kazetari batek bere buruari luzatu behar dizkion oinarrizko galderak albiste bat lantzen ari denean. Onartuko dizuet hasiera-hasieratik ez dakidala zutabe honen abiapuntua den esaldia nork esan zuen, ezta irratiko tertulia goiztiar horietako batean entzun nuen, edo, baliteke, nahiz eta ezin dudan ziurtatu, eguerdiko telebista saio batean aditu izana, edo apika, zergatik ez, loa hartu aurretik jartzen dudan podcast batean.

Bost galdera horietatik, beraz, bi bakarrik erantzun ditzaket, eta erdizka. Argi dudan gauza bakarra asaldura eragin zidan esaldia da: “Osakidetza gure altxorra da”. Kezkaren zergatia? Musika ezaguna egiten zaidalako, hitz horien atzean ezkutatzen den zentzu sakon eta gordeaz sumatu dezakedala zer edo zer, euskalgintzan aldez edo moldez aritu garenok eskarmentu handia daukagulako halako baieztapenekin, Osakidetza hitzaren tokian euskara jarriz.

Euskara ere altxorra omen da, -herri aberatsa gurea, nondik begiratzen zaion-, gure hizkuntza mingain puntan inoiz ez darabilten askorentzat (hori modu disimulatu edo agerikoan kontra ari  ez direnean).Kontua da abenturazko elaberriren bat irakurri duen edonork jakin badakiela altxorrak normalean lurpean edo itsas hondoan ezkutatzen direla, eta esaerak dioen moduan, ez dela urregorria argi egiten duen guztia. Aurkituta ere, saria batentzat, edo gutxi batzuentzat izaten da, eta gutxi-asko beti ekartzen du poz bezainbesteko negar. Literaturaren historia adibidez beteta dago: Eraztunen Jauna, Atxorraren Uhartea, Montecristoko Kondea…

Fikziotik errealitatera salto eginez, Osakidetzak (berdin euskarak) ez du ez altxor bilatzailerik ez metal detektagailurik ez piratarik behar. Izan dadila, bai osasuna eta bai euskara, gailu, tresna, akuilu, eskubide ,eta gizarte hobe baterako abiapuntu. 

Osorik irakurri

Zutabeak

Iritzia | Bizitzaren zirkuluak

|

Pertsona bakoitzak bere bizitzan zirkulu desberdinak betetzen dituela uste dut. Gure bizitzari esanahia ematen dioten zirkuluak dira eta helburu baten bilaketa etengabean gaude zirkuluak betetzen. Zirkulu ikusezinak dira. Nik, adibidez, lagunak, aisialdia, lana, familia eta nire buruari eskaintzen diodan denbora zirkulutan banatzen ditut. Zirkulu horiek bakoitzaren esperientzien, hazkundearen eta eraldaketaren ziklo jarraitua dira. Zirkulu batzuk irekita daude eta irekita mantentzen dira luzaroan. Ez dute borobil itxi baten formarik. Borobilaren zirkunferentzia irekita dago eta denbora luzez egon daiteke itxi barik. Bakoitzak bere erronkak betetzean dituen heinean ixten dira.

GEURIAk datorren urtean 10 urte beteko ditu, eta hortaz, nik 10 urte beteko ditut GEURIAn lanean. Kazetaritza ikasketak amaitu eta berehala hasi nintzen bertan beharrean. Kazetaritza benetan zer den ikasi nuen duela 10 urte, eta oraindik ere ogibidea ikasten ari naiz.

Laneko zirkulu hori oraindik ez daukat itxita. Ikasketa prozesua amaigabea da eta erronkak beti azaltzen dira nire aurrean. Azken urtean zuzendari lanak eta kazetari lanak uztartzen aritu naiz GEURIAn eta irakurleek eta ikusleek ikusten ez duten lana zelan egiten den ikasi dut. Orain badakit beste gauza asko egiten komunikabidearen barruan. Eta azken urteko ikasketei esker, lanari dagokion nire zirkulua are gehiago handitu dut, baina oraindik zirkunferentzia guztiz itxi barik.

GEURIAren 100. alea da esku artean duzuna. Zenbaki borobila eta itxia, baina nire laneko borobila oraindik zabalik dago, erronka berrien bila.

Osorik irakurri