Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Usansolo

Argazkiak / Usansolotik sartu da 23. Korrika Hego Uribe eskualdera

|

Martxoak 21 dituen honetan Korrika igaro da Hego Uribe eskualdetik. Usansolotarrek hartu dute lehenengo lekua. Hauek herrian bertan atera ditugun argazkiak:

☉ Usansolo

Eusko Legebiltzarrera joango dira Usansoloko herritarrak metro geltokia erdigunean eraiki dezaten eskatzera

Urriaren 22an Garraio batzordean egingo dute agerraldia Geltokia Erdigunean plataformako kideek. Usansolotik 60 herritar bertaratuko dira eta elkarretaratzea egingo dute Legebiltzarraren aurrean

|

Urriaren 22an egingo dute agerraldia Garraio batzordean // Geuria

Metro geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten eskatzeko aldarrikapenekin jarraitzen dute herritarrek Geltokia Erdigunean plataformaren babesarekin.

Bizkaiko Batzar Nagusietan ekainaren 21ean agerraldia egin ondoren, urriaren 22an, asteartez, Eusko Legebiltzarrak duen Garraio batzordean parte hartzeko hitzordua eman diete plataformako kideei.

“Bizkaiko Batzar Nagusietan egin genuen bezala, gure egoera azaltzeko eta Usansolok zerbitzurik galdu ezin duela berriro ere defendatzeko joko dugu Eusko Legebiltzarrera”, adierazi dio GEURIAri Jon Atxutegi plataformako kideak.

Atxutegirekin batera Josu Grandibal usansolotarra izango da hitzordu horretan. Baina ez dira bakarrik egongo: Usansolotik autobus bat bete dute urriaren 22an Gasteiza joateko.

“Asteartea, laneguna eta goizez izan arren, lortu dugu 60 usansolotar mobilizatzea Gasteizera! Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egingo dugu gure agerraldia baino aurretik. Gasteizen argi eta garbi entzungo eta ikusiko gaituzte”, dio Atxutegik, eta gaineratu du: “Gure helburua lortu arte jarraituko dugu”.

Manifestazioa Bilbon

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea, eta bi alternatiba aurkeztu zizkieten herritarrei irailaren 18an egin zuten bilera irekian: alde batetik, tunel “labur” bat eta lanzadera zerbitzua; eta bestetik, tunel luzeago bat, 500 metro luzerakoa, Usansolo erdigunera iritsiko litzatekeena. Bi erakundeek onetsi egiten dute lanzaderaren aukera.

Usansolotarrak ez daude ados bi aukera horiekin eta horregatik protestan ari dira. Ildo horretan, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteaz gain, urriaren 26an, larunbatez, manifestazioa deitu du Geltokia Erdigunean plataformak Bilbon.

“Urriak 26an Bilbon manifestazioa antolatuko dugu. Sorpresa nahikotxo egongo dira, beraz, apuntatu agendan!”, dio Atxutegik. Aurrerago emango dituzte xehetasun gehiago.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Manifestazioa deitu dute urriaren 5ean Usansolon: “Geltokia erdigunean, lortu arte!”

|

Iaz hasi ziren usansolotarrak mobilizatzen metro geltoki berria Usansolo erdigunean eraiki dezaten aldarrikatzeko // Geuria

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea. Hori adierazi zuten irailaren 18an Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari orokorrak eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoak, Geltokia Erdigunean plataformak antolatu zuen asanblada irekian.

Usansolotarrak ez dira erabaki horren aldekoak, eta horregatik kalera aterako dira beste behin ere, geltokia Usansolo erdigunean eraiki dezaten aldarrikatzeko. Urriaren 5ean, larunbatez, manifestazioa deitu du plataformak: 12:00etan hasiko da Meatzetatik.

