☉ Galdakao
Galdakao “euskaldunago” egiteko kirol kluben eta merkatarien inplikazioa bilatuko du Udalak
‘Gu ere bai’ kanpaina zabaldu du Galdakaoko Udalak, kirol eta merketaritza arloetan eta udaletxean euskara sustatzeko.

Udaletxean, kirolean eta merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko kanpaina zabaldu du Galdakaoko Udalak. Helburua da euskararen erabilera bultzatzea kirol eta merkaritza arloetan, eta herritarrak inplikatzea. Horretarako klub bakoitzera eta merkatari eta ostalari bakoitzera egokitutako erronkak proposatu eta bete beharko dituzte kanpainara atxikiko direnek. Artez Euskara Zerbitzuaren laguntza izango du Udalak.
‘Gu ere bai’ da kanpainaren izena. “Gonbite zabala egin dugu euskararen erabilerak herrian gora egin dezan”, dio Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Euskara arloko zinegotziak. Galdakaoko eta Usansoloko 38 kirol klubei eta Gu Dendari Merkatari Elkarteari gonbitea luzatu die Udalak. “Kontzientziazio kanpaina ere bada honakoa. Erronka neurgarriak eta denbora-tarte zehatz batean betetzekoak izango dira kirol klubek eta merkatari eta ostalariek egingo dituztenak”, dio Espillak.
“Kirol klub bakoitzean errealitate desberdinak daude. Historikoki esku pilotan euskara oinarria da, jende euskalduna dago gure taldean, baina euskara sustatzeko beti dago gehiago egiteko. Ahaleginak eta borondateak beharrezkoak dira eta guk gogotsu hartuko ditugu erronkak”, dio Janire Landaluze Adiskide Pilota Taldeko lehendakariak. Landaluzerekin batera gaur prentsaurrekoan izan dira Aitziber Bonilla (Gu Dendari Merkatari Elkartea), Iñaki Larrea (CD Galdakao), Pedro Aizarna (Ganguren Mendi Taldea) eta Ana Martinez (Galdakaoko Udaleko langileen batzordea).

‘Gu ere bai’ kanpaina aurkeztu du gaur Udalak // Geuria
Bertaratutako denak “pozik” eta “gogotsu” agertu dira kanpainarekin. “Kanpaina hau oso ondo hartu dugu. Pozik gaude, baina kezkak ere baditugu. Merkari bezala beste mila erronka ere baditugu, baina euskara sustatzeko ekimen honi lekua egin behar diogu, zalantza barik”, dio Aitziber Bonilla Gu Dendari Merkatari Elkarteko lehendakariak.
Erronkak urte hasieran
Uztailean eman diote hasiera kanpainari: kirol klubei eta Gu Dendari Merkatari Elkarteari programa helerazi dio Udalak. “Irailean hitzarmenak sinatzen hasiko gara kanpainara atxiki nahi duten klubekin eta merkatariekin”, dio Olatz Santamaria Artez Euskara Zerbitzuko kideak. Ondoren, klub bakoitzak eta merkatari bakoitzak euskararekiko duten harremanaren berri izateko diagnosia egingo dute. “Horren arabera zehaztuko ditugu klub bakoitzaren erronkak. Izan ere, euskararen erabilera eta maila desberdina da klub bakoitzean”, dio Santamariak.
“Nahiz eta klub batean zuzendaritza batzordea erdalduna izan, klubak erabaki batzuk har ditzake euskara sustatzeko, hala nola, entrenamenduak euskaraz egitea edo sare sozialetan edo karteletan euskaraz ere idaztea. Abiapuntu erreala kontuan hartuta, erronkak zehaztea da asmoa”, dio Espillak. Era berean, urteko helburuak zehaztuko dituzte eta horretarako baliabideak eskainiko dizkiete Artezek eta Udalak kirol klub eta merkatari bakoitzari. “Diagnosiek oso zintzoak izan beharko dute. Ez da kluben arteko lehiaketa bat, baizik eta norberaren marka hobetzea”, dio Espillak.
Kanpainaren ibilbide-orria jarraituta, urritik aurrera baliabideak eskaini eta abenduan edo urtarrilean klub bakoitzak eta merkatari bakoitzak hartu dituen erronkak zabalduko dituzte: “Erronkak publiko egingo dituzte bideoen bitartez”, dio Santamariak. Bitarte horretan jarraipen ebaluazioa egingo dute Artez Euskara Zerbitzutik.
Dekalogo bat udal langileentzat
Kirol klubetan eta merkataritzan ‘Gu ere bai’ kanpaina sustatzeaz gain, udaletxean ere bat egingo dute ekimenarekin: “Udaletxean prozedura desberdina da. Instituzio bezala derrigorrezkoa dugu euskara sustatzea langileekin eta udal ordezkariekin. Jarrera pro-aktiboa bultzatu behar dugu eguneroko lanean”, dio Espillak. Udaletxean euskara sustatzeko dekalogo bat prestatu dute: “Hamar erronka hartuko ditugu, Euskara Planean oinarritutakoak”, dio Espillak: “Argi dago herritarren eskubidea dela euskaraz artatuak izatea eta udaletxean hautu hori bermatu behar du”.
Dekalogoak, besteak beste, honakoak jasotzen ditu: udal langileen lehenengo hitza euskaraz izatea; herritarrei euskaraz artatuak izateko aukera dagoela adieraztea; euskaraz artatzeko hautua prozesu osoan zehar mantenduko dela bermatzea; kanpoko kontratazioek hizkuntza klausulak izatea; edota edozein erabaki edo proiektu martxan jartzen denean hizkuntza ebaluatzea. “Bakoitzak ale txikia jartzea da asmoa, gauza handiak lortzeko”, dio Espillak.
☉ Galdakao
Garbiñe Martin bigarren sailkatu da ‘Talentos by Abril’ gastronomia lehiaketan
Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ikaslea bigarren izan da Estatu mailako ‘Talentos by Abril’ lehiaketan

