☉ Galdakao
X. Bizikleta Martxa antolatu dute Bilbotik Galdakaora, hiriburua Etxebarri, Basauri eta Galdakaorekin lotzeko
Datorren irailaren 24an (zapatua) 25kmko X. Bizikleta Martxa antolatu dute Biziz Bizi plataformako kideek Bilbo, Etxebarri eta Basauri Galdakaorekin ibilbide seguru batekin konektatzeko
Datorren irailaren 24an (zapatua) 25kmko X. ‘Bidegorria Galdakaora Orain!’ Bizikleta Martxa antolatu dute Biziz Bizi plataformako kideek Bilbo, Etxebarri eta Basauri Galdakaorekin ibilbide seguru batekin konektatzeko: “Hilabete honetan mugikortasunaren astea dugu, mugikortasun iraunkorraren aldeko adierazpen guztiak alde batera utzita, une egokia da bidegorria bultzatzeko erabaki ausartak hartzeko”, azaldu dute plataformako bozeramaileek. “Bilbo ezkerraldearekin bat egitea lortu dugu, obrak ere hasten ari dira eskuinaldetik, orain barrualderantz jotzen du, zure presentziak posible egingo du”.
Ibilbidea Bilboko Kale Nagusiko 25. zenbakian hasiko dute, Diputazioko eraikinaren aurrean, 11:00etan eta Galdakaora iritsiko da 14:00ak aldera. Plataformatik azaldu dute ibilbidea tren eta metroko 3. lineako geltokietatik igaroko dela: “Ikuspegi guztietatik beharrezkoa den bidegorria nahi dugu, hurbiltasuna dakarrelako. Bilboz gainera, Durangaldera eta Arratiara irekitzea espero dugu etorkizunean, besteak beste”.
Domekakoa lehen hitzordua izango da, ibilbide bera hilabete bakoitzeko azken zapatuan errepikatzeko asmoa dutelako Biziz Bizitik.
☉ Galdakao
Galdakaoko Erletxe eta Larrabetzu bidegorri bidez lotuko ditu Aldundiak
Erletxeko eta Larrabetzuko industrialdeak lotzeko bidegorria eraikiko du Bizkaiko Foru Aldundiak. Bidegorriak guztira 3,4 kilometro izango ditu eta Galdakaoko Artola auzoa ere zeharkatuko du.
Bizikleta-pista bi noranzkokoa izango da eta txirrindularientzat zein oinezkoentzat egokituta egongo da. Zirkulatzeko esparruaren zabalera sei metrokoa da: lau metro txirrindularientzat egokituta eta bi metro oinezkoentzat.
“Bidegorria zein oinezkoentzako bidea motordun trafikotik bereiziko dira erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, espazio irekiak, parkeak, lorategiak eta basoak zeharkatuz”, diote Aldundiko arduradunek.
Erletxe eta Larrabetzu arteko zatia eraikitzeko proiektua onartu du dagoeneko Aldundiak: 12 milioi euro inbertituko dituzte eta 18 hilabeteko epea ezarri dute obrak burutzeko, lizitazioa egin ostean.
“Ibilbide honek, kirol-aisialdirako aukera ez ezik, Galdakao eta Larrabetzu arteko mota guztietako joan-etorrietarako benetako alternatiba izan nahi du eta, aldi berean, bere eremu geografikoko garraio publikoko sareetara oinez eta bizikletaz sartzea erraztuko du (merkantzia-trenak, autobus-lineak…)”, diote.
Bizkaiko bidegorri sarea
Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua da Erletxe-Larrabetzu bidegorria Erandioko Lutxanaraino luzatzea. “Ibilbidea Txorierriko Haranaren eta Mungialdearen arteko sare aurrekonfiguratuan kokatzen da”, diote. Era berean, Erletxe-Boroa ere lotu nahi dituzte.
Beste alde batetik, Bilbo, Etxebarri, Basauri, Galdakao, Amorebieta-Etxano, Iurreta, Abadiño, Berriz eta Zaldibar ere bidegorri bidez lotu nahi ditu Aldundiak. “Hori litzateke ardatz nagusia, eta bigarren ardatz nagusia, orain onartu dena, Erletxe eta Lutxana (Erandio) artekoa izango da”, diote foru ordezkariek, eta gaineratu dute: “Bigarren mailako ardatz bat ere egingo dugu, bizikleta bidezko mugikortasuna Mungiarantz eta bere eskualderantz artikulatzen duena”.
Bilboko Bolueta eta Basauriko Kareaga artean dagoeneko hasi da Aldundia bidegorria eraikitzen, eta aurreikuspenen arabera aurten bukatuko dute. Bidegorriak kilometro bateko luzera izango du.
Gainera, Basauriko Udalak, bere aldetik, Bolueta eta La Basconia lotuko dituen bidegorriari jarraipena emateko asmoz, bidegorria luzatu nahi du La Basconiatik Pozokoetxera. Udal arduradunen asmoa da aurten idaztea proiektu hori, eta horretarako 2023ko diruzaintzako gerakina erabiliko du.
☉ Galdakao
Programa / Bekeako jaiak 2024
Asentzio jaiak ospatuko ditu Bekea auzoak maiatzaren 10etik 12ra. Umeentzako jarduerak, esku pilota partidak, tortilla txapelketa, mendi ibilaldia, herri bazkaria eta bertso emanaldia eta erromeriak antolatu dituzte.
Era berean, maiatzaren 15ean San Isidro ospatuko dute eta hilaren 19an Txakoli Eguna antolatuko dute.
Egitaraua / Bekeako jaiak 2024
Maiatzak 10, ostirala
18:00 ‘Txipli-txapla-pum!’ kalejira eta jai hasiera. Andra Mari Txiki dantza-dantzari
18:30 Esku pilota partidak Adiskideren eskutik
Maiatzak 11, larunbara
11:00 II. Tortilla txapelketa
13:30 Auzokoen bazkaria
18:00 Lagun arteko esku pilota partidak: Atutxa-Larunbe vs Karregal-Kantxo
21:00 Dantzaldia: The Golden Trio
Maiatzak 12, igandea
09:00 Mendi-ibilaldia Ganguren MTren eskutik
12:00 Meza nagusia
12:30 Andra Mari Dantza Taldearen emanaldia
15:00 Herri bazkaria eta bertsolariak: Arkaitz Estiballes eta laguna. Jarraian erromeria Etxebarria Aita-Seme Trikitilarien eskutik
21:00 Jaien amaiera eta azken biribilketa
Maiatzak 15, asteazkena
20:00 Meza eta luntxa
Maiatzak 19, igandea
11:00 VIII. Euskal artzain txakurren lehiaketa
13:00 Eskerrak laguntzaileei eta Txakoli dastaketa
☉ Galdakao
Eraso matxista bat salatu dute Galdakaon eta elkarretaratzea deitu dute larunbatean
Eraso matxista bat salatu dute Galdakaon. Horren berri eman du gaur goizean Udalak. Herriko mugimendu feministak eta emakume taldeek elkarretaratzea deitu dute apirilaren 27an, larunbatez, 12:30ean Santi Brouard plazan.
Galdakaoko Udalak, udaltalde politiko guztien adostasunarekin, adierazi du “irmoki” arbuiatzen duela herrian gertatutako eraso matxista: “Udalak babes eta laguntasun osoa adierazi nahi die erasoa jasan duen pertsonari eta haren hurrekoei”, adierazi dute.
Gertaeren berri izan orduko protokoloa aktibatu du Udalak eta premiazko bilera deitu du, “informazio guztia batu eta erakundearen erantzuna nahiz biktimarenganako laguntasuna koordinatzeko”.
“Adierazi gura dugu indarkeria matxista ez dela jokabide txarreko ausazko ekintzen eta ekintza indibidualen emaitza; aitzitik, emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasun-harremanetan sakon errotuta dagoela eta Giza Eskubideen urraketa larria izateaz gainera lehen mailako gaitz soziala dela eta berau sufritzen nahiz aurre egiten dioten emakumeen dignitatearen, osotasun fisikoaren eta moralaren aurka egiten dela”, diote udal ordezkariek.
