Aurten ez dute Basauriko Herri Krosa antolatuko, 42 edizioen ostean. “Lan handia ematen duen ekitaldia da Herri Krosa”, deitoratu du Javi Landeta Herri Krosako antolatzaileak. “Laguntza eta azpiegitura faltagatik ez antolatzea erabaki dugu”.
Herri Krosa Basaurin antolatzen dituzten lau lasterketa nagusien artean dago, VI Miliak, Lau Zubiak eta Basauri Xtremerekin batera: “Lasterketa nagusiena izan da historikoki eta 1.000 parte-hartzaile izatera heldu gara”. Hasierako edizioetan, Basauriko Udaleko baimenaz gainera Gobernadore Zibilarena ere behar zuten lasterketako antolatzaileek, Landetaren hitzetan: “Sekulako edizioak izan ditugu eta Estatu mailako hamaika lekutatik etorri izan dira parte hartzera”.

Basauriko Herri Krosa, 2017an // Geuria
Lan ikusezin handia
Herri Krosa lasterketa prestatzeak lan handia ematen duela azaldu digu basauriarrak: lasterketa hasi baino sei hilabete lehenago hasi izan dituzte prestaketa-lanak eta horien artean 50 lagun ingururekin harremanetan jarri ohi zen Javi. “Gainera, kolaboratzaileak, babesleak, instituzioak… eta abarrekin kudeaketa lanak egin behar dira. Oso neketsua da”.
Landetak esan digu arraroa izango dela Herri Krosarik gabeko urtea irudikatzea, “aztarna sakona” utzi duen lasterketa izan delako, baina “konpromiso eta motibazio handia” behar dela nabarmendu du. Hala ere ez du atea guztiz itxi etorkizunari begira: “Babesleak, taldeak eta laguntzaileak prest egotekotan lasterketa berpizteko aukera egon liteke”
