☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Familien Txakurkrosak hasiera eman dio Ausartak Mendi Lasterketari
Mendikosolo parkeak 100 lagun baino gehiago bildu ditu gaurko goiz hotzean Trail Herrikoia eta Haurren txakurkros lasterketez gozatzeko
Heldu da asteburua. Arrigorriagako Mendi Lasterketako lehen eguna gaur bertan hasi da 2ºCko tenperaturarekin eta -1ºCko sentsazio termikoarekin, Mendikosolo parkean.
GEURIA Trail Herrikoia eta Haurrentzako Txakurkros probetan izan da eta bertan 100 lagun baino gehiago bildu dira. Era askotako kirolariak izan ditugu Mendikosolobarrena parkean eta haurrentzako proban 15 familiek hartu dute parte. Horietako batzuekin izan gara.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Clown eta Pailazoen Nazioarteko jaialdiaren bigarren egunak algara eta hausnarketa uztartu ditu
Porrotx, Marimotots eta euren lagun guztiak “Ez gara jaitsiko” izeneko ikuskizunarekin ibili dira goizean, eta Oyun malabarista berritzailea arratsaldean
Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXIX. Jaialdiak Arrigorriagako kaleak bete ditu beste urtebetez. Bigarren egun honetan, Porrotx, Marimotots eta euren lagun guztiak “Ez gara jaitsiko” izeneko ikuskizunarekin heldu dira kantxa urdinera.
Abentura berri honen abiapuntua honako hau da: “Marimotots zuhaitz baten adaburura igo da, han goitik lurra hobeto ikusteko. Pirritxek eta Porrotxek atzetik jarraituko diote. Eta zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara helduko dira”.
Lurra zaintzearen eta maitatzearen beharra, munduko toki ezberdinetan joan etorria… planeta puntarik punta ezagutzeko aukera paregabea izan da!
Arratsaldean, aldiz, eta eguraldiak behartuta, kantxa urdinean egin dira ikuskizun guztiak, eta Oyun izenekoan egon da GEURIA. Bere sortzaileek adierazi dutenaren arabera, “Oyun izeneko lanean (turkiarrez jokoa), dena eltzeen eta eguneroko beste elementu batzuen inguruan dabil, eta, orekan dagoen tresna bat eraikitzen doan heinean, malabaristak espazioa sortzen du, airea marrazten du eta, batez ere, grabitateari aurre egiten dio”.
EZ GARA JAITSIKO – PORROTX ETA MARIMOTOTS
OYUN
☉ Arrigorriaga
Zabaldu dute Arrigorriagako bidegorria hobetu eta birmoldatzeko eskaintzak aurkezteko epea
Hobekuntzez gain, Arrigorriagaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea aurreikusten du proiektuak, Ugaora bidean
“Arrigorriagako Udalak udal bidegorria hobetu eta birmoldatzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bidegorriarekin lotzeko proiektua burutuko du”, hori esanez zabaldu dute Arrigorriagako Udaletik udalerriko bidegorria hobetu eta birmoldatzeko eskaintzak aurkezteko epea, eta enpresek maiatzaren 27ra arte aurkeztu ahal dituzte proposamenak.
Herrigunetik igaro den bidegorri hainbat zatik hobekuntzak behar dituztela kexatu dira auzotarrak. Udal ordezkarien arabera konponketa horiek “zehazki, Basauriko bidegorriarekiko loturatik Ugertza parkean dagoen eta Martiartu auzora doan zubiaz bestalderaino” egingo dituzte.
Arrigorriagak 366.696 euro bideratuko ditu proiektu honetara Herriak Egiten funtsen bidez emandako transferentziak aprobetxatuz eta jarduketen artean bizikletentzako eta oinezkoentzako bide bereiziak eraikitzea, seinale bertikalak eta horizontalak jartzea, barandak jartzea eta zoladura-lanak egitea aurreikusi dute Udaletik.
Ugaorantz zabalduz
2022an Arrigorriagako erdigunea Martiartu industrialgunearekin lotzen duen bidegorri zatia inauguratu zuten. Horrela, Arrigorriaga eta Ugao lotzeko lehen urratsa eman zuten. Proiektu honen helburu nagusia industrialdeetarako mugikortasun-alternatiba bidea sortzea dela azpimarratu dute (aisialdirako alternatiba izateaz gainera), baina ez hori bakarrik: gainera, proiektuak aurreikusten du Udalaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea, Ugaorantz.
Proiektuak aurreikusten du Udalaren bidegorri hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Bidegorriarekin lotzea, Ugaorantz
“Gure helburua mugikortasun jasangarria indartzen jarraitzea da”, azaldu du David Cidre Hirigintza, Auzoak eta Etxebizitzako ziengotziak.”Proiektu honen bidez, oinezkoen eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzea eta bideragarri eta seguru bihurtzea da helburua”.
☉ Arrigorriaga
Bertsolaritzako eskolarteko eta taldekakoen finalak jokatuko dituzte Arrigorriagan
Final handia maiatzaren 25ean antolatu dute Arrigorriagako Elizondo tabernan
Maiatzaren 25ean Oinak buruan eskolartekoaren eta Bizkaiko taldekakoen finalak antolatu dituzte Arrigorriagan Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen elkarteak, Eusko Jaurlaritza, Elkar eta Arrigorriagako Udalaren babesarekin.
10:00etatik 22:00ak arte prestatu dituzte finalaurreko eta final guztiak. “Arratsaldean zehar hiru taldez osatutako hiru finalaurreko jokatuko dira, eta saio bakoitzeko irabazlea gauean jokatuko den finalera sailkatuko da”, azaldu dute Bizkaiko Bertsozale Elkartetik.
Bazkaria ere egingo dute eta bertan parte hartu nahi dutenek esteka honen bidez eskuratu ahalko ditu txartelak.
Programa | Finalak 2024
Maiatzak 25, larunbata
10:00 Bizkaiko eskolarteko idatzizko finala
11:30 Bizkaiko eskolarteko bat-bateko finala
14:30 Bazkaria
16:00 1. Finalaurrekoa, Arrigorriagako eskola
17:30 2. Finalaurrekoa, kalean
19:00 3. Finalaurrekoa, kalean
22:00 Finala, Elizondo jatetxea
☉ Arrigorriaga
Nerea Lupardo arrigorriagarrak Euskalduna jauregiko zuzendari izateari utziko dio
Arrigorriagarraren Kargu-uztea datorren astean iragarriko dute administrazio batzordean
Lau urteko zuzendaritza lanak eta iazko jarduera ekonomikoan diru-sarreren marka hautsi ostean (zortzi milioi euroko diru-sarrerak eta 100etik gorako eragin ekonomikoa lurralde osoan), Nerea Lupardo Atutxa arrigorriagarrak Bilboko Euskalduna jauregiko zuzendaria izateari utziko dio datorren astean. Kargu-uztea datorren astean iragarriko dute admninistrazio batzordean.
Euskaldunako karguari heldu baino lehen, Lupardo Euskaltel enpresako Erakundeekiko harremanetarako zuzendaria izan zen 22 urtez (1997-2019), Arrigorriagako EAJko zinegotzia eta baita Bizkaiko legebiltzarkidea ere (1994-1996). 2021ean Bilboko Euskalduna jauregiko zuzendari kargurako hautatu zuten, gaur egun EiTBko zuzendari orokorra den Andoni Aldekoa ordezkatuz (2017-2020). Aldekoaren aurretik Jon Ortuzar izan zen jauregiko zuzendaria (1999-2017). Koronabirusak eragindako garaiak ziren Lupardok kargu berria hasi zuenean eta egoera horri aurre egin zion arrigorriagarrak zuzendari berri lez.
Lupardoren ondorengoen hautagaien artean Iñigo Iturrate EAJko parlamentaria dago, hiru hamarkada kargu publikoetan lan egiten egon ostean, Bizkaiko Batzar Nagusietan, besteak beste. Zuzendari berriaren izena Nerea Lupardoren kargu-uztea iragarriko duten ekitaldi berean emango dute jakitera.
Nerea Arrigorriagan jaio zen 1968an eta Zuzenbidean lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Bere ibilbide profesionala Euskaltel enpresarekin lotuta egon da, baina IZAITEko (Iraunkortasunaren aldeko Euskal Enpresen Elkartea) presidente ere izandakoa da (2014-2019), baita Kursaal Eszenako presidentea ere (2001-2019), erakunde eta entitate pribatuekin txandakatuta betiere.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Ilargikoak motozaleek 10. urteurrena ospatuko dute Ollarganen, larunbatean
Bazkaria, moto-jolasak, ibilbidea eta kontzertuak antolatu dituzte maiatzaren 11n, Ollarganen
Maiatzaren 11n, eskualdeko motozaleek hitzordua dute Ollarganeko parkean, Abusuko Ilargikoak motozaleek 10. urteurrena ospatuko dutelako bertan. 10:00etatik 20:30ak arte jardueraz betetako programa izango dute 10:00etatik aurrera. Prestatutako jarduera guztien artean 11:00etan hasiko den moto ibilbidea ageri da.
Jardueran parte hartzeko prezioa 15 eurokoa da. Horren truke ongi etorri-kafea, bazkaria, oparia eta zozketa batean parte hartzeko txartela izango du motozale bakoitzak.
Programa | Ilargikoak X. urteurrena
Maiatzak 11, larunbata
10:00 Izen emateak zabalik.
11:00 Moto ibilbidearen hasiera Ollargan parkea
14:00 Moto ibilbidearen amaiera, Ollargan parkea
15:00 Parte-hartzaileen bazkaria
16:30 Kontzertua: Hambre
17:30 Moto jolasak
18:30 Musika saioa: Freyky DJ
20:00 Parte-hartzaileentzako zozketa
20:30 Musika saioa: Freyky DJ