“Asanbladan ikusi eta entzun gintuzten, baina jaramon gutxi egin digute geroztik. Horregatik, kaleak hartu behar ditugu, Usansolotik hasita Bilbora arte!”, adierazi dute plataformatik: “Usansolo osoa mobilizatu behar dugu! Zuek zarete herria, eta zuei dagokizue Usansolok nahi duena argi eta garbi adieraztea: Geltokia Erdigunean! Lortu arte!”.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Usansoloko VII. Herri Lasterketak 500 korrikalari baino gehiago hartuko ditu

|

Urriaren 6an izango da Usansoloko VII. Herri Lasterketa // Festak.com

Usansoloko Herri Lasterketa urriaren 6an, igandez, izango da. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da eta Arlo Baltza plazan izango du irteera eta helmuga.

Dagoeneko 530 korrikalarik eman dute izena lasterketa herrikoian, baina oraindik izena emateko epea zabalik dago: gaur gauerdira arte 5 eta 1 euro ordainduko dituzte partaideek, eta lasterketaren egunean bertan 10 eta 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Parte-hartzaile guztiek probaren kamiseta teknikoa jasoko dute opari.

Usansoloko Herri Lasterketa U113 Traitloi Taldeak antolatzen du.

Usansoloko VII. Herri Lasterketa

Urriak 6, igandez
Arlo Baltza plaza

11:45 Txikiak (0-4 urte) – 200 metro
12:00 Umeak (5-9 urte) – 500 metro
12:15 Gazteak (10-16 urte) – 1 kilometro
12:30 Nagusiak (+16 urte) – 7 kilometro

Usansoloko Udalak adierazi duenez, 12:00etatik 13:30era ibilgailuen zirkulazioa debekatuta egongo da lasterketaren ibilbidean.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Bideoa / “ETSk entzun du Usansolok zer nahi duen, eta jarraituko dugu geltokia erdigunean aldarrikatzen”

Eusko Jaurlaritzak eta ETSk bi aukera soilik dituzte mahai gainean: alde batetik, tunel “labur” bat eta lanzadera zerbitzua; eta bestetik, tunel luzeago bat, 500 metro luzerakoa, Usansolo erdigunera iritsiko litzatekeena

|

Usansoloko Metro geltokiaren aferaz asanblada irekia egin zuten atzo herrian. Bertan izan ziren Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendaria, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari orokorra eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoa.

Bi erakundeetako ordezkariek azaldu zutenez, baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea: “Usansoloko erdigunean ez da geltokirik aurreikusten, ekonomikoki bideragarria ez delako”, zehaztu zuen De Juanek.

Adierazpen horiek asanblada irekira bertaratu ziren herritarren haserrea piztu zuen: “Usansolo bere ospitaletik eta bere garraiotik isolatu dituzue, proiektuak Bizkaiko gainerako bizilagunei begiratzen dien bitartean. Ospitaleari eman zaio lehentasuna, eta ez herriari”, adierazi zuen atzo herritar batek.

Hain zuzen ere, metroaren geltoki berria Ospitalaren ondoan eraikiko dute, Usansoloko Unkina plazatik 900 metrora (gaur egungo Euskotreneko geltokia, desagertu egingo dena, 450 metrora dago).

Eusko Jaurlaritzak eta ETSk bi aukera soilik dituzte mahai gainean metro geltokia Usansolo erdigunearekin lotzeko: alde batetik, lurazpiko tunel bat eraikitzea, 500 metro luzerakoa, Laminarrieta, Meatzeta eta Torreondo kaleen arteko bidegurutzera iritsiko litzatekeena; eta bestetik, tunel “labur” bat eta lanzadera zerbitzua uztartzea.

Tunel luzearen aukera (ezkerrean) eta tunel txikia eta lanzaderaren ibilbidearen aukera (eskuman) // Geuria

Eusko Jaurlaritzatik eta ETStik onetsi egiten dute bigarren aukera; lanzaderarena, alegia. “Autobus elektrikoa jarriko genuke, eta Gorosibaiko bizilagunek ere erabili ahal izango dute”, zehaztu zuen De Juanek. Lanzadera zerbitzua Eusko Jaurlaritzak kudeatuko luke, eta ez Usansoloko Udalak, atzo ere adierazi zutenez.

Geltokia Erdigunean plataformatik adierazi dute “euren helburua lortu arte” jarraituko dutela borrokan: “Eusko Jaurlaritzak eta ETSk entzun dute Usansolok zer nahi duen, eta, hortaz, jarraituko dugu geltokia erdigunean aldarrikatzen”, adierazi dio GEURIAri Josu Grandibal plataformako kideak.

“Ezin dugu onartu Bilborako gure denbora handitzea. Hirugarren aukera ez da oraingoa: 2021eko planetan Aldundiak geltoki bat zuen Usansolo erdigunean. Zergatik zen lehen bideragarria eta orain ez?”, galdetu zuen atzo asanbladan Jon Atxutegi plataformako kideak.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Eusko Jaurlaritzak baztertu egin du Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea

|

San Andres eliza bete-beteta egon da Loly De Juanen eta ETSko ordezkarien azalpenak entzuteko // Geuria

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) baztertu egin dute Usansolo erdigunean geltokia eraikitzea. Gaur asanblada irekia egin dute eta bertan baieztatu du hori Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak.

“Usansoloko erdigunean ez da geltokirik aurreikusten, ekonomikoki bideragarria ez delako”, zehaztu du De Juanek.

Ildo berean, De Juanek adierazi du Eusko Jaurlaritzatik eta ETStik onetsi egiten dutela lanzaderaren aukera: “Autobus elektrikoa jarriko genuke, eta Gorosibaiko bizilagunek ere erabili ahal izango dute”.

Lanzadera zerbitzua Eusko Jaurlaritzak kudeatuko luke, eta ez Usansoloko Udalak.

Lanzaderaz gain, bi erakundeek mahai gainean duten beste aukera da tunel bat eraikitzea, 500 metroko luzerakoa, ospitalean eraikiko duten geltokia Usansolo erdigunera hurbiltzeko.

Bi usansolotar Eusko Jaurlaritzak eta ETSk mahai gainean dituzten bi aukerak begiratzen // Geuria

Loly De Juanekin batera, Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari orokorra eta Julian Ferraz ETSko zuzendari ondokoa izan dira asanbladan.

“Koherenteak izaten saiatu gara. Mahai gainean dauden proposamenak jasangarrienak dira sozialki zein ekonomikoki. Usansolo herriari zerbitzua emateko modurik onena dira. Ospitalea eta herria lotzeko puntu bakarra, Usansoloko zentroari zerbitzua eskaintzeari utzi gabe”, adierazi du Ferrazek.

Bi erakundeek euren proposamenak aurkeztu ondoren adierazi dute usansolotarrek erabaki ahal izango dutela bi aukeretatik bat. Hala ere, Usansoloko herritarrak ez daude ados ez aukera batekin ez bestearekin.

Herritarrak haserre

Asanblada irekia Geltokia Erdigunean plataformak antolatu du, eta Jon Atxutegi bozeramaileak hitza hartu du: “Gure helburua da metro geltokia erdigunean eraikitzea, hirugarren aukera izan daitekeena. Herritarron interesak defendatzen dituen aukerarik onena da”.

“Ezin dugu onartu Bilborako gure denbora handitzea. Hirugarren aukera ez da oraingoa: 2021eko planetan Aldundiak geltoki bat zuen Usansolo erdigunean. Zergatik zen lehen bideragarria eta orain ez?”, galdegin du Atxutegik.

Usansoloko San Andres eliza bete-beteta egon da asanblada irekian, eta bi erakundeetako ordezkarien berbak hautsak harrotu ditu bertaratu diren herritarren artean.

“Usansolo bere ospitaletik eta bere garraiotik isolatu dituzue, proiektuak Bizkaiko gainerako bizilagunei begiratzen dien bitartean. Ospitaleari eman zaio lehentasuna, eta ez herriari”, adierazi du herritar batek.

Osorik irakurri