Sareak

Hezkuntza

Saioz saio

Sexu Hezkuntza ematen hasi nintzenean, orain 15 urte, ume zein gazteek oinarrizkoena ez zekitela frogatu nuen. Gaur egun, tamalez, egoera berdintsua da. Sexualitatea ulertzen ez den bitartean, egungo umeek seme-alabak sortzeko "egin behar" den zerbait dela pentsatzen jarraituko dute, eta gazteek ezagupena pelikula pornografikoetan bilatuko dute.

|

Sexu Hezkuntza ematen hasi nintzenean, orain 15 urte, ume zein gazteek oinarrizkoena ez zekitela frogatu nuen. Gaur egun, tamalez, egoera berdintsua da. Sexualitatea ulertzen ez den bitartean, egungo umeek seme-alabak sortzeko "egin behar" den zerbait dela pentsatzen jarraituko dute, eta gazteek ezagupena pelikula pornografikoetan bilatuko dute.

Sexualitatea bere osotasunean eta euskaraz azaltzen duten liburuak topatzea zaila da. Material sexologikoa eta feministaren falta nuenez urteetan komiki bat egitearen ideia bueltaka izan dut buruan, eta lanean ume eta gazteen iritziak, bromak eta bizipenak jasotzen joan naiz. Errespetuz elkartekoekin elkarlanean nengoela behar berdina sumatzen zutenez, komikia egitearen ideiari bultzada eman zioten, Foru Aldundiari diru laguntza eskatu eta lanean hasi ginen.

Basaurin, Galdakaon eta Getxon urte hauetan sexu hezkuntzako saioetan erabili ditugun ideiak, dinamikak, jolasak eta suertatu izan diren elkarrizketak, egoerak edo anekdotak azaltzen dituen komikia egitea erabaki nuen. Gidoia idatzi, story board-a egin, marrazkilaria bilatu, pertsonaien frogak… Eider Eibar margolari bikainarekin "Ko-ernaltzea" izan balitz bezala, bederatzi hilabete eta gero komikia atera dugu.

Liburuxka honetan kontzeptu batean zentratu gara: "sexua", hau da, gorputza, intersexualitatea, transexualitatea, sexismoa, etab. Umeen sexualitateari hurbiltzea eta sormenari eta komunikazioari bide emateko bitartekoa izaten ari da, umeek gustura imajinatzen dituzte protagonisten izate eta ezaugarriak, bizimoduak, ume transexualaren prozesua…

Laburra geratzen zaie, izatez lehen saioa besterik ez da, ondiño kontzeptu asko azaltzeke daude, hurrengo saioak ere goiz komiki bihurtzea espero dugu. Eiderrek, Xabier Errespetuz elkarteko kideak eta nik neuk maiatzaren 17an, 18:30etan Marienean, aurkeztuko dugu, egun horretan bertan salgai egongo da eta Errespetuz elkarteko blogean ere PDFan eskuragarri dago. Pentsamendu eta jarrera irekiarekin irakurtzea gomendatzen dugu.

☉ Arrigorriaga

Eskola Bidea ekimenari ekingo diote berriro Arrigorriagan

"Proiektu honen bidez bide seguruak ziurtatu eta haurrek, lagunekin batera, autonomia eta irudimena garatzea bilatu nahi da", azaldu dute Arrigorriagako Udaletik

|

Haurrak, eskolarako bidean // Geuria

Iazko esperientzia pilotuaren "harrera ona" ikusi ostean, Arrigorriagako Udalak, eskolako familiekin eta langileen batera, berriro ekin diote Eskola Bidea ekimenari, haurrak eskolara oinez heltzeko. "Proiektu honen bidez bide seguruak ziurtatu eta haurrek, lagunekin batera, autonomia eta irudimena garatzea bilatu nahi da", azaldu dute Arrigorriagako Udaletik: "Eskola Bidea proiektuaren bidez, haurrak bakarrik joango dira eskolara, aurretik landutako bide seguruak erabilita".

Arrigorriagan lau ibilbidek osatzen dute Eskola Bidea, zonalde ezberdinetan antolatuta: Udaletxe ondoko plazan, Kubon, Jose Mª Makuan, San Antonio plazan eta Lonboko zonaldean. Irteera guztiak 08:45etan egingo dira.

Eskola Bideako lehen esperientzia 2022ko ekainaren 13tik 17ra egin zuten Arrigorriagan. Egun horietan boluntarioekin batera joan ziren eskolara haurrak, diseinatutako bidea erabiltzeko ohitura har zezaten eta Udaltzaingoa arduratu zen umeen segurtasuna bermatzeko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

KorriCan txakurkros ikastaroak abiaraziko dituzte gazteentzat Arrigorriagako Mendikosolon

Ikastaroak Arrigorriagako Mendikosolo parkean burutuko dira urriaren 8an, azaroaren 19an, abenduaren 16an eta otsailaren 18an, 10:00etatik 13:00ak arte

|

Txakurkrosa praktikatzen duen txakur bat, Mendikosolon // Geuria

KorriCan hezkuntzan txakurkrosaren bidez osasuna sustatzeko proiektu pilotua da. Ekimen honen egilea Xabier González Santamaría Deustuko Unibertsitateko Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzien Graduko irakaslea eta ikertzailea dago. Ikerlariaren unibertsitateko doktore tesitik jaiotako proiektu pilotu honen helburu nagusia kanikrosaren berri ematea da hezkuntzaren esparruan, ikasleen osasuna sustatzeko, kirol-jarduera fisikoaren bidez.

Esperientzia pilotuak izandako harrera arrakastatsuaren ostean, 12-14 urte bitarteko gazteentzako KorriCan Txakurkros Hastapen Ikastaroak abiarazi ditu Xabik Bizkaiko Foru Aldundia eta Bizkaiko Neguko Kirol Federazioaren laguntzagaz. Jarduera hau Eskola Kirola programaren Hastapen eta Josteta Jardueren bidez garatuko dute eta ikastaroek hiru orduko iraupena izango dute. "Bertan formakuntza teoriko-praktikoa, txakurren heziketarekin eta etologiarekin lotutako praktikak eta txakurkros praktikak jasoko dituzte parte-hartzaileek", azaldu du Gonzálezek.

Ikastaroak Arrigorriagako Mendikosolo parkean burutuko dira urriaren 8an, azaroaren 19an, abenduaren 16an eta otsailaren 18an, 10:00etatik 13:00k arte (eguraldiaren baldintzak egokiak izanez gero betiere). Izen emateak bizkaia.eus webgunean egin ditzakete 2008 eta 2011 urteen bitartean jaiotako gazteek eta ordaindu beharreko kuota 5 eurokoa izango da parte-hartzaile bakoitzeko.

Neska bat, txakurkrosa praktikatzen Mendikosolon // Geuria

Esperientzia aberasgarria

Tesia aurkeztuta, ezagutza horiek praktikan ipini zituen Xabierrek, non eta Arrigorriagako institutuan. Iazko azaroan ikasleen artean txakurkrosaren bidez landutako esperientzia pilotua martxan ipini zuen Gonzálezek. Proiektuaren helburua gazteen artean animaliekiko eta naturarekiko errespetua aisialdiarekin lotzea izan da. Ikasleek txakur bati lotuta korrika egiteko kirol modalitatea hurbiletik ezagutzeko aukera izan zuten esperientzia honekin, klase teorikoen eta heziketa fisikoko bidezko klase praktikoekin trebatuz.

Esperientzia pilotua Amarok Txakur Hezkuntza Eskolarekin eta izen bereko txakurkros klubarekin lankidetzan garatu zuten  Arrigorriagako Ausartak Kirol Elkarteak eta Arrigorriagako Udalak eta hasierako hilabeteetan Xabi Gonzalezek azaldu bezala "Ikasleak oso gustura ikusi genituen klase teorikoetan, adi egon dira eta interes handia erakutsi dute".

"Ikasleak oso gustura ikusi genituen klase teorikoetan, adi egon dira eta interes handia erakutsi dute"

2021eko amaieran klase teorikoekin bukatu ondoren, azaroa amaierako eta abendu hasierako lehen astean, dinamika ikasgelatik atera eta klase praktikoetara eraman zuten. Lehen saioa frontoian egin zuten "txakurren hezkuntzarekin lotutako jarduerak aurrera eramateko", azaldu zuen Gonzalezek joan den azaro amaieran GEURIAn. Ondoren, Mendikosolo eta Mintegi parkeetara joan ziren lauzpabost txakurrekin, heziketa fisikoko klaseetan gazteek kirola praktikatzen ikasteko.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Beñat Elorrieta arrigorriagarraren gradu amaierako lana saritu du Ingeniaritza Eskolak

Elorrietak 1.500 euroko saria jaso du, "Isurketa zalien mantenurako analisi termografiko kualitatiboa" izeneko GRALarengatik

|

Beñat Elorrieta 1.500 euroko saria jaso dueneko momentua // Argazkia: EHU

Beñat Elorrieta de la Torre arrigorriagarrak gradu amaierako lanik (GRAL) onenaren saria jaso du Bilboko Ingeniaritza Eskolaren eskutik. Zehazki, Room4Steel Saria eman diote, Telekomunikazioen eta Siderurgiaren arloan, altzairu isurketan koilaren egoera diagnostikatzeko termografia infragorria erabiltzeari buruz eginiko lanagatik.

Elorrietak 1.500 euroko saria jaso du, "Isurketa zalien mantenurako analisi termografiko kualitatiboa" izeneko GRALarengatik, Raquel Fuente Matematika Aplikatuko Saileko irakasleak zuzendutakoa.

Egileak aurkeztu du altzairuaren ekoizpena optimizatzeko teknika termografikoak aplikatzeari buruzko proiektu bat. Bere helburu nagusia da isurketa koilaren bizitzari buruzko ezagutzak zabaltzea, termografia infragorriko kamerak erabiliz. Batik bat aztertu da azaleraren tenperaturak koilara bakoitzaren erregogorraren barne egoerari buruz eman dezakeen informazioa, langileen segurtasuna bermatze eta adreiluen bizitza baliagarria aprobetxatze aldera. Asier San Millán Euskadiko Siderurgia Klusterreko zuzendariak entregatu du Room4Steel Saria.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Yogurinha Borova Zaratamoko eskolako umeekin bilduko da LGTBIQ+ Egunean

LGTBIQ+ Eguna dela-eta, ekainaren 15ean eta 16an hainbat ekintza antolatuko dituzte Zaratamoko eskolan, neska-mutilek gaiaren inguruan gehiago ezagutu dezaten

|

Drag queen eta artista // Yogurinha Borova

LGTBIQ+ Eguna dela-eta, ekainaren 15ean eta 16an hainbat ekintza antolatuko dituzte Zaratamoko eskolan, neska-mutilek gaiaren inguruan gehiago ezagutu dezaten eta kontzientziatu daitezen. Osteguna heldu baino lehen, hilaren 12an, ikasgela bakoitzeko taldeek eskolako eskaileretan mezuak itsatsiko dituzte.

LGTBIQ+ Egunean, berriz, Yogurinha Borova drag queen eta artista gonbidatuko dute Elexaldera. 09:45etik 10:30era bitartean, Borovak hitzaldia eskainiko du Lehen Hezkuntzakoentzako, eta ikasleek aldez aurretik prestatutako galderak egingo dizkiote. 10:30ean, artistaren hainbat kanta abestuko dituzte patioan. Hurrengo egunean, ekainaren 16an, Haur Hezkuntzako ikasleek banku bat margotuko dute LGTBIQ+ banderaren koloreekin.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Disko festa, bazkaria eta herri kirolak egongo dira Arrigorriagako lehen Eskola Egunean

Jairako txartelak eskolako zuzendaritzaren ondoan lortu ahal izango dira, 09:00etatik 09:30era eta 16:15etik 17:00etara arteko ordutegian, 10 euroko prezioan.

|

Arrigorriagako eskolako sarrera // Geuria

Igande honetan ospatuko dute, lehen aldiz, Arrigorriagako Eskola Eguna. Gure Magalean Gurasoen Elkarteak, eskolarekin eta Udalarekin elkarlanean, hezkuntza zentroko eragileen "komunitatea sortzera" animatu nahi ditu familiak, eta helburu horrekin deitu du ekainaren 11ko festa.

10:30ean hasi eta 19:00etara bitartean, umeentzako eta gurasoentzako ekintzak antolatuko dituzte herriko hainbat gunetan. Patinajea, herri kirolak, puzgarriak, egurrezko jolasak, aurpegia margotzeko gunea, xake lehiaketa eta margogintza erakusketa egongo dira eskolan. Kantxa urdinean, berriz, bazkaria egingo dute 14:30ean, eta 17:00etan hasita, disko festarekin itxiko dute jaia, 19:00etara arte.

Tiketak lortzea

Eskola Egunean parte hartzeko, txartelak eskuratu beharko dira. Eskolako zuzendaritzaren ondoan lortu ahal izango dira, 09:00etatik 09:30era eta 16:15etik 17:00etara bitartean, 10 euroko prezioan.

Arrigorriagako Eskola Eguna, 2023 | Programazioa

Eskolako saskibaloi pistan
10:30-11:30. Patinajea
12:00-12:45. Herri kirolak (erakusketa)
12:45-14:00. Herri kirolak (umeentzat)

Eskolako frontoi txikian
10:30-13:30. Puzgarriak (2-3 eta 4-5 urtekoentzat)

Eskolako arkupe nagusian
10:30-11:30. Aurpegia margotzea
10:30-13:30. "Liburuak bizitza berria"

HHko patioan
11:00-13:00. Egurrezko jolasak

4-5 urtekoen jantokian
10:30-13:30. Xake lehiaketa

Jantokiko pasabidean
10:30-13:30. Margogintza erakusketa

Bost gunetan: Eskolako frontoi txikian, eskolako arkupe nagusian, HHko patioan, 4-5 urtekoen jantokian eta jantokiko pasabidean
13:00-14:00. Musika animazioa

Kantxa urdinean
10:30-13:00. Bizi eskola
14:30-16:00. Bazkaria
*Txartelekin, zozketa egingo dute
17:00-19:00. Disko festa

Kantxa arrosean
16:00-17:00. Dantza klasea

Osorik irakurri