Ildo horretan, “behar diren neurriak” sustatuko dituela adierazi du Udalak, “edozelako eraso matxistaren aurrean udalerriko entitateen eta hiritarren erantzun argi eta berehalakoa eman dadin, lehenbailehen erasotua artatua izan dadin, indarkeriari aurre egiteko emakumeek behar dituzten jarduera prebentiboak garatu eta erasotzaileen inpunitate soziala onartu ez dadin”.
Udalak babestu egiten du mugimendu feministako taldeek eta emakume taldeek deitu duten mobilizazioa, eta herritarrak gonbidatzen ditu gaitzespen ekintza guztietan parte hartzera.
☉ Galdakao
Galdakaoko XII. Herri Krosa apirilaren 28an izango da
Galdakaoko XII. Herri Krosa apirilaren 28an, igandez, izango da. Federatuta daiden korrikalariek zein federatu gabekoek parte har dezakete.
Herri Krosean izena emateko epea zabalik dago apirilaren 25era arte. Aldez aurretik izena emateagatik parte-hartzaileek 10 euro ordainduko dituzte eta lasterketaren egunean bertan, interesdunek 15 euro ordainduko dituzte.
Proba doakoa da 14 urtetik beherakoentzat (2010etik aurrera jaiotakoek) eta kategoria paraolinpikokoentzat baldin eta apirilaren 25a baino lehen izena ematen badute. Lasterketaren egunean bertan 5 euro ordaindu beharko dituzte.
Galdakaoko Herri Krosa Galdakao Atletismo Taldeak eta Udalak antolatzen dute, eta Bizkaiko Atletismo Federazioaren egutegi ofizialaren barruan dago. Aurten hamabigarren edizioa da, eta urtero ehunka partaide biltzen ditu.
Galdakaoko XII. Herri Krosa 2024 – Apirilak 28
Kategoriak eta distantziak
11:00 Benjaminak (2014-2015 urte bitarteetan jaiotakoak)
600 metro, itzuli bat A zirkuituari
11:15 Kimuak (2012-2013 urte bitarteetan jaiotakoak)
1.000 metro, itzuli bat B zirkuituari
11:30 Haurrak eta Kadeteak (2009-2011 urte bitarteetan jaiotakoak)
2.000 metro, bi itzuli B zirkuituari
11:45 Kategoria paralinpikoa
– Kategoria egokitua: 1.000 metro, itzuli bat B zirkuituari
– Kirol trebetasuna: 2.000 metro, bi itzuli B zirkuituari
12:00 Gazteak (2006-2007 urte bitarteetan jaiotakoak), Juniorrak (2004-2005 urte bitarteetan jaiotakoak), Seniorrak (34 urte arte) eta Beteranoak (35 urtetik gorakoak)
– Gazteak-Juniorrak: 3.854 metro, bi itzuli C zirkuituari
– Seniorrak-Beteranoak: 7.708 metro, lau itzuli C zirkuituari
Sariak
Galdakaoko XII. Herri Krosak hainbat sari banatuko ditu: Senior kategoriako irabazleei (lehen gizonezkoa eta lehen emakumezkoa) garaikur bat eta txapel bat emango dizkiete, baita gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria absolutuko lehen hiru sailkatuentzat 150 euro, 90 euro eta 60 euro emango dizkiete, hurrenez hurren.
Kategoria absolutuan sailkatzen den Galdakaoko lehen gizonezkoarentzat eta lehen emakumezkoarentzat ere saria egongo da, eta baita garaikurrak lehenengo hirurentzat kategoria eta sexu bakoitzean.
Dortsala jasotzean, parte-hartzaile guztiei probaren oroitzapenezko kamiseta bat oparituko diete, eta poltsa bat emango diote parte-hartzaile bakoitzari helmugara iritsi bezain laster, elikagaiekin eta freskagarriekin. Gainera, sarien zozketa egingo dute proba amaitzean.
☉ Galdakao
#A21 / Emaitzak / Galdakao / EAJ garaile, baina inoizko lehia estuena EH Bildurekin
#A21 / Galdakao / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak