→Galdakao

Irubiden, N-634 eta Bi-625 errepideetan, biribilgune bat eraikiko dute uda ostean

Irubide auzo galdakaoztarreko N-634 eta Bi-625 errepideak uztartzen dituen gurutzeak egunero sortzen dituen trafiko arazoak direla eta, 70 metroko diametroko biribilgune bat eraikitzen hasiko dira uda amaieran helburu hirukoitzarekin

Irubideko bidegurutzea, gaur egun // GMaps

Irubideko N-634 eta Bi-625 errepideak uztartzen dituen bidegurutzeak egunero sortzen dituen trafiko-arazoak direla eta, 70 metroko diametroko biribilgune bat eraikitzen hasiko dira uda amaieran helburu hirukoitzarekin: errepide-segurtasuna hobetzea, gurutzearen zerbitzua bera hobetzea eta bertako semaforoek sortutako trafikoa arintzea.

Foru Aldundiak 5,9 milioi euroko inbertsioa egin du proiektu honetan eta lanak iraila edo urrian hasteko asmoa dute, urtebeteko iraupenarekin.

Istripuen gunea

Gaur egun Bizkaiko istripu kontzentrazio zonaldean kokatuta dagoen bidegurutzea dugu Irubidekoa, bertako semaforoek sortzen dituzten trafiko arazoengatik eta istripu gehienak irismen-talka bidezkoak izan ohi dira. Bertako semaforo zikloak luzeagoak dira Donostiatik datozen ibilgailuentzat eta horrek auto-ilara luzeak sortzen ditu Bilboko N-634tik datozenen artean.

Horiek horrela, 70 metroko diametrodun biribilgunearen bidez bi noranzkoen trafikoa arintzea espero du Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurraldfe Garapeneko sailak. Noranzkoa aldatzeko aukera ahalbidetzeaz gainera, bide azkarrez osatuta egongo da azpiegitura berria eta N-634ko erabiltzaileek biribilgunea saihesteko aukera izango dute Bilborako eta Bi-625erako noranzkoan bide azkarren bidez.

Biribilgunera heltzeko 3,50 metroko langa bi izango dituzte N-634tik zein Bi-625 errepidetik datozen gidariek. N-634ko eta N-634 eta Bi-625 arteko bide azkar biek lau metroko zabalera izango dute, 1,5 metroko bazterbideekin albo bietan.

Aipatutako lanez gainera Metro Bilbaoko 5. linearako aparkaleku baterako saihesbidea egingo dute mendi magalean, Olabarrieta auzoan, Aperribaiko errepidearekin uztartuz. Aparkalekua errepide nagusitik gertu egongo da.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak