☉ Etxebarri
Langabezia-tasak %0,7 egin du behera Etxebarrin eta %10,2an kokatzen da
2017ari begira, %0,7 egin du behera langabezia-tasak: urtarrilean %10,9ko langabezia-indizearekin hasi zuen urtea eta abenduan %10,2ra jaitsi da (urteko txikiena).

Etxebarriko Udalak gaur bertan jakinarazi du zein den udalerriko langabezia-tasa. 2017ari begira, %0,7 egin du behera langabezia-tasak: urtarrilean %10,9ko langabezia-indizearekin hasi zuen urtea eta abenduan %10,2ra jaitsi da (urteko txikiena). Guztira, biztanleria aktibotik 595 pertsonek bukatu dute urtea enplegu barik.
Langabetu kopuru osotik, %45a 25 eta 44 urte bitartekoa da, %50a 45 urte baino gehiagokoa, eta %5ak 25 urte baino gutxiago ditu. Genero aldetik, langabetuen %41a gizonezkoa da eta %59a, berriz, emakumezkoa.

Etxebarriko, Bizkaiko eta Euskadiko 2017ko langabezia-indizeak // Etxebarriko Udala
Bizkaian 2017 urte bukaeran langabezia %13,3an izan da eta Euskadin, berriz, %12,1ean. Estatuari dagokionez, %16a baino handiagoa da langabezia-tasa Espainian. “Langabezia-tasa altua da estatu mailan gehien kezkatzen duen gaia. Etxebarri ez da salbuespena, datuak Bizkaiko eta Euskadiko batez bestekoarekin konparatuta hobeagoak diren arren. Arreta berezia jartzeaz gain, neurri bereziak hartu behar dira datu horiek eta langabezian aurkitzen diren pertsonen eta familien egoera hobetzeko“, diote udal ordezkariek.
Langabeziari aurre egiteko neurriak
Enpleguaren eta formazioaren garapenean eragiteko, Etxebarriko Udalak zenbait baliabide eskaintzen dizkie herritarrei. Alde batetik, Basauri-Etxebarri Behargintzaren bitartez, pertsonen enplegutasuna hobetzeko neurriak eskaini eta enpresen sustapena konbinatu: enplegurako prospekzio eta informazio-ekintzak garatzea, besteen kontura lan munduan-txertatzen laguntzea, autoenpleguari eta ekintzailetzari babesa, enpresen eraketa, enpresei lehiakortasunaren hobekuntzan zerbitzua ematea, toki-garapenean laguntzeko jarduerak burutzea eta langabetuei zuzendutako 2018ko Formazio planak osatzea.
Bestetik, Etxebarriko Udal Informatika Zentroa (CIME) erabil dezakete herritarrek. Enplegagarritasunaren hobekuntzari dagokionez, langabetuen kontratazioan eragiten duten bi jarduera burutzen dira bertan:
- Sei kontratu zuzen Lanbideren lankidetzarekin: Udalak Lanbideren lankidetzarekin 6 pertsona 3 proiektu konkretuetarako kontratatu ditu: Brigada lan-taldea (2 pertsona), artxibategi-dinamizatzailea (1) eta udal planen 3 kudeatzaile (bizikidetza, komunikazio plana eta merkataritza/enpresa).
- Klausula sozialak lan-kontratuetan: enpresak langabezian dauden pertsonak kontratatzera behartzen dituzten klausulak.
☉ Etxebarri
Haurren ongizatea eta babesa sustatzeko kanpaina berria martxan jarriko du Tratu On Etxebarrik
Haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea, emozioen kudeaketa, edota desprotektzio-zantzuak antzematea bezalako gakoak zabalduko dituzte hainbat euskarritan

Tratu On Etxebarri batzordeak, udalerriko gizarte-erakunde, elkarte kultural, kirol-klub eta aisialdiko taldeekin elkarlanean, kanpaina berri bat martxan jarriko dute haurren ongizatea eta babesa sustatzeko.
Datozen hilabeteetan zehar, hamabostero mezuak zabalduko dituzte hainbat euskarritan, familiei, hezitzaileei, monitoreei eta entrenatzaileei, eta erreferente diren pertsona helduei zuzenduta.
Gako bakoitzak eguneroko bizitzako alderdi garrantzitsuak jorratuko ditu, besteak beste: haur eta nerabeen entzute aktiboa eta parte-hartzea; mugen eta emozioen kudeaketa errespetuzkoa; maitasunean eta enpatian oinarritutako laguntza hezitzailea; desprotektzio-zantzuak antzeman eta jarduteko beharra; eta komunitate osoaren erantzukidetasuna, haurren eskubideak bermatzeko bidean.
☉ Etxebarri
Euskara Batzordea berriro aktibatu nahi dute Etxebarrin, urtean zehar ekintzak egiteko
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hamaika ekintza antolatu dituzte azaroaren 27tik abenduaren 7ra bitartean. Gainera, Euskara Batzordea berraktibatzeari ekin diote herrian

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, eta herritarren kezkei eta zalantzei erantzuteko Euskara Batzordea berriro aktibatzea erabaki dute Etxebarrin.
Asmoa da talde bat eratzea eta “aldian-aldian” elkartzea eta euskararen inguruan hausnarketa egitea. “Horrez gain, urtean zehar euskaraz ekimenak antolatzeko berraktibatu nahi dugu batzordea, ez dadin bakarrik mugatu Euskararen Nazioarteko Egunera, baizik eta urtean zehar ere”, adierazi diote GEURIAri batzordeko kideek.
“Zergatik kaleetan euskara horren gutxi entzuten dugun hausnarketa mahai gainean jarri nahi dugu, eta euskararen postureotik euskararen erabilerara jauzia egiteko formula batzuen bila ere aritu nahi dugu ekimen berraktibatze honekin”, diote.
Era berean, herrian antolatzen diren jardueretan hizkuntza irizpideen faltari irtenbidea eman nahi dio Euskara Batzordeak: “Arlo horretan ere lan egin nahiko genuke”.
Herrian deialdia egingo dute Euskara Batzordean parte hartu nahi duten kide berriak erakartzeko: “Ahots berriak entzun eta aurpegi berriak ikusi nahi ditugu batzorde berritu honetan”.
☉ Etxebarri
Umorezko bakarrizketa, Mintzodromoa eta lehiaketak antolatu dituzte Etxebarrin, Euskararen Eguneko programazioan

Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna. Eta, egun horren testuinguruan, Etxebarrin hainbat jarduera antolatu dituzte Etxebarriko Institutuak, Tarrastak, Etxebarriko Euskaltegiak, Kukullaga ikastetxeak, Talka Gazteguneak eta Etxebarriko Udalak abenduaren 7ra bitartean.
Euskararen Egunean bertan, abenduaren 3an, Etxebarri Txiki Jaia antolatuko dute frontoian (10:00) Kukullagako ikasleentzat, eta arratsaldean, 18:30ean, Manex Astigarragaren umorezko bakarrizketa izango da Talkan, helduei zuzenduta.
Tarrastak Egunean Behin jokoa eta bertso txapelketa prestatuko ditu azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitartean.
Institutuan, Euskaltegian eta Kukullaga ikastetxeetan ere hamaika ekintza antolatu dituzte: mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoan Institutuan; Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcast bat Euskaltegian; eta herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia Kukullaga ikastetxean.
Etxebarri | Euskararen Eguna 2025
Azaroal 24-Abenduak 3
‘Euskaraz Bizi Nahi Dut’ kanpaina eta banderak saltzea Euskara Zerbitzuan (Cime)
Abenduak 3, asteazkena
Etxebarri Txiki Jaia: antzerkia (ikasleentzat)
10:00 Frontoia
Umorezko bakarrizketa: Manex Astigarraga, ‘Margolari’ (helduentzat)
18:30 Talka
—
Egunean Behin jokoa eta Bertso txapelketa
Tarrasta
Mintzodromoa, euskal dantzak, musika emanaldia eta aisialdirako jokoak
Etxebarri BHI
Mihiluze lehiaketa, Hitzpasa jokoak eta podcasta
Euskaltegia
Herri kirolen ginkana eta bertso emanaldia
Kukullaga ikastetxea
Abenduak 7, igandea
Zineforuma: ‘Aupa Etxebeste!’
17:30 Talka
☉ Etxebarri
Palestinako errealitatea ezagutzeko bertako bi herritarren hitzaldia antolatu dute Etxebarrin

Palestinako errealitatea ezagutarazteko eta herritarrei hurbiltzeko topaketa antolatu du Etxebarriko Udalak azaroaren 27an, ostegunez.
Afaf Alnajjar eta Mohammad Farajallah palestinarrak izango dira hizlarietako bi: Alnajjar Palestinatik etorri berri den emakumea da, eta Farajallah aspalditik Bizkaian bizi den palestinarra da. Besteak beste, egokitze-prozesua eta jatorrizko komunitatearekin dituzten loturak azalduko dituzte.
Ez dira, ordea, hizlari bakarrak izango: Bea Berzosa Zugaztietako eskolako zuzendaria da eta bere ikasleekin garatutako hezkuntza-proiektua aurkeztuko du.
Familia palestinar batekin egindako bideo-dei baten inguruko proiektua azalduko du, eta familia horren historian oinarritutako liburu bat sortu du.
“Bere esku-hartzeak erakutsiko du Bizkaitik ere posible dela beste errealitate batzuetan laguntzea, ikastea eta horiekin elkartasunean jardutea”, diote udal ordezkariek.
Topaketa azaroaren 27an, ostegunez, izango da Kultur Etxean, 19:30ean (gazteleraz). Sarrera librea izango da lekua bete arte.
Ekimen honekin, Etxebarriko Udalak giza eskubideekin duen konpromisoa indartzen du, elkarrizketarako, hausnarketarako eta entzute aktiborako gune bat eskainiz.
☉ Etxebarri
Goma gaineko Bizkaiko txapelketa jokatuko da Etxebarrin azaroaren 29an

Bizkaiko Goma gaineko Sokatira txapelketa jokatuko da azaroaren 29an Etxebarrin.
Frontoian izango da 18:30ean eta gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak lehiatuko dira.
Abadiño, Gaztedi, Goiherri eta Forua taldeak dira lehiatuko direnak, 8×8 mistoa 580 kiloko kategorian.
Herri Kirol Federazioak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.







