Sareak

☉ Etxebarri

Beharrezkoa al da Euskara Elkartea Etxebarrin?

Arpela Etxebarriko Euskaltzaleen Elkartea hausnarketa prozesuan murgilduta dago. Irailean lehen saioa antolatu zuten Kike Amonarrizekin; urrian bigarrena deitu dute.

|

Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariak hitzaldia eman zuen iaz Etxebarrin // Geuria

Geuria #078 alean argitaratutako elkarrizketa
Irakurri osorik PDFan

Etxebarrik behar al du Euskara Elkarterik? Batzuek erantzungo duzue Etxebarrin dagoeneko badagoela Euskara Elkarte bat: Arpela. Eta zuzen zaudete. 2013ko azaroan eratu zuten Arpela Etxebarriko Euskaltzaleen Topagunea, herrian euskararen eta euskaldunen presentzia areagotzeko asmoz. Hasiera batean, elkarteak ondo funtzionatu zuen eta pixkanaka, baina etengabe, erritmoa hartzen joan zen. Beste elkarte batzuekin eta Etxebarriko Udalarekin elkarlanean, hainbat kontu atera zituen aurrera, hala nola, ‘Argijale’ ipuinaren euskarazko bertsioa, Metroko 3. lineako geltokiaren izena bertoko toponimiaren arabera ezartzea, laguntzak tabernariei Berriaren harpidetzak egiteko, San Juan sua, Korrika Batzordea, Euskararen Eguna edota Euskaraldia bera. Zoritxarrez, elkartea dinamizatzen ibili den lan-taldeak ezin du Arpelari denbora eskaintzen jarraitu, eta elkartearen etorkizuna erabakitzeko hausnarketa prozesu bat abiarazi dute. 

“2020. urte hasieran bilera bat deitu genuen Arpelan, elkartearen etorkizuna diseinatzeko, eta bilera horretan erabaki genuen elkartea erabat desegin baino, ona litzatekeela kontsulta zabal bat egitea herrian, ea beharrik ikusten den halako elkarte bat mantentzeko. Hori egiteko Topagunea, euskara elkarteen federazioaren laguntza eskatuko genuela ere adostu genuen. Gero, badakizue: Covida etorri zen, eta dena hankaz gora utzi”, dio Joxe Rojas Arpela Elkarteko kideak. Egoera hoberantz ari den honetan, prozesuari berrekin diote eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea Etxebarrira etorri zen irailaren 28an.

Euskara Elkarte bat Etxebarrin beharrezkoa den galdetuta, zera dio Rojasek: “Beharrezkoa da, baina prozesu hau martxan jarri badugu izan da, batez ere, ez dakigulako oso argi jende nahikorik daukagun Euskara Elkarte batek eskatzen duen lanari eusteko. Urte batzuetan egon gara taldetxo bat hor elkartetik tiratzen, eta iritsi da momentu bat, non talde horrek ezin dion lanari eutsi nolabait, eta errelebo moduko bat beharko genukeela. Tanteatu nahi dugu ea herrian badagoen jendea behar hori ikusten duena eta lan apurtxo bat egiteko prest dagoena elkartearekin jarraitzeko”, dio. Joxe baikor da aurpegi berriak irits daitezkeela Arpelara: “Nik neuk esperantza daukat. Etxebarri asko hazi da azken urteotan, badaude auzokide berri pilo bat, eta pentsatu nahi dut horien artean egongo direla batzuk beharbada gurekin bat egingo dutenak edo gure helburuekin ados egon daitezkeenak. Ikusi dugu Euskaraldia antolatu denean, gure harridurarako, 700-800 parte hartzaile inguruan ibili garela, eta hori guk genituen aurreikuspenetarako asko da. Pentsatu nahi dugu jende horren artean egon daitekeela baten bat gogo apur batekin gauzak egiteko”.

Arpelaren helburuekin ados egongo den herritarrik egongo da, baina euskararen aldeko militantzia kolokan dagoela esan daiteke. Joxek zalantzak ditu: “Ez dakit galtzen ari dena den euskararen aldeko militantzia edo dagoen problema zerbait orokorra den. Nik ez dakit zer gertatu den, baina azkenengo 15-20 urtetan gero eta azkarrago bizi gara denok, gero eta ordutegi konplikatuagoak dauzkagu, astebururo planak… orduan zaila egiten da jendearen agendak koadratzea. Orduan, ez dakit benetan euskararekin den arazoa edo gure denbora kudeatzeko modua aldatu egin dela eta beste era batera egiten ditugula gauzak. Baina, esango nuke arazo bat badagoela”.

Lekukoa hartzeko prest?

Hein batean Arpela elkartearen kanpoko kontuengatik hasi dute hausnarketa prozesua. “Ez da izan jendea ito egin dela, baizik eta, beste gauza batzuk sortu direla inguruan. Hala nola, umerik ez zeukanak orain umeak ditu, gurasoak gaixorik, lana… Nola falta izan zaigun jende talde bat atzetik erreleboa egiteko, heldu da puntu bat momentu honetara iritsi garena. Jesarri eta mahai gainean jarri behar dugu zein den egoera, eta ea herritarrik prest dagoen Arpelaren lekukoa hartzeko”, dio Rojasek. 

Egongo da uste duenik Euskara Elkarte bat ez dela beharrezkoa Etxebarrin. Izan ere, Udaletik ere hainbat gauza antolatzen dituzte euskararen alde. Hala ere, Joxek argi du: beharrezkoa da Euskara Elkartea Etxebarrin: “Etxebarrin badago lana egiteko. Herri honetan badaukagu “arazotxo” bat, nolabait esateko, eta da udaletxean badaukagula talde bat, bi euskara teknikarirekin —eta Etxebarri bezalako herri txiki batentzat ez da gutxi bi euskara teknikari edukitzea—, lan asko egiten dutenak, oso inplikatuta daudenak eta ondo egiten dutenak. Eta horrek gure gaurko helburu honetarako ez digu laguntzen. Udalak euskararen inguruko jarduerak eskaintzen ditu eta normala da jendeak euren esku uztea dena. Jende askok komentatzen digu: “Baina lasai, hori Udalak antolatuko du…”. Orduan horrek ere distortsio txiki bat sortzen du, zorionez eta zoritxarrez, segun zertarako. Izan ere, badira gauza batzuk euskararen alde udal batek ezin ditzakeenak planteatu, erakunde publikoa den neurrian eta mundu guztiarentzako egin behar dituen neurrian, eta Euskara Elkarte batek beste soltura batekin egingo lituzkeenak”, dio Joxek. 

Hanka soziala, “beharrezkoa”

Euskararen biziberritze prozesuak instituzioen laguntza behar duela dio Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, baina herritarren bultzada behar-beharrezkoa dela ere badio: “Etxebarrik Euskara Elkartea behar duela uste dugu Topagunetik. Euskararen biziberritze prozesuak hanka instituzionalaz gain, hanka sozial indartsu bat behar du. Azken batean, hizkuntza biziberritze prozesuak prozesu sozialak dira, herritarrek aurrera eramaten dituztenak. Horretarako, gero beharrezkoa da instituzioen eta bestelako eragileen babesa. Hala ere, ez baldin badago benetan herritar multzo handi bat, gizarte oso bat, hizkuntzaren aldeko jarrera duena, mezu guztia alferrik esaten da. Horregatik, guk garrantzi handia ematen diogu Euskaltzaleen Topagunetik euskara elkarteak, euskara taldeak, euskara batzordeak ahalik eta leku gehienetan egon daitezen, eta ahalik eta indartsuenak eta dinamikoenak izan daitezen ere”, dio Amonarrizek: “Euskara elkarte batek herrian dauden posibilitateak dinamizatu eta aktibatu behar ditu, eta jendea animatu, jendearengana iritsi, ekintzak bultzatu eta jendea saretu. Elkartea beharrezkoa da, baina uste dut gaur egun oraindik ere ezinbestekoa dela hizkuntzaren aldeko jarrera aktiboa”.

Arpelaren hausnarketa prozesuaz zera dio Amonarrizek: “Ez dakigu jarraituko duen edo indarberrituta aterako den, baina era batera ala bestera, Etxebarrin dinamika sozial indartsu eta koordenatu bat beharrezkoa da. Hego Uribe eskualdean, Euskarabila desagertu zen Basaurin, baina euskara elkarte berri bat sortzeko bidean dira Basozelai auzoan; Galdakaon Bagabiz elkartea ari da lanean; eta Arrigorriagan Abarrak taldea dago. Iruditzen zaigu inguru honetan badagoela kezka bat, eta kezka horiek bideratzera etorri gara Topagunetik”.

Urriaren 19an bigarren saio bat egingo dute Etxebarrin, Euskaltzaleen Topagunearen laguntzarekin. “Iraileko solasaldian Euskara Elkarte bat zer den, zergatik behar dugun erakutsi zigun Kike Amonarrizek. Bigarren saioa zehatzagoa izango da”, dio Joxek. Hortaz, Euskara Elkartea Etxebarrin berpiztu nahi duzuenok baduzue aukera modu aktiboago batean parte hartzeko. 

☉ Etxebarri

Etxebarriko Udalekuetan izena emateko epea zabaldu dute

|

Ekainean eta uztailean dira Etxebarriko Udalekuak // Etxebarriko Udala

Udalekuak antolatuko dituzte Etxebarrin ekainean eta uztailean. Besteak beste, jolasak, eskulanak, irteerak, kirolak, igerilekurako txangoak eta gaikako jaiak antolatuko dituzte ume zein gazteentzat uda hasieran. Jantoki zerbitzua eta harrera-zerbitzua ere eskainiko ditu Udalak.

Udalerrian erroldatuta dauden umeentzat eta gazteentzat dago zuzenduta programa, eta bertan erroldatuta ez daudenek ere aukera dute Etxebarrin izena emateko, “baldin eta plaza libreak geratzen badira”, diote udal ordezkariek.

Etxebarriko Udalekuetan izena emateko epea zabaldu du Udalak apirilaren 28ra arte. Udal webgunearen bitartez eman daieteke izena edo 944 267 005 telefono zenbakira deituz.

Tarrastak eta Talkak tarrasta@tarrasta.net eta info@mugarritalka.org helbide elektronikoen bidez edo 688 881 338 telefonoaren bidez ere jasoko dituzte izen-emateak.

Udal udalekuez gain, Etxebarrik ekimen sozial eta pribatuko udalekuak ere eskainiko ditu ekainean eta uztailean. Programazio hori Etxebarriko hainbat erakundek jartzen dute martxan, hala nola kirol klubek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

#A21 / Emaitzak / Etxebarri / EAJren igoera eta garaipen nabarmena, EH Bildu bigarren aurrenekoz

#A21 / Etxebarri / Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024 / Emaitzak

|

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko Udalak 6,3 milioi euroko gerakina pilatu du azken urteetan

|

Soberakin horren zati bat dagoeneko konprometituta dago hainbat proiektu egiteko: zehazki, 2,3 milioi euro // Geuria

Etxebarriko Udalak 2023ko kontabilitate ekitaldia itxi du. Datuak datu, 455.000 euroko aurrekontu-emaitza positiboarekin (superabita) itxi du iazko ekitaldia Udalak.

“Kopuru hori aurreko 2022ko ekitaldikoen oso antzekoa da, eta horrek aukera ematen du Etxebarriko aurrekontu-maila finkatzeko, eta jauzi kuantitatiboa da aurreko ekitaldietako aurrekontuen aldean”, diote udal ordezkariek.

Iazko aurrekontu-emaitza positiboa gehituta, Etxebarrik 6,3 milioi euroko gerakina pilatu du azken urteetan.

“Hala ere, garrantzitsua da ohartaraztea soberakin horren zati bat konprometituta dagoela dagoeneko hainbat proiektu gauzatzeko”, diote udal arduradunek. Zehazki, 2,3 milioi euro kenduko dituzte diruzaintzako gerakinetik hainbat proiektu egiteko.

