Sareak

☉ Galdakao

Argazkigintza Txokoa espazio irekia zabaldu dute Galdakaon

Prestakuntza ikastaroak, dibulgazio hitzaldiak eta solasaldiak, eta erakusketak antolatuko dituzte Argazkigintza Txokoan

|

Argazkigintza Txokoa Zamakoa kaleko 21. zenbakian dago // Argazkia: Galdakaoko Udala

Zabaldu dute Galdakaon Argazkigintza Txokoa espazioa. Argazkigintza sustatzeko udal gunea da eta bertan, Clik eta Clik Galdakaoko Argazkilaritza Elkarteak orain arte Torrezabal Kultur Etxean egiten zuen jarduera garatuko du.

Zamakoa kaleko 21. zenbakian dago Argazkigintzaren Txokoa, eta asteazkenetan eta ostegunetan egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara.

Click eta Click elkarteak bere jarduera bertan garatuko du baina beste elkarte eta herritarrek ere erabili ahal izango dute argazkigintzarekin lotutako proiektuak garatzeko.

“Espazio irekia eta dinamikoa da, eta argazkigintzaren munduari hainbat alderditatik helduko dio”, dio Santi Amillano Click eta Click elkarteko presidenteak.

Zehazki, maila guztietarako prestakuntza ikastaroak, dibulgazio hitzaldiak eta solasaldiak, eta bazkideen eta egile gonbidatuen aldizkako erakusketak antolatuko dituzte Argazkigintxa Txokoan.

Era berean, Galdakaoko argazki artxiboen funts bat sortuko dute, baita Clik eta Cliken liburutegia partekatzeko gunea ere.

Uda ostean aurkeztuko du Click eta Click elkarteak 2025-26 ikasturterako proposamena.

Herritarrek eskatuta

2023-2024ko aurrekontu parte hartzaileen prozesuan proposatu zuen herritar talde batek Argazkigintza Txokoa zabaltzea eta bozketan onartuetako bat izan zen.

Udalak aurrekontu parte hartzaileetako 18.000 euro bideratu ditu hurrengo urteetako alokairua ordaintzeko.

“Garrantzitsua da argazkigintza mimoz eta beste begirada batekin lantzen duten pertsonek eta elkarteek beren lana erakusteko lokal bat izatea eta haien ezagutza herriarekin partekatzea”, adierazi zuen Edurne Espilla Kultura arloko zinegotziak maiatzaren 27an Argazkigintza Txokoaren inaugurazioan.

Iñigo Hernando alkatea ere inaugurazio ekitaldian izan zen eta zera esan zuen: “Galdakaok duen elkarte sarea oso indartsua da eta horrelako ekimenekin hori bizirik mantentzen jarraitu behar dugu; horrek egiten du herria”.

☉ Galdakao

Karmele Gorroño ilustratzaile galdakoztarrak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ‘Irri berri’ ipuinean hartu du parte

Bullyingari aurre egin eta prebenitzeko ipuina da eta ilustrazioak Karmele Gorroño galdakoztarrak egin ditu. Durangoko Azokan egongo da salgai

|

Karmele Gorroño, Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx'en ondoan // Argazkia: Katxiporreta

Karmele Gorroño ilustratzaile galdakoztarrak Katxiporretako pailazoen lan berrian hartu du parte.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ‘Irri berri’ ipuin musikatua kaleratu zuten azaroaren 24an eta bertan Karmeleren ilustrazioak ageri dira.

Jazarpenari edo bullyingari aurre egin eta prebenitzeko ipuina da, eta abestia eta material pedagogiko gehigarria ditu.

Gorroñorekin batera ‘Irri berri’ proiektuan lanean aritu dira: Irati Galardi Adore, Nerea Loiola idazlea eta Xabier Zabala musikaria.

Durangoko Azokan salgai egongo da ‘Irri berri’ Pirritx, Porrotx eta Marimototsen standean.

Ez da lehen aldiz Gorroñok, Irrimarra ezinenarekin, Katxiporretarekin elkarlanean aritzen dena. Besteak beste, ‘Zerua lapurtu digute’ eta ‘Euskal Hirria margotu eta kantatu’ ipuinetan ere kolaboratu du ilustratzaile galdakoztarrak.

Aipatzearren, Karmele Gorroño GEURIAko lantaldearen barruan dago: berak egiten ditu kontrazaleko ilustrazioak 2022tik.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Musika, Lekittoko Deabruak eta Mintzodromoa antolatu dituzte Galdakaon, Euskararen Nazioarteko Eguneko egitarauan

Gainera, iaz bezala, Tabernetan Euskaraz egitasmoa martxan jarriko dute, “bezeroak eta langileak elkarrekin euskaraz aritzera animatzeko”

|

Mintzodromoa antolatu dute abenduaren 4an Galdakaon: berbalagunek, bi euskaltegietako eta ikastetxeetako ikasleek eta herritarrek hartuko dute parte // Geuria, Artxiboa

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da eta Galdakaon hainbat jarduera antolatu dituzte. Besteak beste, kontzertuak, Lekittoko Deabruak taldearen ikuskizuna eta Mintzodromoa.

Era berean, aurten, iaz bezala, Tabernetan Euskaraz egitasmoa martxan jarriko dute herrian, “bezeroak eta langileak elkarrekin euskaraz aritzera animatzeko, euskaraz gutxi dakitenek barne”, diote udal ordezkariek.

Asteazkenean bertan parte hartzen duten tabernek pintxoak oparituko dizkiete ekimenean jarduten duten herritarrei. Gertutasuna Elkartearekin elkarlanean antolatu dute ekintza.

Halaber, abenduaren 3an eta 4an Galdakaoko Udalak 2026ko egutegia ere banatuko du, ‘Kirolean euskaraz’ programako kirol taldeekin elkarlanean egin dena.

Galdakao | Euskararen Nazioarteko Eguna 2025

Abenduak 3, asteazkena
17:00-18:30 Jokai Sormen Jolasak era Liburutegi Ibiltaria Urretan
18:30 Maximo Moreno Musika Eskolako ikasleen kalejira Urreta auzoan
18:30 Lekittoko Deabruak Urretan
19:15 Kontzertua Liburutegi Ibiltarian: Onintze Garcia eta Jokin de la Calle (Seiren taldea)
19:15 Gaztaina jana Liburutegi Ibiltarian

Abenduak 4, osteguna
10:30 Mintzodromoa Kurtzeko frontoian

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Adiskide klubeko Gaizka Carregal eta Amaia Alday pilotariek Nazioen Liga irabazi dute

Euskal selekzioarekin jokatu dute Adiskide klubeko bi pilotariek: Carregalek eskuz banakakoan zintzilikatu du urrezkoa eta Aldayk binakakoan

|

Euskal selekzioarekin jokatu dute Carregalek eta Aldayk // Utzitakoa

Euskal Pilotako Nazioen Liga jokatu da azaroaren 23tik 30era bitartean Bilbon eta Barakaldon.

Mundu osoko pilotariek hartu dute parte txapelketan (Euskadi, Espainia, Frantzia, Mexiko, Txile, Estatu Batuak, Argentina, Kuba, Bolivia, Portugal). Tartean, Gaizka Carregal Aldanondo galdakoztarrak.

Eta, lan bikaina egin du pilotari galdakoztarrak. Izan ere, txapeldun da eskuz banakakoan eta urrezko domina zintzilikatu du.

Gizonezkoen eskuz banakakoan jokatu du Carregalek. Euskal selekzioarekin jokatu du eta taldekide izan du Eñaut Lizeaga Otaño. Biek jokatu dute txapelketa, tarteka, eta biek jantzi dute urrezkoa.

Finalean Espainiaren aurka jokatu du Euskal selekzioak eta partida hiru setetan jokatuta, 2-1 irabazi dute.

Bestetik, Amaia Alday Goncalvesek emakumezkoen eskuz binakakoan aritu da txapelketan, eta hark ere urrezko domina irabazi du, Naroa Agirre Azpeitiarekin batera.

Mexikoren aurka lehiatu dira binakakoan eta 2-0 irabazi dute. Olatz Arrizabalaga Munduate eta Enara Gaminde Sertutxa pilotariak ordezko bezala jokatu dute binakakoan eta eurek ere zintzilikatu dute urrezko domina.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Euskal dantzak, erromeriak eta tradizioak protagonista, Galdakaoko azaroko Barikupasan

|

Larraitz Artetxe Arrien galdakoztarrak eta Aiko Dantza Taldeko kideak gidatuko du tailerra // Aiko

Urteko azken Barikupasa antolatuko dute gaur, azaroak 28, Galdakaon. Jolasteaz gain, ekimenaren helburua da familietan euskararen erabilera handitzea, eta oraingo honetan, euskal dantzak, erromeriak eta tradizioak izango dira protagonista.

Larraitz Artetxe Arrien galdakoztarrak eta Aiko Dantza Taldeko kideak gidatuko du tailerra, 17:15ean Urreta ikastetxeko arkupeetan.

“Azaroko Barikupasak modu ludiko eta hezitzailean hurbilduko ditu gazteak euskal dantza eta erritualen mundura. Era horretan, Galdakaoko Udalak euskal ondare kulturala sustatzeko konpromisoa berresten du, dantza tradizionalak herritarren eguneroko bizitzara hurbilduz eta helduen zein gazteen parte hartze aktiboaren bidez euskal ohituren etorkizuna bermatuz”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Palestina, Irlanda, Kurdistan, Italia, Gales eta Euskal Herriko musikariek kontzertua emango dute Galdakaon

‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ egitasmoaren barruan, kontzertua antolatu dute Torrezabalen. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena jaso behar da

|

Musika eta kultura desberdinen topaleku izango da Galdakao azaroaren 28an. ‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ lelopean, Palestinako, Irlandako, Kurdistango, Italiako, Galesko eta Euskal Herriko musikariek oholtza partekatuko dute Torrezabalen.

Kontzertua doakoa izango da, baina interesa dutenek gonbidapenak jaso behar dituzte Torrezabalen, leihatilan zein online.

Emanaldian honako musikariek hartuko dute parte: Roisin El Cherif eta Nora Casey (Palestina-Irlanda); James Kennedy (Gales); Seyidxan Sevinç eta Roberto Awanari (Kurdistan-Euskal Herria); Nadt Orchestra (Italia-Kurdistan); Azibar Terreros eta Billy Espinaco (Euskal Herria); eta Huartan (Irlanda).

Roisin El Cherif kantautore irlandar-palestinarra da: ere jatorri arabiarra Irlandako musika tradizionalarekin uztartzen du. Eta Galdakaoko kontzertuan Nora Casey konpositore eta arpa jole irlandarrarekin arituko da; Irlandako musika tradizionala eta esperimentalaren arteko jolasean aritu ohi da musikaria.

Proiektuan parte hartu duten musikarietako batzuk, Amets Iturbe Galdakaoko Udaleko zinegotziarekin // Geuria

James Kennedy Gales hegoaldeko rock musikaria da, bakarka, bere gitarrarekin aritzen dena. Erresuma Batuetan, Europa Iparraldean eta Canadan ehunka kortzertu eman ditu.

Seyidxan Sevinç artistak musika kurdua interpretatu eta konposatzen du, eta musika identitatea sortzeko modu gisa defendatzen du, eta kontzertuan Roberto Awanarirekin arituko da; Peruko Amazonian jaioa eta Amazoniako deforestazioaren kontrako borrokan aritua, Basaurin bizi da duela 15 urte [hona hemen GEURIAn 2022an egin genion elkarrizketa irakurgai].

Nadt Orchestra ensenble dinamikoa da, eta jazz, afrojazz, soul, world music eta elementu elektronikoak uztartzen ditu. Genero eta estiloak nahasten ditu Italiako eta Kurdistango zortzi musikariko taldeak: teklatua, saxofoia, tronboia, tronpeta, gitarra, baxua, bateria eta perkusioa.

Azibar Terrerosek eta Billy Espinacok txalaparta doinuak jarriko dituzte kontzertuan. Eta, Huartan taldeak, Irlandako musika tradizionala oinarri hartuta, berrinterpretatu egiten du, ikuskizun teatralizatu harrigarriak egiteko.

Mugarik Gabe erresidentzia

Galdakaoko kontzertuaz gain, beste bi emanaldi eskainiko dituzte Bizkaian: azaroaren 30ean Artean eta abenduaren 3an Bermeon.

Guztira 18 musikarik hartuko dute parte aurtengo ekimenean, eta denon artean ezagutzeko asmoz, aurten, lehen aldiz, elkarbizitza antolatu dute.

“Erresidentzia artistikoa” azaroaren 23an hasi zuten musikari guztiek Turtziozen, eta abenduaren 3ra arte elkarbizitzen arituko dira.

Orsola Casagrande proiektu honen atzean dagoen arduradunetako bat da, eta azaldu duenez, “Mugarik Gabe erabat kolektiboa den lana da, Turtziozen batuko gara elkar ezagutzeko eta zerbait komuna egiteko, eta ikusiko dugu zer aterako den”. Hori bai, hamar egunak “oso intentsoak” izango direla adierazi du Casagrandek.

Durangoko Azokan

‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ egitasmoa Suargi eta Zutarri Kultur Elkarteak (Basauri) sortu zuten iaz. Kultura kurduei buruzko proiektu batekin hasi zuten, eta aurten zabaldu egin dute.

Iaz Durangoko Azokan aurkeztu zuten proiektua eta aurten ere lekua izango du proiektuak. Izan ere, duela urtebete grabatzen hasi ziren dokumentala (‘Mugarik Gabe. Musika, erresistentzia eta elkartasun bidaia bat’) estreinatuko dute Durangoko Azokan bertan abenduaren 5ean, Irudienean. Diskoa ere salgai egongo da.

Boris Guevara zinemagileak zuzendu du ikus-entzunezkoa iaz parte hartu zuten musikarien bizipenekin. Besteak beste, artista hauek parte hartu dute dokumentalean: Ingot taldea (Itziar Ituño, Roberto Awanari, Janire Egaña), Jon Maia, Ines Osinaga, Yado Uzun, Mizgin Tahir, Onur Kepenek eta Chris O’Shea.

Osorik irakurri