Sareak

☉ Galdakao

Galdakao Garbiketak enpresako langileen soldatak 500.000 euro handitzeko prest agertu da Udaleko gobernu taldea

ELA Euskal Sindikatuak eta Galdakaoko Gobernu taldeak akordio batera iritsi dira Galdakao Garbiketak enpresako langileek “soldata arrakalari aurre egiteko”

|

Galdakao Garbiketak // tuguiaonline.es

ELA Sindikatua eta Galdakaoko gobernu taldea akordio batera iritsi dira Galdakao Garbiketak enpresako langileen egoera hobetzeko: “Urteak daramatzagu ELAn Euskal Herriko garbiketa langileek soldata arrakalak jasaten dituztela salatzen”, azaldu dute euskal sindikatutik eta denbora tarte horretan gobernu taldearen ahalegina eskertu dute.

ELAk hiru urte eman ditu Galdakaoko Udalarekin Galdakao Garbiketak enpresaren inguruan borrokatzen, eta gaur egungo gobernu taldea langileen soldata urtean 500.000 euro handitzeko prest agertu da, langileek inolako grebarik egin barik. “Sektore hau, bide-garbiketako peoiena bezala, % 90 maskulinizatuta dago eta Galdakao Garbiketak enpresako emakumeak ez daude borrokatzera ohituta”, azaldu dio ELA sindikatuko Jon Ander Zelaiak GEURIA komunikabideari.

Sindikatuak Galdakaoko udal gobernuarekin erdietsitako akordioaren arabera, langileek 500 euroko igoera izango lukete euren soldatetan hilero, 7.500 euro gehiago urtero (% 41eko igoera). “Duela urte batzuk 16.000 euroko soldata gordinak zituzten langileek urtero eta hitzarmen berriaz geroztik kopuru hori 18.000 eurora igoko litzateke 2024an”, azaldu du Zelaiak.

Irakurri eta sinatu

ELAk ordezkari sindikal bat dauka Galdakao Garbiketak enpresan eta UGTk bi: “Egin beharreko guztia egin dugu”, azaldu du Jon Anderrek. “UGT eta enpresaren sinadura baino ez dugu behar Galdakaoko langileek hilero 500 euro gehiago jasotzeko hilero”.

ELAko ordezkariaren arabera, batzarra eskatu du sindikatuak UGT eta enpresarekin adostasunera iristeko: “Ez genuke UGT eta enpresako jarrera ulertuko hitzarmena sinatuko ez balute: ez diegu lan egitea eskatu, ez eta ehunka orduz lan egitea ere; langileei hilero soldatetan 500 euroko igoera ekarriko dien proposamena irakurtzea eta sinatzea eskatzen diegu bakarrik: erraz eta sinple. Besterik ez”.

“Normalean arazoak Udalarekin sortu ohi dira, diru kontuengatik”, dio Zelaiak. “Baina Galdakaon ez da horrelakorik gertatu; udal gobernua laguntzeko prest agertu da hasieratik”. UGTk eta Galdakao Garbiketak enpresak ELAk proposatutako akordioa ez sinatuz gero, ELA sindikatua bozkatu duten 18 langileek mobilizazioak egiten hasiko lirateke herrian zehar, “beharrezko baliabideekin”.

☉ Galdakao

Erosketa Kolektiboak talde dinamikaren aurkezpena egingo dute gaur Galdakaon

|

Tximelarre Goikoan du lokala Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak eta ostegunetan zabaltzen dute // Galdakaoko Elkarlagutza Sarea

Galdakaoko Elkarlaguntza Sarearen barruan Erosketa Kolektiboak talde dinamika sortu zuten duela bost urte.

“Kolektiboki elikagai desberdinak erosten ditugu ekoizpenaren jatorria, prezioa, lan baldintzak, genero perspektiba edota agroekologia kontutan izanda”, diote Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik: “Ardurak eta erabakiak taldean hartzen dira”.

Besteak beste, ogia, esnekiak, okelak, kontserbak, lekaleak, pastak, frutak, arrautzak, jaboiak, teak eta sarean ekoiztutako ortuariak erosten dituzte modu kolektiboan Galdakaoko Elkarlaguntza Saretik.

Egitasmoaren helburua da “kalitate eta prezio hobeak” lortzea, “banan-banan supermerkatura joan beharrean, kantitate handiak erosita”, diote.

Talde dinamikaren aurkezpena gaur, maiatzak 16, 18:30ean egingo dute Ganguren Mendi Taldearen egoitzan. Hala ere, Tximelarre Goikoa auzoan daude Galdakaoko Elkarlaguntza Sarekoak eta lokala ostegunetan zabaltzen dute 19:00etatik 21:00etara bitartean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Palestinaren aldeko elkarretaratzea deitu du gaur Galdakaon Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak

|

Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean iznago da elkarretaratzea // HU Kontseilu Sozialista

Nakba Eguna edo palestinar exodoa gogorarazteko eguna da gaur: palestinar herriaren hondamendia gogorarazteko eguna, alegia. Horren harira, mobilizazioak deitu dituzte hainbat eragilek hainbat herritan.

