Sareak

☉ Basauri

Basauriko Meeting Probak 88 klubetako 300 atleta ekarriko ditu Basaurira asteburuan

Aurten meetingak Espainiako Klub Paralinpikoen Txapelketarekin bat egingo du. Bigarren aldia da meeting probak eta Espainiako Klub Paralinpikoen Txapelketak bat aldiberean prestatzen dituztela. Lehen aldia 202an izan zen

|

Kirolariak 2022ko Basauriko Meetingean // Geuria

Asteburu honetan, maiatzaren 27 eta 28an, Basauriko Meeting Proba antolatu du Basaurin Merkatari Elkarteak, Espainiako 5 kirol federazioekin batera. Aurtengoa 25. edizioa izango da eta 88 klubetako 300 atletek hartuko dute parte Artunduaga kiroldegian 10:00etatik aurrera prestatuko dituzten kirol probetan.

Kirolari guztien artean Javi Conde Atletismo Klubeko neska-mutilak izango dira eta zale guztien babaesa izango dutela jakinarazi dute Basauriko udal ordezkariek. Run For You (Madril) eta DT Cataluña (Katalunia) bigarren eta hirugarren sailkatu ziren iazko edizioan, Gijonen, hauek bi aurkari gogor izango dituzte etxeko taldekoek: “Gure helburua iazko titulua berrestea izango da”, azaldu dio Javi Condek GEURIA komunikabideari.

“Egia da azken asteak klimari dagokionez apur bat zailak izan direla, egun hauetan bero gehiagorekin entrenatzea gustuko dugulako, baina hala ere poz-pozik gaude asteburuan Basaurin antolatutako proban”

“Klubeko neska-mutilak gogotsu eta sasoian daude”, azaldu du Condek. “Egia da azken asteak klimari dagokionez apur bat zailak izan direla, egun hauetan bero gehiagorekin entrenatzea gustuko dugulako, baina hala ere poz-pozik gaude asteburuan Basaurin antolatuko duten proban”.

Bestalde, eta beste urte batez, down sindromea duten atletak lehiatuko dira eta #DownParis2024 mugimenduarekin bat egingo du meetingak, Joko Paralinpikoetan kirolari horien inklusioaren alde.

Zilarrezko ezteiak

Aurten meetingak Espainiako Klub Paralinpikoen Txapelketarekin bat egingo du. Bigarren aldia da meeting probak eta Espainiako Klub Paralinpikoen Txapelketak bat aldiberean prestatzen dituztela. Lehena 2012an izan zen: “Oraingo honetan, eta 1998tik etengabe ospatzen den meetingaren zilarrezko ezteiekin bat eginez, Espainiako Klub Paralinpikoen Txapelketa ere hartuko dugu” azaldu dute gaur goizeko prentsaurrekoan. Honek esan nahi du meetinga, egun bakarrean antolatu baino bitan prestatu dutela: larunbateko goizean eta arratsalde eta igande goizan. Javi Conde Atletismo Klubeko 33 atletek hartuko dute parte Espainiako Klub Paralinpikoen Txapelketan.

Gainera, txapelketaren 25 urteak ospatzeko argazki-erakusketa egingo dute Basauriko hainbat dendatan: “Basauriko Meetingaren 30 irudi ikoniko aukeratu dira edizio honetan parte hartu duten atletetako batzuekin”, iragarri dute ordezkariek. “Erakusketa honek desgaitasunen bat duten pertsonentzako 25 urteko parte-hartzea, antolaketa eta kirolaren errebindikazioa biltzen ditu”.

Basauriko Merkatarien elkarteak Ohorezko Txipiak banatu ditu pertsona eta eragile hauei: Espainiako Batzorde Paralinpikoari (desgaitasuna duten pertsonen artean goi-mailako lehiaketa antolatu eta zaintzaz arduratu dena), Isabel Hurtado Díaz garun-paralisiaren Espainiako hautatzaileari, Julio Santodomingo Viguer O.N.C.Eko Lurralde Zuzendaritzako  entrenatzaileari, Mari Carmen Paredes Rodríguez atleta paralinpikoa eta Lorenzo Sánchez Martin gidariari, José Luis Sáez “Kiriki” Crónicas aldizkariko kolaboratzaileari eta Kike Camba Valero Basauri Hoy egunkariko zuzendariari.

☉ Basauri

Rocio Jaia ekarriko du San Faustin kuadrillak Basauriko kaleetara

Maiatzaren 18an, larunbatez, egingo du Rocio Jaia San Faustin kuadrillak Basaurin. Guztira 70 lagunek hartuko dute parte “parodia paregabean”

|

Iaz Charles III.aren eta Camillaren koroatzea egin zuen San Faustinek Basaurin // Geuria

San Faustin lotsagabe kuadrilla berriro aterako da Basauriko kaleetara, edo eurek esaten duten bezala, “Dos Caminoseko kaleetara”. Iaz Charles III.aren eta Camillaren koroatzea antzeztu zuten, eta aurten Rocio Jaia egingo dute maiatzaren 18an, larunbatez.

“Parodioa paregabea” egingo dutela diote: “Umorez beteriko ekitaldi paregabe batean, Bizkaiko herri xarmagarri eta turistiko honetako biztanleak Andaluziako ospakizun ikoniko honen berrinterpretazio barregarri baten lekuko izango dira”, diote.

Rocio jaia 12:30ean hasiko dute Arizgoitiko plazan eta oinezkoen kaleetatik (herriko euren lekurik gogokoena) zenbait geldialdi egingo dituzte: “Lasterketak, zaldiak, ermandadeak, rocieroak eta prozesio honetako elementu guztiak izango dira, Rocio ermita bera barne”.

