→Arrigorriaga

Xabier González (Amarok txakurkros kluba): “Ez dugu beldurrik, euskaldunak gara eta eutsiko diogu!”

Arrigorriagako Amarok Txakurkros klubeko sei ordezkarik Tropheé des Montagnes lasterketan parte hartuko dute uztailaren 30etik abuztuaren 7ra bitartean. Frantziako Alpeetan urtero egiten den ekitaldia da honakoa; adituen esanetan, probarik gogorrenetarikoa.

Xabier González Santamaría Xiri txakurrarekin // Joaquín Bravo

Arrigorriagako Amarok txakurkros klubeko sei ordezkarik Tropheé des Montagnes lasterketan hartuko dute parte uztailaren 30etik abuztuaren 7ra bitartean. Frantziako Alpeetan urtero egiten den ekitaldia da honakoa; adituen esanetan, probarik gogorrenetarikoa, 9 egunetan, 10 lasterketa egin beharko baitituzte txakurrek eta beren jabeek, 2.000 metroko altueran.

“Nik, plantako arazo batzuen ondorioz, ezin izan dut nahi beste entrenatu”, esan du Xabier González Santamaríak, txakurkros taldeko sortzaileak eta lasterketako parte hartzaileak. Guztira, 60 kilometro egin beharko dituzte mundu mailako txapelketa honetan, baina Gonzálezek dio Xiri, bere uretako txakurra, ondo prestatuta dagoela: “Igeri asko egin du Arrigorriagako ibaian, korrontearen kontra” eta hondartzan ere bi orduko saio luzeak egin ditu.

Lasterketaren iraupena alde batera utzita, baina, bada Gonzálezek nabarmendu duen beste zailtasun bat ere: altitudea. “2.000 metrotara korrituko dugu, eta hori handicapa izango da txapelketako lehen 2-3 egunetan”, gehitu du. Txakurkrosa neguko kirola da, eta azken hileotako tenperatura altuak direla-eta, prestatzea zaila izan da. Horregatik, entrenamentu asko goizetan egin dituzte, saio laburragoetan eta modu librean, Xiri loturik joan gabe eta beste txakurren laguntzarik gabe.

Xabier González Santamaría Xiri txakurrarekin // Joaquín Bravo

Nazioarteko txapelketa

2022ko edizioan, 18 herrialdetako 300 korrikalarik baino gehiagok hartuko dute parte Tropheé des Montagnes lasterketan. Horietako askok ondo prestatutako txakur nordikoen laguntza izango dute, baina Gonzálezek esan duenez, Xiri eta biak gogotsu joango dira Alpeetara: “Ez dugu beldurrik, euskaldunak gara eta eutsiko diogu!”.

Gainera, musherak esan du beren helburua ez dela inoiz sailkapenaren goiko postuetan egotea izan. “Guk beste modu batean ulertzen dugu txakurkrosa, gure txakurraren osasunerako onuragarria den kirol-jarduera gisa, eta gure helburua lasterketez gozatzea eta amaitzea da”.

Txakurkrosa Arrigorriagan

Gonzálezek pasa den martxoan aurkeztu zuen Ausartak Amarok Txakur-trail taldea, KorriCan proiektuaren barnean. Arrigorriagako Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin jarriko dute martxan 2023ko urtarrilean. Ekimenaren helburua eskola-adinean dauden haur eta nerabeei txakurkrosa ezagutaraztea eta animalien eta ingurumenaren zaintza eta errespetua sustatzea da. Horretarako, Arrigorriagako Mendikosolo parkean jarduera didaktikoak antolatzen hasi dira jada.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak