Sareak

☉ Ugao

Pumptrack pistako obrak amaitu dituzte Ugaon, baina momentuz itxita egongo da

Aurreikusitakoa baino arinago bukatu dituzte Pumptrack zirkuituko obrak Ugaon. Hala ere, momentuz itxita egongo da, “pertsonen kontzentrazioak eta kutsatzeak saihesteko”.

|

Pistak 340 metro karratuko azalera du, eta hilerriaren atzean dagoen aparkalekuan eraiki dute // Argazkia: Ugaoko Udala

Aurreikusitakoa baino arinago bukatu dituzte Pumptrack zirkuituko obrak Ugaon. Pistak 340 metro karratuko azalera du, eta hilerriaren atzean dagoen aparkalekuan eraiki dute.

Obrak amaitu dituzte arren, Pumptrack zirkuitua momentuz itxita egongo da, “Covid-19a dela eta, pertsonen kontzentrazioak eta kutsatzeko arriskua duten beste portaera batzuk saihesteko”, diote Udaletik.

Ugaoko Udalak 48.174 euroko inbertsioa egin du Pumptrack pistan, “udalerriko gazteek gehien eskatu duten jardueretako bat gauzatzeko”, diote. Zuin Bikeparks enpresak burutu ditu lanak.

Kaskoa beharrezkoa

Pumptracka zirkuitu itxia da, eta erabiltzaileek inertzien eta bulkaden bidez zeharkatzen dute pista. Horretarako, bizikleta, skatea, patinetea edo edozein objektu irristagarri erabil dezakete.

Instalazio publiko gisa, erabilera araudia izango du, eta besteak beste, beharrezkoa izango da kaskoa eramatea. “Oso gomendagarria izanago da kasko integrala eramatea, baita belaunekoak, ukondokoak eta eskularruak ere”, diote Udaletik.

Ugaoko Udaletik adierazi dutenez, zuzendutako klaseak antolatuko dituzte, eta orduan pistaren erabilera mugatua izango da.

Hego Uribe eskualdeko bigarren Pumptrack pista da Ugaokoa. Lehenengoa Etxebarrin eraiki zuten duela bi urte, 2018ko irailean.

☉ Ugao

Envases Universalesek Ugaoko lantegiko 42 langile bota eta makinak desmuntatzen hasi da

Egun batetik bestera agertu ziren Galiziatik azpikontratatutako enpresako makinak eta Ugaoko plantako langileak lanean hastean makinak falta zirela ohartarzi ziren

|

Galiziatik ekarritako makina bat, Ugaoko lantegiko makina bat kentzen // Utzitakoa

Envases Universales multinazionalak hurrengo mugimendua egin du: joan den maiatzaren 9an 42 langile kaleratu zituen “egun biko aurrerapenaz abisatuz”, enpresa batzordeak GEURIAri azaldu moduan. Gainera, enpresako makinak desmuntatzen hasi direla gehitu dute batzordetik.

“Galiziako enpresa bat azpikontratatu dute eta 12 orduko lanaldiarekin astean sei egunetan zehar hilabete baino denbora gutxiagoan nabea Ugaoko lantegia hustea aurreikusi dute”, azaldu du Endika Ibañez enpresa batzordeko zuzendariak. Izan ere, GEURIAk jakin ahal izan duenez egun batetik bestera agertu ziren azpikontratatutako enpresako makinak eta Ugaoko plantako langileak lanean hastean makinak falta zirela ohartarzi ziren.

Egun batetik bestera agertu ziren azpikontratatutako enpresako makinak Ugaoko lantegian eta plantako langileak lanean hastean makinak falta zirela ohartarzi ziren

“Triste eta nahigabetuta gaude. Zer gertatuko da justiziak arrazoia ematen badigu eta Aldi Baterako Espediente Erregulatzailea baliogabetzen badute? ziur presa hauek honengatik direla hain zuzen”. Laster epaiketaren data iragarriko dute eta Madrilgo Auzitegi Nazionalean izango da, irailean, ondo bidean.

Ugaoko langileen lehen elkarretaratzea, lantegiko sarreran // Geuria

Espedientearen “arrazoiak”

Enpresa batzordeko zuzendariaren arabera, kaleratzeen haritik Aldi Baterako Espediente Erregulatzailearen “benetako arrazoiak” azaleratzen ari dira: “Hasiera batean produktibitate arazoei egotzi zioten arazoaren arrazoia”, esan du Ibañezek. “Baina momentu honetan lantegitik desmuntatzen ari diren makinak Leonera eramango dituzte. Gure lana gure makinekin egingo dute”, kexatu da Ibañez.

Endika Ibañez: “Edozerren gainetik daudela uste dute eta edozer egiteko gai direla uste dute. Ugaon 42 familia suntsitu dituzte eta Katalunian beste 17”

“Bistan da ekoizpenaren deslokalizazioaz ari garela eta horrek ez du zerikusirik enpresako zuzendaritzak Aldi Baterako Espediente Erregulatzailea jartzean aipatutako “ekoizpen jaitsierarekin””. Justiziaren erabakia kaltetuen aldekoa izatea espero dute Ugaoko langileek eta “Envases Universales bezalako enpresei aurre egitea. “Edozerren gainetik” daudela uste dute eta “edozer egiteko gai” direla uste dute. “Ugaon 42 familia suntsitu dituzte eta Katalunian beste 17”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Udaberriko Hitzaldi Zikloa antolatu du Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernak

Maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran hitzaldi bi eta LAB sindikatuaren dokumental bat proiektatuko dute

|

LABeko manifestari bat, 2022an, Basaurin // Geuria

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernak hitzaldi bi eta dokumental baten proiekzioa antolatu ditu Udaberriko Hitzaldi Zikloan.

Maiatzaren 24an, gatazka politikoaren ondorioz izan eta diren preso eta erbesteratu ohiei egungo gizartean duintasunez bizi eta egokitu daitezen behar duten laguntza eskaintzea helburua duen hitzaldia eskainiko du Ugaoko Harrera elkarteak. Hitzordua 18:30ean izango da.

Maiatzaren 30ean, 18:30ean, LAB Zabaltzen izeneko dokumentalaren proiekzioa antolatu dute sindikatuaren 50. urteurrena ospatzeko. Amaieran solasaldia egingo dute dorretxean bertan.

Azken jarduera, hitzaldia, ekainaren 7an antolatu dute, 18:00etan. “Jauzi Ekosozialeko eta Goiener Energia Kooperatibako kideak dorretxean iango ditugu aldaketa ekosozialaren gakoak eta erronkak aztertzeko, azaldu dute Ugaoko Dorretxeatik.”

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Mirabatxo, Udaludo eta Umetxoen Gelan izena emateko epea zabaldu dute

Ugaoko Udalak maiatzaren 31ra arte zabaldu du epea haurrak udako jardueretan apuntatu ahal izateko

|

Haurra, udako kolonietan // Geuria

Ugaoko Udalak maiatzaren 31ra arte zabaldu du epea haurrak Uda Mirabatxon, Udaludon eta Umetxoen Gelan apuntatzeko.

Uda Mirabatxo 2013 eta 2016 urteen artean jaiotako gaztetxoei zuzenduta dago eta ekainaren 24tik uztailaren 19ra antolatu dute aurten, 10:30etik 13:30ak arte. Goiztiarrak 08:00etatik edo 09:00etatik sartu ahalko dira. Aurten ere igerilekura irteerak, zientzia saioak, kirola oro har, Ugao Chef eta Kids Arts bezalako saioak izango dituzte umeek, eta baita animaliak ikusteko, naturarekin zerikusia duten jarduerak praktikatzeko eta astronomiaren inguruko ekintzak lantzeko.

Udaludo ere ekainaren 24tik uztailaren 19ra arte antolatu dute eta 2017 eta 2020 urteen artean jaiotako haurrek hartuko dute parte bertan aurten, 10:30etik 13:30ak arte. Zerbitzu honek ere goiztiarren zerbitzua izango du eta umeak 08:00etan eta 09:00etan sartu ahalko dira klasera.