Martxan dauden edo administrazio-izapideak hasi dituzten obrak eta proiektu horiek dira:

  • Plan Ziklagarriaren lehenengo fasea
  • San Esteban eta Barrondo kaleen ingurua berrurbanizatzea
  • Futbol zelaiko sarbideak eraberritzea
  • Europako Go! Etxemarket diru-laguntzatik eratorritako merkataritzari lotutako proiektuak
  • Polizia-etxe berriaren proiektua
  • Oinezkoentzako pasabideak argiztatzea
  • Udalerriko hainbat puntutan Mupi berriak jartzea (publizitaterako oinarriak)
  • Kiroldegirako karpa berria
  • Kiroldegiko kanpoko pistako zorua egokitzea
  • Enplegu Planak

Gauzak horrela, gastu orokorretarako Etxebarriko Udalak erabilgarri izango duen gerakina 4 milioi eurokoa izango da.

“Udalerriaren beharren epe ertain eta luzeko plangintzan oinarritutako kudeaketa arduratsua da, etorkizuneko proiektu estrategikoak arriskuan jarri gabe beharrezkoak diren hobekuntza-ekintzei ekiteko aukera ematen duena”, dio Iker Lopez alkateak.

“Sortutako aurrezkiei eta zorrik ezari esker, Udalak kontu onbideratuak ditu eta etorkizunari baikortasunez begiratzen dio, etorkizun hurbilean asmo handieneko ekintzetako batzuk garatu ahal izateko”, azaldu du Lopezek.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarrin aurkitutako Gerra Zibileko lehergailu militar bat suntsitu du Ertzaintzak

|

Ertzaintzak Etxebarrin topatutako lehergailu militarra // Ertzaintza

Gerra Zibileko itsas artilleriako lehergailu militar bat aurkitu zuten Etxebarrin astelehenean. Herriko lursail batzuetan makina astunekin garbiketa lanak egiten ari zirela topatu zuten lehergailua.

Ertzaintzaren Lehergailuak Indargabetzeko Unitateak (LIU) astelehenean bertan suntsitu zuen lehergailua Berroziko (Araba) instalazioetan.

Lehergailua 385 kilogramokoa zen eta ia metro bateko luzerakoa. Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, “ez da ohikoa izaten horrelako jaurtigailu bat topatzea kostaldetik kanpoko eremu batean”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko Pumptrack zirkuituan herritarrentzako erronkak prestatu dituzte

Erronkak Wellk aplikazioan daude zehaztuta. Erabiltzaileen artean hainbat sari banatuko dituzte

|

Etxebarriko Pumptrack pista 2018an zabaldu zuten eta Euskadiko handienetarikoa da // Geuria

Pumptrack Bizkaia ekimenarekin bat egin du Etxebarrik. Asmoa da lurraldeko pumptrack zirkuituak erabiltzea eta erabiltzaileek beren trebetasunak probatzea eta erakustea.

“Parkearen inguruan hainbat erronka sortu dira eta parte-hartzaileek gainditu egin beharko dituzte”, diote udal ordezkariek.

Erronkak Wellk aplikazioan daude zehaztuta (Aritz Guinea galdakoztarra da Wellk app-aren sortzaileetako bat).

Aplikazio honek aukeratutako udalerriko kirol eskaintza osoa erakusten dio erabiltzaileari, eta jarduera eta erronka bereziak proposatzen ditu, gazteengan jarduera fisikoa sustatzeko hainbat sari eskainiz. Proiektua uztailaren 31ra arte egongo da martxan.

Aritz Guinea Paños: «Ekintzailetzan maila handia dago Euskal Herrian, bai berrikuntzak hemen sortzeko eta bai talentua erakartzeko»

Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazi du proiektua GovTech programaren barruan, hainbat udalerrirekin lankidetzan. Proiektu horren helburua da kirol-instalazioak espazio irekietan erabiltzeko informazioaren kudeaketa hobetzea, bereziki Pumptrackak.

Ildo horretan, egitasmoaren helburua da herritarren parte-hartzea sustatzea, komunitatea sortzea eta gazteen artean kirola sustatzea.

Hego Uribe eskualdean hiru pumptrack zirkuitu daude: Etxebarrin, Ugaon eta Zeberion. Etxebarrikoa 2018an ireki zuten eta asfalto gaineko Euskadiko lehen pista izan zen; 900 metro karratuko azalera eta 170 metroko luzera du eta Euskadiko handienetarikoa da.

Osorik irakurri