☉ Galdakao
Galdakaoko Emakumeen Etxearen lanak 2024an hasiko dituztela aurreikusi du Udalak
Galdakaoko Emakumeen Etxea Romualda Zuloaga plazan eraikiko dute 2024ko hasieran.
Galdakaoko Emakumeen Etxea Romualda Zuloaga plazan eraikiko dute 2024ko hasieran. “Emakumeen Etxea erreferentziazko gunea da, feminista, non pertsona guztien berdintasunaren alde lan egiten duten kolektiboak, elkarteak eta zerbitzuak biltzen eta jarduten diren”, azaldu du Nerea Orozko berdintasun zinegotziak gaur goizean Galdakaoko osoko bilkuren aretoan eskainitako aurkezpenean, Laura Pinto berdintasun teknikariarekin batera. Aurreproiektu hau bi urteko hausnarketa prozesuaren emaitza da eta datorren martxoaren 2an herritarrei aurkeztuko diete Gandasegiko eskolan, 19:00etan.
LZB Arkitektura arduratuko da Emakumeen Etxearen aurreproiektua diseinatzeaz eta Udaletik iragarri dute urte amaieran bukatuta egongo dela. 2024ko hasieran obrei ekingo diete, ondo bidean: “Emakumeen etxeak 6 ezaugarri izango ditu: feminista, plurala, intersekzionala, ahalduntzekoa, sareen sortzailea eta emakumeen arteko elkartasuna sustatzen duena”, azaldu du Orozkok.
Solairu biko gunea
Eraikinak solairu bi izango ditu: Goiko solairuan udal zerbitzuak egongo dira: areto nagusia eta espazio balioanitzak izango ditu, besteak beste. Lehen solairuan, bestalde, espazio partekaturako gune bi, hiru bulego balioanitz eta berdintasun arlorako gunea egongo dira. Bigarren solairuan “Feminismoa lantzen duten elkarte guztiek beren jarduera garatzeko lekua izan behar dute Emakumeen Etxean. Gainera, euren artean eta udal-zerbitzuekin lankidetzan lan egitea erraztu behar du, sinergiak sortzeko; sistema heteropatriarkalari buruz hausnartzeko, dauden balioak de seraikitzeko eta pertsonen arteko harreman-modu berriak bilatzeko gunea izan behar du”.
☉ Galdakao
Erosketa Kolektiboak talde dinamikaren aurkezpena egingo dute gaur Galdakaon
Galdakaoko Elkarlaguntza Sarearen barruan Erosketa Kolektiboak talde dinamika sortu zuten duela bost urte.
“Kolektiboki elikagai desberdinak erosten ditugu ekoizpenaren jatorria, prezioa, lan baldintzak, genero perspektiba edota agroekologia kontutan izanda”, diote Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik: “Ardurak eta erabakiak taldean hartzen dira”.
Besteak beste, ogia, esnekiak, okelak, kontserbak, lekaleak, pastak, frutak, arrautzak, jaboiak, teak eta sarean ekoiztutako ortuariak erosten dituzte modu kolektiboan Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik.
Egitasmoaren helburua da “kalitate eta prezio hobeak” lortzea, “banan-banan supermerkatura joan beharrean, kantitate handiak erosita”, diote.
Talde dinamikaren aurkezpena gaur, maiatzak 16, 18:30ean egingo dute Ganguren Mendi Taldearen egoitzan. Hala ere, Tximelarre Goikoa auzoan daude Galdakaoko Elkarlaguntza Sarekoak eta lokala ostegunetan zabaltzen dute 19:00etatik 21:00etara bitartean.
☉ Galdakao
Palestinaren aldeko elkarretaratzea deitu du gaur Galdakaon Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak
Nakba Eguna edo palestinar exodoa gogorarazteko eguna da gaur: palestinar herriaren hondamendia gogorarazteko eguna, alegia. Horren harira, mobilizazioak deitu dituzte hainbat eragilek hainbat herritan.
Hego Uribe eskualdean, Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du 19:00etan Galdakaon, Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean.
“Azken egunetan Rafahen ematen ari diren Israelgo estatu genozidaren erailketak eta mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdi ezberdinek sionismoarekin dituzten konplizitateak saltzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, palestinar erresistentziaren legitimitatearen defentsa eginez”, diote Hego Uribeko Kontseilu Sozialistatik.
