☉ Etxebarri
Ariane Ochoa etxebarritarrak bigarren postua eskuratu du Rip Curl Pro Anglet 2022 surf txapelketan
Joan den abuztuaren 27an Chambre d’Amour, Anglet, Nouvelle-Aquitainen jokatutako emakumezkoen Rip Curl Pro Anglet WQS 3.000 surf txapelketan bigarren postua eskuratu du Ariane Ochoak (Etxebarri, 1998)

Joan den abuztuaren 27an Chambre d’Amour, Anglet, Nouvelle-Aquitainen jokatutako emakumezkoen Rip Curl Pro Anglet WQS 3.000 surf txapelketan bigarren postua eskuratu du Ariane Ochoak (Etxebarri, 1998): “Poz-pozik nago podiumera itzuli eta txapelketa osoaz gozatzeaz”, azaldu du txapelketako finalean 9.24 puntu eskuratu dituen etxebarritarrak: “Txapelketa bikaina izan da lehiakortasuna eta estrategiari dagokionez”, azaldu dio GEURIA komunikabideari. “WQS 3.000 batean podiuma egitea seinale zoragarria da beti”.
Itsasoa “geldituta” egon dela azaldu digu kirolariak eta etxebarritarraren arabera horrek ez dizkie aukera handirik eman txapelketan parte hartu duten kirolariei behar bezala aritzeko. Arianeren aurretik Yolanda Hopkins portugaldarra egon da, edozein motako olatura moldatzeko gaitasuna duen kirolaria. “Oso aktiboa da Yolanda eta momentu ezinhobea bizitzen ari da”, aitortu du Arianek. “Bosgarren postua eskuratu zuen azken olinpiadetan eta behin baino gehiagotan lehiatu dugu elkarrekin”.
Arianek, ostera olatuen artean aukeraketa egin behar izan du, txandako denborak aurrera egiten zuela ikusten zuen heinean: “Normalean ez dut itxarotea gustuko, baina txapelketa honetako finalean aukeraketa egitea garrantzitsua da niretzat”. Etxebarritarraren hitzetan, “Hopkins aktiboagoa ibili zen olatuak hartzen” eta Arianeren gustuko olatua heldu zaionean portugaldarrrak izan zuen lehentasuna.
Horrela, Hopkinsek 3.17 eta 6.17ko olatuei aurre egin dion bitartean, etxebarritarraren erantzuna 3.50 eta 2.20ko olatuekin izan da. Txandaren amaierarako bost minutu falta zirela, 3.87ko puntuazioa eskuratu du markagailuan distantzia laburtuz eta 3.53 eta 5.37ko emaitzak lortu ditu jarraian, baina portugaldarrari aurre hartzea ezinezkoa egin zaio.

Ariane Ochoa (gorriz) eta Yolanda Hopkins (urdinez), podiumean // Damien Poullenot
“Oso paretsua izan da finala eta poz-pozik nago lortutako emaitzarekin, lehen postua eskuratu ez dudan arren”, aitortu digu Ochoak. Yolanda Hopkinsek 5.150 puntu eskuratu ditu txapelketan guztira eta Arianek 3.490.
Rip Curl Pro Anglet Women’s 2022ko finalaurrekoen emaitzak
Lehen txanda: Ariane Ochoa (EUK) 11.00, Anat Lelior (ISR) 7.03
Bigarren txanda: Yolanda Hopkins (POR) 9.80, Tessa Thyssen (FRA) 6.90
Rip Curl Pro Anglet 2022ko finaleko emaitzak
Lehen txanda: Yolanda Hopkins (POR) 11.17, Ariane Ochoa (EUK) 9.24
Europe – 2022/2023 Women’s Qualifying Series Rankingseko sailkapen orokorra
1 – Yolanda Hopkins (POR) 5.150 pts
2 – Ariane Ochoa (EUK) 3.490 pts
3 – Francisca Veselko (POR) 2.740 pts
4 – Camilla Kemp (GER) 2.473 pts
5 – Carolina Mendes (POR) 2.423 pts
6 – Janire Gonzalez Etxabarri (EUK) 2.391 pts
7 – Tessa Thyssen (FRA) 2.325 pts
8 – Mafalda Lopes (POR) 2.273 pts
9 – Alys Barton (UK) 2.096 pts
10 – Pauline Ado (FRA) 2.095 pts
11 – Lucia Machado (Canary Islands) 1.973
☉ Etxebarri
Eder Lozano Heras: “Gure helburua da umeek 112ra deitzen ikastea eta larrialdi-zerbitzuak heldu aurretik zer egin behar duten jakitea”
Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea da Etxebarriko Kukullaga ikastetxean eta bertara hurbildu gara gaur goizean!

Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astean murgildurik daude Kukullaga ikastetxeko ikasleak. Gaur, esaterako, Euskadiko Osasun Larrialdietako Teknikarien Elkarte Profesionaleko (EusTES), Gurutze Gorriko, Osakidetzako Larrialdietako, Udaltzaingoko, Ertzaintzako eta Suhiltzaileetako teknikari eta langileak izan dira prestakuntza ematen Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei.
Eder Lozano Heras osasun-larrialdietako teknikaria da (OLT) eta gaur bertan Kukullaga ikastetxean egin dutena azaldu digu: “Gure helburua da umeek 112ra deitzen ikastea eta larrialdi-zerbitzuak heldu aurretik zer egin behar duten jakitea”.
Besteak beste, Bihotz-biriketako Bizkortzea eta Heimlichen maniobrak zelan egin, eta sute baten aurrean zer egin ikasi dute ikasleek. Gainera, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren lana eta Gurutze Gorriko eta ZIU mugikorreko anbulantzietan zer dagoen ikusi dute.
☉ Etxebarri
Lehen sorospenei buruzko ikastaroa jasoko dute Etxebarriko Kukullagako ikasleek
Bihotz-birikak bizkortzeko maniobrak eta desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzea ikasteaz gain, bide-segurtasuna edo indarkeria adibideak identifikatzea ikasiko dute Lehen Hezkuntzako ikasleek

Kukullaga ikastetxeko ikasleak Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea izango dute gaurtik ostiralera bitartean. Besteak beste, bihotz-birikak bizkortzeko maniobrak eta desfibriladore erdiautomatikoak erabiltzea ikasteaz gain, bide-segurtasuna edo indarkeria adibideak identifikatzea ikasiko dute Lehen Hezkuntzako ikasleek.
Egunero gai jakin bati buruzko ikastaroa jasoko dute eta tailerrak Euskadiko Osasun Larrialdietako Teknikarien Elkarte Profesionaleko (EusTES), Gazteen Gurutze Gorriko, Osakidetzako, Udaltzaingoko, Ertzaintzako, Suhiltzaileetako, Etxebarriko TratuOn proiektuko eta Tarrasta Gazteguneko ordezkariek eskainiko dituzte.
Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea urtero antolatzen dute ikastetxearen eta ikasleen balorazio onen ostean, bide-segurtasuna, haurren tratu ona, larrialdiak eta osasuna bezalako gaietan hezteko.
“Etxebarriko Udalak ikasleak txikitatik prebentzioaren eta segurtasunaren arloan lantzearen eta prestatzearen aldeko apustua egiten du, komunitate osoaren bizitza eta ongizatea babestuko dituzten ohiturak sustatzeko”, diote udal ordezkariek.
Etxebarri | Prebentzioaren eta Segurtasunaren Astea
Urtarrilak 12, astelehena
‘Indarkeria identifikatzea gustatzen zaidanetik eta gustatzen ez zaidanetik’ prestakuntza Etxebarriko TratuOn proiektuaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleentzat
‘Bide-hezkuntza eta istripuetako hasierako arreta’ prestakuntza EusTES, Gazteen Gurutze Gorria era Udaltzaingoaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleentzat
Urtarrilak 13, asteartea
‘112 eta Babes Zibila’ prestakuntza Osakdetzaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleentzat
Urtarrilak 14, asteazkena
‘Bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) eta desfibriladore erdiautomatikoaren (KDEA) erabilera’ prestakuntza EusTESen eskutik
Lehen Mailako 5. mailako ikasleentzat
Urtarrilak 15, osteguna
‘Etxeko arrikuak era larrialdi-zerbitzuek zer egiten duten jakiteko’ prestakuntza EusTES, Gurutze Gorria, Osakidetza, Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaileak, Udaltzaingoa eta Ertzaintzaren eskutik
Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleentzat
Urtarrilak 15-16
‘Idarkeria adibideen bidez identifikatzea’ prestakuntza Tarrasta Gaztegunearen eskutik
Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat
☉ Etxebarri
‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria berritu du Etxebarriko Udalak

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak ‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria 17 udali berritzeko ebazpena argitaratu du. Tartean, Etxebarriko Udalari.
“Aitorpen hori bereizgarri bat baino askoz gehiago da: berresten du Etxebarriko Udalak hasi duen bidea — berrikuntzan, jasangarritasunean, parte-hartzean eta eraginkortasunean oinarritua — fruituak ematen ari dela. Etengabeko lana islatzen du, beti helburu argi batekin: Etxebarriko herritar guztien bizi-kalitatea hobetzea”, diote udal ordezkariek.
‘Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria’ saria jaso duten hiri guztiak Innpulso Sarearen parte dira. Sare hori tamaina guztietako 109 hirik osatutako topagune bat da, iraunkortasun ekonomikoarekin eta berrikuntzarekin nolabait konprometituta daudenak. Sare horretan, udalerriek esperientziak eta proiektuak partekatzeko aukera dute, udalen arteko lankidetza sustatuz eta beste udalerri batzuetatik ikasteko aukerak sortuz.
☉ Etxebarri
Istripu baten ondorioz N-634 errepidea itxi dute Etxebarrin, Bilborako norantzan

9:00ak aldera ibigailu baten eta anbulantzia baten arteko trafiko istripua gertatu da N-634 errepidean, 105. kilometro-puntuan, Etxebarri parean. Ezbeharraren ondorioz, bidea erabat itxi behar izan dute Bilborako norantzan, eta horrek auto-ilarak eta eragozpenak sortu ditu inguruko sarbideetan.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larrialdi zerbitzuak bertan ari dira lanean ezbeharra kudeatzeko, eta hiru zauritu daude. Une honetan, trafikoa bideratzen ari dira eta gidariei arretaz ibiltzeko edo ordezko bideak erabiltzeko gomendioa luzatu diete.
☉ Etxebarri
Argazkiak | Aterki azpian ongi etorria eman diete Olentzerori eta Mari Domingiri Etxebarrin

Abenduak 24 dituen honetan Olentzero eta Mari Domingi sartuko dira gure etxeetan opariak banatzera. Baina lanean hasi aurretik, harrera egin diete goizean Etxebarrin. Euripean, Zintururi plazatik kalejira egin dute Etxebarriko frontoiraino. Bertan izan gara!


