Umetxoen Gela zerbitzu berezia 2021ean jaiotako haurrei zuzenduta dago eta ekainaren 24tik uztailaren 19ra antolatu dute, 10:15etatik 13:15ak arte.

Erreserbak egiteko

Izen emateak egiteko zein informazio gehiago jasotzeko aurrez aurre egin dezakete interesdunek Ugaoko Jane jauregiko beheko solairuan, edo 946 480 704 telefono zenbakira deituz zein ugao-miraballes-museo@ortzadar.es helbide elektronikora mezua bidaliz.

Ugaoko Udaleko ordezkariek azaldu dute ekainaren 4an izena eman dutenen zerrenda eta itxaron-zerrenda argitaratuko direla Jane Jauregian: “Egun honetatik aurrera eta ekainaren 14ra arte, izena eman dutenek jarduera ordaindu ahal izango dute”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Bideoa / Sute batek zazpi auto kaltetu ditu Ugaoko Gernika enparantzako aparkalekuan

03:30ak aldera, Ugaoko Gernika enparantzako txandakako aparkalekuko auto batek su hartu du eta kalteak eragin dizkie aparkalekuan zeuden beste sei ibilgailuri

|

Kiskalitako autoak, txandakako aparkalekuan // Utzitakoak

Gaur goizean, 03:30ean, Ugaon gertatutako sute baten abisua jaso dute larrialdi zerbitzuek eta Basauriko suhiltzaileak gerturatu dira bertara. Segurtasun sailak azaldu bezala, Ugaoko Gernika enparantzako txandakako aparkalekuko auto batek su hartu du eta kalteak eragin dizkie aparkalekuan zeuden beste sei ibilgailuri. Segurtasun Saileko arduradunen arabera ez da zauriturik egon. Ertzaintza ezbeharraren arrazoiak ikertzen ari da.

Aste honetako bigarren sutea da Ugaon honako hau. Joan den maiatzaren 14ko goizaldean Udiarraga okindegiko lantegiak su hartu zuen Usilako industrialgunean. San Migelen, gainera, furgoneta batek su hartu zuen Atxukarro industrialgunetik gertu eta bertan irudiak jaso zituen GEURIA komunikabideak.

Autoak, suhiltzaileen aparrarekin, aparkalekuan // Utzitakoak

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketak marrazkigintzarako materiala eta 500 euro banatuko ditu

Ugaoko aurtengo jaiak irailaren 6tik 9ra izango dira eta kartelak ekainaren 25era arte aurkeztu ahalko dituzte parte-hartzaileek

|

Ugaoko jaietako txupinazo eguna, iaz // Geuria

Ugaoko aurtengo jaiak irailaren 6tik 9ra izango dira eta Udalak Udiarragako Ama birjinaren omenezko jaiak iragartzeko kartel lehiaketan parte hartzeko epea zabaldu du.

Lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 25a izango da eta kategoria bitan parte hartu ahalko dute interesdunek: A mailan (sei eta 14 urte bitartekoena) eta B mailan (15 urtetik gorakoak). A mailako saria marrazkigintzarako materiala izango da eta B mailakoa 500 euro.

Udal ordezkariek azaldu dute kartelak “berdintasunaren aldeko planteamendua” islatu beharko duela eta gaia librea izango dela: “Hala ere Ugaoko jaietako berezitasunen bat, ohikoa den zerbait, agertu beharko da proposamenean”.

Lanak Jane jauregian aurkeztu ahalko dira 10:00etatik 13:00ak arte ekainaren 25era arte. Ugaoko Jai Batzordeko kideek osatutako epaimahaiak uztailaren 5ean iragarriko ditu kategoria bakoitzeko irabazleak.

Lehiaketako oinarriak eta eskuorria Udalaren webgunean topa ditzakete interesdunek.

Osorik irakurri