Eskualdeko mobilizazio horrez gain, BDZ Bizkaiak (Boikota Desinbertsioak eta Zigorrak Israelentzat) manifestazioa deitu du Bilbon, 19:00etan, Moyua plazatik. Osasun langileek, suhiltzaileek, baserritarrek, kazetariek, guraso elkarteek, EHUk, herri mugimenduek eta sindikatuek bat egingo dute Bilboko deialdiarekin.
Era berean, Palestinarekin Elkartasunak mugimenduak manifestazio nazionala deitu du maiatzaren 19an, igandez, 12:30ean Iruñan.
☉ Galdakao
Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan
Maiatzaren 17an izango da merkatua Kurtzeko plazan. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote Galdakaoko institutuek
Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan maiatzaren 17an, ostiralez, 09:30etik 13:30era.
“Herriko institutuetan arropa, liburuak, jostailuak eta bitxiak biltzen ari gara merkatuan saltzeko eta lortuko dugun dirua GBGEri emango diogu”, adierazi diote GEURIAri proiektuko arduradunek: “Erakunde honek hainbat proiektu sortzen eta gauzatzen ditu gizarte-egoera ahulean dauden pertsonekin lankidetzan arituz”.
Merkatuak bat egingo du Birziklapenaren Nazioarteko Egunarekin (maiatzak 17): “Agenda 30 proiektuaren testuinguruan, iaz hasi ginen pentsatzen bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatzea, eta aurten antolatuko dugu lehen aldiz ekintza eraldatzaile hau. Animatu zaitezte proiektu solidario honetan parte hartzera!”, diote.
☉ Galdakao
Burdin Hesitik ibilaldi gidatua antolatu dute Galdakaon, bonbardeketen 87. urteurrenean
Ibilbide gidatuaz gain, maiatzaren 19an bertan ekitaldi nagusia antolatu dute Plazakoetxen. Gainera, maiatzaren 15ean Gurseko errefuxiatuen kanpamenduaren inguruko hitzaldia emango du Jabi Bilbaok
Maiatzaren 19an 87 urte beteko dira faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik, eta urtero bezala, ekitaldia antolatu dute Galdakaoko Udalak eta Galdakao Gogora elkarteak.
Ekitaldi nagusia Plazakoetxen izango da 13:00etan. Ohi bezala sirena hotsak entzungo dira eta lore-sortak utziko dituzte bonbardaketen memorialean.
Aurretik, 09:00etan ibilbide giudatua izango da Burdin Hesitik. Galdakao Gogora talde memorialistako kideen gidaritzapean, zazpi kilometro inguruko ibilbidea egingo da basotik, bertako lubaki, babesleku eta metrailadoreen habiak ikusiz eta horien inguruko azalpenak entzunaz.
Bestetik, maiatzak 15ean ‘Gurs: camp des basques’ hitzaldia eskainiko du Jabi Bilbao irakasle eta adituak. Hitzaldia 19:00etan izango da Torrezabalen.
Egitaraua / Galdakaoko bonbardaketak – 87 urte
Maiatzak 15, asteazkena
Hitzaldia: ‘Gurs: camp des basques’, Jabi Bilbao
19:00 Torrezabaleko erakusketa gela
Maiatzak 19, igandea
Burdin Hesitik ibilaldi gidatua: 7 kilometroko ibilbidea basotik
09:00 Kurtzeko plazatik
Oroimen ekitaldia
13:00 Plazakoetxe
☉ Galdakao
Bideoa / Erlauntza handi bat agertu da Galdakaoko herrigunean
Hainbat erle erlauntza bat egiten agertu dira Galdakaon. Inocencio Goikuria Iturriotz galdakoztarrak Lapurdi eta Juan Bautista Uriarte kaleen arteko zuhaitz batean erlauntza egiten zeuden momentuko irudiak publikatu ditu bere sare sozialetan.
Bideoarekin batera honakoa publikatu du Goikuriak: “Udaberriaren amaieran eta udan, erleen koloniak banatu egiten dira erlauntza berriak sortzeko. Jatorrizko erlauntza erle erregina gazte baten ardurapean geratuko da, eta kolonia berriro jendeztatu beharko du. Erle erregina zaharrena, berriz, erle langileen laguntzarekin leku berri baten bila aterako da. Erle erreginak, erle langileek eta zenbait zantarrek osatzen duten talde migratzaile honi erlauntza deitzen diogu”.