Hego Uribe eskualdean, Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea deitu du 19:00etan Galdakaon, Pontzi Zabala kaleko bidegurutzean.

“Azken egunetan Rafahen ematen ari diren Israelgo estatu genozidaren erailketak eta mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdi ezberdinek sionismoarekin dituzten konplizitateak saltzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, palestinar erresistentziaren legitimitatearen defentsa eginez”, diote Hego Uribeko Kontseilu Sozialistatik.

Eskualdeko mobilizazio horrez gain, BDZ Bizkaiak (Boikota Desinbertsioak eta Zigorrak Israelentzat) manifestazioa deitu du Bilbon, 19:00etan, Moyua plazatik. Osasun langileek, suhiltzaileek, baserritarrek, kazetariek, guraso elkarteek, EHUk, herri mugimenduek eta sindikatuek bat egingo dute Bilboko deialdiarekin.

Era berean, Palestinarekin Elkartasunak mugimenduak manifestazio nazionala deitu du maiatzaren 19an, igandez, 12:30ean Iruñan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan

Maiatzaren 17an izango da merkatua Kurtzeko plazan. Bilduko duten dirua GBGE elkarteari emango diote Galdakaoko institutuek

|

Maiatzaren 17an, ostiralez, izango da bigarren eskuko merkatua Galdakaon, herriko institutuek antolatuta // Argazkia: Artificial Photography, Unsplash

Bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatu dute Galdakaoko institutuek Kurtzeko plazan maiatzaren 17an, ostiralez, 09:30etik 13:30era.

“Herriko institutuetan arropa, liburuak, jostailuak eta bitxiak biltzen ari gara merkatuan saltzeko eta lortuko dugun dirua GBGEri emango diogu”, adierazi diote GEURIAri proiektuko arduradunek: “Erakunde honek hainbat proiektu sortzen eta gauzatzen ditu gizarte-egoera ahulean dauden pertsonekin lankidetzan arituz”.

Merkatuak bat egingo du Birziklapenaren Nazioarteko Egunarekin (maiatzak 17): “Agenda 30 proiektuaren testuinguruan, iaz hasi ginen pentsatzen bigarren eskuko merkatu solidarioa antolatzea, eta aurten antolatuko dugu lehen aldiz ekintza eraldatzaile hau. Animatu zaitezte proiektu solidario honetan parte hartzera!”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Burdin Hesitik ibilaldi gidatua antolatu dute Galdakaon, bonbardeketen 87. urteurrenean

Ibilbide gidatuaz gain, maiatzaren 19an bertan ekitaldi nagusia antolatu dute Plazakoetxen. Gainera, maiatzaren 15ean Gurseko errefuxiatuen kanpamenduaren inguruko hitzaldia emango du Jabi Bilbaok

|

Maiatzaren 19an Oroimen Ekitaldia antolatu dute Plazakoetxen // Geuria

Maiatzaren 19an 87 urte beteko dira faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik, eta urtero bezala, ekitaldia antolatu dute Galdakaoko Udalak eta Galdakao Gogora elkarteak.

Ekitaldi nagusia Plazakoetxen izango da 13:00etan. Ohi bezala sirena hotsak entzungo dira eta lore-sortak utziko dituzte bonbardaketen memorialean.

Aurretik, 09:00etan ibilbide giudatua izango da Burdin Hesitik. Galdakao Gogora talde memorialistako kideen gidaritzapean, zazpi kilometro inguruko ibilbidea egingo da basotik, bertako lubaki, babesleku eta metrailadoreen habiak ikusiz eta horien inguruko azalpenak entzunaz.

Bestetik, maiatzak 15ean ‘Gurs: camp des basques’ hitzaldia eskainiko du Jabi Bilbao irakasle eta adituak. Hitzaldia 19:00etan izango da Torrezabalen.

Egitaraua / Galdakaoko bonbardaketak – 87 urte

Maiatzak 15, asteazkena
Hitzaldia: ‘Gurs: camp des basques’, Jabi Bilbao
19:00 Torrezabaleko erakusketa gela

Maiatzak 19, igandea
Burdin Hesitik ibilaldi gidatua: 7 kilometroko ibilbidea basotik
09:00 Kurtzeko plazatik

Oroimen ekitaldia
13:00 Plazakoetxe

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa / Erlauntza handi bat agertu da Galdakaoko herrigunean

|

Hainbat erle erlauntza bat egiten agertu dira Galdakaon. Inocencio Goikuria Iturriotz galdakoztarrak Lapurdi eta Juan Bautista Uriarte kaleen arteko zuhaitz batean erlauntza egiten zeuden momentuko irudiak publikatu ditu bere sare sozialetan.

Bideoarekin batera honakoa publikatu du Goikuriak: “Udaberriaren amaieran eta udan, erleen koloniak banatu egiten dira erlauntza berriak sortzeko. Jatorrizko erlauntza erle erregina gazte baten ardurapean geratuko da, eta kolonia berriro jendeztatu beharko du. Erle erregina zaharrena, berriz, erle langileen laguntzarekin leku berri baten bila aterako da. Erle erreginak, erle langileek eta zenbait zantarrek osatzen duten talde migratzaile honi erlauntza deitzen diogu”.

Osorik irakurri