Garbiñe Martin, Galdakao Ostalaritza Eskolako ikaslea, ‘Talentos by Abril’ gastronomia lehiaketaren laugarren edizioaren finalean parte hartu zuen atzo, GEURIAn kontatu genizuen bezala.
Galdakao Ostalaritza Eskolako ikasleak ‘Itsas Begitelle’ sukaldaritza-proposamena aurkeztu zuen Santiago de Compostelan jokatutako finalean, eta bigarren saria irabazi zuen.
‘Abril’ markako olio-produktuen sorta esklusibo bat eman zioten Garbiñeri, eta markak parte hartuko duen Estatu mailako ekitaldietan parte hartzeko aukera izango du.
“Talentua, ahalegina eta ikasleek eta irakasleek batera egindako lanaren islada da Garbiñek jaso duen saria. Zorionak txapelduna!”, esan dute Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ordezkariek.
☉ Galdakao
Adiskide Pilota Elkarteak txapelketa berezia martxan jarriko du Galdakaon: 14 eta 99 urte bitarteko jokalariak gonbidatu ditu
Partidak apirilaren 15etik ekainera bitartean jokatuko dira Kurtzeko frontoian. Binakako txapelketa izango da eta izena emateko epea zabalik dago martxoaren 15era arte

Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteak txapelketa berezia jarriko du laster martxan: I. Adiskide Pilota Txapelketa.
Gaur egun pilotari direnen eta pilotari izan direnen arteko txapelketa izango da, eta 14 eta 99 urte bitartekoak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Txapelketa binaka jokatuko da Kurtzeko frontoian eta lehenengo partidak apirilaren 15ean jokatuko dira. Ostiralero izango dira partidak 19:00etatik aurrera eta finalak ekainaren erdialdean izango dira.
“Ekimen honekin Adiskide Pilota Elkarteko Batzordeak frontoia ostiralero giro alaiarekin betetzea du helburu”, diote antolatzaileek.
Txapelketa jokatu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 15a baino lehen adiskidepelota@gmail.com helbidera mezua idatzita, Kurtzeko frontoian bertan edo Adiskideko batzordekide bati adieraziz. Bikotekako izena ematearekin batera 10 euro ordaindu behar dira eta bakarka izena emango duenak 5 euro ordainduko ditu.
Atzoko eta gaurko pilotariak
“Ostiral arratsaldeetan Kurtzea frontoian giroa sustatzeko helburuz, nagusien maila ezberdinetako partidak izango ditugu ikusgai. Aspalditxoan pilotan aritu gabe ibili direnek ere txapelketan parte hartzea nahi dugu, pilota goxoarekin jokatuko baitira partidak”, zehaztu dute.
Binakako txapelketa izango da eta bikoteka aurkezteko aukera dagoen arren, bikoterik ez duenak ere izena eman dezake eta Adiskidetik bikotea topatuko diote.
Zortzi tantoko bi jokoz osatuko da partida eta berdinketa izatekotan berdinketa haustea lau tantora izango da.
“Hiru kategoria ezberdin izango ditu txapelketak, mailaka sailkatuta, ahalik eta partida berdintsuenak izateko helburuarekin”, diote.
☉ Galdakao
Galdakaoko udal garajeetan 1.284 eskaera jaso dituzte 253 plaza esleitzeko: bost pertsona plaza bakoitzeko
Eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago jaso ditu Galdakaoko Udalak. Behin behineko zerrendak alegatzeko epea zabalik dago martxoaren 20ra arte

