→Etxebarri

Etxebarriko merkataritza biziberritzeko plana aurkeztu du Udalak

1.000 biztanleko 4,81 saltoki daude Etxebarrin. Hala ere, etxebarritarren merkataritza-gastu osoaren % 53 udalerritik kanpo egiten da: gutxi gorabehera 23,4 milioi euro.

Etxebarriko biztanleriaren merkataritza-gastu osoaren % 53 udalerritik kanpo egiten da: gutxi gorabehera 23,4 milioi euro // Etxebarriko Udala

Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia (MBPB) aurkeztu du Etxebarriko Udalak. Asmoa da merkataritza-jarduerako plan bat egitea, haren egitura soziokomertziala hobetzeko, haren erakargarritasuna eta funtzionaltasuna hobetzeko, garapena bultzatzeko eta herritarren bizi-kalitatea integratzeko eta hobetzeko tresna izatea. “Etxebarriko eta inguruko merkataritza-sistema barrutik aztertu nahi dugu. Inplikatutako eragileen ikuspegia txertatzea, haien dinamizazioa eta inplikazioa saiatuz”, dio Diego Sánchez Merkataritza arloko zinegotziak. Hain zuzen ere, martxoaren 23an Siadeco enpresarekin batera MBPBa aurkeztu zien Udalak Etxebarriko merkataritza- eta ostalaritza sareko kideei.

“Etxebarriko merkataritzak eta ostalaritzak interes handiko eskaera potentziala du. Izan ere, inguruko beste udalerri batzuekin alderatuta, dinamika demografiko positiboa du udalerriak”, dio Loren Oliva alkateak: “Azken 10 urteetan biztanleria % 26 igo da, eta gaur egun 11.460 biztanle inguru ditu Etxebarrik (Eustat, 2020)”. Merkataritza-eskaintzari dagokionez, 1.000 biztanleko 4,81 saltoki daude Etxebarrin. Bizkaiaren kasuan 1.000 biztanleko 10,47 saltoki daude, eta Hego Uribe eskualdean, Basaurin adibidez, 11,85. “Horrek hainbat alderdirekin du zerikusia: Etxebarrik dituen garraio-konexio onei esker, merkataritza-eskaintza oso indartsua duen ingurune batean dago”.

Hala eta guztiz ere, Etxebarriko biztanleriaren merkataritza-gastu osoaren % 53 udalerritik kanpo egiten dela adierazi dute udal ordezkariek: “Hau da, gutxi gorabehera 23,4 milioi euroko irteera suposatzen du horrek. Tokiko merkataritzari eragiten dion beste handicap bat da hainbat gunetan barreiatuta dagoela: San Estebanen eta Kukullaga-San Antonion, esaterako. Horri erosketa elektronikoaren ohitura pixkanaka hedatzen ari dela gehitzen zaio”, diote.

Etxebarriko biztanleek bataz betes 7,1 puntu ematen diote tokiko merkataritzari, “baina hobetu beharreko hainbat alderdirekin”, diote udal ordezkariek. Tokiko merkataritza hobetzeko alderdien artean daude: denden aniztasuna eta produktuen aniztasuna, eskaintza teknologia berrien bidez bistaratzea eta komunikatzea, lokalak berritzea eta modernizatzea, eta prezioen eta beherapenen politika.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak