☉ Galdakao
Eguzkibegi Ikastola 2025eko Ibilaldiko hastapen-lanetan buru-belarri dabil
Aurten lehen hastapenak egiten ari dira 2025eko Ibilaldiaren prestaketan, eta Itxaso Etxebarria Eguzkibegi Ikastolako zuzendariaren arabera, 2024an ekingo diete jardueraren “lan potoloari”.

Ibilaldia antolatu du Galdakaon Eguzkibegi Ikastolak 2025ean. Horrela iragarri zuten Galdakaoko zentrotik 2021ean. 2009an antolatu zuen azken aldiz Ibilaldia Eguzkibegik eta 16 urte geroago aldaketa nabarmenak jasan ditu zentroak bai barrura begira bai pedagogikoki, Itxaso Etxebarria Eguzkibegi Ikastolako zuzendariak duela bi urte esan zigunez. Begiradak 2025ean daude, beraz, eta Ikastolen jaia antolatzeaz gain Ibilaldia prestatuko dute zentroko instalazioak berritzea helburu.
2025ean Ibilaldia antolatzeko batzordea eratu behar zutela iragarri zuten duela urte bi, eta bere horretan dihardute: “Gaur egun Ibilaldiaren Batzordearen partaideak gara. Hilabetean behin biltzen gara gainontzeko kideekin gai jakin batzuen inguruan berba egiteko”, nabarmendu du orain Etxebarriak. “Ibilaldia egin baino urte bi lehenago sortu dugu Batzordea eta gainontzeko kideekin asko ikasten ari gara hurrengo Ibilaldietan egin behar den lana barneratuz”.
Batzordea ikasturte honetan Ibilaldia egingo duten ikastolaren batzordearen ordezkariek eta urte bi lehenago eta geroagoko ibilaldia osatu behar dutenek osatzen dute. Aurten, beraz, lehen hastapenak egiten ari dira 2025eko Ibilaldiaren prestaketan. Zentroko zuzendariaren arabera, 2024an, kronogramak adostuta, ekingo diete jardueraren lan potoloari.

Zentroko instalazioak, guztiz berrituta // Eguzkibegi Ikastola
Instalazio berriak
Joan den otsailaren 14an Eguzkibegi ikastolaren obra berriaren inaugurazioa egin zuten eta “nabarmen hobetu diren” DBHko ikasgelak, laborategia, teknogela eta hirugarren solairuko beste gune batzuk erakutsi zituzten. Lan hauek 2022ko udan egin zituzten, espazio berri batzuk sortzearekin batera.
“Orokorrean, eraldaketaren helburua ikastola joera pedagogiko berrietara egokitzea izan da eta honekin batera ikasle eta profesionalei espazio eroso eta berritzaileak eskaintzen zaizkie”, azaldu du Etxebarriak. 2020an, ikastolako komunitate osoak zentroko gabezien eta ahulezien azterketa egin eta Eguzkibegiko espazioakberritu behar zituztela ondorioztatu zuten.
Ibilaldiak 2023-2028
2023 – Zubi Zahar Ikastola (Ondarroa)
2024 – San Nikolas Ikastola (Getxo)
2025 – Eguzkibegi Ikastola (Galdakao)
2026 – Kirikiño Ikastola (Bilbo)
2027 – Bihotz Gaztea Ikastola (Santurtzi)
2028 – Harrobia Ikastola (Bilbo)
☉ Galdakao
Galdakaoko 2024ko aurrekontu proposamenak “inbertsio ahalmen handia” du oinarri
48,8 milioi eurokoa da kaleratu duten proposamenaren zenbatekoa, iazkoarekin alderatuta “% 4,91ko igoera” jasotzen duena

Aurrekontu proiektuaren aurkezpena egin du gaur eguerdian Galdakaoko udal gobernuak, Iñigo Hernando alkateak eta Alberto Ealo Ogasun zinegotziak gidatuta. Bertan egon dira, baita, gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak eta Usansolo Herria alderdietako bozeramaileak.
48,8 milioi eurokoa da kaleratu duten proposamenaren zenbatekoa, iazkoarekin alderatuta “% 4,91ko igoera” jasotzen duena, ogasun zinegotziak adierazi duenaren arabera.
Abenduaren 21eko osoko bilkuran onartzeko asmoa daukate. Oposizioarekin hartu eman izan dutela ziurtatu dute, eta “ekarpenen zai” daudela.
Modu berean, eta Usansolori dagokionez, egun aurrekontua “juridikoki zatiezina” dela azaldu dute, baina hainbat partidetan “banaketa proportzionala” aurreikusten dutela.
Gazta, lau zatitan
Proposamena lau zati handitan banatzen den gazta bat bailitzan aurkeztu dute. Ealok zati horien zenbatekoak xehetu ditu:
- Zerbitzuak (% 51): 29.934.591 €,
- Giza Baliabideak (% 29): 13.925.454 €
- Inbertsioak (% 12): 6.039.231 €
- Diru laguntzak (% 8): 3.793.538 €

Udal gobernu taldeak aurkeztu du 2024ko kontuen proposamena // Geuria
Zenbaki orokorrez harago, Hernandok zifra horien atzean dagoen ikuspuntua azaldu du, aurrekontuak bi oinarri dituela azpimarratuz: alde batetik, “herritarrei ematen zaizkien zerbitzuen kalitatea bermatzea eta hobetzen joatea”, eta bestetik “udalaren inbertsio ahalmen handia indartzea”. Bi helburu handi horien adibide da zerbitzuen atalak gaztaren erdia baino gehiago jaten duela, %51, hain zuzen ere.
Beste partida batzuen artean, hondakinen bilketari dagokion partida bikoiztu dela nabarmendu du, eta guztira hondakinen kudeaketara zein kale garbiketara 5 milloi euro bideratzen direla.
Gazteriari dagokionez, iaz martxan jarri zuten zerbitzu psikologikoa mantenduko dute, eta herriko gazteei emantzipazioan laguntza eskainiko dien zerbitzua martxan jarriko dute. Bi asmoen aurrekontua guztira 433.000 euroko da.
Pertsona nagusien kolektiboa ere aintzat hartzen du proposamen honek, eta 150.000 euro jarriko dituzte programa ezberdinetara.
Inbertsioak, indartsu
Inbersioen atala ere azpimarratu nahi izan du Galdakaoko alkateak: “beste herri batzuekin alderatuta inbertsio ahalmena oso handia da”. Zenbakitan jarrita, 6 milloitik gora, aurrekontuaren % 12a.
Proiektu esanguratsuenen artean, honako hauek aipatu ditu:
- Txomin Egileor kalearen eraldatzea erreka eta bere ingurua biziberritzeko proiektu integral baten baitan kokatu du. Milloitik gorako inbertsioa egingo dute, norabide bakarrekoa izango da kalea, eta bidearen beste karrila bidegorri batekin lotuko dute.
- Saneamendua eta ur honiduran hobekuntza nabarmenak egingo dituzte, Usansolon, Trokan edo Ibaizabal kalean, besteak beste. Hemen ere milloitik gorako inbertsioa aurreikusten da.
- Elexalde eliza aurreko etxea erosiko du Udalak, “herritarren eskura jartzeko”. Proiektuaren nondik norakoak “dagokion momentuan” zehaztuko dira.
Bukatzeko, diru laguntzetan ia lau milloi bideratuko ditu Udalak, besteak beste, larrialde egoeran dauden pertsonentzako laguntzak mantenduz (981.000 euro), sustapen ekonomikoari eta enpleguari dagokion partida hornituz (enplegu plana, ekintzaileei, dendari elkarteari eta Erletxeko enpresariei diru laguntza), edo herriko taxilariekin adostuko den auzo-taxi zerbitzua martxan jarriz.
Gaztaren beste bi zatiak udalaren gastu estrukturalek osatzen dute, Giza Baliabideak, % 29a, (13.925.00 euro), eta Finantza Gastuak (51.650 euro).
☉ Galdakao
Argazkiak / Izaskun Rekalde omendu dute Galdakaon, Euskararen Eguneko ekitaldi nagusian
Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. Galdakaon ekitaldi nagusia egin dute Torrezabal Kultur Etxean, eta bertan ekainean zendu zen Izaskun Rekalde usansolotar euskaltzalea gogoratu dute.
Ikastolako lagunak, lankideak eta Pantailak Euskaraz eta Arnas Dezagun ekimenetako bere lagunak izan dira ekitaldian, besteak beste. Era berean, Pantxoa Karrere abeslari lapurtarrak eta bere alabak musikaz girotu dute emanaldia. Taupadak Dantza Eskolak ere parte hartu du.
Izaskunen senideak ere ekitaldira bertaratu dira Torrezabalera eta Karmele Gorroño galdakoztarrak egindako ilustrazioa jaso dute. Ekitaldia Johana Lasheras eta Jon Gomez kazetariek gidatu dute.
☉ Galdakao
Gazte berbodromoa, ekitaldia eta Izaskun Rekalderi omenaldia antolatu dituzte Euskararen Egunaren harira Galdakaon

Abenduaren 3a da Euskararen Nazioarteko Eguna. Galdakaon hainbat jarduera antolatu dituzte, ez bakarrik abenduaren 3an bertan, baizik eta aurreko egunetan ere.
Besteak beste, azaroaren 29an Mintzodromoa antolatu zuen Barandiaran AEK euskaltegiak Kurtzeko plazan eta Maximo Moreno Musika Eskolako ikasleek kalejira egin zuten.
Abenduaren 1etik 3ra bitarteko asteburuan ere hamaika gauza egongo dira Galdakaon: gazte berbodromoa, musika ekintza kooperatiboak, beldurrezko ihes gela, euskara eta ostalaritza sustatzeko kanpaina, talo eta sagardo dastaketa eta Euskararen Eguneko ekitaldi nagusia.
Euskararen Eguneko ekitaldi nagusian, euskararen lorpenak eta erronkak aurkeztuko dituzte, eta Izaskun Rekalde usansolotar euskaltzaleari omenaldia egingo diote. Ekainean hil zen. Berarekin batera euskara sustatzeko hainbat ekimenetan parte hartu duten kide ugari etorriko dira Galdakaora igandean, baita Pantxoa kantaria ere. “Izaskunek ereindako haziari ura botatzen jarraituko dugu”, esan du Gaizka Uriarte Aitu elkarteko kideak.
Euskararen Eguna 2023 | Egitaraua
Abenduak 1, ostirala
20:00 Gazte berbodromoa Ganguren tabernan
Abenduak 2, larunbata
12:00 + 17:00 Beldurrezko ihes gela Plazakoetxeko Topagunean (+12 urte)
Abenduak 2-3
Urretako ostalariekin elkarlanean, euskara eta ostalaritza sustatzeko kanpaina. Euskaraz eskatzeak saria izango du.
Abenduak 3, igandea
12:00 ‘Euskararen lorpenak eta erronkak’ ekitaldia eta Izaskun Rekalderi omenaldia Torrezabalen. Sarrerak agortuta
13:00 Talo eta sagardo dastaketa Agirre Lehendakariaren plazan
☉ Galdakao
Argazkiak / ‘Utzi zaintzak pribatizatzeari’ lemapean egin dute manifestazioa Galdakaon
Zaintza sistema eraldatzeko asmoz, egun osoan zehar hamaika ekintza egin dituzte Hego Uriben greba feminista orokorraren barruan. Galdakaon goizeko lehen orduan gosari kolektiboa egin dute, baita piketeak ere, eta ondoren 12:30ean manifestazioa egin dute Zuhatzutik Santi Brouard plazara ehunka herritarrek. Hauek dira Aitzol Zamalloa argazkilari galdakoztarrak atera dituen argazkiak:
☉ Galdakao
Argazkiak / Dozenaka lagun batu dira Galdakaon Azaroaren 25eko elkarretaratzean

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da gaur, azaroak 25. Galdakaon elkarretaratzea deitu du Momoakek udaletxeko plazan. Dozenaka lagun batu dira kontzentraziora.