Iturrondoko, Paopako, Lapurdiko eta Berezikoetxeko udal aparkalekuetan hutsik dauden plazak esleitzeko prozesua hasi zuen Galdakaoko Udalak otsailean.
Eta prozesuak interes handia piztu du galdakoztarren artean. Izan ere, libre dauden 253 plaza esleitzeko 1.284 eskaera jaso ditu Udalak: eskainitako plaza kopurua baino 1.031 eskaera gehiago, hau da, bost pertsona daude plaza bat lortzeko.
Datuak datu, alokairu erregimenerako 103 plaza daude eskuragarri eta eskaerak 1.061 izan dira, eta lagapen modalitatean 150 plaza betetzeko 223 eskaera aurkeztu dituzte.
Eskaera kopuru horietatik 40 baztertu egin ditu Udalak behin behinean, batez ere, eskatzaile berak ibilgailu berari buruzko eskaera bat baino gehiago aurkezteagatik edo auto bereko titularkide batek baino gehiagok zozketan parte hartzea eskatzeagatik. “Kasu horietan azken eskaera kontuan hartu da, aurrekoak baliogabetuz”, azaldu dute udal ordezkariek.
Behin behineko zerrendak alegatzeko epea zabaldu du Udalak martxoaren 20ra arte: “Tarte horretan, eskaera egin duten pertsonek behin behineko zerrenda aztertu eta alegazioak aurkez ditzakete, akats edo intzidentziaren bat antzemanez gero”, diote.
Alegazioak Udalari zuzendutako eskabide orokorraren bidez izapidetu ahal izango dira, bai egoitza elektronikoaren bidez, bai Esan herritarren arretarako bulegoan.
Epe hori amaitu ondoren, martxoaren 24an argitaratuko dute behin betiko onartutako pertsonen zerrenda. Eta ondoren, martxoaren 27an udal garajeetako plazak esleitzeko zozketa publikoa egingo du Udalak.
☉ Galdakao
Jonkass abeslariak kontzertua emango du Galdakaon, Korrika Kulturalaren barruan
Martxoaren 13an, ostiralez, izango da kontzertua Iturrondo plazan. Egun horretan ere Bertso poteoa ere izango da Galdakaon, besteak beste

Jonkass musikari bizkaitarrak kontzertua emango du Galdakaon, Korrika Kulturala egitarauaren barruan.
Emanaldia martxoaren 13an, ostiralez, izango da Iturrondo plazan 21:00etatik aurrera.
Horrez gain, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Bertso poteoa Ganguren tabernatik Onintza Enbeitarekin eta Igor Elortzarekin (19:00etan) eta Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan).
☉ Galdakao
Korrikaren aldeko Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon, Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariekin
Martxoaren 13an, ostiralez, izango da jarduera. Gainera, Beti jai Fanfarria eta Jonkassen kontzertua ere antolatu dituzte egun berean Galdakaon

Korrika Kulturalaren barruan, Bertso poteoa antolatu dute Galdakaon martxoaren 13an, ostiralez.
Onintza Enbeita eta Igor Elortza bertsolariak arituko dira bat-bateko bertsoak botatzen.
Bertso poteoa Ganguren tabernan hasiko da 19:00etan eta herriko tabernetatik ibilbidea egingo dute.
Bestetik, martxoaren 13an bertan Korrikaren aldeko beste ekimen batzuk antolatuko dituzte Galdakaon: Gurasolagun Gandasegin (17:00etatik 20:00etara), Beti Jai Fanfarriarekin kalejira Iturrondo plazatik hasita (19:00etan), eta Jonkassen kontzertua Iturrondon (21:00etan).