“Farandulak ere parte hartuko du ekitaldian: Bertín Osborne, Isabel Pantoja eta bere seme Paquirrín, Albako dukesa, Rocio Jurado, María del Monte, Joaquín, Tío Pepe…”, diote. Guztira 70 lagunek parte hartuko dute erromeria honetan.

Akais taldearen kontzertua

San Isidro plazan bazkaria antolatu du San Faustinek Rocio jaian parte hartuko dutenekin. Eta, 18:00etan Akais taldearen kontzertua antolatu dute Begoñako Andra Mari kalean.

“Kultur aniztasuna ospatu nahi dugu, eta, aldi berean, dibertimendua eta barrea eragin. Rocio Jaia ekitaldi bikaina da eta gure parodia maitasunez eta umore onez beteta egongo da, non gure Dos Caminos maiteko herritar guztiek gozatzea espero dugun”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak aste honetan hasiko dituzte, Basaurin

Lanak maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean bukatuko dituzte. “Hala ere, litekeena da plazaren zati bat lehenago erabiltzen hastea”, diote udal ordezkariek

|

Obrak hasteko prestaketa lanak hasi zituzten duela egun batzuk // Geuria

Hemendik urtebetera San Fausto plaza, Trintxera ezizenez ezagunagoa, guztiz berrituta ikusiko dute basauriarrek. Hain zuzen ere, plaza berria eraikitzeko lanak aste honetan hasiko diztuzte, eta 12 hilabeteko epean bukatuko dituzte. “Hala ere, plazaren zati bat epe hori baino lehen erabiltzen hastea aurreikusten dugu”, diote udal ordezkariek.

Obrek ez dute eraginik izango egungo plazaren parterreko zuhaiztian, eta argiteria publikoa, hiri-altzariak eta zoladura guztiak berrituko dituzte.

Ingurunean integratutako harmaila bat eta berdegune zabalak izango ditu plazak, herritarrek duela bi urte bozketa bidez hala erabita.

“Plataforma berri bat eraikiko da, lotuko dituena Arizgoiti plazako bizitegi-eraikin berria, gaur egungo zubia eta Autonomia kalea, kalearen pare geratuko den plaza bat sortzeko”, diote.

San Fausto plaza berriak itxura hau izango du, Social Antzokitik ikusita // Basauriko Udala

Era berean, Florian Tolosa, Autonomia, Arizgoiti plaza eta San Fausto plaza beraren arteko konexioa hobetuko dituzte. “Konfigurazio berriari esker, oinez eta ibilgailuz iritsi ahal izango da plazaren ondoko etxebizitzetara, alboko kaleen arteko kota-diferentziak gaindituta”, diote.

“San Fausto Plaza berriak bi xede nagusi izango ditu: basauritarrek aisiaz gozatzeko eta lasai egoteko leku atsegin bat edukitzea, eta erabilera sozialetarako espazio bat sortzea, ekitaldi herrikoiak, kulturalak edota kirol-arlokoak egiteko”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakumeen Champions Leagueko kopa Basauriko Artunduaga kiroldegian dago gaur eta bihar

|

Maiatzaren 14an eta 15ean ikus daiteke gertutik UEFA Women's Champions Leagueko kopa Artunduagako kiroldegian // Argazkiak: Basauriko Udala

UEFA Women’s Champions League txapelketako finala jokatuko dute maiatzaren 25ean Bilboko San Mamesen Bartzelonak eta Olymplique Lyonek.

Finaleko kopa Bizkaiko hainbat udalerritan izango da ikusgai, “herritarrek garaikurraren argazki bat egin ahal izan dezaten, baita emakumezkoen kirolari babesa adierazteko ere, kasu honetan, futbola protagonista dela”, diote.

Hego Uribe eskualdean, Basaurin soilik ikus daiteke UEFA Women’s Champions Leagueko kopa: gaur (maiatzak 14) eta bihar (maiatzak 15) Artunduaga kiroldegiko futbol zelaiaren gradetan jarri dute. Kopa ikusteko ordutegia da 09:00etatik 21:00etara.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakumeen hirugarren Korrikaldia antolatu dute maiatzaren 19an Basaurin

|

Emakumeon III. Korrikaldiak Marienean izango du irteera, eta helmuga San Isidro plazan // Marienea

Emakumeon Herri Korrikaldiaren hirugarren edizioa antolatu du Marieneako Korrikalariak taldeak maiatzaren 19an, igandez, Bentako jaien markoan.

Ibilbidea 5 kilometrokoa da eta Marienean bertan izan da irteera 10:30ean. San Migelen itzuli bat egin ostean, Marienea aurretik igaroko dira eta Nagusia kaletik behera egingo dute. Helmuga San Isidro plazan izango da, 12:30ean.

Parte hartzaileek korrika edo oinez egiteko aukera izango dute ibilbidea. Interesdunek izena eman behar dute aurretiaz  946 124 100 telefono zenbakira deituta edo marienea@basauri.eus helbide elektronikora idatzita.

Izena ematea doakoa da, kamiseta oroigarririk gabe, eta kamisetarekin 10 euro ordaindu behar dute parte hartzaileek.

Ordutegia / III. Emakumeon Herri Korrikaldia

Maiatzak 19, igandea
10:00 Dortsalen banaketa Marienean
10:15 Berotze-ariketak
10:30 Irteera

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Abarka Eguneko bazkariak 900 lagun batu ditu Bentako jaien hasieran

|

Hasi dira Bentako Jaiak, eta bai indartsu hasi ere! Abarka Eguna ospatzen ari dira basauriarrak, eta Solabarria plazan egin den bazkarira 900 lagun hurbildu dira. GEURIA bertan egon da, eta honak hauek dira atera ditugun argazkiak:

 

Osorik irakurri