Kritikaren beharrak edo ez beharrak piztu dezakeen kinkan murgilduta nabil azken aldian.
Maddi Sarasuak azaroan argitaratu zuen “pentsamenduari lekua” izeneko testuan, autokritika zuen abiapuntu. Indibiduok xurgatzen dugun gehiegizko informazioaz ari zen, eta horren aurrean pentsamendu propioa eraikitzeko beharraz. Alegia, kritikarako gaitasunaz edo hobeki esanda, -ustez daukagun- gaitasun faltaz.
Hein batean adierazitakoekin ados nagoen arren, beldurra ematen dit beste aldera begiratzeak. Hau da, ikuspuntu kritikoa sistematikoki azaleratu behar izateak. Denok ditugu kritika erreferenteak; gure pentsamendutik gertu izateagatik, edo ez, epaietan fidagarriak zaizkigun lagunak edo pertsonalki ezagutzen ez ditugun iritzi emaileak. Iritzi horiek kritikoki barneratzen ikasi behar dira, eta hori lortzeko ikasketa prozesuaren lanketa indibiduala da beharrezkoa. Arriskua da hor: kritikaren kritikan itotzea. Eta kritikaren, kritikaren kritikan. Aurrez aurre begiratzen duten ispiluen segida bilakatzea, edozeren gainean iritzia landu behar izanda.
Alde batetik, eztaidaren ildora, bere lana kritikak beti baikorki epaitu duen musikan aritzen den ezagun batek esan zidan: “gutaz idazten dutena bost axola dit, kritikariek ez baitute ulertzen sormen prozesu pertsonala”. Hobetzeko edo gorezteko ez badute balio, sortzaile eta audientziaren arteko traba da kritikaren iritzia?
Beste alde batetik, eta hainbaten artean, Orham Pamuk idazleak badu erantzun posible bat. The Naïve and Sentimentalist Novelist liburuan –irakurketa gomendagarria, bide batez- kritikarik gabeko kultura desagertzera kondenatua dela dio.
Argi daukat, iritziak epai subjektiboak baino ez direla. Norberaren biografia eta bibliografiari lotutakoak –uler daitezela hemen kanpo zein barne ikasbideen garapena laguntzen duten informazio barneraketak, datozen iturrietatik datozela-. Eta susmoa baita ere, erantzuna ez dudala sekula topatuko.
